36ko gerra orain

berria

SANTOŅAN AMAITU EZ ZEN TRAGEDIA
SANTOŅAN AMAITU EZ ZEN TRAGEDIA
Antzua izan zen Santoņan hitzartutako puntuak gudariek zintzo-zintzo betetzea, italiarrek beren hitza jan zutelako. Francoren armadaren jokabide zein helburuak ezarri ziren berehala, faxistek egindako itunaren gainetik.

Santoņan amaitutzat eman zuten frankistek gerra, baina haren ondorio zuzenak urte askotan pairatu zituen Euskal Herriak. Santoņan jazotakoak eta hitzartutakoak itxiko du ‘1936ko gerra orain’ atal hau.
Historiagileek, lekukoek eta hala edo nola 1936ko gerrara hurbildu diren gehienak, Santoņan eman dute amaitutzat sarritan gatazka haren euskal atala. Ez dute arrazoirik falta, batailoi askok, euskal gudarostekoek nabarmenki, herri horretan amore eman zutelako. Dena den, okerra izanen zen esatea Laredoko eta Santoņako kaietan eta paduretan euskal gudariek egindako errenditzearekin gerra behin betiko amaitu zela. Alde batetik, hainbat batailoik jarraitu zutelako borrokatzen Asturias aldean. Beste aldetik, apirilaren 1ean, Francok bidalitako telegrama ezaguna " ĢArmada gorria gatibu eta desarmatua. Helburu militar guztiak lortuta, gerra amaitu daģ zioena" iruzur eta gezur handia izan zelako.
Izan ere, frankistek gerra amaitutzat jo zuten arren, gatazka horren ondorio errepresibo zuzenak "heriotz zigorrak, kartzelatzeak, isunak, erbesteratzeak" urte askotan jarraitu zuelako. Gerraren tragediak luze jo zuen Estatuko eremu guztietan.
Santoņan gertaturikoa aitzindari izan zen iruzurrari dagokionez. Lehendabizikoa, ezbairik gabe, hitzarmena edo errenditzea egitear zegoenean gertatu zen. Eusko Alderdi Jeltzalearen Euskadi Buru Batzarrekoek Italiako agintariekin eginiko negoziazioek bizkarra eman ziotelako alde errepublikanoari; lehen amarrua izan zen. Euskal armada Kataluinara eramateko Jose Antonio Agirrek egindako saioak porrot egin zuen, etaEBBk parte-hartze zuzena izan zuen, Italiako diplomatikoen bitartez, bake bereiztua aurrera eramateko. Ekimen negoziatzaile hori erakunde horren buru nagusi Doroteo Ziaurrizek Pantaleon Ruiz de Olano eta Alberto Onaindiaren ardurapean jarri zuen hasieran. Beranduago, Bilbo, galtzear zegoenean, Bizkai Buru Batzarreko nagusi Juan Ajuriagerraren eskuetan.
Frankistek Santanderren aurkako erasoaldiari ekin ziotenean, 1937ko abuztuaren 14tik aurrera, Ajuriagerrak bilera erabakigarriak izan zituen Mario Roatta Manzini deituriko jeneral italiarrarekin. Algortan eta Miarritzen elkartu ostean, Santoņan adostu zuten errenditzea EBBko buruzagiak eta aipatutako militarrak. Agintari errepublikanoek eta Iparreko armadako buruek ez zuten deus jakina.
Ajuriagerrak eta Roattak hitzarturikoak honako puntu hauek zituen: Euskal batailoiek, Laredo eta Santoņako eremutan bildu ostean, erresistentziarik agertu gabe geldituko ziren Italiako armadaren menpe. Euskal gudariak, aginte aldaketa hori gauzatu bitartean, herri horietako ordena publikoaz arduratuko ziren, eta atxilotu eskuindarren bizia zainduko zuten. Italiako arduradunek, berriz, Santoņan errendituriko gudari eta miliziano guztien bizia bermatzea eta haien buruzagiak erbesteratzeko baimena ematea agindu zuten. Gainera, atxiloturiko gudari eta soldadu guztiak eginbehar guztietatik kanpo lagako zituzten.
Adosturikoa betetzen hasteko epea abuztuak 21eko gaua zen, eta hiru egun beranduago amaituko zen. Tarte horretan, gudariak Santoņan bildu eta italiarren menpe jarriko zituzten, eta kanpotik bidalitako barkuek eskubidea izanen zuten kaira iritsi eta gudari buruak erbesteratzeko. Horren inguruan egin zituzten kalkuluak ez ziren batere makalak izan. Nahiz eta hiru barku "Keith, Boby eta Seven Seas Spree" bakarrik ailegatu, 10 eta 14 artean alokatzeko gestioak egin zituzten Eusko Jaurlaritzako Heliodoro De la Torre sailburuaren agindutara zeudenek. Jende asko ateratzeko itxaropena zegoen, eta, agintari nazionalistek emandako aginduei helduz, hainbat batailoi iritsi ziren Santoņara, abuztuaren 22tik aurrerau. Iparreko armadako buru Mariano Gamir Ulibarrik agindu zuenean batailoi guztiek Asturias aldera jotzeko, argi eta garbi gelditu zen batailoi nazionalisten eta hainbat anarkisten matxinada; eskualde horretara jo beharrean Santoņan eta Laredon kokatu zirelako.
Juan Ajuriagerra, bere aldetik, Miarritzetik hegazkinez, itzuli zen Santanderrera. Italiarrekin adosturikoa Agirreri berari jakinarazi bezain laster, hegazkin berean eta pilotu berarekin hartu zuen lehendakariak erbesteko bidea. Santoņakoa EBBko buru Luki Artetxe, Luis Arredondo eta Juan Ajuriagerraren eskuetan gelditu zen.
Dena den, iruzurrik handiena etortzekoa zegoen. Antzua izan zen gudariek zintzo-zintzo burutu beharko zituzten puntuak betetzea, italiarrek beren hitza jan zutelako. Faxistek egindako hitzarmenaren gainean, Francoren armadaren jokabide zein helburuak jarri ziren berehala. Santoņako nasatik erbestera oso agintari gutxik izan zuten joateko aukera. Gudariek irailiarrei eman zizkieten armak abuztuaren 26an, eta segidan El Duesotik ateratako preso eskuindarrak ordezkatu zituzten, kartzela ikaragarri hori erabat betez. Inozoa izan zen Italiako soldaduen babesean egonen zirela pentsatzea. Irailaren 4an, etsipenez ikusi zuten nola soldadu eta agintari frankistak jabetzen ziren kartzela horretaz, baita beraietaz ere.
1936ko uztailean hasitako ankerkeriak jarraipen luzea izanen zuen. Santanderren gertatu zen legez, frankistek harrapaturiko gatibuen multzo handienetakoa zen, baina garaituentzat ez zen inolako gupidarik izan. Laster oso biderkatu ziren atxiloturiko guztien aurkako epaiketa kolektiboak. Gudariekin harrapaturiko kaperauak, esate baterako, irailaren 9an epaitu zituzten eta, heriotzatik salbatu ziren arren, El Duesotik abiatu eta Langraitz, Dueņas, Carmona eta Porlierko kartzeletatik igaroko ziren hurrengo urtetan ehundik gorako apez euskaldun horiek.
Bestetik, frankistak kartzelaz jabetu zirenetik hilabete betetzen zen egunean, lehen erahilketa egin zuten. Lehen biktima, Perezagua bataloiko komandantea izan zen, Manu Egidazu Garai komunista. Egun batzuk beranduago, fusilatzeak eta sasiepaiketak multzoka hasi ziren egiten. Oso adierazgarria izan zen urriaren 15ean eginikoa: korronte politiko desberdinetako 14 atxiltuk heriotza zigorra jaso zuten. Santoņako errenditzeak antifaxisten lerrotan sortarazitako pitzadura ixtera zihoan hilketa latz haiekin. Diktadura ezartzearekin batera heriotza zigorrak biderkatzen hasi ziren Espainiako Estatu osoan. El Dueson, esate baterako, 1937ko azaroaz geroztik heriotza zigorrera zigorturikoak Larrinagara eramaten hasi ziren, han bertan edo Derioko hormetan hiltzeko.
1943ra arte, hau da, II. Mundu Gerraren norabidea hasi zen arte, frankistek ez zuten inolako errukirik izan zigor latzena den hori egunez egun azplikatzeko. Pepa-tik libratzen zenak bazuen non ordaindu bere zigorra Espainia frankistan: kartzeletan, lan batailoietan, kontzentrazio eremutan, erbestean... Horrela, denbora luzez iraun zuen ignominiaren eta duintasunaren historiak, garaileen eta garaituen tragedia luzeak.