GAL

1983-1987 | Kronologia

  1. Atentatua Hendayais tabernan, 1980ko azaroaren 23an.
    Atentatua Hendayais tabernan, 1980ko azaroaren 23an.

    Euskal Herrian ez zion GAL Askapenerako Talde Antiterroristak eman hasiera gerra zikinari; 1983a baino lehen ere estatu aparatuek baliatu zuten gerra zikina ETAko kideen, euskal errefuxiatuen, ezkerreko militanteen eta abertzaleen kontra jokatzeko. 40 bat euskal herritar hil zituzten indar parapolizialek, ultraeskuindarrek eta mertzenarioek 1975 eta 1982 artean; eta 1980an GALek bere ibilbide osoan adina jende hil zuten ia (23 hildako). Luis Carrero Blanco, Francoren gobernuko presidente izendatu berria, jotzen dute ETAren kontrako gerra zikinaren lehen bultzatzaile, nahiz eta lehen ekintzak haren kontrako atentatuaren ostekoak (1973-12-20) izan. Hain zuzen ere, Carrero Blancok zehaztutako ardatzek eta hark prestatutako egiturek (SECED eta informazio zerbitzu militarrak) abiatu zuten gerra zikina, batik bat atentatu haren mendeku gisa. Gerra zikinaren lehen belaunaldia izan zen hura, eta Franco hil ostean, UCDren gobernuaren garaian, hainbat siglaren pean jardun ziren: ATE, GAE, Triple A eta BVE. Mertzenarioen bidez egiten zituzten ekintza eta atentatu gehienak, eta Carrero Blancoren kontrako atentatuaren egileak izan ziren haien lehentasunezko jomuga -ez, ordea, bakarra, atentatu indiskriminatuak ere egin baitzituzten-. Jose Migel Beñaran Argala izan zen haietako bat. Aurretik ere saiatu ziren Carrero Blanco hil zuen taldeko kideak hiltzen, eta Argalarekin lortu zuten, 1978ko abenduaren 21ean. Hain zuzen ere, Argalaren kontrako bonba-autoa Francoren ministroaren hilketaren urteurrenerako zegoen prestatuta, abenduaren 20rako, baina egun hartan Argalak ez zuen autorik hartu.


    Ignacio Iturbide eta Ladislao Zabala mertzenario ultraeskuindarren atxiloketak -zazpi hilketa leporatu eta 231 urteko espetxe zigorra jarri zien Auzitegi Nazionalak-, 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpeak Espainiako zerbitzu sekretuetan eragindako barne gatazkak eta PSOE gobernura iristeak bi urteko etenaldi bat eragin zuen gerra zikinean. Lehen belaunalditik bigarrenerako bidea egin zen bi urte horietan.

  2. 1983

    Eider Goenaga

  3. Lasa eta Zabala

    Joxean Lasa Arostegi eta Joxi Zabala Artano gazte tolosarrak izan ziren GALen lehen biktimak. Urriaren 15eko gauean Baionan bahitu, Donostian torturatu eta Alacanten, Busoten (Herrialde Katalanak) hil zituzten, buruan tiroa jota. Hamabi urte egin zituzten desagertuta, haien gorpuak Alacanteko hilerrian identifikatu gabe zeuden bitartean. 1995ean identifikatu zituzten gorpuzkiak, eta handik lau urtera GAL berdearen kontra izandako epaiketa bakarra egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean.


    Joxi Zabala
    Joxi Zabala
    Joxean Lasa
    Joxean Lasa

    Elkarrekin hazitako bi gazteek bat egin zuten militantzia politikoan; ihesari ere batera ekin zioten, eta, Baionan bizi zirela, biak batera ikusten zituzten beti beste errefuxiatuek. Haien izenak betiko geldituko ziren bata bestearenari lotuta: Joxi eta Joxean.


    Ez da zaila Lasak eta Zabalak Baionan egin zituzten azken orduen berreraikuntza egitea, egun osoa norbaitek lagunduta egon baitziren, Baiona Ttipitik ia atera gabe. 500 metro koadrotan ibili ziren, eta 500 metro koadro horietan hiru aldiz sumatu zuten polizien presentzia bi gazteek eta haien senide eta lagunek. Jose Luis Rajado Benaventek, gainera, zeina bi gazte tolosarrekin bizi zen, Donostiako komandantziako guardia zibilak identifikatu zituen haietako batean. Rajadok Donostiako zenbait guardia zibil ezagutzen zituen, 1982an Tolosan atxilotu zutelako, eta egun hartan Felipe Bayo guardia zibila identifikatu zuen guardia zibilak zihoazen auto batean.


    Lasa eta Zabala oso kontziente ziren Baiona Ttipian poliziak zebiltzala, baina bi gazteak lasai ibiltzen ziren. Egun horretan, Joxean Lasaren arreba Arantxa, anaia Miguel Mari eta koinata Lurdes joan ziren Baionara, eta bi errefuxiatuen Maubec kaleko etxean bazkaldu zuten bostek. Bazkalostean kalera irten ziren trago batzuk hartzera, eta iluntzean berriro errefuxiatuen etxean afaldu zuten. 21:15 inguruan agurtu zituzten senideak, Bourneuf kalean. "Han geundela, auto argi bat pasatu zen -Renault 12 bat-, eta gure alboan geratu zen. Anaiak esan zidan txakurrak zirela", azaldu zuen Miguel Mari Lasak anaiaren bahiketa eta hilketa argitzeko epaiketan. Uda hartan maiz joan ziren Baionara Lasa eta Zabalaren senideak, eta bisita bakoitzean sumatzen zuten Poliziaren presentzia.


    Gau hartan, Joxean Lasa eta Joxi Zabala Mariano Martinez Kolomo errefuxiatuarekin eta haren bikotekidearekin egon ziren, eta elkarrekin abiatu ziren Tonneliers kalera. Bertan bizi zen Martinez Kolomo. Errefuxiatuak epaiketan kontatu zuenez, zelatan zeuzkatela sumatu zuten orduan ere. "Donostiako matrikuladun auto bat pasatu zen han hitz egiten ari ginela. Joxi eta Joxeanek esan zidaten poliziak zirela, eta arratsalde horretan hainbat polizia ikusi zituztela Baiona Ttipian. [...] Stop batean zegoen geldituta autoa, baina denbora luzea egin zuen geldirik, eta barrukoak guri begira zeuden". 01:00 aldera, Martinez Kolomok etxera igo eta bere autoko giltzak bota zizkien leihotik. Larunbat gaua zen, eta Arrangoitzeko jaietara joan nahi zuten Lasak eta Zabalak; Martinez Kolomok bere Renault 4L autoa utzi zien. Leihotik begira jarraitu, eta urruntzen ikusi zituen, Tonneliers kaletik trinkete aldera, trinkete atzeko orube batean baitzegoen autoa aparkatuta. Hura izan zen bizirik ikusi zituzten azken aldia.


    Lasa eta Zabalari omenaldia

    Hurrengo goizean ziren autoa itzultzekoak, igandean. Astelehenean Martinez Kolomok lanera joan behar zuen, baina Lasa eta Zabala azaltzen ez zirela ikusita, aparkaleku aldera joan zen, autoa han ote zegoen ikustera. "Inguruko jende guztiak han uzten zuen autoa, hura baitzen ordaindu behar ez zen toki bakarra", azaldu zuen Martinez Kolomok. Berak utzi zuen leku berean topatu zuen autoa Martinez Kolomok, ateak irekita eta gasolina kopuru berarekin. Autoan Joxi Zabalaren zamarra zegoen, eta ile xerlo bat aurkitu zuten.


    Lasa eta Zabala prentsan
    Lasa eta Zabala prentsan

    Hortik aurrerakoa Lasa eta Zabala bahitu zituztenek bakarrik dakite zehatz, nahiz eta hainbat gauza argitzeko aukera izan den urteen poderioz. Lasa-Zabala auziko epaiak gertakarien nolabaiteko berreraikuntza egiten du, eta "frogatutako gertakarien" kontaketa egiten du. Horren arabera, gazteak autora sartzera zihoazen unean gerturatu, eta bahitu egin zituzten. Autoan topatutako ileek eta bestelako aztarnek indarrez eraman zituztela adierazten dute. Epaian ez da zehazten nork bahitu zituzten, "frogatu gabe" gelditu dela dio. Epaiketan, Felipe Bayo eta Enrique Dorado Villalobos guardia zibilak behin eta berriro saiatu ziren eurak Oñatin zeudela frogatzen -ETAren atentatu bat izan zen gau hartan, Oñatin, Guardia Zibilaren patruila baten kontra-; dena den, ez zuten han egon zirela egiaztatzerik lortu, eta, epaiak frogatutzat ez eman arren, zantzu guztiek diote bi guardia zibil horiek izan zitezkeela Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu zituztenak.


    Lasa-Zabala auziko epaiaren agiria
    Lasa-Zabala auziko epaia (PDF).

    Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga autoan ezkutatuta pasa, eta bi gazte tolosarrak La Cumbre jauregira eraman zituzten. La Cumbre Gipuzkoako gobernadore zibilaren etxea izan zen hainbat urtetan, eta garai hartan hutsa zegoen arren, gobernadore zibilak -Julen Elgorriaga ari zen garai hartan kargu hori betetzen- zituen hango giltzak. "1983ko urriaren 16tik, Jose Antonio Lasa Arostegi eta Jose Ignacio Zabala Artano La Cumbren egon ziren atxilotuta, eta haien zaintza, Enrique Rodriguez Galindo komandantearen aginduei jarraituz, Enrique Dorado Villalobos eta Felipe Bayo Leal guardien esku utzi zuen Angel Vaquero Hernandez kapitainak. Txandak egiten zituzten, eta beste zenbait pertsonak ere parte hartu zuten", dio epaiak hitzez hitz. Hala, epaian bertan ere onartu zuten jende gehiagok ere parte hartu zuela Lasa eta Zabalaren bahiketan, nahiz eta haien izenik ez den inoiz argitu.


    Lasa eta Zabala galdekatuak eta torturatuak izan ziren La Cumbre jauregian. Epaiaren arabera, Dorado eta Bayo aritu ziren haiek galdekatzen -torturarik ez zuen frogatutzat jo epaiak, gorpuak aurkitu zirenerako hezurrak bakarrik gelditzen zirela eta horrekin torturatuak izan zirela baieztatzea ezinezkoa zela argudiatuta-, eta Angel Vaquero kapitainak ere "maiztasunez" bisitatu zituen. "Lehen egunean Enrique Rodriguez Galindo eta Jose Julian Elgorriaga Goyenechek ere bisitatu zituzten", dio epaiak.


    Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren amak, La Cumbre jauregiaren aurrean.
    Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren amak, La Cumbre jauregiaren aurrean.

    Oraingoz jakin ez dena da zenbat egunez galdekatu eta torturatu zituzten bi gazteak, ez eta zenbat egunez eduki zituzten La Cumbre jauregian; horrez gain, ez da jakin noiz eta zein baldintzatan eraman zituzten Alacantera, ez eta tartean beste norabaitera eraman zituzten ere. Epaiaren arabera, Doradok eta Bayok eraman zituzten bi gazteak Donostiatik Busot herriko Foya de Coves izeneko parajera (Alacant, Herrialde Katalanak). "Autoa utzi eta oinez egin zituzten 200 metro inguru, mendian. Han, Browning pistola batekin, tiro bat jo zioten Jose Antonio Lasari buruan, eta bi tiro jo zizkioten Jose Ignacio Zabalari, buruan hari ere. Berehala hil ziren. Gero, aurretik prestatutako zulo batera bota zituzten gorpuak, arroparik gabe eta oraindik ahoa estalita eta lotuta. 180 zentimetro luze, 80 zentimetro zabal eta 90 zentimetro sakon zen zuloa. Lurra eta 50 kilo baino gehiago kare bizi bota zituzten gorpuak estaltzeko".


     
    Paco Etxeberriari elkarrizketa Egunkaria-n
    Paco Etxeberriari elkarrizketa Egunkaria-n.

    Baionan eta Tolosan, bien bitartean, gazteen aztarna jarraitzeko ahaleginetan ari ziren, eta Baionako polizia etxean bi gazteen desagertzea salatzeko pausoa ere eman zuten, urriaren 17an. Bezperan jakin zuten senideek desagertzearen berri. Asun Lasak, Joxeanen arrebak, ez du ahazteko desagertzearen berri izan zutenekoa. Iñigo Iruin abokatuak deitu zituen bere bulegora. "Iruinek esan zigun oso arraroa zela, kezka handia zela, polizia asko zebilela eta errefuxiatuen artean esaten zela harrapatu egin zituztela". Asunek eman zion familiari gertatutakoaren berri. Oso gogoan du Iruinek kontatutakoa esan zuenean aitak zer erantzun zuen: "Hala esan zuen aitak: 'Hori tiroz josita dago errepide bazter batean'; baserriko pasilloan buelta batzuk eman, eta gelara erretiratu zen. Puska batean ez zen hitzik atera gaiari buruz".


    Francisco Etxeberria: "Asko falta zaigu GALen inguruko egiaren parte handi bat ezagutzeko" / Elkarrizketa ikusi


    Lasa eta Zabalaren senideek Frantziako poliziaren egoitzan salatu zuten desagertzea
    Lasa eta Zabalaren senideek Frantziako poliziaren egoitzan salatu zuten desagertzea (PDF).

    Susmoak ez ziren onak. Baina ez zuten etsi. Haiek bilatzeko taldeak antolatu zituzten, eta egunak, asteak eta hilabeteak eman zituzten inguruko bazterrak miatzen. Gogoan du Asunek: "Kattuk zuzentzen zuen dena [Ramon Oñederra errefuxiatua, GALek urte bereko abenduaren 19an hil zuena]. Mendian ibiltzen ginen egur handiak hartuta, belarra garbitzen. Iparraldean hasi ginen bila; Tolosatik autobuskadaka joaten ginen". Egunak joan ahala, emaitzarik ez zutela ikusita, bilaketak uztea erabaki zuten. Gainera, hurrengo hilabeteetan GALek errefuxiatuen aurka egindako atentatu oldeak itzali egin zuen senide eta lagunen itxaropena.


    Pili Zabalak, Joxi Zabalaren arrebak, anaiarekin gertatutakoaz nahiko azkar ohartu zirela dio, nahiz eta ez egia osoa ezagutu: "Argi zegoen nortzuk egin zuten. Gainera, Tolosan sarekada asko izan ziren hilabete horietan, eta haren lagun asko eraman zituzten. Garbi zegoen Joxi eta Joxean jada ez zeudela bizirik". Axunek oroitzen duenez, ordea, berak ez zuen hain erraz etsi, eta benetan sinisten zuen bizirik zeudela.


    PuntoyHora aldizkariak gazte tolosarren senideekin hitz egin zuen desagertu eta gutxira.
    PuntoyHora aldizkariak gazte tolosarren senideekin hitz egin zuen desagertu eta gutxira (PDF).

    Bi gazteak desagertu eta hiru hilabetera, 1984ko urtarrilean, dei bat jaso zuten Alacanteko Ser irratian. GALen izenean egin zuten deia, eta Joxean Lasa eta Joxi Zabala hilda zeudela adierazi zuen deia egin zuenak. "Gaur arratsaldeko hiruretan Lasa eta Zabala ETAko kideak exekutatu ditugu. Hil aurretik apaiz bat eskatu dute, baina ez diegu eman, merezi ez zutelako". Joxiren amak etxeko sukaldean entzun zuen mezu hori, eta izoztuta utzi zuen. Hitz horiek epaiketan errepikatu zituzten gero. Baina bere garaian ez zen hari hartatik tira egin.


    1983ko urritik 1994ko abendura arte ez zuten inolako aztarnarik izan. Baina Lasa eta Zabalaren gorpuak ordurako agertu ziren. Bi gazteen gorpuak 1985eko urtarrilaren 20an topatu zituen Ramon Soriano Poveda ehiztariak, inguru hartan zebilela. Guardia Zibilari eman zion ehiztariak aurkikuntzaren berri, eta ikerketarik gabe artxibatu zuten bi gorpuen auzia. Desagertutako jendearen zerrendan begiratu ere ez zuten egin, bertsio ofizialaren arabera, ez eta beste polizia indarrekin harremanetan jarri ere. Epaileak ere berehala artxibatu zuen kasua, hildakoak identifikatu ezinda kasurik ez zegoelakoan.


    Antonio Bru Brotons auzi medikuari esker mantendu ziren bi gorpuzkiak baldintza onetan. Autopsia egin zien bi hilotzei, eta bi gorpu torturatu horien atzean "zerbait potoloa" ezkutatzen zela iritzita, gordetzeko agindu zuen, eta hala egon ziren beste hamar urtez Alacanteko hilerrian.


    Lasa eta Zabalaren gorpuzkinak

    Senitartekoek 1994ko urte bukaeran izan zuten gorpu horien berri. "1994an hasi ziren gorpuak agertu zirela esaten eta Madrilera joateko. Behar genituen haien erradiografiak, edo dentistaren plakak, edo zerbait, gorpu horiek gure senideenak izan zitezkeela frogatzeko", oroitzen du Axunek. Ez zen lan erraza izan, eta oztopo asko izan zituzten, baina, azkenean, Donostiako ospitalean lortu zuten zerbait. "Froga bila ibiltzea ez zen erraza, eta dena isil-isilik egin behar genuen, gainera. Izan ere, hori jakinez gero, hezurrak berriz hartu, desagerrarazi eta guztia pikutara joateko arriskua zegoen". Garzonek bere bulegora deitu zituen tarte horretan, senideek gorpuak identifikatzea nahi zuen. Axun joan zen haien artean. "Denak dira femurrak, kraneoak... Madrilera joanarazi gintuzten; bulegora sartu, mahai handi batean hezurrak agertzen ziren argazki piloa ikusi, eta identifikatzeko eskatzen ziguten, ea anaia ezagutzen genuen hezurrak agertzen ziren argazkietan. Esatea ere lotsagarria da. Oso gogorra izan zen hura".


    Francisco Etxeberriak 1995ean egindako peritu txostena
    Francisco Etxeberriak 1995ean egindako peritu txostena (PDF).

    1983an GALi buruz ia inork entzun ez bazuen ere, hamar urte geroago jada ezaguna zen talde armatuak 1983tik 1987ra izandako ibilbidea. 1995ean eztabaida politikoaren erdigunean zegoen gaia; judizialki hainbat poliziaburu eta buruzagi politiko ari ziren auzipetzen GALen auziagatik-tartean Barrionuevo eta Vera-; zeharka bada ere, hainbat ahotsek Felipe Gonzalezi leporatzen zioten GALen sortzaile izatea -Julio Anguitak argi eta garbi adierazi izan du hori hainbatetan, eta Gonzalezek ez du inoiz auzitara eraman adierazpen horiengatik-; Baltasar Garzon epaileak Gonzalezen balizko inplikazioa ere ikertu zuen GALen sumarioan; eta hainbat kasu argitze bidean zeudela ematen zuen. Hala, urte hartan, GALeko kide izateagatik zigortuta zegoen Jose Amedo polizia ohiak Segundo Marey hil eta kare bizitan lurperatzeko aukerari buruz esandakoa irakurri zuenean, Jesus Garcia Garcia poliziari -bihotzekoak jota hil zen, Lasa-Zabala auziaren epaiketan bertan- burura etorri zitzaizkion Alacanteko hilerrian zeuden bi gorpuak. Hark ireki zuen bidea, eta luze gabe baieztatu zen haren hipotesia.


    1995eko martxoaren 22an jakinarazi zen Lasa eta Zabalaren gorpuak agertu zirela Alacanten. Albistea zabaldu zenerako Francisco Etxeberria auzi medikuak egina zuen bigarren autopsia. Hark baieztatu zuen haienak zirela Busoteko bi gorpuak. Martxoaren 14an egin zuen autopsia hori. Etxeberriak Euskaldunon Egunkaria-ri eskainitako elkarrizketan adierazi zionez, "nahikoa elementu antropologiko eta odontologiko" zeuden gorpuak gazte tolosarrenak zirela baieztatzeko. Bestalde, auzi medikuak esan zuen gorpuen inguruan hiltzaileak identifikatzeko bidea eman zezaketen aztarnak ere bazeudela. "Krimenaren agertokian ebidenzia batzuk agertu dira, balio forentserik ez dutenak baina ikuspegi kriminalistikotik oso baliotsuak direnak. Horiek dira bala zorroak, bendak, gasak... Nondik datozen iker daiteke, eta kasua orientatzera eta agian konpontzera eraman gaitzaketen pistak dira". 1995ko apirilaren 11n DNA frogen bidez berretsi zen identifikazio hori.


    Bi gorpuen identifikazioaren albistea zabaldu zen egunean, Iñigo Iruin abokatua itxaropentsu agertu zen. "Orain esan dezakedan gauza bakarra da litekeena dela hilketa horien ikerketak agerian jartzea GALen organigramaren adarren bat, orain arte ilunean izan den adarren bat", esan zuen. Baita asmatu ere. Martxoa amaitu aurretik, komunikabideak jarriak ziren Enrique Rodriguez Galindorengana eta Intxaurrondora begira. Hari horri tiraka lortu zen 2000. urtean Espainiako Auzitegi Nazionalak Enrique Rodriguez Galindo (71 urteko espetxe zigorra), Julen Elgorriaga (71 urtekoa), Angel Vaquero (69 urte), Enrique Dorado (67 urte) eta Felipe Bayo (67 urte) zigortzea, bahiketa eta hilketa delituengatik. Jorge Argote abokatua eta Rafael Vera Segurtasunerako Estatu idazkari ohia ere epaitu zituzten, baina absolbitu egin zituen epaimahaiak. GAL berdearen kontrako sententzia bakarra izan da hori. Auzitegi Gorenak, gero, lau urte gehitu zizkion zigor bakoitzari, zigortutakoek kargu publikoak betetzea larrigarri gisa jo zituelako.


    Gorpuak agertzeak familiari ekar ziezaiokeen sosegua, ordea, hurrengo hilabeteetako ezinegonak lausotu zuen. Izan ere, behin Madrilen DNA frogak eginda, beste bi hilabete pasatxo eduki zituzten han gorpuak, senitartekoek erabilitako hitzak erabiliz, "bahituta". 1995eko ekainaren 21ean ekarri zituzten gorpuak Euskal Herrira, baina Auzitegi Nazionaleko Carlos Bueren epaileak baldintza oso zorrotzak jarri zituen gorpuak garraiatu eta lurperatzeari buruz. Batetik, Madrilen hilkutxa itxi aurretik, familia bakoitzeko kide bakarrari eman zion baimena han egoteko, eta senitartekoek Madrilera ez joatea eta gorpuei harrera Hondarribian egitea erabaki zuten.


    Senideen abokatu Iñigo Iruinek gorpuak ekarri bezperan salatu zuenez, bi sendiek "haserrea eta amorrua" adierazteko eskatu zioten. "Ez dago eskubiderik", adierazi zuten bi familiek, eta arbuiatu zuten "normalena" lekualdatzearen inguruko xehetasun guztiak euren esku uztea izan arren ez zietela aukerarik eman. "Ez al dugu lagun eta senideok azken agur goxoa eskaintzeko eskubiderik? Hezur mindu horiek besterik ez daukagu, baina hor dago beraiek izan zirenaren azken oroitzapena. Denok ikusi nahi ditugu, beraien mina sentitu, eta azken irria eta begirada goxoa eskaini", esan zuen senide guztien izenean Arantxa Lasak, Joxeanen arrebak, gorpuak ekarri zituzten egun berean.


    Buerenek kontrol osoa eduki nahi zuela salatu zuen Iruinek. Izan ere, gorpuak Madrildik Tolosara zuzenean eraman, eta egun berean lurperatzeko agindua eman zuen. Ildo beretik, Segurtasunerako Estatu Idazkaritzari, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari eta Ertzaintzari "beharrezko segurtasun neurriak" hartzeko agindu zien. Eta halaxe gertatu zen.


    Lasa eta Zabaleran hilkutxak Hondarribiko aireportuan

    Hondarribiko aireportuko pistan, guardia zibilek jaitsi zituzten Lasa eta Zabalaren hilkutxak hegazkinetik. Familiek hiru ordu egin zituzten zain, gorpuak aireportuan emango zizkietela ziurtatu zietelako. Atzeko atetik atera zituzten, ordea, senideek ikusi ere egin gabe. Handik Tolosara, berriz, Ertzaintzak eraman zituen. Senitartekoek hala eskatu arren, gorpuak ez zituzten euren esku utzi Tolosako hilerrira iritsi arte, eta hara iritsi eta berehala ehortzi egin zituzten, senideen nahia beste bat izan arren. "Gorpuen entrega sinatzea nahi zuten, eta uko egin genion. Zurezko bi kutxa entregatu zizkiguten", azaldu zuen Juan Mari Zabalak -Joxiren anaiak-; "oraindik ere ez dakigu gure anaiak edo bi kutxa hutsik lurperatu ditugun, hori da gelditzen zaigun samintasuna".


    Lasa eta Zabala sendien asmoa zen Tolosako udaletxean hil kapera jartzea eta hileta elizkizunak gorpuak bertan zirela egitea. Ertzaintzak, ordea, zorrotz bete zuen Auzitegi Nazionaleko Carlos Bueren epaileak agindutakoa, eta kosta ahala kosta betearazi zuten epailearen esana, Joxean Lasaren senitartekoei hilerrirako sarrera oztopatzeraino. Kontrol oso zorrotzak jarri zituzten Tolosako hilerrira senideak soilik sar zitezen.


    Hilerrirako sarreran kontrol oso zorrotzak jarri zituzten

    Aireportuko harreran, Espainiako Polizia oldartu zitzaien bildutako herritarrei -Sotero Etxandi HBko Nafarroako legebiltzarkideak konortea galdu zuen pare bat minutuz, jasotako kolpeen ondorioz-; aireportuko aparkalekuan Ertzaintzaren oldarraldia izan zen -besteak beste, ezker abertzaleko Jon Idigoras, Rafa Diez eta Karmelo Landa zauritu zituzten, eta Landari igeltsua jarri behar izan zioten besoan-, eta hilerrian, berriro ere, Ertzaintzak gogor jo zituen Joxean Lasa eta Joxi Zabala agurtzera joandako senide eta lagunak. Ehorzketa istilutsua eta tentsio handikoa izan zen, Ertzaintza senideen aurka kolpeka hasi baitzen, horiek hilkutxak hil autoetatik ateratzera joan zirenean. Gorpuak lurperatzeko senideek sinatu beharreko agindua iristeko zegoela argudiatu zuen Ertzaintzako buruak oldarraldia justifikatzeko. Kolpeen ondorioz, Jesus Mari Lasa eta Mikel Zabala senideak zauriturik eraman zituzten -argazkietan-. "Eraman zituzten nahi bezala, ekarri dituzte nahi bezala", esan zuen senideetako batek, amorruz, ehorzketan gertatutakoaren ostean.


    Aireportuko eta Tolosako istiluetan ez ezik, Ertzaintza gogor oldartu zitzaien senide eta lagunei beste hainbat tokitan antolatu ziren protestetan ere. Esaterako, Donostian, ekainaren 22an Bakearen Usoaren plazan egindako kontzentrazio baten aurka izandako oldarraldian, Ertzaintzak Rosa Zarra Marin zauritu zuen. Hainbat egun egin zituen Rosa Zarrak erietxean, baina eragindako kalteak ezin izan zituen gainditu, eta ekainaren 30ean hil zen.


    Hilerriko istiluengatik Iñigo Iruinek salaketa aurkeztu zuen Ertzaintzaren aurka. Tolosako auzitegiak aztertu zuen lehenik, eta Donostiakoak gero, eta bi-bietan Ertzaintzari eman zioten arrazoia, eta haren jarduera neurrikoa zela ebatzi zuten auzitegiek.


    Axun Lasak eta Pili Zabalak minez gogoratzen dituzte egun haiek. "Eskutik kendu zidaten berarekin egon baino lehen, agurtu baino lehen. Agurtzeko denborarik ez zidaten eman, eta segituan lur emanarazi ziguten. Ikaragarrizko kaltea eragin zuen gertaera hark nigan. 2007ra arte-edo ezin izan nintzen hilerrira joan, gerora hasi naiz joaten", dio Axun Lasak. Bi gazteak desagertu eta gaur arteko bidea bera izan da gogorra senideentzat, eta bizitza markatu diela dioten arren, pribilegiatuak ere badirela uste dute, neurri batean. Joxi eta Joxean hil zituztenetako batzuk behintzat epaitu eta zigortu egin baitzituzten, eta egiaren zati bat ezagutzeko eta aitortzeko aukera izan baitute. "Epaiketa bera ere oso-oso gogorra egin zitzaigun, baina egin beharrekoa zen", nabarmendu du Pili Zabalak. Eskerrak eman dituzte, era berean, urte hauetan guztietan izan duten babesagatik eta elkartasunagatik, bai Euskal Herrian, bai eta, epaiketa garaian, Madrilen ere.


    Joxemari Larretxea Goñi

    Joxean Lasa eta Joxi Zabala eraman zituzten bezala eraman nahi izan zuten Joxemari Larretxea Goñi ere. Kasu horretan, baina, ez ziren guardia zibilak, Espainiako Poliziako inspektore bat eta hiru GEO baizik. Larretxea Goñik berak Euskaldunon Egunkaria-ri emandako elkarrizketa batean adierazi zuenez, zortea izan zuen bahiketa gaizki atera zelako, ziur baitzen bestela Lasak eta Zabalak bezala bukatuko zuela. "Kontziente naiz, are gehiago gaur egun, nolako heriotza izango nuen. Ziur nintzen bahituz gero nola bukatuko nuen, banekien garbitu egingo nindutela. Egun batzuetan edukiko ninduten, torturatu eta tiro eman. Joxi eta Joxeani egin zietena jakinda, garbi daukat nik ere horrelako heriotza izango nuela". Elkarrizketa hori 1996ko martxoaren 2an argitaratu zen, Kuban bizi zen errefuxiatua hil eta hurrengo egunean.


    >Larretxea Go�ik Egunkariari emandako elkarrizketa.
    Larretxea Goñik Egunkariari emandako elkarrizketa (PDF).

    Francisco Alvarez Bilboko Poliziaren buruzagi nagusiak prestatu zuen bahiketa hori, eta Julian Sancristobal Bizkaiko gobernadore zibilak ere parte hartu zuen horretan. Alvarezek berak horrela aitortu zion Baltasar Garzon epaileari 1989ko urtarrilean, GAL auzia delakoaren sumarioaren instrukzioan. Sancristobalek ere aitortu zuen parte hartu zuela, Segundo Mareyren bahiketari buruzko sumarioan.


    Alvarezek argudiatu zuenez, Larretxea bahitzearen helburua Alberto Martin Barrios Farmazia kapitainari buruzko informazioa eskuratzea zen. Izan ere, Larretxea Goñi ETA pm-ko militantea zen, eta ETApm-ko zortzikiek urriaren 5ean bahitu zuten Martin Barrios. ETAk urriaren 15a bitarteko epea eman zuen berak jarritako baldintzak betetzeko -epaituak izateko zorian zeuden bederatzi preso askatzea-. Urriaren 18an, ordea, ETAk oraindik ez zuen Martin Barrios hil, eta Francico Alvarez komisarioaren arabera, Larretxea bahitu, Espainiara eraman eta hura galdekatzea zen helburua, Martin Barriosi buruzko informazioa lortzeko. Larretxea bahitzerik ez zuten izan, eta handik ordu gutxira agertu zen Martin Barriosen gorpua, Bilbo inguruko baso batean, buruan tiro bat zuela.


    Alvarezen deklarazioaren arabera, Bartzelonan Lapurreten Kontrako Brigadako buruzagi zela bere konfiantzako gizona izandako inspektore bati eman zion Larretxea Goñi bahitzeko enkargua. Inspektore hori Alfredo Gutierrez Arguelles zen. 1983ko urriaren 18 hartan, Gutierrez Arguellesek Talbot Horizon txuri batean zeharkatu zuen Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga, eta han GEOetako (Grupo Especial de Operaciones) hiru kide zituen zain: Francisco Javier Lopez Bayen kapitaina eta Sebastian Soto Garcia eta Jose Maria Rubo Garcia sarjentuak.


    Francisco Alvarez eta Julian Sancristobal, 1998an, Segundo Marey auziko epaiketan.
    Francisco Alvarez eta Julian Sancristobal, 1998an, Segundo Marey auziko epaiketan.

    Larretxea Goñi Hendaian bizi zen garai hartan, Mujika Arregi errefuxiatuaren etxean. "Arratsean, etxetik atera nintzen, lagun batekin egon behar nuelako; zazpi eta erdiak inguru izango ziren, eta motor txiki batean nindoan. Motorra lagun baten alabak utzi zidan; ez zeukan gasolinarik, eta etxetik 25 metrora dagoen gasolindegi batera joan nintzen lehendabizi", kontatu zion Egunkaria-ri Larretxeak. Hendaiatik Donibane Lohizunerako goiko bidea hartu zuen gero, eta Hendaiatik irteten ari zela, Orio izeneko auzora iristen ari zela, auto bat sumatu zuen atzetik. "Oso astiro. Kolpea eman zidan".


    Motorrarekin espaloia jo eta lurrera erori zen Larretxea. Hasieran, belaunak eta eskuak urratuta besterik ez zuen. "Berehala hasi zitzaizkidan kolpeka, eta buruan kaputxa jartzen saiatu ziren bahitzaileak. Hiru ziren, eta ezin izan nuen ezer egin haien aurka" -laugarrena, Gutierrez Arguelles inspektorea, autoan gelditu zela zioen Larretxeak-. Errefuxiatuak ezin zien aurre egin; lurrean erorita zegoen, ezin altxaturik, eta kolpeak erauntsian erortzen zitzaizkion bitartean. "Joka ari zirela, 'Arrêtez!! Police!!' entzun nuen". Jendarme bat zen, Berdegal abizenekoa. Espainiako poliziak berehala gelditu ziren, eta Larretxea, lurretik altxatu, eta errepidearen beste aldera joan zen. Handik ikusi zuen atxiloketa. Jendarmeak arma beharrik gabe atxilotu zituen laurak. Larretxea Goñik bazuen horri buruzko hipotesi bat: "Oso misio delikatuan zeudelako. (...) Hori nazioarteko harreman diplomatikoetan oso larria da. Seguraski, agindua izango zuten operazioa gaizki ateraz gero edo harrapatuz gero kito egiteko. Bide diplomatikotik konponduko zela".


    Larretxea Goñik Euskadi eta Askatasuna entziklopediari emaniko elkarrizketa.

    Eta horrelaxe konpondu zen; lau polizien atxiloketak asaldura sortu zuen Espainiako Gobernuan eta iritzi publikoan, eta berehala jarri zituzten indar guztiak poliziak lehenbailehen askatzeko. Ia bi hilabete egin zituzten kartzelan, ordea. Abenduaren 8an  -artean, Segundo Marey bahituta zeukaten, eta GALek lau polizien truke askatuko zutela esan zuen- Paueko Auzitegiko Michel Svahn epaile ultraeskuindarrak lau poliziak askatzeko agindua eman zuen.


    "GALen kasuan, estatu aparatuaren ekintzak dira, eta hor ildo politikoa markatuta dago. Beraz, dudarik gabe, Felipe Gonzalezek bazekien. Berak du GALen ekintzen erantzukizuna" / Joxemari Larretxea Goñi

    Larretxearekin gertatutakoari pisua kentzea izan zen Espainiako Gobernuaren erreakzioa. Ez zela bahiketa saio bat izan, Larretxearekin hitz egitea beste asmorik ez zutela poliziek. Garai hartan sinesgarritasun gutxi izan zezakeen bertsioak, ordea, guztiz galdu zuen GALen atentatuak pilatuz joan ziren neurrian -garai hartan oraindik GALen berririk ez zen, eta apenas jakinekoa zen Lasa eta Zabala desagertuta zeudenik-. Eta garrantzia kendu ziezaiokeen, baina gobernuak ezin zuen ezkutatu poliziak Frantziara bidali zituztela; hala, Barrionuevok hitz hauekin arrazoitu zuen gertatutakoa: "Ekintza humanitario bat besterik ez zen, Martin Barriosen bizitza salbatzea helburu zuena. Larretxearekin hitz egin nahi zuten, baina ustekabeko istripu bat gertatu zen".


    Larretxea Go�i Egunkaria-ko zuzendari Martxelo Otamendirekin.
    Larretxea Goñi Egunkaria-ko zuzendari Martxelo Otamendirekin.

    Kontuak kontu, Espainiako Gobernuak bide guztiak urratu zituen lau poliziak askatzeko eta kartzelan zeuden bitartean ondo egon zitezen. Lehenik eta behin, Baionako espetxean sartu beharrean, Pauekora eraman zituzten, euskal presoekin batera egon ez zitezen. Bestetik, Pedro Churruca Espainiak Pauen zuen kontsulak ere eman zituen bere pausoak, polizia presoen ongizatea bermatze aldera. Azaroaren 10ean, Paueko Auzitegia poliziak aske uzteko eskaera aztertzen ari zen bitartean, Churrucak azaldu zuen poliziak beste presoengandik aparte zituztela, beste areto batean zeudela, espetxe erregimen berezia ezartzen zitzaiela, irekiagoa, eta egun osoan zutela baimena espetxeko patiora irteteko eta kirola egiteko. "Bisitatzera joaten naizenean, txandala jantzita aurkitzen ditut, toalla lepoan eta beti izerditan, korrika egiten aritzen direlako".


    Egun horietan, Barrionuevok hainbat bilera egin zituen Frantziako enbaxadore Pierre Guidonirekin, eta Pauen preso zituzten lau polizien auzia izan zen gai nagusietako bat. Bestetik, Frantziako Poliziako informazio zerbitzuetako Lerroux komisarioarekin ere elkartu zen Barrionuevo. Beraz, sekretupean egitekoa zen bilerari buruzko informazioa, ordea, argitara atera zen. El Pais egunkariak kaleratutako informazioaren arabera, komisarioak kezka azaldu zuen Frantziako lurraldean zebiltzan Espainiako polizien jardunagatik. Garai hartako informazioen arabera, ohikoa zen eta jakinekoa Espainiako poliziak eta guardia zibilak Ipar Euskal Herrian zebiltzala. Bestalde, Barne Ministerioko goi mailako iturri batek irailaren 21ean El Pais egunkariari esandakoaren arabera, Hendaian gertatutakoak "su-eten tekniko" bat behartu zezakeen arlo horretan, baina ziurtatu zuen Espainiako Poliziak Ipar Euskal Herrira joaten jarraituko zuela, haiek egiten zituzten "informazio" lanak "legezkoak eta beharrezkoak" zirelako.


    "Beldur ginen Martin Barrios bahituta zegoela guri ez ote ziguten eraso egingo; beraz, berehala konturatu nintzen nire bila zetozela" / Joxemari Larretxea Goñi

    Paueko Auzitegiak azaroaren 14an atzera bota zuen poliziak aske uzteko eskaera, baina aldi berean polizien kontrako akusazioak ere indarra galduz joan ziren. Izan ere, Paueko Auzitegiak ez zien bahiketa saiorik leporatzen; "berariaz egindako indarkeria ekintza, kalteekin" zen egozten zitzaien delitua. Bestalde, Larretxeak sei egun baino ez zituen egin ospitalean, zauriak sendatzen, eta horrek ere delituaren larritasuna arintzen zuen. Izan ere, Frantziako legediaren arabera, kalteak eragiteagatik ezar zitekeen zigorra txikiagoa zen zauriak zortzi egun baino arinago sendatuz gero. Bi urteko zigorra aurreikusten zuen legediak zortzi egun baino lehenago sendatutako zaurientzat, eta lau urtekoa zortzi egun baino gehiago behar zuten zaurientzat.


    Jose Barrionuevo, Barne ministro ohia
    Jose Barrionuevo, Barne ministro ohia.

    Egoera horretan, bazirudien poliziak preso izango zituztela epaiketa bitartean. Poliziek, bitartean, emandako aginduak bete baino ez zutela egin deklaratu zuten epaile aurrean. Hain zuzen ere, bahiketa agindua eman zuen berak egin zuen polizien bermatzaile lana. Francisco Alvarezek "espainiar poliziaren ohorearen izenean" hitzeman zion Michel Svahn epaileari poliziak epaiketara agertuko zirela, eta poliziek ere agiri bat sinatu zuten epaiketara agertzeko konpromisoa hartuz. "[Poliziek] espetxean jarraitzea ez da beharrezkoa ordena publikoa gordetzeko" argudioarekin, Svahn epaileak haiek askatzeko agindua eman zuen abenduaren 8an.


    Poliziek, ordea, ez zuten inoiz gehiago Frantziako auzitegirik zapalduko. 1986ko ekainaren 12an, Baionako Auzitegiak "errebeldian" epaitu zituen lau poliziak. Marie Therese Ville epailea haserre agertu zen poliziek hitza jan zutelako.


    Poliziak epaiketara agertu ez ziren bezala, Larretxea Goñi ere ezin izan zen joan. Izan ere, 1984ko urtarrilean atxilotu eta Guadalupera deportatutako sei errefuxiatuetako bat izan zen. Guadalupetik Panamarako eta Panamatik Kubarako bidea egin zuen Larretxeak, eta hantxe zendu zen, 1996an. Egunkaria-ri emandako elkarrizketan "aktorerik gabeko epaiketa" izan zela adierazi zuen.


    "Ekintza humanitario bat besterik ez zen, Martin Barriosen bizitza salbatzea helburu zuena. Larretxearekin hitz egin nahi zuten, baina ustekabeko istripu bat gertatu zen" / Jose Barrionuevo

    Frantziako auzitegietan, hortxe amaitu zen Larretxearen bahiketari buruzko auzia. Espainiako Auzitegi Nazionalean, berriz, Carlos Bueren instrukzio epaileak eraman zuen gaia 1980ko hamarkadaren amaieran. Francisco Alvarez eta Jose Amedo poliziak zeuden nahastuta sumario horretan, baina fiskalak uko egin zion akusaziorik egiteari; delitua preskribituta zegoela argudiatu eta kasua ixteko eskatu zuen 1990eko urtarrilaren 8an. Sumarioa urte bereko otsailaren 13an artxibatu zuten.


    Hiru hilabete lehenago

    GALen lehen ekintzak 1983ko urrian izan ziren arren, gutxienez hiru hilabete atzera jo behar da haren jatorriari erreparatzeko. Uztailaren 6koa da gerra zikina berriro abiatzeko erabakiari buruzko lehen froga dokumentala. CESIDeko agiri bat da, hain zuzen ere: 1983ko uztailaren 6ko bulego oharra ( Nota de despacho). 1997ko apirilean altxatu zuten dokumentu horren eta beste hainbaten gaineko sekretua, Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduz, eta ordutik dokumentu hori GALen "sortze agiritzat" jo dute. Ekintzak Frantzian dio dokumentuaren tituluak, eta, besteak beste, hauxe adierazten du ekintzak hasteko erabakia hartzeari buruz: "Soilik terrorismoaren kontrako borroka bere osotasunean gidatzen duen horrek erabaki ahal izango du mota honetako ekintzak abiatzea edo ez abiatzea".


    CESID-eko bulego oharra, Iparraldean gerra zikina abiatzeari buruz.
    CESIDeko bulego oharra, Iparraldean gerra zikina abiatzeari buruz (PDF).

    Gerra zikina abiatzeak beharko lukeen azpiegiturak ere aztergai dira txosten horretan: "Ekintzen halabeharrezko aldiberekotasunak ezinbestekoa egingo luke operaziorako azpiegitura oso zabala edukitzea". Aldeko eta kontrako faktoreak aztertzen ditu, halaber. "Sorpresa efektuak ekintza garatzen ari den unean polemika piztea eragotziko luke, baina inork ez luke sinistuko halako ekintza konplexu bat inkontrolatuen esku egon daitekeenik. Beraz, honako hauek espero litezke: gobernuaren kontrako salaketak (eztabaida parlamentarioa); Frantziako diplomaziaren erantzuna; Zerbitzu Sekretuak eta erakunde ofizialak ekintza horien atzean dauden ziurtasuna. Beharrezko azpiegiturak euren esku dituzten mertzenarioen erabilera litzateke modu egokiena helburu honetarako".


    Azken ondorioak atalean jasotzen du, ordea, bulego oharra GALen sorrerarekin lotzea eragin duen puntu esanguratsuena: "Egoera edozein dela ere, ekiteko modu gomendagarriena bahiketa bidezko desagerraraztea dela pentsatzen da".


    Emilio Alonso Manglano zen garai hartan CESIDeko zuzendaria, eta haren aginduz landu zen txosten hori. Espainiako alderdi politikoak, agintariak eta iritzi publikoa kezkatuta zeuden garai hartan. ETAren ekintzak gero eta ugariagoak ziren, eta hildakoak pilatzen ari ziren eguna joan eta eguna etorri. Jardunean atxilotzen ez zituzten etakideek errazegi ihes egiten zutela pentsatzen zuten askok, Frantziak ez zuen estradiziorik onartzen eta Ipar Euskal Herriari ETAren santutegia deitzen zitzaion. Babesgune horretan ekitea eta Frantziaren jarrera aldaketa sustatzea nahi zuten, eta aurreko gobernuak erabilitako bideak balio zezakeelakoan zeuden asko.


    Bestalde, bazegoen Espainiako Gobernua eta, bereziki, Felipe Gonzalez presidentea asko kezkatzen zuen afera bat: estatu kolpe bat sufritzeko aukera. 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpeak armadako arduradun asko asegabe utzi zituen; eta 1982an urriaren 27an (PSOEk irabazitako hauteskunde orokorren bezperan) beste estatu kolpe bat prestatu zuten militarrek. 1982 eta 1983 artean ETAk Poliziako, Guardia Zibileko eta Armadako buruzagi ugari hil zituen, eta horrek urduri zituen arduradun polizial eta militarrak. Gerra zikina abiatzeak ahots horiek isilduko lituzke.


    KONFIANTZAZKOAK

    ETAren aurka "bere arma berberekin" ekitearen alde zeuden gizonez inguratu zen Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidentea. Gobernuan, Barne Ministerioaren buru Jose Barrionuevo jarri zuen, militante karlista izandakoa eta Madrilgo alkateorde eta Udaltzaingoaren burua -kargu horretan agerian gelditu zen noraino heltzen zen haren gogorkeria-; eta Defentsa Ministerioan, Narcis Serra, bere konfiantzazko gizona eta armadaren, Guardia Zibilaren eta zerbitzu sekretuen burua izango zena. Garai hartako informazioek ziotenez, PSOEko burukide askoren iritziaren kontra jarri zuen Felipe Gonzalezek Barrionuevo kargu horretan; UCDren orduko Barne ministro Juan Jose Rosonek aholkatu omen zion Barrionuevoren izendapena. Barrionuevok eta Serrak UCDren garaitik eta frankismoaren azken urteetatik zetorren lantalde zabala zuten euren aginduetara. Guardia Zibileko buru, berriz, Jose Antonio Saenz de Santamaria jenerala jarri zuten, karrera militarra Francoren estatu kolpearekin hasitakoa, frankismo garaian jeneral izatera iritsitakoa eta 1971tik ETAren kontrako borroka kudeatzen aritutakoa. Andres Casinello jenerala zen haren konfiantzazko gizona, militarki AEBetan trebatutakoa eta ZEN planaren egiletzat jotzen dena. Espainiako Poliziaren gizon indartsuak, berriz, Jesus Martinez Torres eta Francisco Alvarez ziren, Gipuzkoako eta Bizkaiko polizia etxeetako buruak. Eta, tokian-tokian jarraituz, Guardia Zibilaren Donostiako komandantziaren burua zegoen, Enrique Rodriguez Galindo. Ofizialki ez zen hura Intxaurrondoko burua, gainetik beti zeukan beste norbait; baina de facto harena zen Intxaurrondoko agintea, eta haren goikoek apenas egiten zuten denboraldi motz bat Donostian. Bestalde, Defentsa Ministerioak CESIDeko buruzagiak bere horretan uztea erabaki zuen, eta Leopoldo Calvo-Sotelok Espainiako gobernuburu zela izendatutako Emilio Alonso Manglanok jarraitu zuen zuzendari gisa. Eta Manglanoren aginduetara, AOME Lan Berezietarako Talde Operatiboko buruzagi gisa, Juan Alberto Perote.


     
    Juan Alberto Perote, CESIDeko buru ohia.
    Juan Alberto Perote, CESIDeko buru ohia

    Dena den, uztaila baino lehen hasi zen gorpuzten Iparraldean legez kanpoko ekintzak egiteko aukera, eta horri aurre hartuta CESIDeko agenteak jada hainbatetan igaro ziren Iparraldera. Lasa-Zabala auziari buruzko epaiketan, Juan Alberto Perotek -CESIDeko Lan Berezietarako Talde Operatiboko (AOME) buru ohia eta Manglanoren bigarrena- baieztatu zuen zerbitzu sekretuak 1983ko otsailerako jada hasiak zirela Iparraldera jendea bidaltzen eta errefuxiatuen eta hango giroaren inguruko txostenak egiten. Perotek 1999ko urrian kaleratu zuen Confesiones de Perote liburuan aitortu zuen CESIDen landu zela GALek erabili beharreko filosofia eta, horregatik, CESID GAL filosofikoa zela esaten zuen Perotek, eta hortik sortu zirela Espainiako Poliziaren GAL urdina eta Guardia Zibilaren GAL berdea.


    CESIDen uztaileko bulego oharrak Frantzian legez kanpoko ekintzak abiatzeko aukeraz hitz egiten du, baina ez du argitzen nork hartu zuen erabaki hori. Agerikoa da, ordea, erabaki horrek Espainiako Gobernuaren oniritzia behar zuela. GALen inguruko auziek egindako ibilbidean Barne Ministerioraino iritsi dira inplikazioak, garai hartako Barne ministroa (Jose Barrionuevo) eta Segurtasunerako Estatu idazkaria (Rafael Vera) zigortu baitzituzten Segundo Mareyren bahiketagatik. Ikerketa judizialek ez dute hortik gora egin; ez dira Espainiako Gobernuko presidentearengana inoiz heldu, nahiz eta kontaezinak diren, berak ukatu arren, Felipe Gonzalezi GALen X izatea egotzi diotenak. Perotek berak honela adierazi zuen Lasa-Zabala auziko epaiketan:


    "Horrelako ekintza batzuek amaiera ona izango bazuten, alor horretako arduradun gorenak koordinatu behar zituen. Eta koordinazioa ez dute ez Barne ministroek ez Defentsa ministroek egiten. Espainiako presidentea baita borroka antiterrorista globalean koordina dezakeen bakarra" / Juan Alberto Perote

    Ricardo Garcia Danborenea, PSE-EEko idazkari ohia.
    Ricardo Garcia Danborenea, PSE-EEko idazkari ohia.

    Ricardo Garcia Danborenea PSE-EEko garai hartako Bizkaiko buruzagiak eta Segundo Mareyren auzian zigortutakoak argi eta garbi hitz egin zuen horri buruz El Mundo egunkariari 1995eko urriaren 22an emaniko elkarrizketan -zehaztu behar da, hala ere, garai hartan PPko militantea zela-: "Frantziako lurraldean terrorismoaren kontra ekiteko erabakia politikoa da. Jarduera horiek babesteko eta arreta desbideratzeko, sigla batzuk asmatu ziren: GAL. Baina ez zen borrokarako talde bat sortu, edo erakunde berezirik eratu. Ez. Estatuaren Administrazioa bera zen ekiten zuena, bere bitartekoekin, bere gizonekin. Operazio horiek sekretuak ziren, beste hainbat arrazoiren artean, exijentzia diplomatikoengatik. Beraz, GAL ez da benetako egileak ezkutatzeko kezko hesi bat besterik. Tamaina horretako muntatze bat, poliziak mugitzen dituena, guardia zibilak, armak, ibilgailuak, dirua eta beste mugitzen dituena eta Barne eta Defentsa ministerioko kideak eta informazioak koordinatzea eskatzen duena… derrigorrez goikoek baimendua izan behar du, Gobernuko Presidentetzak. [...] GAL ez da talde bat, ezta gutxiago ere talde armatu bat, Estatuaren gizonak dira, Barne Ministerioa bera ETAren kontrako borrokan, edo modu abstraktuagoan esanda, erabaki politiko bat".


    "Ez zen borrokarako talde bat sortu, edo erakunde berezirik eratu. Ez. Estatuaren Administrazioa bera zen ekiten zuena, bere bitartekoekin, bere gizonekin" / Ricardo Garcia Danborenea, PSE-EEko Bizkaiko idazkari ohia

    Borroka antiterrorista zehazteko maila politikoan egindako bilera bati buruz Julian Sancristobalek hitz egin zuen Lasa-Zabala auziko epaiketan. Sancristobal Bizkaiko gobernadore zibila zen garai hartan. "1983ko udaberrian bilera bat izan genuen Guadarraman Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako gobernadore zibilek, Jose Barrionuevo Barne ministroak, Rafael Vera Segurtasunerako Estatu idazkariak eta hainbat euskal buruzagi sozialistak, hala nola [Ramon] Jauregik, [Jose Maria] Benegasek eta [Ricardo Garcia] Danboreneak". Bilera horretan izandako lau lagun -Vera, Barrionuevo, Sancristobal eta Danborenea- Segundo Mareyren bahiketagatik zigortu zituzten 1998an, beste bat -Julen Elgorriaga- 2000. urtean zigortu zuten Lasa-Zabala auziagatik, eta Larretxearen bahiketa saioan izandako parte hartzea Sancristobalek berak onartua du hainbatetan. Guadarramako bileran ETAren kontrako gerra zikina abiatzeaz hitz egin zutela, ordea, ukatu egiten du Sancristobalek. "Ez zen legez kanpoko ekintzarik egitea pentsatu, baina bai aurretik zeuden polizia horiek hobeto funtzionatzeko era". Gerora gertatutakoek eta jakindakoek kontrakoa iradokitzen dute.


    1983ko irailaren 28ko Bulego oharra.
    1983ko irailaren 28ko Bulego oharra (PDF).

    1983. urteko lehen seihilekoan, beraz, hainbat urrats egin ziren gerra zikinaren berraktibazioari begira. Baina, GALen sorrerari dagokionez, uztailetik irailera bitartean egin zen jauzi kualitatiborik handiena. Horren erakusle, CESIDeko beste agiri bat: 1983ko irailaren 28ko bulego oharra, Perotek berak idatzitakoa dela aitortutakoa. Intxaurrondoko komandantziara ETAren kontrako borrokan laguntzera joandako CESIDeko gizon batek -Pedro Gomez Nietok- emandako informazioa jaso ostean idatzi zuen oharra Perotek, Emilio Alonso Manglano CESIDeko orduko zuzendariari igortzeko. Bere taldeak jasotzen zituen informazioekin halako oharrak bidaltzen zizkion maiz Perotek Manglanori.


    Aipaturiko bulego oharraren tituluak Gaia: Frantzia hegoaldea zioen, eta berehalako ekintzak iragartzen zituen Ipar Euskal Herrian. "Iturri erabat seguruetatik jakin da epe laburrean indarkeria ekintzak egingo direla Frantzia Hegoaldean. Ekintza horiek Guardia Zibileko gizonek egingo dituzte, Donostiako Komandantziaren babesarekin". "Iturri erabat segurua" Pedro Gomez Nieto zen, eta Gomez Nietoren eta Enrique Rodriguez Galindo koronelaren arteko hainbat elkarrizketa jasotzen dituen eskuizkribu baten bidez berretsi zuen Perotek CESIDeko agiri horren fidagarritasuna. Bulego ohar hori idatzi, eta hogei egunen buruan Lasa eta Zabala bahitu zituzten, eta Jose Mari Larretxea Goñi bahitzen saiatu ziren Lapurdin.


    Gomez Nietoren eta Galindoren arteko elkarrizketak
    Gomez Nietoren eta Galindoren arteko elkarrizketak (PDF).

    Erabaki politiko hori hartu eta ekintzak gauzatzerako bide labur horretan, beste bilera bati buruzko erreferentzia bat ere badago, eta CESIDeko bi bulego oharren arteko mugimendu bat islatzen du. Intxaurrondoko guardia zibil batek -Jose Maria Velazquez Sorianok- Lasa-Zabala auziaren sumarioan deklaratu zuenez, 1983ko abuztuan Galindoren etxean bilera bat egin zuten, eta Intxaurrondoko hamabost guardia zibil inguruk parte hartu zuten. Honela jasotzen ditu sumarioak Velazquez Sorianoren adierazpenak: "Galindok esan zigun Espainiako Gobernuaren agindua zuela ETAren kontra borrokatzeko, baina ez ordura arte erabilitako bideekin. Aukeratuak izan ginela esan zigun, eta Iparraldera joan behar genuela, legez kanpoko ekintzak egitera". Velazquez Sorianok sei aldiz berretsi zuen deklarazio hori instrukzio epailearen aurrean, nahiz eta epaiketan ukatu.


    Urte hasieran hartutako erabaki politikoa gauzatze bidean jartzen ari zen pixkanaka, eta Ipar Euskal Herrian egin beharreko ekintzak diruz elikatzeko bidea ere erabakia zuten. Diru bereziak Barne Ministerioak kudeatzen zituen zuzen-zuzenean, eta inori azalpenak eman beharrik gabe. Diru iturri horrek ahalbidetu zituen GALen ekintzak, eta diru horren erabilera neurrigabeak ahalbidetu zuen, nolabait, GALen jarduera argitara ateratzea.


    "Galindok esan zigun Espainiako Gobernuaren aginduak zituela ETAren kontra borrokatzeko, baina ez ordura arte erabilitako bideekin. Aukeratuak izan ginela esan zigun, eta Iparraldera joan behar genuela, legez kanpoko ekintzak egitera" / Jose Maria Velazquez Soriano, Intxaurrondoko guardia zibila
     

    Gerra zikinaz Kongresuan

    Garai bertsuan, eta oraindik GALen siglak jendaurrean agertu aurretik, gerra zikinari buruzko eztabaida inplizitua izan zuten Espainiako Kongresuan, azaroaren 3an. Kongresuko saioaren helburua Espainiako Gobernuak ETAren kontrako borroka gogortzeko hartuko zituen neurriak aurkeztea zen; Felipe Gonzalezek iragarri zuen etakideei "salbuespenezko" tratamendua emango zitzaiela eta talde armatuei buruzko lege eta arauak lege bakar batean batuko zituztela. Baina eztabaida saioa pasatu ondoren, hainbati eta hainbati gelditu zitzaien parlamentuko eztabaidan beste zerbaiti buruz ari ziren sentipena.


    Felipe Gonzalez eta Alfonso Guerra, Espainiako Kongresuan, 1982an
    Felipe Gonzalez eta Alfonso Guerra, Espainiako Kongresuan, 1982an.

    Felipe Gonzalezek ez zuen gerra zikina aipatu, baina osoko bilkuraren hasieran botatako esaldiak zerbait iradokitzen zuen: "Gobernu honek ez die utziko lasai bizitzen terrorea eta krimena babesten dituztenei". Frantziari euskal errefuxiatuei buruzko akordio bat eskatuko ziola ere iragarri zuen, eta errefuxiatuak Espainiara kanporatzea nahiago zuela esan zuen, estradizioa eskatzea konplexuagoa zelako. "Borondate irmoa dugu egoera paradoxiko hau amaitzeko", esan zuen Gonzalezek, Frantziako Gobernuak errefuxiatuei ematen zien babesa zeharka aipatuz.


    Felipe Gonzalez
    "Gobernu honek ez die utziko lasai bizitzen terrorea eta krimena babesten dituztenei" / Felipe Gonzalez
     

    Gonzalezi presioa egiten zioten hainbat aldetatik "ETAren santutegia" zela eta. Kongresuko osoko bilkura baino hiru egun lehenago, honela zioen El País egunkariak kaleratutako albiste batek: "Atxilotutako etakide bakoitzeko, beste bik edo hiruk muga klandestinoki pasa eta Frantzian hartzen dute babes". Albiste horretan nabarmentzen zenez, ETAko 333 preso "bakarrik" zeuden Espainiako kartzeletan, eta, kalkuluen arabera, 800 inguru ziren Iparraldean bizi ziren errefuxiatuak.


    Euskadiko Ezkerrako diputatu Juan Maria Bandres izan zen, Gonzalezek bere adierazpenak amaitu ondoren, gerra zikina aipatzen lehena. "Ez zaitezte erori, eta espero dut ez zaretela eroriko gerra zikinaren tentazioan; ilegaltasuna gaizkileen jabetza da. Estatu demokratikoa beste muga batzuen barruan mugitzen da, gainditu behar ez diren mugak eta errespetatu beharrekoak", esan zuen Bandresek. Eta, haren atzetik, ildo beretik mintzatu zen Santiago Carrillo PCEko burua ere. "Nik amaitu nahi dut esanez kezkatuta nagoela; izan ere, neurri hauek guztiak aipatu ondoren, ez zaio inolako aipamen zuzenik egin gerra zikinaren aurkako gaitzespenari. Gerra zikina terrorismoa areagotzea ekarriko lukeen arazoa litzateke".


    Juan Maria Bandres
    "Ez zaitezte erori, eta espero dut ez zaretela eroriko gerra zikinaren tentazioan; ilegaltasuna gaizkileen jabetza da. Estatu demokratikoa beste muga batzuen barruan mugitzen da, gainditu behar ez diren mugak eta errespetatu beharrekoak" / Juan Maria Bandres
     
    Santiago Carrillo
    "Nik amaitu nahi dut esanez kezkatuta nagoela; izan ere, neurri hauek guztiak aipatu ondoren, ez zaio inolako aipamen zuzenik egin gerra zikinaren aurkako gaitzespenari. Gerra zikina terrorismoa areagotzea ekarriko lukeen arazoa litzateke" / Santiago Carrillo
     

    Manuel Fraga oposizioko buruak haserre bizian erantzun zien Carrilloren hitzei. "Gerra zikina, baina nork egiten du gerra zikina? Terrorismoak egiten du, denetan zikinena, denetan koldarrena eta kriminalena. [...] Ezin da gerra zikinari buruz hitz egin, eskubide bati buruz hitz egiten ari garenean, eskubiderik naturalenetaz ari garenean: nork bere buruaren defentsarako duen eskubidea. Eta hori eskubide hori baliatzeko eskatzen dugu, Espainiako herritar guztien izenean".


    Manuel Fraga
    "Ezin da gerra zikinari buruz hitz egin eskubide bati buruz hitz egiten ari garenean, eskubiderik natural eta oinarrizkoenaz ari garenean: nork bere buruaren defentsarako duen eskubidea. Eta hori, eskubide hori baliatzeko, eskatzen dugu, Espainiako herritar guztien izenean" / Manuel Fraga
     

    Astebete lehenago Fraga eta Gonzalez bilduta egon ziren, Moncloan. ETAren kontrako neurri berriak aurkeztu zizkion topaketa horretan Gonzalezek, baina bilerak mesfidantza sortu zuen, batik bat Kongresua osatzen zuten beste alderdien gain. Gainera, jakinekoa zen Fragak gerra zikinari buruz zeukan iritzia. Fragak Kongresuan egindako hitzen bigarren zatia, hain zuzen ere, Felipe Gonzalezi eskua luzatzeko izan zen. "Esan behar dut hartzen den neurri oro ondo irudituko zaizkigula", adierazi zuen AP alderdiaren izenean, "baina kontuan hartu behar da neurri horiek aplikatzeko gizonak falta direna". Uztailetik, CESIDek gerra zikinari buruzko txostena egin ondorenetik, buruz buruko bi bilera egin zituzten gutxienez Fragak eta Gonzalezek. Hala, Kongresuan esandakoak zalantza sortzen zuen. Zenbateraino zekien Fragak neurri horiei buruz? Oposizioko burua izanik, zergatik ematen zion babesa hain modu irmoan?


    Segundo Marey

    Joxean Lasa eta Joxi Zabala oraindik desagerturik zirela baina Larretxearen "istripuaren" oihartzuna jada apaldu zenean, GALek beste pauso bat eman zuen. GAL urdinak, Larretxearen arantzatxoa atera nahian edo, beste bahiketa bat prestatu zuen. Mikel Lujua Gorostola zen ekintza horren jomuga, baina, aurrekoan bezala, Espainiako Poliziak hanka sartu zuen. Kasu horretan, baina, okerretatik ikasi egin zuten: Frantziako Estatuaren lurretan egin beharreko ekintza mertzenarioen esku utzi zuten, norbait atxilotzen bazuten berriro arazo diplomatikorik ez sortzeko. Lehen aldia izango zen GAL siglak entzuten zirela, eta urte luzetan -1995ean Lasa eta Zabalaren gorpuak agertu ziren arte- askok GALen lehenengo ekintzatzat jo zuten.


    Bahiketa hori aurrekoa baino hobeto prestatu zuten. Jose Amedo Bilboko polizia etxeko komisariordea arduratu zen mertzenarioak bilatzeaz, eta Francisco Saiz Oceja inspektoreak, bitartean, Kantabriako mendi batean bakartuta zegoen etxe bat alokatu zuen. Amedok 1994ko abenduaren 16an eman zituen Segundo Mareyren bahiketari buruzko lehen xehetasunak, Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon instrukzio epailearen aurrean. Ordurako, 108 urteko espetxe zigorra jarri zion Auzitegi Nazionalak -Michel Dominguez poliziari beste hainbeste- GALen beste bi atentaturengatik. Amedok esan zuenez, "erabilia" sentitzen zen, eta zekiena kontatu nahi zuen.


    Amedo eta Dominguez, Marey bahituta eduki zuten Kantabriako txabolaren aurrean
    Amedo eta Dominguez, Marey bahituta eduki zuten Kantabriako txabolaren aurrean.

    Amedok epaileari azaldu zionez, Guy Metge izeneko polizia bat izan zen mertzenarioekin kontaktua egiteko bidea. 1982tik ezagutzen zuten elkar bi poliziek, eta Miguel Planchuelok, Espainiako Poliziaren Borroka Antiterroristarako Informazio Brigadako buruak, harekin zuen harremanari eusteko agindu zion, Ipar Euskal Herria oso ondo ezagutzen zuelako. Metgek, Amedok, Planchuelok eta Francisco Alvarez Espainiako Poliziaren Bilboko komisario buruak bazkari-bilera bat egin zuten Bilbon, Metgeren aurrera begirako betebeharrak eta hari egin beharreko ordainketak zehazteko.


    Alvarez, Planchuelo eta Amedo

    1983ko apirilean Amedori Frantziako legionario ohi bat aurkeztu zion Metgek, eta haren bidez Iparraldean jardungo zuten mertzenarioak errekrutatu zituen Amedok, Francisco Alvarezek eta Planchuelok emandako aginduak jarraituz. Pedro Sanchez Frantziako legionario ohia izan zen horietako bat. 1983ko urria-azaroan Planchuelok agindua eman zion Amedori Bilbon bilera bat prestatzeko. Bilera horretan, Planchuelo, Amedo eta Sanchez elkartu ziren. Hor abiatu zen Segundo Mareyren bahiketaren prestakuntza.


    Marey auziko epaia
    Marey auziko epaia (PDF).

    Amedok 1994ko deklarazio hartan ez zuen Julian Sancristobalen izenik aipatu, baina gerora sumarioan gehitu ziren deklarazioek -Planchuelok eta Danboreneak zein Sancristobalek berak egindakoak- eta Segundo Marey auzian Auzitegi Gorenak emandako epaiak nabarmentzen dute haren parte hartzea zuzenekoa izan zela. "Atxilotzera eta Espainiara galdekatua izatera ekarriko zuten pertsona nor izango zen erabaki zutenean, eta operazioa gauzatuko zuten frantziarren kontaktua zehaztuta, Planchuelok eta Amedok, Sancristobal eta Alvarezen oniritziarekin, mertzenarioekin adostu zuten milioi bat liberakoa izango zela operazio horren trukean ordainduko zitzaien kopurua", dio epaiak.


    Horrez gain, epaiak argi eta garbi esaten du bahiketa egin aurretik Rafael Vera Segurtasunerako Estatu idazkariaren eta Jose Barrionuevo Barne ministroaren baimena ere jaso zuela "operazioak": "Bahiketa Bilbon prestatu ondoren, Sancristobal gobernadore zibilak, Madrilera egin ohi zituen bidaia ugarietako batean, Verarekin eta Barrionuevorekin aztertzen du gaia, aurretik Larretxearen kasuan egin bezala. Haien baimena lortu zuen, bai bahiketa egiteko eta bai hori finantzatzeko ere. Hala, Verak, ministroaren izenean diru berezien kudeaketaz arduratzen zen pertsonak, milioi bat libera horiekin betetako maletina eman zion Sancristobali". Diru horren erdia "komisario frantziarrari" eman ziola dio epaiak -ez du komisarioaren izenik ematen- eta beste 50.000 euro Pedro Sanchezentzat izan zirela, gainerako dirua bahiketa egin ondoren ordaintzekotan.


    Sanchezek errekrutatu zituen bahiketaz arduratuko ziren beste bi mertzenarioak. Metgek emandako informazioa baliatu zuten bahiketa prestatzeko. Izan ere, hark eman zien Larretxea bahitzeko informazioa, eta operazioa gaizki atera bazen ere, polizia frantsesak emandako informazioa zuzena izan zen. Helburu argia zuten: Mikel Lujua Gorostola errefuxiatua.


    "1983ko abenduaren 4ko 20:00ak inguruan, Pedro Sanchez, Mohand Talbi eta Jean Pierre Echalier mertzenarioak -legionario ohiak hirurak- Segundo Mareyk Hendaian [Aizpurdi kalean] zuen etxera hurbildu ziren. Haietako batek atea jo, eta emaztea atera zen. Senarrarengatik galdetu eta hura azaldu zenean, atea jo zuena Mareyren gainera bota zen, eta aurpegira botatako esprai batekin immobilizatu zuten", dio epaiak. Marey etxetik atera zutenean, Talbi eta Echalier bahitzaileek Peugeot 505 gris bat zuten zain, Pedro Sanchez gidari zela. Marey bertan sartu eta Hendaiatik aldendu ziren, Lapurdi eta Nafarroa arteko mugarantz.


    Minaren zimurdurak

    Jokin Sagarzazu


    Entzun nahi zituen hitzak entzun gabe hil zen Segundo Marey 2001. urteko abuztuan, 61 urte zituela, Hendaian (Lapurdi). Bere bahiketaren erantzule politikoak nortzuk ziren argi zeukan, baina ez zuen inoiz haien izenik eman nahi izan. Beraiek urrats hori egitea espero zuen, baina ez zuten egin, ez dute egin. X jaunaren izena komunikabideren batean agertzen zen bakoitzean, Felipe Gonzalezen irudia agertzen zen bakoitzean, pizten zitzaizkion mamuak. Hil arte, gau eta egun, azaltzen zitzaizkion. "Nik ez nion entzun Felipe Gonzalez zela X jauna literalki esaten, ezin dut hori aitortu, baina behin eta berriz, testuinguru zehatzetan, esaten zuen denok bagenekiela nor zen X jauna". Hori gogoratzen du Hasier Etxeberria idazle eta kazetariak.


    Marey auziko epaiketan izan zen Etxeberria, kazetari moduan. Familia lotura bat dela medio ezagutzen zuen Marey, eta horrek "hurbiltasun puntu bat" eman zion, beste kazetarien aldean. Herrikideak ziren, gainera: Hendaiakoak (Lapurdi). Marey maiz biltzen zen Etxeberriaren emaztearen aitonarekin, zezenketei buruz hitz egiteko. Hori baitzuen afizioetako bat, gogokoena, musikarekin batera. Eta ilobak, familia. Komertziala zen ofizioz. Oso bizitza lasaia zuen: familia eta lana. Etxeberriak gogoratzen duenez, oso pertsona onbera zen, oso lagunartekoa, lotsatia eta ez oso hiztuna. Bahitu aurretik, baita ondoren ere. "Nik daukadan oroitzapena da gizon apurtu batena. Berak ere ezin zuen sinistu gertatu zitzaiona. Bizitza itzatu zioten erabat".


    Erabat gogobete ez zuen sententzia bat eskuetan eta bahiketak eragindako zaurien arrasto fisiko eta psikologiko nabarmenekin hil zen Marey. "Hori ez zen ezer konparatuta gizonaren izpirituan eragin zioten minarekin". 18 urte igaro ziren 1983ko abenduko 4an, 20:00 jotzeko hamar minutu falta zirela, etxeko atea jo eta GALeko bi mertzenariok indarrez hartu, auto batean sartu eta Kantabriako (Espainia) etxola batera eraman eta han bederatzi egunez egoera basati batean bahituta eduki zutenetik. Ordutik eta hil arteko egunera arte, bere oroimenetan "errefuxiatuta" bizi zen Marey. "Aurpegian nabari zitzaion mina".


    Jatorri espainiarra bazuen ere, erabat frantziartua zegoen, "pentsamenduz eta bizimoduz". Eta giro horretan hezi zituen seme-alabak, Etxeberriak gogoratzen duenez. Hendaiako kaxkotik behera, Aizpurdi kaleko etxea mantentzen du familiak, baina ez da ziur han bizi direnik urte osoan. Marey hil arte han izan ziren. Eta historiaren paradoxak: kale horretan bertan bizi ziren Angel Gurmindorekin batera 1984an GALek hildako Bixente Perurenaren senideak.


    1936ko gerran Espainiatik ihes egin zuten errepublikar batzuen semea zen Segundo Marey. Horrek, Etxeberriaren aburuz, min handiagoa eragiten zion. "Kalte-ordain txiki bat jaso zuen. Baina horrek ez zuen garrantzirik berarentzat. Asko mindu zuen komunikabideen jarrerak: nola azpimarratzen zuten kalte-ordainarena eta ez gertatu zitzaion guztia". Mareyk jakin nahi zuen haren bahiketa nork egin zuen: burutu eta agindu. "Berak errekonozimendua nahi zuen. Bahitu zutenek esatea erratu egin zirela: barkamena. Hori egin izan baliote nik uste dut Marey bere onera etorriko zela. Baina berak ezin zuen ulertu nola hori ez zioten egiten eta nortzuk eta bere sokakoek, gainera".


    Euskal Herriari buruzko ikuspuntua erabat aldatu zioten bahiketak eta ondorengo urteek. Etxeberriak dioenez, Marey ez zen "inondik inora" euskaltzalea. "Ez zen pertsona oso politikoa, baina errepublikano frantziarra zen, sozialista". Gertatutakoak, baina, ikuspuntua aldatu zion. "Euskaltzaletu ez, baina, behintzat, beste errealitate bat hasi zen ikusten. Berak bat-batean oso hurbiletik bizi izan zuen errepresioaren errealitatea, eta denok oso gogoan dugu urte haiek zein gogorrak izan ziren Hendaiako aldean, GALekin, errefuxiatuekin alde batetik bestera... Mundu hori oso arrotza zitzaion, eta kolpez ikusi zuen ordura arte harentzat ikusezina zena". Ikusezina mamu bilakatu zen harentzat, eta denborak, zauriak itxi beharrean, hil arte eduki zituen irekita. Zimurdurak aurpegian bezala.

    Segundo Marey, bere etxeko atean, 1998an, epaiketa hasi bezperatan.
    Segundo Marey, bere etxeko atean, 1998an, epaiketa hasi bezperatan.

    Dantxarineatik gertu, Frantziako Poliziak Pedro Sanchez atxilotu zuen, lekukoek autoaren ezaugarriak eman zituztelako. Baina, ordurako, Echalier, Talbi eta Marey ez zeuden autoan. "Hiru horiek oinez zeharkatu zuten muga, inork zaintzen ez zuen toki batetik. Ibilbideak min izugarria eragin zion Mareyri, galtzerdiak baino ez baitzeramatzan jantzita", dio epaiak. Segundo Mareyk hainbatetan hitz egin du egun horietan pasatako hotzari buruz. Abenduaren 4a izan arren, eta zero azpiko tenperaturak ziren arren, Marey pijama hutsean eta oinutsik eraman zuten etxetik, eta bahituta eduki zuten hamar egunetan apenas berotzen laguntzen zion manta bat eman zioten. Bronkitis kronikoa garatu zuen ordutik. Ibilbidea, gainera, begiak itxita egin behar izan zuen.


    Mareyk ez zuen bere bahitzaileetako bakar baten aurpegia ikusi egun horietan guztietan, eta hainbatetan hitz egin zuen horrek eragiten duen sentimenduaz. Honela azaldu zion bizitakoa Tiempo aldizkariari 1995eko martxoan eskainitako elkarrizketan: "Gogorra izan da, adibidez, urteetan definitu gabe egon diren aurpegiak, nire bahitzaileenak, ikusten joatea. Haiekin topo egitea desatsegina da, baina gero liberazio moral izugarria gertatzen da. Paueko epaiketan ezagutu nituen Echalier eta Talbi, eta orain gainerakoei ere ari naiz aurpegia jartzen. Orduan jarri eta urte luzetan estutu nauen benda kentzea bezala da. Argia ikusten hasia naiz, nire egutegian existitu ez ziren hamar egunak berreskuratzea bezala. (...) Ikaragarria da hamar egunez begiak bendatuta egotea, inork hitz egiten ez dizula, eta hilko zaituzten unea iristeko zain".


    Marey auzia, Egin-en.
    Marey auzia, Egin-en.

    Sanchezen atxiloketa zela eta, bahitzaileek ez zuten muga pasatu aurretik hitzartutako lekutik. Espainiako Poliziarekin hitzartuta zuten nondik igaro, baina planak aldatu behar izan zituzten. Hala, txabolara iritsi zirenean, Talbik bakarrik utzi zituen Echalier eta Marey, eta Dantxarineako muga postura joan zen bahiketaren eta atxiloketaren berri ematera. Hango poliziak, baina, Iruñeko polizia etxearen menpeko ziren, eta ez zekiten ezer operazioari buruz. Epaiak jasotzen duenez, Talbik paper bat erakutsi zien poliziei, eta bertan "Pepe" izena zeraman idatzita, Bilboko Poliziaren Buruzagitzako telefonoaren ondoan. "Postuan zegoen poliziak, hori ikusita, Iruñeko komisario buruari deitu zion berehala telefonoz, eta hura Luis Roldan Ibañez gobernu ordezkariarekin jarri zen harremanetan. Rafael Verari deitu zion hark, eta erantzun gisa jaso zuen ez ezer egiteko, Bilbokoen operazio bat zela".


    Goizeko 01:00ak inguruan iritsi zen Jose Amedo Talbirengana, eta autoan hurbildu ziren Marey bahituta zeukaten tokira. "[Amedok] autoan sartu zuen, eta denak Dantxarineako postura joan ziren. Han, Sancristobal gobernadore zibilaren deia jaso zuen Amedok, eta atxilotutako pertsonak nola izena zuen galdetu zion. Segundo Marey izena zuela erantzun zion". Sancristobalek, ordea, aurretik ere bazekien ez zutela bahitu beharreko pertsona bahitu, Rafael Verak jakinarazi baitzion. "Gaueko bederatzietatik gutxi gorabehera, eta operazioaren jarraipena egiteko asmoz, Bilbon, Francisco Alvarez Poliziaren Buruzagi Nagusiaren bulegoan bilduta zeuden Alvarez bera, Sancristobal eta Planchuelo. 21:30 inguruan jaso zuten Rafael Veraren deia, Planchuelok hartu eta gero Sancristobali pasatu ziona. Horren bidez, Segurtasunerako Estatu idazkariak Bizkaiko gobernadore zibilari jakinarazi zion oker bat izan zela bahitutako pertsonarekin, ez zela Lujua Gorostola izan, Segundo Marey izeneko gizon bat baizik, Frantziatik adierazi ziotenaren arabera".


    Planchuelo, Alvarez eta Sancristobal zer egin ez zekitela gelditu ziren, eta Ricardo Garcia Danboreneari deitu zioten, gertatutakoa azaltzeko. Berehala aurkeztu zen hura Alvarezen bulegoan. Epaiaren arabera, Alvarez, Sancristobal eta Danborenearen artean erabaki zuten zer egin, Planchuelo etengabe aritu zelako bulegotik sartzen eta irteten. "Erabaki zuten komenigarriena Mareyrekin aurrera segitzea zela, eta Lujuarentzat aurrez prestatuta zuten [Kantabriako] txabolara eramatea, horrela Frantziako agintariak presionatzeko aukera izango zutelako, hain zuen ere urriaren 18an Larretxea Goñi bahitzen saiatu zirenetik Frantzian preso zeuden poliziak askatzea lortzeko", dio epaiak. Baina erabaki hori Madrilen baimenarekin hartu behar zutela pentsatu zuten, eta Sancristobal eta Barrionuevoren arteko elkarrizketa batean lortu zuten oniritzia. "Gau hartan, eta bahiketak iraun zuen egun guztietan, Bizkaiko gobernadore zibilak maiz hitz egin zuen Vera eta Barrionuevo jaunekin, eta horiek erabakietan parte hartu eta gertutik jarraitu zituzten bahiketaren gorabehera guztiak".


    Kantabriarako bidean ziren jada Amedo, Echalier eta Talbi, Mareyrekin, eta, Basauriko tunelean, haiekin elkartu ziren Francisco Saiz Oceja eta Julio Hierro inspektoreak ere. Elkarrekin joan ziren Saiz Ocejak alokatutako etxera. "Orduan Mareyri esan zioten etakide bat zela, zerga iraultzailea kobratzen zuela eta Sokoan elkartzen zela ETAkoekin. Horrek ukatu egin zuen guztia, Segundo Marey izena zuela esan zien, saltzaile bat besterik ez zela. 'Kantatuko duzu', esan zioten, baina inoiz ez zioten galdeketarik egin, ez eta inolako momentutan poliziak zirenik esan ere". Saiz Oceja, Echalier eta Talbi gelditu ziren Marey zaintzen, gainerakoak Bilbora itzuli ziren bitartean.


    Abenduaren 5a bitartean gelditu ziren Talbi eta Echalier Kantabriako etxe horretan, Sancristobal, Alvarez, Planchuelo eta Hierro hara joan ziren arte. Alvarez komisarioak mertzenarioekin hitz egin, eta Frantziarako itzulera zehaztu zuten. Abenduaren 6an itzuli ziren Frantziara, Amedorekin, bakoitzari 10.000 liberako ordainketa egin ondoren. Epaiak dioenez, hitzartutako milioi bat libera horiek Sancristobalek ekarri zituen Madrildik, baina 10.000 euro baino ez zizkieten eman mertzenarioei, ez zutelako hitzartutako pertsona ekarri.


    Luis Hens eta Juan Ramon Corujo poliziek hartu zuten mertzenarioen tokia, Mareyren zaintzan. Hierrok eta Planchuelok agindu zieten hara joateko. "Planchuelo izan zen zerbitzu sekretu eta oso berezi batean parte hartu behar zutela esan ziena, gobernuak erabakitako operazioa zela, Poliziaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez gauzatzen zena", dio epaiak. Hala, Saiz Oceja, Hens eta Corujo egon ziren bahiketak iraun bitartean, eta Hierro joan-etorrian ibiltzen zen bahitzaileei janaria, tabakoa eta behar zituzten bestelako gauzak eramanez.


    "Mareyk apenas jan zuen ezer hamar egunetan. Behin edo bitan baino ez zioten eman jaten, ez zuelako goserik, baina nahi adina tabako erre ahal izan zuen", azaltzen du epaiak Mareyk bizitakoari erreferentzia eginez. Era berean, une oro begiak estalita eduki zutela dio: "Hasieran buruan jarritako trapu batekin estali zizkioten begiak, eta gero, behin txabolan zeudela, esparatrapuarekin lotutako kotoiak jarri zizkioten begietan. Bahituak bahitzaileetako inor ez identifikatzea zen helburua".


    Abenduaren 6an, halaber, Bilbon izandako beste hainbat jazoera aipatzen ditu epaiak. Amedori paper bat eman zioten egun horretan, Sancristobalek eta Danboreneak idatzitakoa. "Danboreneak, eskuz, zera idatzi zuen: 'Entzun, Segundo Mareyren bahiketaz hitz egiten ari natzaizu. Bahituta dago ETA Militarrarekin duen harremanagatik, terroristak ezkutatzeagatik eta zerga iraultzailea kobratzen laguntzeagatik. Hau bezala, desagertuz joango dira denak. ERREPIKATU eta KLIK'. Testu hori moldatu eta Sancristobalek inplikatu hitza idatzi zuen, denak hitzaren aurretik". Mertzenarioek testu hori frantsesera itzuli eta telefonoz komunikabide bati helaraztea zen helburua, eta Talbik egin zuen lan hori.


    Baina Amedok ez zituen jatorrizko idatzi horiek apurtu; gorde egin zuen, eta 1994ko abenduan, hitz egiten hastea erabaki zuenean, epaileari eman zion. Grafologoek baieztatu zuten idatziak Danborenearenak eta Sancristobalenak zirela.


    Egun horretan, ordea, beste komunikatu bat ere zabaldu zuten hedabideetan. Hala azaltzen du epaiak: "Abenduaren 6 hartan, Bilbo eta Madrildik bahiketa prestatzen eta gidatzen ari ziren pertsonek, hots, Barrionuevok, Verak, Sancristobalek, Alvarezek, Planchuelok eta Garcia Danboreneak -edo haietako batzuk, besteen oniritziarekin-eduki hau zuen komunikatua hedatzea erabaki zuten: 'Berrogeita zortzi orduko epean Espainiako lau poliziak askatzen ez badituzue, Segundo Marey, 51 urtekoa, Irungoa, exekutatu egingo dute'". Komunikatu hori Donostiako Gurutze Gorriari helarazi zioten, eta hainbat komunikabidek hedatu zuten. "Egiaztatua gelditu dena da abenduaren 8an bertan, goizean, 48 orduko epea pasatu baino oso gutxi lehenago, eskatutakoa bete egin zutela eta atxilotuak izan ziren lau polizia espainiarrak askatu egin zituztela".


    Abenduaren 13an erabaki zuten Sancristobalek, Verak eta Barrionuevok Marey askatzea. "Horretarako, Alvarez eta Planchuelo Michel Dominguez poliziarekin jarri ziren harremanetan, funtzionarioa frantsesez moldatzen zelako. (...) Dominguezi Amedo aurkezten diote, eta Amedok esaten dio pertsona bat dutela, aske utzi eta Frantziara eraman behar dutena. Bahitzailearekin frantsesez hitz egiteko eta hura lasaitzen saiatzeko agindua ematen diote".


    Segundo Marey, askatu zuten egunean.
    Segundo Marey, askatu zuten egunean, oraindik oinutsik.

    Abenduaren 13ko gauerdian, txabolatik errepidera eraman zuten Marey, "zailtasun handiz, haren egoera fisikoagatik". Hierro, Saiz Oceja, Dominguez eta Marey auto batean sartu ziren, eta Amedo eta Planchuelo beste batean. "Dantxarineako mugara joan ziren denak, aurretik abisua emana baitzuten han poliziarik egon ez zedin Frantziara lasai pasatzeko. Oinez egin zuten bidea (...), Segundo Marey arrastaka zeramatela. Pantxo bentaren ondora iritsi ziren abenduaren 14ko lehen orduetan, eta hantxe utzi zuten bahitua, "alkandora hutsean, eta galtzak, galtzerdiak eta zapatilak besterik ez zuela, urtaro horretako eta ordu horietako hotza kontuan hartu gabe".


    Aurretik Dominguezek Amedok emandako beste komunikatu bat itzuli zuen. Sancristobalek eman zion jatorrizko testua, eta haren itzulpena Mareyren patrikan sartu zuen Amedok, mendian bakarrik utzi aurretik. Honela zioen: "ETA erakunde terroristak Frantziako lurretan prestatu eta gidatu eta espainiar lurraldean gauzatutako hilketa, bahiketa eta estortsioen hazkundea dela eta, egoera hori amaitzea erabaki dugu. Grupos Antiterroristas de Liberacion (GAL) taldea helburu horrekin sortu da, eta honakoa adierazi nahi du: 1. Terroristek egiten duten hilketa orok beharrezko erantzuna izango du, biktima bakar bat ere ez da geldituko erantzunik gabe. 2. Europak Frantzian dituen interesei eraso egiteko asmoa adierazi nahi dugu; izan ere, zuen gobernuaren ardura da terroristei nahieran jarduten uztea. 3. Borondate onaren seinale, eta Frantziako Gobernuak egindako keinuaren balioan sinistuta, Segundo Marey askatu dugu, gure erakundeak atxilotutakoa, ETAko terroristekin duen harremanaren ondorioz. Izango duzue GALen berri gehiago". Lehen aldia zen GAL siglak agertzen zirela.


    Segundo Marey, askatu zuten egunean

    Segundo Marey egoera fisiko eta psikiko tamalgarrian aurkitu zuten, eta ospitalera eraman zuten. Kalte fisikoak sendatzeko 150 egun behar izan zituen, sendagiria jaso arte. Kalte psikikoetatik ez zituen inoiz gainditu, Mareyk berak aitortu zuenez.


    Segundo Marey 2001eko abuztuan hil zen, eta 1983an pairatutako bahiketaren hainbat ondorio oraindik gainditu gabe zendu zen. Hala ere, bere bahiketagatik egin ziren epaiketek -mertzenarioen kontrakoa, Pauen, eta polizien eta arduradun politikoen kontrakoa, Madrilen- sufritutako mina arintzen lagundu ziotela aitortu zuen. Bahitzaileak ezagutzeko aukera eta arduradun politikoak epaitzea "askapen morala" izan zela zioen, baina ez zela nahikoa ere aldarrikatu zuen. "Ez didate mina niri bakarrik egin, beste pertsona batzuei ere suntsitu diete bizitza. GALen egia osoa argitu behar da, sigla horiek biktimak sufritzeari utz diezaioten eta nolabaiteko aitorpen pertsonal eta morala izan dezaten. Ez dago egia ez jakitea baino izugarriagorik. Justizia egin behar da, eta inplikatuek ordaindu egin behar dituzte euren krimenak". Mareyk lortu zuen, puntu bateraino behitzat, egia ezagutzea eta baita krimena egin zutenek ordaintzea ere.


    Segundo Marey
    "Ez didate mina niri bakarrik egin, beste pertsona batzuei ere suntsitu diete bizitza. GALen egia osoa argitu behar da, sigla horiek biktimak sufritzeari utz diezaioten" / Segundo Marey
     

    Bi epaiketa egin dira Mareyren bahiketagatik. Lehena Paueko Auzitegian egin zuten, 1987an, Jean Pierre Echalier eta Mohand Talbiren kontra. Pedro Sanchez mertzenarioa urtebete lehenago hil zen, 1986ko irailaren 25ean, Frantziako espetxe batean. Talbik salatu zuenez, nahiko baldintza arraroetan hil zen Sanchez, eta haren ustea zen pozoitu egin zutela. Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa ere egin zuen heriotza naturala edo hilketa izan zen argitzeko, nahiz eta inoiz inora iritsi ez. Talbiri 12 urteko espetxe zigorra jarri zion Paueko Auzitegiak Mareyren bahiketagatik, eta Echalierrek 8 urtekoa. Pariseko Auzitegiak, ordea, Talbiren zigorra bederatzi urtera murriztu zuen 1989an, aringarriak onartuta. Talbik argudiatu zuen Frantziako Poliziaren konfidentea zela garai hartan eta horregatik onartu zuela Pedro Sanchezen enkargua, Frantziako Poliziari horren berri emateko.


    GALen sorrera eta bahiketa, ordea, ez zen inolaz ere argituta gelditzen bi mertzenarioei egindako epaiketarekin. Argi zegoen inplikazio politiko eta polizialak beste maila batean zeudela. Ez zirudien, halere, hura argitzeko modurik egongo zenik, 1994ko abenduan Amedok hitz egitea erabaki zuen arte. Hortik beste bide bat ireki zen. Amedo eta Dominguez 108 urtera zigortuak zeuden, eta haiek eman zuten beste inplikatuengana iristeko modua. Amedok Garzonen aurrean deklaratu eta hiru egunera, Julian Sancristobal, Miguel Planchuelo, Francisco Alvarez, Julio Hierro eta Francisco Saiz Oceja atxilotu zituzten; 1995eko otsailean, Rafael Vera eta Ricardo Garcia Danborenearengana iritsi eta biak espetxeratu zituzten. Baina urte bereko uztailean Vera aske utzi zuten, eta ordu arte parte hartzea onartu ez zuten Planchuelok, Alvarezek, Sancristobalek eta Danboreneak aitortu egin zuten euren inplikazioa eta Felipe Gonzalez, Jose Barrionuevo eta PSOEko hainbat buruzagi salatu zituzten.


    Barrionuevo eta Rafael Vera, Auzitegi Goreneko akusatuen aulkian.
    Barrionuevo eta Rafael Vera, Auzitegi Goreneko akusatuen aulkian.

    Barrionuevo inputatu eta Gonzalez ikertu beharrak, ordea, kasua Auzitegi Gorenera eramatera behartu zuen Garzon, Barne ministro ohia Kongresuko diputatua zelako oraindik eta, ondorioz, aforatua. Aznarrek presidente gisa zin egin baino lau egun lehenago, 1996ko maiatzean, Eduardo Moner epaileak esan zuen ez zuela arrazoirik ikusten Felipe Gonzalez deklaratzera deitzeko, eta Gonzalez auzitik at gelditu zen. Barrionuevo, ordea, auzipetu egin zuen, 1995eko azaroan. Auzitegi Goreneko Penaleko Aretoak egin zuen epaiketa, eta akusatuek espetxe zigor hauek jaso zituzten 1998ko uztailean: Jose Barrionuevo 10 urte, Rafael Vera 10 urte, Julian Sancristobal 10 urte, Franciso Alvarez 9 urte, Miguel Panchuelo 9 urte, Jose Amedo 9 urte, Ricardo Garcia Danborenea 7 urte, Julio Hierro 5 urte eta 6 hilabete, Francisco Saiz Oceja 5 urte eta 6 hilabete, Luis Hens 5 urte, Juan Ramon Corujo 5 urte eta Michel Domingez 2 urte eta 4 hilabete. Lasa-Zabala auzian bezala, Auzitegi Gorenak hemen ere ez zuen onartu akusatuak talde armatuko kide zirenik. Hiru argudio eman zituen akusazio hori ez onartzeko. "1. Ez da egiaztatu modu iraunkorrean osatutako pertsona talde bat zegoenik. Oroit dezagun lehen aldia zela GAL siglak erabiltzen zirena. 2. Argi dago Segundo Mareyren bahiketa osoan ez dela agertzen talde armatuaren kontzeptuaren definizioak eskatzen duen armamentua. 3. Ezin daiteke esan bahiketa bezalako gertaera bakandu batek herritarren bizikidetza asaldatzen duenik, alarma sortzen duenik edo terrorismoak eragiten duen beldurra sor dezakeenik".


    Felipe Gonzalez, Vera eta Barrionuevori babesa agertzen, Guadalajarako espetxeko atean
    Felipe Gonzalez, Vera eta Barrionuevori babesa agertzen, Guadalajarako espetxeko atean.

    Barrionuevo eta Vera 1998ko irailaren 10ean sartu ziren Guadalajarako kartzelara, eta GALen auzian historia egingo zuten irudiak eman zituzten. Izan ere, kondenatutako biek Felipe Gonzalezen eta PSOEren garaiko buruzagitzaren -Jose Borrell, Ramon Rubial, Jose Bono, Manuel Chaves, Joaquin Almunia eta Juan Carlos Rodriguez Ibarra- erabateko babesa izan zuten espetxeko atean; Joaquin Almuniak, gaur egun Europako Batzordeko Lehia komisarioa denak, gainera, indultua "exijitu" zuen bi alderdikideentzat. Bost mila lagun inguru elkartu ziren. Besarkada eta txalo artean agurtu zituzten, eta Felipe Gonzalezek eskainitako babesak ahots asko altxarazi zituen. Gonzalezek, gainera, hainbatetan bisitatu zituen kartzelan. Espetxetik irtetean, eta Auzitegi Gorena Vera eta Barrionuevori indultua ematearen alde agertu zela jakin ondoren, honela hitz egin zuen Gonzalezek, espetxe atarian kondenatu biei babesa agertzera joandako 500 lagun ingururen aurrean: "Familiartekoak izan ez arren, familiako kide sentitzen garenok aske nahi ditugu, berehala". Gehitu zuenez, "azaldu ezina eta ulergaitza litzateke herritar guztientzat, baita PPkoentzat ere, Gabon gauez etxean ez egotea".


    Gonzalezek eskatutakoa bete zuen Jose Maria Aznarren gobernuak. Verak eta Barrionuevok -baita Amedo eta Dominguez ez beste kondenatu guztiek ere- urte bereko abenduaren 23an lortu zuten indultu partziala, eta dagoeneko espetxetik irteteko baimenak gozatzen hasi ziren. Indultu partzialak espetxe zigorra heren batean utzi zuen, eta 10 urteko zigorra hiru urte eta lau hilabetera murriztu zen. Abenduaren 29an, berriz, Auzitegi Konstituzionalak eten egin zituen zigorrak, helegiteak aztertu bitartean. Beraz, hiru hilabete egin zituzten preso, hamar urteko espetxe zigor batetik. Ez ziren gehiago espetxera itzuli.


    >Barrionuevo eta Vera, espetxean, korrika egiten
    Barrionuevo eta Vera, espetxean, korrika egiten.

    Ramon Oñederra, 'Kattu'

    Marey askatu eta sei egunera egin zuen GALek hurrengo atentatua. GALen lehen biktima izan zen Ramon Oñederra Kattu urte askoan, lehen hildakoa, Lasa eta Zabalarekin gertatutakoa argitu bitartean, behintzat. Ramon Oñederra azkoitiarra zen; 23 urte baino ez zituen, eta sei urte zeramatzan Lapurdin bizitzen. Joxi Zabala eta Joxean Lasaren pisukide izan zen Oñederra, eta abendurako Ramon Oñederra bera zein errefuxiatuen kolektiboa jakitun zen Espainiako poliziak eta guardia zibilak nahieran pasatzen zirela Ipar Euskal Herrira eta lasai ederrean paseatzen zirela Baionako kaleetatik. Kayetenia ostatuan egiten zuen lan Oñederrak, eta esana zuen, arriskuak arrisku, ez ziola utziko beharrera joateari. Segurtasun neurriak hartzen zituela diote hura ezagutzen zutenek, "baina lana lana da" esaten zuen. "Etortzen badira, defendituko naiz". Eta halaxe saiatu zen 1983ko abenduaren 19 hartan.


    Ramon O�ederra
    Ramon Oñederra.

    Astelehena zen, arratsaldeko 19:30, eta gaztea bakarrik zegoen Baiona Ttipiko Barneuf kaleko tabernan; tabernaren jabea une batez atera egin zen, afaltzera, eta tabernan egondako lau errefuxiatu orduantxe atera ziren kalera. Bat-batean, taberna barrutik tiro hotsak entzun ziren. Hara sartutako hainbat gizon armatuk tiro egin zioten Oñederrari. Garai hartako informazio nahiko nahasia da gertatutakoari dagokionez. El País-ek biharamunean argitaratutakoaren arabera, Oñederrak lau tiro jaso zituen buruan, bularrean eta lepoan; eta gazteak bi tiro egin zituen erasotzaileen kontra, bere burua defendatu nahian. Hainbat urte geroagoko informazioan, berriz, zazpi tiro aipatzen ziren. Prudentzio Oñederrak BERRIAri adierazitakoaren arabera, berak gorpua ikusi zuenean zazpi tiro kontatu zituen, baina gerritik gora bakarrik ikusi zuen semearen gorpua, gainerakoa estalita zuelako. "Auzi medikuak, autopsia egin ostean, hamar tiro zituela esan zuen".


    >Prudentzio O�ederra eta Arantxa Bergara, semearen argazkia aurrean dutela
    Prudentzio Oñederra eta Arantxa Bergara, semearen argazkia aurrean dutela.

    Oñederrak ustez egindako tiroez ere ez dago adostasunik garai hartako informazioan. Baina hark zuen armari buruz, horrela esan zion Prudentzio Oñederrak -aita- Woodworthi: "Ikusi zein txikia den pistola, zein txikitxoa den; hura ez zen ezer". Aitak bazuen Oñederraren hilketaren gaineko hipotesi bat, kazetari irlandarrari adierazi zionez. Hura bahitzen saiatu zirela uste zuen, eta aurre egin zielako hil zutela. Hori ez zen inoiz baieztatuko, ezta gezurtatuko ere, eta Oñederra tirokatu zuten pertsonak ez zituzten inoiz identifikatu.


    Ramon O�ederra, hilik, Kayetenia tabernako lurrean.
    Ramon Oñederra, hilik, Kayetenia tabernako lurrean.

    Tabernaren jabea izan zen Oñederra hilik ikusi zuen lehena, burutik zerion odol putzu batean etzanda. Hunkituegi eta beldurtuegi zegoen mugitzeko ere, baina berehala iritsi zen jendea. Bestalde, Polizia iritsi zen azkena atentatuaren tokira. Herritarrak, batik bat errefuxiatuak, dozenaka hurbildu ziren Kayetenia tabernara. "Kattu hil digutela! Kattu hil digutela!". Zirrara batean murgilduta utzi zituen gertatutakoak. GALek eragindako lehen hildakoa zen, baina zirrara hori behin eta berriro errepikatuko zen hurrengo hilabeteetan, kolpea kolpearen atzetik izan baitzen GALen aroa Ipar Euskal Herrian bizi ziren errefuxiatuentzat.


    Oñederra hil eta berehala, 150 bat lagun elkartu ziren Kayetenia ingurura, gehienak Oñederraren adiskide eta gertukoak. Manifestazioan zeharkatu zituzten Baiona Ttipiko kaleak, eta taberna gehienek itxi egin zituzten ateak, elkartasunez. Oñederraren hilketagatik protesta egiteko manifestazioa, ordea, hilketaren biharamunean antolatu zuten Amnistiaren Aldeko Batzordeek, eta hurrengo egunerako Donostian antolatu zuten beste protesta bat.


    >Hainbat herritar, Kayetenia aurrean, Katturen gorpua ateratzen ari direla.
    Hainbat herritar, Kayetenia aurrean, Katturen gorpua ateratzen ari direla.

    Ordurako, GALek bere gain hartu zuen atentatua. Mareyren bahiketaren ondotik, hura zen GAL siglak agertzen ziren bigarren ekintza, eta, dagoeneko, gerra zikinaren mamua erabat gorpuztuta zegoen euskal errefuxiatuen artean. Efe eta France Presse agentziek jaso zuten hilketa GALek egin zuela esaten zuen telefono deia.


    Baionako manifestazioan ehunka lagun elkartu ziren, baina polizia gogor oldartu zen manifestarien kontra. Negar gasekin eraso eginez desegin zuten manifestazioa, Baionako polizia etxetik igarotzerakoan. "Gonzalez hiltzaile, Mitterrand laguntzaile", oihukatzen zuten bildutakoek -egun horretan bertan goi bilera ari ziren egiten, Parisen, gobernuburu biak-. Hendaian, egun berean, beste elkarretaratze bat egin zuten Oñederraren hilketa salatzeko.


    Hurrengo egunetan ere istiluak nonahi izan ziren. Abenduaren 23an, Oñederraren gorpua Baionatik Azkoitiara eraman zutenean, esaterako, herriz herri eraman nahi izan zuten zerraldoa, herri bakoitzean omenaldia egiteko. Lapurdin Frantziako Poliziak eta Gipuzkoan Espainiako Poliziak zein Guardia Zibilak galarazi egin zuten halakorik egitea. Goizean hasi zuen Oñederraren gorpuak eta haren segizioak Azkoitirako bidea. Baionan, errefuxiatuek egin zioten agur, lehenik. "Omenaldi bat egin zioten han bertan, dantzariak, bertsolariak, Peixotoren hitzaldia... Karabanak Baiona osoa zeharkatu zuen, klaxona joz eta autoen argiak piztuta zeramatzatela", azaldu zuen Prudentzio Oñederrak. Herriz herri, iritsi ziren Irunera. Hilkutxa zeraman autoa Frantziako polizien zaintzapean zegoen hasieran; gero, Guardia Zibilaren bi tanketaren zaintzapean, eta aurreikusitako bidetik aldendu zuten. Autobidera eraman zuten autoa, eta, horrela, Herri Batasunak zehaztutako ibilbidea betetzea eragotzi zuten. "Erabateko bahiketa izan da Katturen gorpuarekin egin dutena, mugatik Azpeitira sartu arte", salatu zuen Jose Ignacio Oñederrak, Azkoitiko alkateorde eta hildako errefuxiatuaren lehengusuak.


    Espainiako gobernuaren kontrako idatziak, Kayetaniako atean
    Espainiako gobernuaren kontrako idatziak, Kayetaniako atean.

    Guardia Zibilaren GAL berdeari egotzi zioten gerora atentatu hura -Garzonek hari horri tiratu zion Oñederra auziaren sumarioan-, eta, horregatik, are lazgarriagoak dira egun horretan Jose Ignacio Oñederrak salatu zituen gertaerak. Hark esan zuenez, senideak hilkutxa zeraman autoaren atzetik joan ziren bide osoan, baina etengabe mehatxuak eta oztopoak jarri zizkieten guardia zibilek. "Guardia Zibilak bidea mozten zigun, kutxa zeraman autoaren atzean jartzea eragotziz, eta iseka egiten ziguten, tiro egitearen itxurak eginez".


    Azkoitira iritsita, herriko plazan egin zioten omenaldia Oñederrari. Jendetza bildu zen hura agurtzera, eta 3.000 lagunetik gora abiatu ziren elizara, haren aldeko hileta elizkizunetara. Eliza, noski, txiki gelditu zen, eta kanpoan gelditu behar izan zuten askok. Elizkizuna amaituta abiatu ziren kanposantura, eta han ehortzi zuten Oñederra, 1983ko abenduaren 23an.


    Hilketa hark hainbat erreakzio eragin zituen. Eusko Jaurlaritzako eledun Pedro Miguel Etxenikek hilketa gaitzetsi zuen, eta gaineratu zuen "gerra zikinak" tentsioa areagotu besterik ez zuela egiten. Euskadiko Ezkerrak Espainiako Gobernuari egotzi zion zuzenean Oñederraren hilketa: "Legez kanpoko ekintzak eta delituzko ekintzak txalotu eta justifikatzen dituen giroa sustatu du gobernuak. Gerra zikinaren arazoa da, badakizula nola hasten den, baina ez nola amaitzen den", esan zuten EEko buruzagiek.


    Gobernuaren erantzukizuna nabarmendu zuten HBko buruek ere. "Frogatuta dago euskal herri langilearen aurka terrore kolektiboa existitzen dela. Estatuaren egiturek ordaindu, antolatu eta sustatutako terrorismoa da", esan zuen Jon Idigoras bozeramaileak.


    Azkoitiko Udalak mozioa onartu zuen abenduaren 20an Oñederraren hilketa salatzeko. EAJk eta EEk bozkatu zuten mozioaren alde, HBk kontra -beste mozio gogorrago bat aurkeztu baitzuen-, eta PSE abstenitu egin zen. Udalbatza kezkatuta agertu zen: "susmoak egia badira, hilketa hau Estatuaren Administrazioaren menpeko pertsonek egin eta sustatu dute, eta hori zuzenbide estatuaren erabateko haustura litzateke".


    Oñederra tirokatu zuten pertsonak ez zituzten inoiz atxilotu, ez eta galdekatu ere. Baina Oñederra auziak izan zuen gorabeherarik 1990eko hamarkadan. Garzonek GAL auzia izenpean irekitako sumario handian sartzen zen Oñederraren kontrako atentatua, eta hainbat urrats egin zituen Auzitegi Nazionaleko epaileak bide horretan. 1995eko abuztuan ireki zuen kasua, eta, Oñederraren hilketaz gain, beste hiru hilketa ere sartzen ziren sumario berean: Bixente Perurena eta Angel Gurmindorena (1984ko otsailaren 4a), eta Christian Olaskoagarena (1984ko azaroaren 18a).


    Instrukzio fasean gelditu zen sumario hori, baina Garzonek GAL berdea (Guardia Zibila) eta GAL marroia (CESID) ikertu zituen bertan. Luis Roldan Guardia Zibileko zuzendari ohia eta Emilio Alonso Manglano CESIDeko zuzendari izandakoa deitu zituen Garzonek deklaratzera, bi erakundeek izandako inplikazioa zehazte aldera. Lekuko gisa deitu zituen biak, eta baita Juan Alberto Perote CESIDeko AOMEko buru izandakoa ere. Perote bera izan zen lehen inputatua, eta hark hainbat datu eta izen eman zizkion epaileari.


    Interviuko erreportajea
    Interviuk Jose Maria Velazquez Soriano guardia zibilaren deklarazioetan oinarrituta ateratako erreportajea.
    Prudentzio Oñederrak abizena zuzenduta dauka, Oñaederra jartzen zuen tokietan 'a' hizkia kenduz.

    Bestetik, Peroteri espetxeko ziegan -CESIDeko sekretuak kaleratzeagatik zegoen preso- atzemandako agiriek -gero CESIDek desklafikatu behar izan zituenak- sumarioan hainbat pertsona gehiago galdekatu eta inputatzera eraman zuten epailea. Guardia Zibileko hiru jeneral zeuden horien artean: Jose Antonio Saenz de Santamaria, Andres Casinello eta Enrique Rodriguez Galindo. Garzonek ez zien zehazki ekintza bat egozten, GAL berdea-rekin lotura izatea baizik. Casinelloren kasuan, Garzonek auto bat kaleratu zuen Guardia Zibileko Estatu Goreneko buru izandakoaren kontra. Autoaren arabera, Casinellok zuzenean "parte hartu zuen, bere buruzagiek agindutakoak betez eta agindu horiek hierarkian azpian zituenei helaraziz; Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelarekin lotutako funtzionario eta pertsona talde baten prestakuntzan parte hartu zuen, eta haiek izango ziren ETAren kontra indarkeria erabiliz jardungo zutenak".


    Jose Antonio Saenz de Santamaria, Andres Casinello eta Enrique Rodriguez Galindo

    Inputazio gehiago ere egon ziren kasu horretan: besteak beste, Emilio Jambrina CESIDeko koronela, Enrique Dorado Villalobos eta Felipe Bayo Leal guardia zibilak, Pedro Gomez Nieto CESIDeko kidea eta 1983-1984. urteetan Intxaurrondo egondakoa.


    1995. eta 1996. urteetan Oñederra kasuak hainbat urrats egin zituen, baina pixkanaka gelditu egin zen. 2002an, epaileak inputazioa kendu zien Casinello, Galindo eta Manglanori -lehenago kendu zion Saenz de Santamariari-, delitu konkreturik ezin zitzaielako leporatu eta erakunde armatuko kide izatearen delitua ordurako preskribatuta zegoelako. Auzia 2003an artxibatu zuten.


    Mikel Goikoetxea, 'Txapela'

    Txapela eta Izaskun Ugarte, Valensolen.
    Txapela eta Izaskun Ugarte, Valensolen.

    Katturen heriotzak eragindako zirrara oraindik itzali gabea zela, 1983ko abenduaren 28an beste pertsona baten kontrako atentatua egin zuen GALek. Mikel Goikoetxea Txapela ETAko kidea tiroz hil zuten, Donibane Lohizunen. 27 urte zituen. Baina, Katturen kasuan ez bezala, Txapelaren hilketa zuzen-zuzenean ikusi zuen pertsona bat bada. Izaskun Ugarte, bikotekidea eta bi alabaren -Hodei eta Haize- ama, tokian bertan zegoen gizona hil ziotenean. Kasu honetan, beraz, ez da beharrezkoa sententzia batek "frogatutako gertakarien" atalean ezer idaztea, Txapelaren hilketa berreraikitzeko.


    Gertatutakoa gaur gertatu balitz bezala oroitzen du Ugartek, eta xehetasun guztiekin kontatu dio BERRIAri: "Joan ginen lagun bat ikustera Miarritzera; senarra kartzelatu berri zioten, eta harekin egon ginen. Bueltatzean gertatu zen. Miarritzetik izan genuen segika auto bat". Ugartek oso gogoan du autoaren marka ere. "Datsun bat zen. Ikusi genuen atzetik zetorrela, eta Mikel bide ezberdinetatik itzuli zen etxera. Datsuna bat-batean agertu zen, eta bat-batean desagertu; inork ez daki zer gertatu zen Datsunarekin, ez norena zen..." .


    Etxe parean hil zuten Goikoetxea. 20:30ean. Ilunduta zegoela. Eta Ugartek patu gaiztoari egozten dio erruaren zati bat. "Ematen du patuak zerikusirik baduela. Izan ere, normalki ni ateratzen nintzen lehena, nire atetik, eta berak ere nire atetik atera behar izaten zuen, bere atea ez zebilelako ondo. Egun horretan Haize gurekin zegoen. Ni atera nintzen lehenik, eta gero umea atera nuen, bere jostailuekin. Saski bat zen, eta umea bere jostailuekin etxe aldera joan zen. Gauza da, egun horretan, Mikel hasi zela bihurkinarekin atea konpontzen. Ni, bitartean, zain. Baina konpondu zuen. Eta bere atetik atera zen. Nik pentsatzen dut beste atetik atera izan balitz, agian, ez ziotela horrela emango, baina...".


    Txapelaren hilketa, Egin-en.
    Txapelaren hilketa, Egin-en.
     

    Txapelak eta Ugartek bazuten gertatu zitekeenaren gaineko kezka eta beldurra, eta aurretik beraiei gertatutako "hainbat gauza arrarok" eta Ipar Euskal Herrian errefuxiatuen kontra gertatzen ari ziren atentatuek kezka hori areagotu egiten zuten. Hala, autotik ateratzean, Ugartek oroitzen du batera eta bestera begiratu zuela. "Ea norbait ikusten nuen. Halakoetan zu beti adi zaude, eta bat-batean ikusi nituen bi tipoak fusilekin ateratzen. Entzun nuen tiro bat, eta gero, klin, balak barandaren kontra jo zuen. Mikeli esan nion, 'ez dut ezer ikusten, ez dakit nondik datorren'. Tiro gehiago egin zituzten, eta berehala tipoak atera egin ziren, eta ikusi nituen, baina jada ez nuen Mikel ikusten. Lurrean zegoen". Autoari buelta eman behar izan zion mutil-lagunarengana heltzeko, eta han aurkitu zuen hilzorian.


    Tiroak Txapelaren kontra ez ezik inguruko etxeen kontra ere egin zituztela kontatu du Ugartek. "Hainbeste tiro eginda, esaten zuten izugarria zela Haizeri tirorik ez jotzea, han bertan zegoelako umea, inolako zerikusirik izan gabe".


    Txapela ez zen tokian bertan hil. Erietxera eraman zuten, oso larri. Hasieran Donibane Lohizuneko poliklinikara eraman zuten, eta Baionako Ospitalera gero. Azkenik, larritasuna ikusita, Bordeleko Pellegrin ospitalera eraman zuten. "Klinikoki hila" zegoen, erietxeko iturriek adierazi zutenez.


    Ia-ia hura hiltzeko zain gelditzea besterik ez zitzaien gelditzen senideei. Baina, bitartean, atentatua salatzeko ekintzak ugari izan ziren Ipar Euskal Herrian. Abenduaren 29ko arratsaldean, Donibane Lohizunen, manifestazio jendetsua egin zuten, eta aurretik ehunka lagunek herria zeharkatu zuten Txapelaren argazkiak gainean zeramatzatela. Manifestazioaren ondoren, Izaskun Ugartek berak hitz egin zuen. Gizonaren egoera "atzeraezina" zela esan zuen, ia-ia malkoei ezin eutsita, eta irtenez gero oso egoera txarrean irtengo zela. Ez zen halakorik gertatu; 1984ko urtarrilaren 1ean hil zen Txapela, ospitalean.


    Txapelaren hilketa salatzeko manifestazioa, Baionan, xingola beltza zeraman ikurrina eraman zuten kalez kale.
    Txapelaren hilketa salatzeko manifestazioa, Baionan, xingola beltza zeraman ikurrina eraman zuten kalez kale.

    Euskal Herriko txoko askotan egin ziren protestak Txapelaren heriotza salatzeko, eta istiluak ere izan ziren manifestari eta polizien artean. Senitartekoek, berriz, gorpua erraustea erabaki zuten, urtarrilaren 3an, eta Herri Batasunaren esku utzi zituzten errauts horiek. "Mikelen errautsak ez dira ez nireak, ez familiarenak, Mikel herriarena da, harengatik borrokatu baitzen eta harengatik eman baitzuen bizitza", azaldu zuen garai hartan Ugartek. Txapelaren errautsak Bidasoa ibaira bota zituzten.


    Izaskun Ugarte, Santi Brouard eta Peixoto, Txapelaren omenaldian.
    Izaskun Ugarte, Santi Brouard eta Peixoto, Txapelaren omenaldian.

    Atentatuak erreakzio andana eragin zuen. Ricardo Garcia Danborenea PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusia izan zen hilketaz hitz egin zuenetako bat. Haren tonu epelaren zentzua hobeto uler daiteke hurrengo urteetan jakin zena jakinda; alegia, Garcia Danborenea lehen momentutik zela jakitun GALen sorreraz, eta besteak beste Segundo Mareyren bahiketa prestatu zuenetako bat izan zela. Haren hitzetan, gerra zikina "ekinaldi tamalgarria da, gauzak okertzeko baino balio ez duena". HBk argi eta garbi leporatu zien sozialistei atentatuaren ardura. "Erantzule nagusia eta eskuak odolarekin zikinduak dituena PSOE da". HBk, era berean, salatu zuen Frantziako Gobernua "kolaboratzaile" izendatua izateko merituak egiten ari zela.


    Bestetik, atentatuaren biharamunean jakin zenez, Datsun markako auto urdin batek Poliziaren kontrol bati iskin egin zion, gau horretan bertan, Donibane Lohizuneko atentatuaren tokitik 15 kilometrora, 21:30 inguruan. Espainiako hedabideek eman zuten gertakari horren berri, eta, aldi berean, jakinarazi zuten Mareyren bahiketagatik atxilotutako Pedro Sanchez mertzenarioaren etxean euskal errefuxiatuen 43 argazki aurkitu zituztela. Horien artean Mikel Goikoetxearen bat zegoen. Sanchez eta Mohand Talbi izan ziren Marey bahitu zuten hiru mertzenarioetako bi -Jean Pierre Echalier izan zen bestea-, eta, hain zuzen ere, Ugartek ezagutu zuen Talbi bere bikotekidea hil zuten bi gizonetako bat zela.


    Hori geroago izan zen, ordea; 1985eko uztailaren 11n, zehazki. Talbi espetxean zegoen, eta ordurako GALen ekintza bat baino gehiago egozten zioten epaileek. Tartean, Txapelarena. Izaskun Ugarteri Talbiren hainbat argazki erakutsiak zizkioten, beste zenbait gizonen argazkiekin nahastuta, eta ez zuen ezagutzerik lortu, baina aurrean izan zuenean, zalantzarik gabe identifikatu zuen. "Nik beti identifikatu izan dut, baina ez diote epaiketarik egin. Izan nuen aurrez aurreko diligentzia bat harekin. Hark bakarrik esan zuen ez ninduela ikusi nahi, ezin zituela nire begiak jasan, nire begirada jasan, kentzeko ni bere aurretik". Identifikazioaren aurretik, hainbat froga egin zituen Ugartek. "Sartzen zituzten bi polizia, eta gero joan egiten ziren, eta gero, denbora bat igarota, jartzen zizkidaten polizia mordo bat aurrean, ea aurreko biak ezagutzeko gai nintzen. Eta beti identifikatzen nituen. Eta esan zidan epaileak: 'Jo, a ze bista daukazun'. Eta esan nion baietz, oso bista ona dudala. Eta gero, asko erreparatzen diot, eta gelditzen zaizkit gauzak buruan pelikula bat balitz bezala. Eta nik haiek ikusi nituenean, neure buruan daukat argazkia. Nik ez nuen Mikel ikusten, baina beraiek bai, oso argi gainera".


    Eta Talbirekin izandako aurrez aurrekoan, Ugartek ez zuen zalantzarik egin.


    Mohand Tolbi eta Izaskun Ugartek izan zuten kareoaren akta judiziala.
    Mohand Tolbi eta Izaskun Ugartek izan zuten kareoaren akta judiziala (PDF).

    Schmidt de la Brelie epailea: Ezagutzen duzu, formalki, nire aurrean dagoen pertsona, nire bulegoan, 1983ko abenduaren 28an zure senarra biktima izan zen atentatuaren egileetako baten moduan?


    Izaskun Ugarte: Bai, ezagutzen dut formalki.


    Epailea: Bera zen errifle bat zeraman gizona eta zuen etxe ondoko ezkutalekutik lehendabizi atera zena?


    Izaskun Ugarte: Bai, bera da, zalantzarik gabe, erriflea zeraman gizona.


    Epailea: Akusatuak baieztatzen du atentatu haren egilea Mohamed Chiar izeneko gizon bat izan zela, eta hemen daukazu haren argazkia, aurretik eta albo batetik. Argazki honek D121 zenbakia du. Ezagutzen duzu pertsona hau zure gizonaren kontrako atentatua egin zuten bietako baten moduan?


    Izaskun Ugarte: Ez dut ezagutzen erakusten didazun argazkian ateratzen den pertsona. Inolako akats posiblerik gabe ezagutzen dudana nire aurrean dagoen akusatua da.


    Epaileak (akusatuari): Zer daukazu esateko Goikoetxea andrearen baieztapen sendoaren aurrean?


    Mohand Talbi: Ni atentatu proiektuaren jakitun nintzen, eta hainbat aste lehenago horren berri eman nien Poliziaren zerbitzuei, Buis inspektorearei eta Galy komisarioari. Ez dut uste Goikoetxea andrea on beharrez nahastu denik. Nire ustea da plan batean sartuta dagoela eta eragin egin diotela edo beldurtu egin dutela, bai GALekin lan egiten duten polizia frantsesek edo bai GALek berak.


    Talbiren kontrako akusazio horrek ez zuen aurrera egin, eta Frantzian inoiz ez zuten inor epaitu Txapela hiltzeagatik. Espainiako Auzitegi Nazionalean ere ireki zuten sumario bat -Oñederraren bera- Txapelaren hilketa argitzeko, baina bere horretan itxi zuten, ia diligentziarik egin gabe. "Madrilen ere zabaldu zuten auzia, baina ezer ez, ezer ez", dio Ugartek. "Guk, benetan, egia jakiteko aukerarik ez dugu, ez dugu eduki eta ez dakit inoiz edukiko dugun. Baina hori zor digute. Batzuk eskatzen ari dira Parot doktrinak indarrean jarraitzeko, baina guk ez dugu ez Parot eta ez Parat. Ez dago inor kartzelan. Guk zer eskatuko dugu? Amnistiatu dituzte, indultatu guztiak... eta guk hori guztia jasan dugu. Baina ez da posible, bestela heriotza zigorra praktikatu dute, eta hori aitor dezakete".


    Bestetik, Txapelaren hilketa Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren bahiketa eta hilketarekin ere lot daiteke. Izan ere, Txapela eta haren familia mugitu berriak ziren etxez. Miarritzetik Donibane Lohizunera joan ziren bizitzera, eta oso jende gutxik zekien non bizi ziren. Lasak eta Zabalak lagundu zieten etxe aldaketa egiten, eta bi gazte tolosarrak ziren gutxi horietako batzuk. Hala, Txapelaren kontra egiteko informazioa haiei ateratakoa zela uste izan zuten garai hartan. "Hori esaten dute, eta posible da", dio Izaskun Ugartek.

  4. 1984

    Eider Goenaga

  5. Frantziaren lehen urratsak: deportazioak

    Garai hartan, Espainia eta Frantziaren arteko harremanak pil-pilean zeuden, eta GALen atentatuak euriak bezala bustitzen zituen bien arteko negoziazioak. Ramon Oñederra hil eta hurrengo egunean, goi mailako bilera egin zuten, Parisen, Frantzia eta Espainiako gobernuburuek. "Bilera sorpresa" gisa izendatu zuten komunikabideek François Mitterrand eta Felipe Gonzalezen arteko goi bilera hori, baina Espainiako Gobernuak denbora zeraman bilera prestatzen. Izan ere, Frantzia eta Espainiako gobernuen artean hainbat auzi korapilatsu zituzten garai hartan. Batetik, Espainia EEE Europako Ekonomia Erkidegoan sartzekotan zen. 1984ko lehen sei hilabeteetarako aurreikusten zen Espainiaren integrazioa, eta garai horretan Frantziari zegokion EEEren presidentetza. Espainiarentzat pauso hori berebizikoa zen, Europako herrialde garrantzitsuenen batasunean sartzeaz gain, Europak eta batik bat Frantziak ETAren kontrako borrokan laguntzea erraztuko bailuke horrek. Bestetik, Frantziarekin akordioa lortu nahi zuen Gonzalezen gobernuak Ipar Euskal Herrian bizi ziren errefuxiatuak kanpora zitzan.


    Fran�ois Mitterrand eta Felipe Gonzalez
    François Mitterrand eta Felipe Gonzalez

    Gonzalezen gobernuak jakinarazi zuen ETAren kontrako borrokaz eta EEEn sartzeaz mintzatu zirela, baina gaineratu zuen ez zela akordiorik izan ez batean eta ez bestean. "Diplomaziako goi mailako ordezkari batek" El País egunkariari bestelakorik esan zion, ordea. ETAren kontrako borrokan izandako akordioak "emaitza ikusgarriak" emango zituela esan zuen ordezkari horrek, izenik eman gabe, "nahiz eta oraindik ez den posible ezer aurreratzea", gaineratu zuen.


    Pentsatzekoa da GAL mintzagai izango zutela ere; izan ere, Frantziako Alderdi Sozialistak -Mitterranden alderdia- Espainiako Gobernuari egozten zion Ipar Euskal Herrian garatzen ari zen gerra zikinaren erantzukizuna. Jean Pierre Destrade PSFko diputatuak hauxe esan zuen, 1983ko abenduaren amaieran, GALek Mikel Goikoetxea Txapela hil ostean: "Espainiako Gobernuak erantzukizun handia du gai hauetan. Badakigu GAL Poliziaren produktua dela. Nire asmoa da Frantziako Gobernuari eskatzea eten ditzala espainiar agintariekin EEEn sartzeari buruz dituen negoziazioak, harik eta agintari espainiarrek bermatu arte bere Polizia ez dela sartuko Frantziako lurretan". Destrade, Frantziako Asanblea Nazionaleko lehen diputatu euskal herritarra izateaz gain, Miarritzeko zinegotzi ere bazen garai hartan, eta 1986ko martxoaren 3an Iparretarrak taldeak atentatua egin zuen haren etxearen kontra, "GALen inpunitatea" salatzeko. Haren adierazpenek haserrea eragin zuten Espainiako agintarien artean.


    Jean Pierre Destrade
    "Espainiako Gobernuak erantzukizun handia du gai hauetan. Badakigu GAL Poliziaren produktua dela." / Jean Pierre Destrade / PSFko diputatua
     

    Euskadi eta Askatasuna entziklopediaren arabera, ordea, Destrade bilera batera deitu zuen Mitterrandek 1983ko Eguberrietan. Bilera hori Mitterrandek Landetan (Okzitania) zuen etxean egin zuten, eta Joseph Franceschi Frantziako Estatu idazkariak ere parte hartu zuen bertan. Ordutik aurrera, Destradek ez zuen gehiago hitz egin GALi buruz edo Espainiako Gobernuak izan zezakeen erantzukizunari buruz.


    Bilera horren ostekoak beste bide bat ere hartu zuen. Izan ere, 1984ko urtarrilaren 10ean PAFek (Aire eta Mugetako Polizia) atxiloketa operazio zabala egin zuen Iparraldean. Hamasei errefuxiatu atxilotu zituzten, eta horietako sei zuzenean Parisera eraman zituzten hegazkinez, hurrengo egunean, beste hegazkin batean, Guadalupe uhartera bidaltzeko. Egun batzuen buruan, berriro mugitu zituzten, Panamara. Joxemari Larretxea -urriaren 18an GALen bahiketa saioa pairatu zuen errefuxiatua-, Jose Antonio Mujika Arregi, Peio Ansola, Josu Abrisketa, Josemi Arrugaeta eta Carlos Ibarguren izan ziren sei deportatuak, eta pare bat hilabete geroago, beste bat elkartu zitzaien, Jose Angel Urtiaga. Ia bost hilabete egin zituzten Panaman, baina maiatzaren 3an, Nazio Batuen Erakundeak nazioarteko pasaportea eman zien, eta Habanara joan ziren. Kubako Gobernuak "gonbidatu" gisa hartu zituen zazpi deportatuak. Dena den, zazpi horiek kate luzeago baten lehen begia besterik ez ziren izan. 1984tik 1989ra, Frantziak 50 euskal herritar inguru deportatu zituen: Panamara, Venezuelara, Dominikar Errepublikara, Togora, Cabo Verdera...


    Deportazioei buruzko erreportajea
    Deportazioei buruzko erreportajea (PDF).

    Joxemi Arrugaetak honela azaldu zion 2009an BERRIAri Frantziaren jarrera aldaketa: "1984an jarrera aldaketa gertatu zen. Ordu arte, Gaston Defferre Barne ministro zela, Frantziak beti ukatu zituen estradizio eskerak, eta François Mitterrandek jarrera horri eutsi zion. Baina, 1984an, GALen ekintzak tarteko zirela eta Felipe Gonzalezen gobernuak egindako presioa zela-eta, Mitterrandek iritzia aldatu zuen. Garai nahasiak ziren, latzak benetan; gu atxilotu baino egun batzuk lehenago, Mikel Goikoetxea Txapela hil zuen GALek". Arrugaetaren iritziz, deportazioak "erbidideko konponbidea" izan ziren, Espainiak nahi zituen estradizioen eta Frantziak errefuxiatuak Madrilen esku uzteko oraindik zeukan uzkurtasunaren artekoa. 1984. urtean, 26 lagun deportatu zituen Frantziak, eta, 1989ra bitartean, 50 bat izan ziren.


    "1984an jarrera aldaketa gertatu zen. Ordu arte, Gaston Defferre Barne ministro zela, Frantziak beti ukatu zituen estradizio eskerak, eta François Mitterrandek jarrera horri eutsi zion. Baina, 1984an, GALen ekintzak tarteko zirela eta Felipe Gonzalezen gobernuak egindako presioa zela-eta, Mitterrandek iritzia aldatu zuen. Deportazioak erbidideko konponbidea ziren" / Joxemi Arrugaeta (deportatua)
     

    Gaston Defferre Frantziako Barne ministroak, berriz, honela arrazoitu zituen 1984ko lehen deportazio horiek: "Kontuan hartuta Pirinio Atlantikoetako departamenduan gero eta handiagoa dela indarkeria eta segurtasun falta, Poliziaren zerbitzuek hainbat herritar espainiar interpelatu dituzte; neurriak ezartzeko, batzuk beste herrialde batera kanporatu dira, eta beste zenbait beste departamendu batean konfinatuak izan dira".


    Errepresioaren eta deportazioaren aurka Baionako katedralean egindako gose greba
    Errepresioaren eta deportazioaren aurka Baionako katedralean egindako gose greba.

    Frantziako Gobernua hasia zen, beraz, pausoak ematen, baina errefuxiatuek ere gogor erantzun zuten. Urtarrilaren 10ean, errepresioaren eta deportazioen kontra gose greba abiatu zuten Baionako katedralean 40 bat lagunek. Ez zen garai erraza horrelako protesta ekintza bat egiteko; katedralean hainbeste errefuxiatu bilduta egonik, GAL atentatuak egiten ari zela, GALentzat jomuga erraz bihurtu ziren bertan bildutakoak eta bisitan joaten zirenak. Dena den, hiru astez iraun zuten itxialdian, otsailaren 6an CRSek indarrez atera zituzten arte. Hainbat zauritu izan ziren CRSen oldarraldiaren ondorioz, eta erietxean artatu behar izan zituzten. Dena den, itxialdiak jarraitu egin zuen, Arbonan. Otsailaren 28ra bitartean eutsi zioten gose grebari.


    Bixente Perurena eta Angel Gurmindo

    1984ko otsailaren 8a

    GALek ez zuen atentaturik egin 1984ko urtarrilean, baina ekaitzaren aurreko barealdia besterik ez zen izan. Otsailean, izan ere, hiru lagun hil zituen GALek, hilabete motza izan arren. Lehen atentatua Hendaian egin zuten, otsailaren 8ko iluntzean, 19:55ean. ETAko bi kide hil zituzten: Bixente Perurena -37 urtekoa eta oiartzuarra- eta Angel Gurmindo Stein -34 urtekoa eta olatzagutiarra-. Bixente Perurena emaztearekin eta hiru alabarekin bizi zen, eta haien etxebizitzaren aurrean tirokatu zituzten biak, Aizpurdi kaleko 37. zenbakian; hain justu ere, Segundo Marey bahitu zuten etxetik 200 metrora.


    Bixente Perurena Soslaia
    Bixente Perurena
    Angel Gurmindo Soslaia
    Angel Gurmindo

    Perurenak aurretik ere bazuen jarraitzen ari zitzaizkion susmoa. Atentatuaren biharamunean Egin-ek argitaratu zuenez, etxe aurrean ikusi zituen bi auto susmagarrirekin kezkatuta zegoen eta haien matrikulak hartu eta Poliziari eraman zizkion, atentatua baino ordu gutxi lehenago. Egunkari horren arabera, halaber, kezka horrek bultzatu zuen Perurena Gurmindori deitzera. Jazarria sentitzen zen, eta egun horretan egin behar zituen gauzetan laguntzeko eskatu zion lagunari.


    Etxepean hil zituzten. Buruan egin zieten tiro biei; Gurmindo hartzear ziren autoaren aldamenean erori zen zerraldo, eta Perurena, berriz, lagunarengandik bost bat metrora. Antza denez, beste lagun baten etxera joatekoak ziren, egun horretan Reala eta Athletic Espainiako Kopa jokatzekoak zirela-eta partida ikustera. Perurenaren emazteak tiro hotsak entzun zituen, eta berehala irten zen zer gertatzen zen ikustera. Atera zenerako, ordea, ez zuen inor ikusi. Eta inoiz ez zuten inor identifikatu edo atxilotu hilketa horrekin lotuta.


    Hendaiako alkate Raphael Lassallettek atentatuaren inguruko ikerketen berri eman zuen, handik bi egunera. Haren ustez, profesionalak ziren Perurena eta Gurmindo hil zituztenak, ekintza oso azkar, zehaztasun osoz eta lekukorik gabe egin zutelako. "Hiltzaileek tiroa tiroaren atzetik egin zuten, eta errefuxiatuei guztira hamar balak jo zien, ia denek buruan. Gero, arrastorik utzi gabe ihes egin zuten, eta, oraingoz, ez dago lekuko bakar bat ere".


    Hil zuten egunean bertan Perurenak lagun batekin bazkaldu zuen, eta hark honela hitz egin zuen Egin-ekin: "Esan zidan, atzo, etxetik gertu, bere arrandegira lanera zihoala, bi auto ikusi zituela. Bat Frantziako matrikuladun 4-L bat zen, krema kolorekoa, eta harritu egin zuen haren presentziak. Eta autoa hartzera joan zenean, nahiz eta bere autoa hondatuta zegoenez ez zuen berea, krema koloreko Seat 131 Supermirafiori bat gurutzatu zitzaion aurretik, BI-3616-AF matrikuladuna. Hiru lagun zihoazen barruan. Auto hori, bere aurretik pasa ostean, poliki-poliki aldendu zen tokitik. Bixentek, harrituta zegoenez, bere autoa hartu eta jarraitu egin zion, eta ikusi zuen Supermirafiori-a mugarantz zihoala. Goizean izan zen hori, 08:30 inguruan".


    Bixente Perurena eta Angel Gurmindoren hilketak, Egin-en.
    Bixente Perurena eta Angel Gurmindoren hilketak, Egin-en.

    Perurenak jasaten zuen jazarpenaren inguruko datu gehiago ere eman zituen lagun hark. Atentatuaren bezperan, gauerdian, berriro ikusi zuen jende susmagarria Perurenak. Mutil gazte bat eta neska bat ikusi zituela kontatu zuen, bere autoko sarrailak manipulatzen ari zirela eta gero konturatu zela ateko heldulekuak mugituta zeudela. "Gainera, gaur goizean bertan, prebentzio neurri gisa, Bixentek erabaki du norbaiti eskatzea laguntzeko. Izan ere, atzoko Supermarifiori bera ikusi du bere etxe inguruan. Gaur goizean, Bixentek erabaki du polizia etxera joatea gertatutakoa salatzera, eta datu guztiak ematera. Ikusten duzu zertarako balio izan duen".


    Perurenak Gurmindori eskatu zion laguntzeko, baina garai hartan ohikoa zen hori, errefuxiatuek elkar laguntzea, etxera joatean, gauez ibiltzean... banaka joatea saihesten zuten. Ahal zela, taldean mugitzen ziren batera eta bestera, betiere GALen atentatu bat saihesteko balio zezakeelakoan. Perurenak ez zuen lortu bere kontrako atentatua eragozterik.


    Egin -eko egun horretako kronikaren arabera, berehala hasi zen jendea inguratzen, batik bat errefuxiatuak. Lagunek eta senideek Aizpurdi kalea izan zuten topaleku, eta bi gorpuak artean maindirearekin estalita zeudela, bildutakoek Poliziaren kontrako akusazioak egin zituzten. Babes gabezia handia zutelako eta egoera horren inguruan Poliziak ezer egiten ez zuelako ari ziren protestan. "Lau hilabetean bi desagertu dira, eta gutako lau hil dituzte", esan zien Izaskun Ugartek -Txapelaren alargunak- han zeuden CRSei. "Gutako zenbat hil behar dituzte zuek zerbait egiten hasteko". Ugarteren aldamenetik, beste errefuxiatuak ere oihuka hasi ziren: "Ondo dakizue zuek zeintzuk diren errudunak, ezagutzen dituzue, zuen lagunak dira".


    Gaueko bederatziak aldera agindu zuen epaileak bi gorpuak toki hartatik eramatea, eta bildutakoek Eusko Gudariak abestuz egin zieten agurra etakide biei. "Gora ETA", "gora Peru" eta "gora Stein" oihukatu zuten. Handik ehun lagun baino gehiagoko talde bat Hendaiako udaletxera joan zen, alkatearekin hitz egiteko asmotan. Ordubete egin zuten zain, eta gero eta jende gehiago bildu zen. Berrehun bat ziren, eta, alkatearekin bilduko ez zirela ikusi zutenean, mugitu egin ziren. Manifestazioan zeharkatu zituzten Hendaiako kaleak. "Felipe hiltzaile, Mitterrand laguntzaile", "zuek faxistak zarete terroristak", "herriak ez du barkatuko", "errefuxiatuek Euskadin bizi behar dute" eta antzeko leloak oihukatuz egin zuten Santiago zubirako bidea. Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan CRSak zeuden zain, eta hogei bat agentek hesia egin zuten, manifestazioan zihoazenei bidea itxiz. Orduan ere manifestariak Poliziaren kontra joan ziren, GALekoen kontra ezer egiten ez zutela leporatuz, manifestazioari bidea ixten zioten bitartean. "Zenbat kontrol jarri dituzue gaur, Signourel jauna?", galdetzen zioten poliziari, "guk esango dizugu zenbat. Bat ere ez. Ez dugu bat bera ere ikusi. Askoz ere eraginkorragoak zarete zuek manifestazioen kontra, honelako gauzen kontra baino".


    Baltasar Garzon epaileak ikertu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean Perurena eta Gurmindoren hilketa eta GAL berdearekin lotu zuten sumarioa, Oñederra auziaren barruan. Dena den, Egin-ek eman zuen Guardia Zibilaren inguruko lehen pista, atentatuaren biharamunean bertan. "Amarru arraro bat" tituluarekin, albiste motz bat kaleratu zuten egunkariko azalean. Jose Felix Azurmendi Egin-eko orduko zuzendariak ere oso gogoan du gertakari hura. Erredakzioan telefono dei bat jaso zuten, Perurena eta Gurmindo hil zituzten gaueko 23:15ean; Ibardingo bentetan lan egiten zuen pertsona bat zen, eta bere begiekin kontatutakoa azaldu zien. "Azken ordua zen, eta lekukoak gero ez zuen izenik eman nahi izan, atzera bota zen. Zalantza egin genuen argitaratu edo ez, baina atera egin genuen, eta azalean gainera", azaldu dio BERRIAri Azurmendik.


    Pertsona horren arabera, Ibardin inguruan, Kontrabandisten bidegurutzea deitzen dioten pasealekuan, kontrol zorrotzak jarri zituzten otsailaren 8ko goizaldean, eta egun osoz iraun zuten. Langileei ere egin zizkieten kontrolak. Honela zioen azaleko albiste hark: "Baina komunikatzaileak esandakoaren arabera, atzo, 20:15-20:30 bitartean, pertsona ezezagun dezente antzeman ziren mugaz alde honetara, ohi ez bezala, eta haien artean zegoen Guardia Zibilaren postu horretako tenientea bera ere. Kaleko jantzita zegoen, eta jada ez zebilen lanean. Komunikatzaileak ziurtatutakoaren arabera, ordu horretan Renault 12 bat eta Renault 14 bat iritsi ziren, eta tenientearekin zeuden pertsonak bi autoen matrikula plakak aldatzen hasi ziren. Frantziako matrikula kendu, eta Espainiakoa jarri. Autoetatik bost pertsona atera ziren, eta, dirudienez, haien zain zeuden beste pertsona horien autoetan sartu ziren. Gertakari hori, gure komunikatzaileak azaldu digunez, bentetan zegoen jende ugarik ikusi ahal izan du".


    Jose Felix Azurmendik kereila bat jaso zuen informazio hori argitaratzeagatik. "Galindok berak kereila bat iragarri zuen nire kontra, baina gero ez zen inora iritsi. Guk ez geneukan informazio hori berresteko modurik, baina haiek ez zekiten hori. Bazekiten, ordea, kontatzen genuena egia zela, eta ez zuten aurrera jarraitu".


    GALek gau horretan bertan hartu zuen bere gain atentatua, Bilboko Herri Irratira egindako dei baten bitartez.


    Perurena eta Gurmindoren gorpuak otsailaren 14an erraustu zituzten, Bordelen, eta Hendaiara bueltan omenaldia egin zieten Beltzenia pilotalekuan. Han, Gurmindoren amak eta Perurenaren alargunak errautsen ontziak erakutsi zituzten, eta Perurenaren bi umeek aitarentzako gutun bana irakurri zuten. Borrokan jarraitzeko borondatea adierazi, eta "herriak ez du barkatuko", esan zuten, aitaren irudia gogoan. Ondoren, Jose Manuel Pagoaga Peixoto-k hartu zuen hitza. "Irabazi egin behar dugu mendiak eta ibaiak hilerri bihurtu aurretik. Ez gara euskal espainiarrak, ezta euskal frantsesak ere; ama bat dugu, eta ez dugu gutxietsi behar. Erraza da, hemen edo beste aldean 'Gora Euskadi' oihukatzea, baina benetan ideia horrekin kontsekuenteak direnek gure bi lagunek bezala bukatzen dute", esan zuen Peixotok.


    Perurena eta Gurmindo tirokatu zituzten pertsonak ez zituzten inoiz atxilotu, ez eta galdekatu ere. Baina haien hilketa ikertu, ikertu zen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Garzonek Oñederra auzia izenpean irekitako sumario handian sartu zen haien kontrako atentatua, eta hainbat urrats egin zituen Auzitegi Nazionaleko epaileak bide horretan. 1995eko abuztuan ireki zuen kasua, eta Perurena eta Gurmindoren hilketaz gain, beste bi hilketa ere sartu ziren sumario berean: Ramon Oñederrarena (1983ko abenduaren 19a) , eta Christian Olaskoagarena (1984ko azaroaren 18a).


    Instrukzio fasean gelditu zen sumario hori, baina Garzonek GAL berdea (Guardia Zibila) eta GAL marroia (CESID) ikertu zituen bertan. Luis Roldan Guardia Zibileko zuzendari ohia eta Emilio Alonso Manglano CESIDeko zuzendari izandakoa deitu zituen Garzonek deklaratzera, bi erakundeek izandako inplikazioa zehazte aldera. Lekuko gisa deitu zituen biak, baita Juan Alberto Perote CESIDeko AOMEko buru izandakoa ere. Perote bera izan zen lehen inputatua, eta hark hainbat datu eta izen eman zizkion epaileari.


    Bestetik, Peroteri espetxeko ziegan -CESIDeko sekretuak kaleratzeagatik zegoen preso- atzemandako agiriek -gero CESIDek desklasifikatu behar izan zituenak- sumarioan hainbat pertsona gehiago galdekatu eta inputatzera eraman zuten epailea. Guardia Zibileko hiru jeneral zeuden horien artean: Jose Antonio Saenz de Santamaria, Andres Casinello eta Enrique Rodriguez Galindo. Garzonek ez zien zehazki ekintza bat egozten, GAL berdearekin lotura izatea baizik. Casinelloren kasuan, Garzonek auto bat kaleratu zuen Guardia Zibileko Estatu Goreneko buru izandakoaren kontra. Autoaren arabera, Casinellok zuzenean "parte hartu zuen, bere buruzagiek agindutakoak betez eta agindu horiek hierarkian azpian zituenei helaraziz; Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelarekin lotutako funtzionario eta pertsona talde baten prestakuntzan parte hartu zuen, eta haiek izango ziren ETAren kontra indarkeria erabiliz jardungo zutenak".


    Jose Antonio Saenz de Santamaria, Andres Casinello eta Enrique Rodriguez Galindo

    Inputazio gehiago ere egon ziren kasu horretan; besteak beste, Emilio Jambrina CESIDeko koronela, Enrique Dorado Villalobos eta Felipe Bayo Leal guardia zibilak, Pedro Gomez Nieto CESIDeko kide eta 1983-1984 urteetan Intxaurrondo egondakoa...


    1995. eta 1996. urteetan Oñederra kasuak hainbat urrats egin zituen arren, pixkanaka gelditu egin zen. 2002an, epaileak inputazioa kendu zien Casinello, Galindo eta Manglanori -lehenago kendu zion Saenz de Santamariari-; delitu konkreturik ezin zitzaielako leporatu, eta erakunde armatuko kide izatearen delitua ordurako preskribatuta zegoelako. Auzia 2003an artxibatu zuten.


    Eugenio Gutierrez Salazar, Tigre

    1984ko otsailaren 25a

    Eugenio Gutierrez Salazar, 'Tigre'.
    Eugenio Gutierrez Salazar, 'Tigre'.

    Otsaileko bigarren atentatuan, Eugenio Gutierrez Salazar Tigre errefuxiatua hil zuen GALek. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen bezpera zen, gogoeta eguna, eta giroa nahastuta zebilen Komando Autonomo Antikapitalistek otsailaren 23an Enrique Casas senatari sozialista hil zutelako -hasieran ETAri egotzi zioten hilketa hori, nahiz eta ETAk ukatu-. Bi egun geroago, otsailaren 25ean, GALek beste kolpe batekin erantzun zuen, Mauletik zazpi kilometrora, Idauze-Mendi herrian. 29 urte zituen Eugenio Gutierrez leioztarrak, eta euskara ikasten ari zen AEK-k eta ikastolek Mauletik gertu, Mendy izeneko baserrian, antolatutako barnetegian. 15-20 bat lagun ari ziren euskara ikasten toki berean -asteburu horretan hamar bat zeuden baserrian-, eta GALeko kideak Gutierrez baserritik ateratzeko zain egon ziren, ehun metrotik tiro egiteko. Profesionaltasun eta zehaztasun handiko atentatua izan zen, eta GALek egun hartan bertan hartu zuen bere gain atentatua, Efe albiste agentziari deituta.


    Eskola eta eskola artean, Gutierrezek atsedenaldi bat profitatu zuen hamaiketakoa egiteko. 11:45 inguru ziren, eta baserri kanpora atera zen, ogitartekoa jatera. Une horretan, baserritik ehun metrora baino gehiagora dagoen errepidetik, tiro egin zioten, mira teleskopikoa zuen errifle batekin. Gutierrezi tiro bakarrak jo zion, baina ikaskide batzuek bi tiro entzun zituztela azaldu zioten egun horretan bertan Egin egunkariari. Bular aldean, ezkerreko aldetik sartu zitzaion bala, eta aldez alde zeharkatu zuen. Euskara ikastaroko kideek haren oihua entzun zuten bat-batean, eta bularrari eskuekin eutsi eta zerbait esaten ahalegintzen zen bitartean baserrira sartzen ikusi zuten. Hiru pauso baino ezin izan zituen eman, lurrean konorterik gabe erori aurretik. Baina horrek baserriak zeuden beste ikaskideak ohartarazteko balio izan zuen, eta berehala itxi zuten atea, beste inor atera ez zedin.


    Eugenio Gutierrez Salazar, Tigreren hilketa, Egin-en.
    Eugenio Gutierrez Salazar, Tigreren hilketa, Egin-en.

    Litekeena da Gutierrezen erreakzioak gainerako kideak etorkizun beltzago batetik libratzea. Egin-ek jasotakoaren arabera, hori pentsatzen zuten Mendy baserrian zeuden ikaskideek. Haietako baten hitzak jaso zituen kazetak, izenik eman gabe: "Hari tokatu zaio, besterik gabe, kanpoan zegoelako. Eta eskerrak ez zegoela inor gehiago, bestela hura ere eroriko zen-eta". Gertatutakoa oraindik irentsi ezinda, honela kontatu zioten Egin-i bizi izandako esperientzia: "Untxitegian dauden untxiak bezala hilko gintuzten. 15-20 ikaskide gara, eta horietatik bederatzi geunden une horretan etxean. Gutako batzuek, baserriko lanak egiten gertuen geundenok, tiro hotsa entzun genuen barrutik [Egin-en arabera, batzuek bi tiro entzun zituztela zioten], baina egia esan ez ginen askorik larritu, inguru honetan asko ehizatzen baita, eta tiro hotsa ere urrunetik heldu zen".


    " Berari tokatu zaio, besterik gabe, kanpoan zegoelako. Eta eskerrak ez zegoela inor gehiago, bestela hura ere eroriko zen-eta. Untxitegian dauden untxiak bezala hilko gintuzten" / Eugenio Gutierrez Salazarren ikaskide bat
     

    Gutierrezen oihuak, ordea, asaldatu zituen ikaskideak. Gertuen zeudenak berehala hurbildu ziren atera. "Dirudienez, tiro egin ziotenean bizkarrez zegoen, baserriari begira, eta oihuka ari zen bitartean, baserrira sartzen saiatu zen. Pauso bakan batzuk baino ez zituen eman ahal izan, hiru bat metro, eta ikusi genuenean bularrari eusten zion, eta begiratu egiten gintuen... Konorterik gabe eta odolduta zegoen lurrera erori zenean. Orduan konturatu ginen atentatu bat zela; ordu arte baserriko hiru txakurrek ere ez zuten sumatu".


    Atentatua izan zela konturatu bezain laster itxi zuten baserriko atea ikaskideek, eta egin zuten lehenengo gauza anbulantziari eta Poliziari deitzea izan zen. Ordu laurdenen buruan iritsi ziren biak, artean Gutierrez bizirik zela. Halere, ezin izan zion eutsi Donapaleuko ospitalera iritsi arte.


    Egin -ek salatu zuenez, Frantziako Poliziak ez zuen kontrolik jarri atentatua izan eta hiru ordu laurden igaro arte. Ondorioz, atentatuaren egileek denbora soberan izan zuten ihes egiteko. Eta Poliziak berak aipatu zien bildutakoei mira teleskopikoa zuen errifle bat -Remington markakoa-. Horrez gain, Poliziaren hipotesia zen Idauze-Mendi zeharkatzen duen errepidetik egin zituztela tiroak -baserritik ehun metrora baino gehiagora dago errepidea-, eta atentatuaren egileak ez zirela autotik jaitsi. Izan ere, hala balitz, bala zorroak aurkituko zituzten, eta Poliziak uste zuen horiek auto barruan gelditu zirela. Errepidetik baserriaren ikuspegi oso ona dago, eta horregatik atentatuaren egileek ez zuten autotik jaitsi beharrik ere izan.


    Euskaltegiko ikasleek -errefuxiatuak zein Ipar Euskal Herriko herritarrak- aspalditik sentitzen zuten begira eta atzetik zituztela. "Jende arraroa" sumatzen omen zuten inguruan, Egin-ek azaldu zuenez. Urrian ikastaroa hasi zutenetik Gutierrez hil zuten arte, inguruan ikusten zituzten auto susmagarrien matrikulak apuntatzen zituzten. "Zerrenda luzea" osatu zuten, eta Mauleko Poliziari eman zioten. Atentatua gertatu ostean, Mauleko jendarmeriako komandanteak ikastaroko errefuxiatuei jakinarazi zien eurak emandako zerrendako lau matrikula faltsuak zirela. Hori esan baino lehen, "gertatutakoarekin guztiz atsekabetuta" zegoela esan zien komandanteak Gutierrezen ikaskideei.


    Baserrian zeuden errefuxiatuak, bestalde, oso kritiko agertu ziren Poliziaren jarrerarekin. "Egiten duten bakarra da gugana etorri eta gure paperak indarrean dauden edo ez frogatzea. Are gehiago, Tigrerekin egin nahi izan duten lehenengo gauza, bertaratutako erizainek eskuak gainean jarri baino are lehenago, Tigreren agiriak indarrean zeuden begiratzea izan da", esan zuen errefuxiatu batek.


    "Atarira ateratzen zen edozein zen helbua. Jende gehiago atera izan balitz, Tigre ez litzateke bakarra izango"


    Behe lainoak inguratzen zuen Idauze–Mendiko barnetegia Eugenio Gutierrez Salazar Tigre hil zuten goiz hartan. Larunbata zen, eskolarik ez zela dauka–eta gogoan Bego Clementek.


    Bi zakur zituzten barnetegiko 40 ikasleek –errefuxiatuak ziren gehienak–: doberman txiki bat eta arratoi zakur bat, inor hara iristerako jakinaren gainean jartzeko. "Baionan–eta gertatzen ari zirenak gertatzen ari ziren. Ordurako GALek hainbat hil zituen, eta Joxi [Lasa] eta Joxean [Zabala] desagertuta zeuden". Mugimendu "arraro" asko ikusia zuten inguruan, "auto susmagarriak" gora eta behera.


    Atea jo zuten goizean goiz. Maratilatik nor izan zitekeen bereizi arte ez zuten aterik zabaldu: "Gas kamioia ikusi genuen. Gas bonbonak ekartzera etorri ziren, sukaldekoak, luze horiek". Kanpoan ez zen ezertxo ere ikusten.


    Lainoa bazterrak ikusten uzten hasi zenean, "ordu pare batera edo", Tigre kanpora atera zen. "Ate ondoko koxkari helduta ogitarteko bat jaten ari zela, hantxe egin zioten tiro. Barruraka korrika, inertziaz sartu zen. Lurrera erori zenean pultsu pixka bat zuen, baina materialki hilda zegoen. Bihotza lehertu zioten" .


    "Zerbait" egiten saiatu ziren, baina "ezer gutxi" egin zezaketen. Ateak itxiz erreakzionatu zuten, eta, ondoren, binaka eta hirunaka ateratzea erabaki zuten, ea zer edo zer ikusten zuten, "auto bat, matrikula bat, norbait…". Gutierrez izan zen biktima, baina beste edonor izan zitekeen: "Edozeinek balioko zuen. Ez dakit non egongo ziren, baina lainoa joan arte ez zeukaten ezer ikusteko modurik. Tiro egin zuten distantzia kontuan hartuta –200 bat metro–, 40 pertsona dauden lekuan, atarira ateratzen zena zen helburua. Jende gehiago atera izan balitz, Tigre ez litzateke bakarra izango".


    Gendarmeei deitu eta iritsi zirenean, dobermanarekin beldurtu eta "oso modu txarrean" sartu ziren: "¿Quitad a ese hijo de puta porque si no le meto un tubazo!", esan zuen polizietako batek. Clemente berotu egin da pasadizo hori gogoratzean: "Beren onetik aterata zeuden, gaizkileak gu ginela zirudien. Dokumentazioa eskatu ziguten, hiltzailea gure artean balego bezala, oso gaizki, oso egoera bortitza izan zen". Gorpua ere mugitu eta hari ere agiriak kendu nahi zizkiotela–eta ika–mika sortu zen. "Tentsioa sekulakoa zen, baina guri berdin zitzaigun dena".


    Agintea zuen polizia bat giroa lasaitzen saiatu zen. Azkenaldian han inguruan gertatzen ari ziren mugimenduak, autoak… "Hori dena apuntatuta zeukaten. Bazekiten gertatu zena gerta zitekeela".


    Anbulantziak iritsi ziren, baina ez zegoen zereginik.

    GALeko atentatuetan ohiko bilakatu zen atentatuaren tokian biltzea, eta bat-batean, prestatu gabe, manifestazio edo elkarretaratzeak egitea. Halaxe gertatu zen Gutierrezen kasuan ere. Arratsaldean, 16:00ak inguruan, 300 bat lagun elkartu ziren Maulen, manifestazioan. Tigre, gogoan zaitugu. Herriak ez du barkatuko zioen pankarta handi baten atzean egin ztuen ibilbidea, eta pankartaren atzean xingola beltza zeraman ikurrin bat eraman zuten.


    Isilean egin zuten ibilbidea, baina jendarmeriara iritsi zirenean, oihuek hartu zuten isiltasun horren tokia: "Zuek faxistak zarete terroristak" eta "Gonzalez hiltzaile, Mitterrand laguntzaile". Manifestazioari amaiera eman ziotenean, bildutako askok Idauze-Mendirako bidea hartu zuten; atentatua gertatu zen tokira joan nahi izan zuten. Mauletik Idauze-Mendira karabanan joan ziren, argiak piztuta, Gutierrez hil zuten tokiraino. Berrehun lagun inguru elkartu ziren bertan, eta 18:00 inguruan omenaldi txiki bat egin zioten. Txistuarekin Agur Jaunak jo, eta, ondoren, ukabilak jasota Eusko Gudariak abestu zuten bildutakoek.


    Omenaldia amaitu ondoren jakin zenez, espero zitekeen bezala Poliziak jarritako kontroletan ez zuten inor gelditu. Halere, jakinarazi zuten atentatua izan zen tokitik bost bat kilometrora aurkitu zutela hiltzaileek erabilitako autoa. Citroen ZX-Palas bat zen, marroia. Egin-en arabera, Frantziako mugetako poliziek bezperan erregistratu zuten auto haren sarrera, Suitzako matrikula zeraman beste batekin batera. Otsailaren 25eko 13:00ean, atentatua gertatu eta ordu eta laurdenera, Urdazubiko muga postuan Suitzako matrikuladun autoko bi bidaiariak atxilotu zituzten. "Frantziako Poliziaren arabera, ordea, espainiar nazionalitateko bi bidaiari horiek 'ez dute inolako harremanik atentatuarekin, delitu ekonomikoekin' baizik ".


    Eugenio Gutierrez Salazarren gorpua Bordelen erraustu zuten, martxoaren 2an, eta senideen eskuetan egin zuen Irun arteko bidea -han bizi baitzen familia-. Han, Herri Batasuneko Txomin Ziluaga, Izaskun Larreategi, Jokin Gorostidi eta Itziar Aizpurua egin ziren errautsen kargu. Leioarako bidea elkarrekin egin zuten, hara iristean 2.000 lagun inguruk egin zioten omenaldia GALek hildako herrikideari. Egun berean, baina, eguerdi partean, Mauleko pilotalekuan beste omenaldi bat egin zioten ehunka lagunek.


    Eugenio Gutierrez Salazar, Tigreren oroitarria.

    Eugenio Gutierrez Salazarren hiltzaileak ez zituzten inoiz identifikatu, eta atxiloturik ere ez zen inoiz izan. Atentatuaren inguruan Espainiako Auzitegi Nazionalean egin ziren peskizek Intxaurrondoko agenteekin lotzen zuten hilketa, GAL berdearekin, alegia. Baina GAL marroia seinalatzen zuen hari bat ere bazegoen tartean.


    Izan ere, Peroteri ziegan aurkitutako CESIDeko agirietan, "legeztatu gabeko armen" zerrenda bat zegoen, eta zerrenda horretan Gutierrez hiltzeko erabili zuten erriflea izan zitekeena agertzen zen. Garzonek ikertu zuen zerrenda hori, baina ez zuen inoiz lotura zuzena egin erriflearen eta Idauze-Mendiko atentatuaren artean. Bestalde, Gutierrezen hilketari buruzko sumarioa irekita egon zen 2000. urtera bitartean. Jose Maria Velazquez Soriano Intxaurrondoko guardia zibilaren deklarazio bat zen sumarioa irekita mantentzeko oinarria. Hark esandakoaren arabera, Gutierrezen kontrako atentatua izan baino egun batzuk lehenago errifle hura ikusi zuen Fidel del Hoyo eta Davo Soler guardia zibilen bulegoan. Bestalde, Pedro Migueliz Txofo poliziaren konfidenteak ere deklaratu zuen auzi horretan. Esan zuenez, Enrique Dorado Villalobos guardia zibilak aitortu zion Joxean Lasari eta Joxi Zabalari ateratako informazioari esker egin zutela atentatu hura. Pedro Rubira Auzitegi Nazionaleko fiskalak kasua artxibatzeko eskatu zuen 2000. urtean, eta urtea amaitu aurretik artxibatu zuten.


    Jean Pierre Leiba

    1984ko martxoaren 1a

    Jean Pierre Leiba
    Jean Pierre Leiba, hilik, Hendaiako tren geltokian

    Gutierrez Salazarren gorpua artean erraustu gabe zela egin zuen GALek hurrengo atentatua. 1984ko martxoaren 1ean, Jean Pierre Leiba hil zuten tiroz, Hendaiako tren geltokian. Leiba ez zen errefuxiatua; hendaiarra zen jaiotzez, eta nazionalitate frantsesa zuen. Ez zuen inolako harremanik ETArekin, eta errefuxiatuen giroan ere ez zen ibiltzen, nahiz eta lan egiten zuen kooperatiban hamabi errefuxiatu aritzen ziren beharrean -60 bat langile ziren guztira-. Hendaiako geltokiaren mantentze lanak egiten zituen kooperatiba horrek, eta bertako langileek berehala adierazi zuten "erratuta" hil zutela Leiba, seguruenik hiltzaileak euretako baten bila joan zirela. GALen hirugarren "akatsa" izango litzateke Leibarena, Larretxea Goñiren bahiketa ahaleginaren eta Segundo Mareyren bahiketaren ostean.


    Goizean hil zuten Leiba, 07:55ean, beste hiru lankiderekin -hirurak ziren errefuxiatuak- lanera sartzera zihoala. Bi pertsona gerturatu zitzaizkien, eta haietako batek bertatik bertara egin zion tiro. Atentatuaren egileek trenbideetatik barrena ihes egin zuten, mugarantz, eta Leibaren lankideak haiek harrapatzen ahalegindu ziren arren, alferrik izan zen. Espainiako Poliziak bi lagun atxilotu zituen Irunen egun horretan bertan: Mariano Moraleda Muñoz eta Daniel Fernandez Aceña.


    Jean Pierre Leibarekin zegoen hiru errefuxiatuetako batek Egin-ekin hitz egin zuen, atentatua gertatu eta ordu batzuk geroago. Izenik eman gabe betiere, gertakarien kontaketa zehatza egin zuen. 08:00etan ziren lanera sartzekoak, eta, bost minutu lehenago, hainbat taldetan banatuta hara bideratu ziren langileak. Leiba beste hiru lagunekin zihoan taldetxo batean, eta hura zen errefuxiatua ez zen bakarra. Gertakarien gaineko kontaketa egiteaz gain, bere susmoak ere agertu zituen Leibaren lankideak. Izan ere, lanera sartzeko ordua izan arte, hau da, 08:00 izan arte, langileak normalean bi taldetan sartzen ziren beharrera. Errefuxiatuak ez zirenek lehenago hurbiltzeko ohitura zuten; lasaiago ibiltzen ziren, eta aldageletara 07:40 inguruan iristen ziren. Errefuxiatuek geroago joateko ohitura zuten. Lankidearen arabera, oso litekeena da erasotzaileek datu hori ezagutzea.


    Jean Pierre Leiba
    Jean Pierre Leiba

    Beste datu bat ere eman zuen Egin-en lekukoak, egileek atentatua egiteko informazio zehatza eta gaurkotua zutela adierazten zuena. Izan ere, haren esanetan, baziren lau hilabete, 08:00etan hasi beharrean, kooperatibako langileek 06:00etan hasten zutela euren txanda. Denbora horretan guztian, lehen aldia zen 08:00etan sartzen zirena. "Datu horrek agerian uzten du erasotzaileak jakitun zirela", gaineratu zuen Egin-ek.


    Atentatua gertatu zenean, Leiba bera eta hiru errefuxiatuak arropaz aldatuak ziren, eta lan egiten zuten tokirainoko bidea egiten ari ziren. Puska bat ibili behar zuten hara iristeko, eta, bidea laburtzeko, trenbidea zeharkatu eta bagoi baten azpitik pasatzen ziren makurtuta. Taldetxoan zihoazen lau kideetatik hiru -errefuxiatuak- ordurako pasatu ziren bagoiaren azpitik, eta, bat-batean, tiro hotsa entzun zuten. Oihuak entzun zituzten jarraian. Atzera beste aldera igaro aurretik, errefuxiatuek bagoiaren azpialdetik begiratu zuten, gurpilen atzean gordeta. Leibaren gorpua besterik ez zuten ikusi, ezkerreko sorbaldaren gainean botata, eta eskuarekin bularrari eusten ziola.


    Jean Pierre Leibaren hilketa, Egin-en.
    Jean Pierre Leibaren hilketa, Egin-en.

    Leibarengana joan ziren lankideetako batzuk; besteek, zerbait aurkituko zutelakoan, trenbidetik muga alderako bidea hartu zuten. Bi gizon ikusi zituzten korrika, ihesean, baina bakoitzak bide bat hartu zuen. "Zubi Zaharrera zihoanari segitu genion, eta harriak botatzen hasi ginen, oihuka eta irainka. Hark are gehiago azkartu zuen pausoa, haren aurpegiak erakusten zuenez, beldurtuta". Dena den, ihesean zihoanak hainbatetan atzera begiratu, gelditu, eta tiro egiteko keinua ere egiten zuela azaldu zion lekukoak Egin-i. Une horietan, segika zihoazen errefuxiatuek euren burua lurrera botatzea beste irtenbiderik ez zuten. Leibaren lankidearen arabera, sekulako jauziak eta itzulipurdiak egiten zituen lurrean, gero zutitu eta tiro egiteko jarreran jarri aurretik. Egin-en arabera, "ofizioan zuen profesionaltasunaren eta forma fisiko onaren seinale" ziren.


    Jean Pierre Leiba gorpua erretiratu zuten unea.
    Jean Pierre Leiba gorpua erretiratu zuten unea.

    Ihesean zihoan gizonak ez zuen egin jarraitzen ari zitzaizkionen kontrako tirorik, baina, haien ustez, ez zen izan aukerarik ez zuelako izan, tiro hotsek Polizia jakinaren gainean jar ez zezaten baizik. Lekukoek gizon "oso gaztea" zela zioten, eta zamarra gorrixka bat zeramala. Mugara iritsi eta ihes egitea lortu zuen. Eta erasoan parte hartu zuen beste gizonak ere bai. Beste langile talde bat joan zen haren atzetik, hura harrapatzeko asmoz, baina Santiago zubitik barrena ihes egitea lortu zuen hark ere.


    Hortik minutu gutxira, eta jada Irungo lurretan, mugatik zetorren gizon batek taxi bat eskatu zuen. Egin-en arabera, "arnasestuka eta berotuta iritsi zen taxiraino, eta Irungo Belaskoaga auzora eramateko eskatu zion. Auzo horretan dago, hain zuzen, Guardia Zibilaren kuartela". Baina taxiak ez zuen bere bidaia bukatu, abiatu eta gutxira Espainiako Poliziak geldiarazi eta taxira igotako gizona atxilotu baitzuten. "Gertatutakoa ikusi zuten lekukoen arabera, polizien ondoan CRS frantsesak ere bazeuden, eta euren kide espainiarrei eskatzen zieten euren esku uzteko atxilotua. Ez zen hala gertatu".


    Hainbat ordu geroago, berri agentziek zabaldu zuten Jose Barrionuevo Barne ministroak Frantziako enbaxadore Pierre Guidoniri jakinarazi ziola mugan atxilotutako pertsona batek aitortua zuela Hendaiako atentatuan parte hartu izana, eta bere kidearen izena ere eman zuela. Daniel Fernandez Aceña eta Mariano Moraleda Muñoz -horren eskuetan aurkitu zuten Leiba hiltzeko erabilitako arma- ziren bi atxilotuak, eta hainbat orduren buruan beste bi atxiloturen berri ere izan zen. Haien izenak geroago ezagutu ziren, ordea: Vicente Manuel Fernandez eta Juan Luis Garcia ziren. Atxilotuek 24 eta 26 urte artean zituzten, eta eurek onartu zuten GALeko kide zirela eta ordaindu egin zietela atentatua egiteagatik.


    Egin -ek atentatuaren biharamunean argitaratutakoaren arabera, Leiba hil baino pare bat hilabete lehenago han lan egiten zuten errefuxiatuei buruzko informazio bila joan zen "norbait" kooperatibara. "Aipaturiko informazio bilaketa horretan, jakin denez, dirua ere eskaini zuten errefuxiatuen mugimenduak eta haien lan ordutegiak ezagutzearen truke", zioen Egin-ek. Errefuxiatuak horren jakitun ziren, eta, besteak beste, euren izenak, lan ordutegiak eta txandak zehazten zituen ordutegien taula kentzeko eskatu zuten.


    Horrelako gertakari gehiago ere aipatzen zituen Egin-ek. Berrikitan hainbat telefono dei jaso omen zituzten kooperatiban. Horietako batean, gizon batek deitu zuen errefuxiatu zehatz baten inguruko informazioa eskatuz; izen-abizenak eman, eta haren lan ordutegia jakin nahi zuela esan zuen. Gizonak gazteleraz egin zuen deia, eta frogatu ahal izan zuten ez zekiela frantsesez. Handik gutxira, beste dei bat izan zen, hura frantsesez, eta zenbait errefuxiaturen lan ordutegiez galdetu zuen.


    Kooperatibako langileak ez ziren besoak gurutzatuta gelditu, eta ordurako abisua emana zioten Guerrero izeneko PAFeko buru bati. Halako datuak eskatzeak ondorioak izan zitzakeela ohartarazi zioten, eta halaxe gertatu zen. Guerrerok erantzun zien poliziaren autoak inguruak zaintzen zebiltzala, baina kooperatibako langileek zioten ez zela inolako neurri berezirik hartu.


    Hendaiako atentatua gertatu eta lau ordura, 13:00ean, trenbideetako ehun bat lagun eta errefuxiatu elkartu ziren Hendaiako tren geltokiaren aurrean. Leibari omenaldia egin zioten horrela, eta bertan Raphael Lassallette Hendaiako alkateak gertatutakoa salatu zuen. "Jean Pierre Leibaren heriotza errugabe baten hilketa izan da". Arratsaldean, Baionan, ehunka lagunek egin zuten manifestazioa Leibaren heriotza salatzeko. Espainiak Hendaian duen kontsuletxera ere joan ziren hainbat lagun, eta han Frantziako eta Espainiako gobernuen kontrako oihuak egin zituzten. Hendaian greba orokorra egin zuten martxoaren 5ean, gertatutakoa salatzeko. Tartean aduanetako langileek ere egin zuten ordubeteko geldialdia, eta tarte horretan muga erabat itxita eduki zuten. Leibaren hileta elizkizunekin bat egin zuen ordubeteko lanuzte horrek.


    Atxilotuei dagokienez, gerora jakin zen Fernandez Aceñak Transfesa enpresarentzat lan egiten zuela. Transfesa Hendaiako tren geltokian aritzen zen enpresa bat zen, Leibak lan egiten zuen kooperatiba bezala. Gainera, Leibak eta haren lankideek Transfesako aldagela erabiltzen zuten, beharrera sartu aurretik arropak aldatzeko. El País-ek jaso zuenez, Fernandez Aceñak Poliziari aitortu zion euren asmoa ez zela Leiba hiltzea, errefuxiatuetako bat hil nahi zutela, baina Leibak ikusi egin zuela eta, ezagutzen zuenez, hil egin behar izan zutela.


    Iñaki Esnaola HBko kide eta abokatuak prentsaurrekoa eman zuen handik hilabetera, apirilaren 7an, Leibaren atentatuaren inguruan. Senitartekoen abokatu gisa, atxilotuen deklarazioak ikusteko aukera izan zuen Esnaolak, eta horren berri eman zuen. Esan zuenez, atxilotuek Poliziari kontatu zioten Andres izenarekin aurkeztu zitzaien guardia zibil baten enkarguz egin zutela atentatua. Guardia zibil horrek 35-38 urte zituela, argala zela, ile motza zeramala eta 1,75 metro garai zela. Abokatuaren esku zegoen deklarazio horren arabera, guardia zibil hori diskoteka batean zegoela gerturatu zitzaion Fernandez Aceñari lehen aldiz, atentatua baino hiru hilabete lehenago. Hasiera batean, Hendaiako tren geltokian aritzen ziren errefuxiatuen inguruko informazioa eskatu zion. Hainbat elkarrizketa izan ondoren, aurrerantzean kontaktuak beste pertsona batekin egingo zituztela esan zion guardia zibilak Fernandez Aceñari, "Madrilen ordezkari" bat zela. Euskal enpresari bat zen, German izenarekin aurkeztu zitzaiona. Hark eman zizkien Leibaren hilketan erabili zituzten armak.


    Esnaolak salatu zuen, halaber, Poliziak ez ziela atxilotuei GALi buruzko inolako galderarik egin eta, ondorioz, polizien azken txostenean ez zela horri buruzko aipamenik egiten.


    Daniel Fernandez Aceñak eta beste atxilotuek aipatutako euskal enpresari hori Manuel Navascues zen, eta hura ere epaitua izan zen 1985ean Espainiako Auzitegi Nazionalean, Daniel Fernandez Aceña eta Mariano Moraleda Muñozekin batera -beste bi atxilotuak ez ziren auzipetuak izan-. Navascuesek ukatu egin zuen inoiz GALekin lotura izatea, eta Fernandez Aceñak eta Mariano Moraledak ere gauza bera egin zuten, hasiera batean Poliziaren aurrean hilketa aitortu arren.


    Navascuesi hilketa sustatzea egozten zioten, eta hamar urteko espetxe zigorra eskatu zuten harentzat. Baina Auzitegi Nazionalak, 1985eko abenduaren 9an, absolbitu egin zuen. Fernandez Aceñari eta Moraledari hilketa eta talde armatuko kide izatea leporatzen zieten, eta bi delitu horiengatik 29 urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra jaso zuten: 23 urte eta lau hilabete hilketagatik eta sei urte talde armatuko kide izateagatik -izan ere, GAL talde armatua egon zela onartu zuen epai hark-. Fernandez Aceña 1996an atera zen kartzelatik, hamabi urte bete ostean; eta Moraleda 1997an irten zen, hamahiru urte bete eta gero.


    Jean Pierre Cherid

    1984ko martxoaren 19a

    Miarritzen, errefuxiatuen kontrako atentatu bat prestatzen ari zela, hil zen Jean Pierre Cherid GALeko kidea, 1984ko martxoaren 19an, manipulatzen ari zen bonba lehertu zitzaionean. Eztanda hain indartsua izan zen, Cheriden gorpua txiki-txiki egin da gelditu zen. Aldameneko eraikinetan ere izan ziren kalteak, eta Cherid zegoen autoaren hainbat zati eztanda gertatu zen lekutik 1.000 metro baino gehiagora agertu ziren. Inguruan zebiltzan bi pertsona ere zauritu zituen eztandak. Cheridi aurkitutako nortasun agiriak ez zuten ezertarako balio izan, eta egunak behar izan zituzten identifikatzeko.


    Rodolfo Zornoza izeneko Madrileko gizon baten nortasun agiria zeraman gainean Cheridek, eta Zornoza harrituta gelditu zen hiltzat ematen zutela jakin zuenean. El Pais egunkariak kaleratu zuenez, Zornozak ez zuen inoiz nortasun agiririk galdu, baina hark susmatzen zuen bazirela pare bat urte Espainian berearen berdin-berdina zen auto bat zebilela, matrikula berarekin. Haren isunak iristen zitzaizkion, Espainiako hainbat lurraldeetatik, nahiz eta bera ez zen leku horietan inoiz izan. Hori ikusita, Zornozak jarritako isunarengatik kexa egitera joan zen Guardia Zibilera; han autoaren argazkia ere bazutela esan zioten, eta erakutsi egin zioten. Zornozaren harridurarako, bere autoaren berdina zen. Hainbat aldiz egin zuen protesta Zornozak horregatik, baina inoiz kasu gehiegi ez ziotela egin sentitzen zuen.


    Jean Pierre Cherid
    Jean Pierre Cherid

    Oraindik gorpua identifikatu gabe zegoela, hainbat dei egin zituzten komunikabideetara, eta horietan hildako gizona GALeko kidea zela onartu zuten, eta errefuxiatuen kontrako atentatu bat prestatzen ari zela, bonba-auto batekin. Hildakoaren izena apirilaren 13an eman zuen Frantziako Poliziak. Jean Pierre Cherid zen, 44 urtekoa, OASeko kide izandakoa eta Aljeriako gerran ibilitakoa. Frantziako Poliziaren ezaguna, Bordeleko mafiarekin zuen harremanagatik. Cherid identifikatu ostean, Frantziako Poliziak beste zazpi pertsona atxilotu zituen, gehienak Aljerian jaiotakoak eta nazionalitate frantsesekoak, eta haietako batzuk Batallon Vasco Españolekin harremana izan zutenak. Michel Svahn epaile ultraeskuindarrari esker, ordea, aske irten ziren handik gutxira, ekainaren 21ean, prozedura akatsak argudiatuta.



    Jean Pierre Cherid
    Cheridek ere parte hartu zuen Juramendiko gertakarietan

    Baina, Cheridek garai hartan Espainia zuen bizileku, eta harremanak, nagusiki, Espainiako polizia eta zerbitzu sekretuekin zituen. Cheriden eta Espainiako zerbitzu sekretuen arteko harremana gutxienez 1978tik zetorren. Meltxor Miralles eta Ricardo Arques kazetarien arabera, bera izan zen Jose Migel Beñaran Argala hil zuen komandoko burua eta atentatua prestatu zuena.



    Hain zuzen ere, Cheridek senideak izan ziren 1978ko harreman hori inoiz eten ez zela esan zutenak. Izan ere, Espainiako Barne Ministerioari bizi arteko pentsioa eskatu zioten, Cherid Espainiako polizien enkarguz ari zelako lanean eta haren alargunak sari bat merezi zuelako. Senideen arabera, azken aldian Guardia Zibilarekin ari zen lanean Cherid. Guardia Zibilak ukatu egin zuen hori horrela zenik, baina bazeuden bertsio hori berresten zuten datuak; izan ere, Cherid Guardia Zibilak berak faltsututako nortasun agiriarekin izan zen atxilotua aurreko batean.


    Cheriden hilketak agerian uzten zuen mertzenarioak ari zirela erabiltzen euskal errefuxiatuen kontrako gerra zikina egiteko, baina aldi berean ordurako denek pentsatzen zuten hori ere berretsi zuen haren heriotzak: mertzenarioak Espainiako segurtasun indarren enkarguz ari ziren.


    Hainbat nortasun agiri atzeman zizkioten Cheridi
    Hainbat nortasun agiri atzeman zizkioten Cheridi
    Cherid Teresa Rilo

    Xabier Perez Arenaza Sogorb

    1984ko martxoaren 23a

    GALek Perez de Arenaza hil bezperan gertatu zen Pasaiako sarreskia. Berria-k 2005ean atera zuen
    GALek Perez de Arenaza hil bezperan gertatu zen Pasaiako sarreskia. Berria-k 2005ean atera zuen

    GALek martxoan bertan hil zuen bere hurrengo biktima: Xabier Perez Arenaza, 34 urteko errefuxiatu arrasatearra. 1984ko martxoaren 23a zen, eta Euskal Herria oraindik bezperan gertatutakoa ezin irentsita zegoen. Izan ere, Pasaiako Badiako sarraskiaren biharamunean -Espainiako Poliziak segada prestatu zuen Komando Autonomo Antikapitalisten komando baten kontra, eta lau lagun hil zituzten, tiroz josita- egin zuten Perez Arenazaren kontrako atentatuta. Visitacion.


    Sogorbek, Perez Arenazaren amak, honela hitz egin zion Egin-i semearen heriotzaren berri jakin ondoren: "Pasaiako lau hildakoen albistea entzun eta berehala burura etorri zaidana euren lau amek izango duten sufrimendua izan da, eta neure buruari esan diot, 'edozein egunetan niri tokatuko zait'. Eguerdian Miarritzeko atentatuaren inguruko notiziak entzun ditudanean, berriro gauza bera pentsatu dut, 'beste ama bat sufritzen, edozein egunetan ni izango naiz'. Momentu horretan ez nekien, baina, ni nintzela sufritzea tokatzen zitzaion ama hori". Euskal Herriko herri eta auzoetan bateratu egin ziren Pasaiako Badiako sarraskiaren eta Perez Arenazaren hilketaren kontrako protestak.


    Xabier Perez Arenaza Sogorb
    Xabier Perez Arenaza Sogorb

    Perez Arenazari buruan egin zion tiro motorrean gerturatu zitzaion gizon batek. Miarritzeko bere etxetik 13:00 baino minutu batzuk lehenago atera zen; kanabera eta arrantzarako tresnak Citroen 2CV autoan sartu, eta Senpereko lakura zihoan. Baina, bidean, Saint Martin gasolindegian gelditu zen. Haren atzetik iritsi zen motorra. Mobillette-aren antzeko motorra zen, eta gidaria Perez Arenazaren autotik gertu gelditu zen, motorrei gasolina botatzeko makinaren ondoan. "Dena oso normal joan zen", azaldu zion Egin-i gasolindegiko langile batek. "Citroen autoa iritsi zen, eta gasolina jartzeko eskatu zidan. Halaxe egin nuen, eta jada, behin ordaindu ondoren, autoa martxan jarri zuenean gertatu zen guztia". Une horretan, motorraren gidariak, Perez Arenazaren autoaren aurrean jarri, zamarra barrutik pistola atera, eta hiru metroko distantziatik hainbat tiro jo zizkion. Tokian bertan bost bala zorro aurkitu zituen Poliziak, eta gutxienez horietako hiruk jo zioten Perez Arenazari, bik aurpegian.


    Tiro egin eta berehala ihes egin zuen motorrak, inork atzetik segitu gabe. "Ezin dut tiroak egin dituenari buruzko xehetasunik eman", esan zion Egin-i gasolindegiko beste langile batek. "Tiroak entzun ditudanean, bulegotik atera naiz, baina soilik motorra aldentzen ari zela ikusi dut. Ezin izan diot aurpegia ikusi; izan ere, bizkarrez bakarrik ikusi dut, eta, gainera, kaskoa zeraman".


    Perez Arenazaren lagun errefuxiatu batek gasolindegira zihoala gurutzatu zuen motorra. Egin-i azaldutakoaren arabera, penatuta zegoen ezer egin ez zuelako. "Hemendik hurbil nengoen, eta tiroak entzun ditut. Korrika etorri naiz berehala, eta, motorzalearekin gurutzatu naiz, baina une horretan burutik pasatu ere ez zait egin hura izan zitekeenik tiro egin zuena, eta, gainera, ni Xabierrengana nentorren, korrika. Ez zait bururatu aurrean gurutzatzea, edo bultzatzea, ezer ez". Motorrak Gramont etorbidetik ihes egin zuen, Miarritzeko kanpoaldera.


    Perez Arenazari motor batetik egin zioten tiro, autoan zela
    Perez Arenazari motor batetik egin zioten tiro, autoan zela

    Arazorik gabe alde egin zuen, eta Poliziak ez zuen motorraren inolako arrastorik aurkitu. Errefuxiatuak kexu azaldu ziren Poliziak ez zuelako bere lana behar bezala egiten. Egin-ek honela jaso zuen haien iritzia: "Errefuxiatuak bat datoz, bezperan, Miarritzetik Baionarako bidean polizien presentzia ezohikoa izan zela eta ezohiko kontrol zorrotzak jarri zituztela, hainbat leku estrategikotan. Atzo [atentauaren eguna], ordea, atentatuaren ostean abiatutako Eclat operazioak ez zirudien oso zorrotza, ez baitzegoen mugatik pasatzeko inolako arazorik; ez zegoen ez kontrolik, ez Poliziaren zaintzarik". Errefuxiatuek salatu zuten GALek atentatu bat egiten zuen bakoitzean gauza bera gertatzen zela; beste batzuetan hain zorrotzak izaten ziren kontrolak desagertu egiten zirela GALek norbait hiltzen zuen bakoitzean.


    Perez Arenaza, Egin-en.
    Perez Arenaza, Egin-en.

    Poliziaren axolagabekeria bezain ohikoa bilakatu zen errefuxiatuentzat atentatu bat gertatu ostean bertan biltzea. Eta Xabier Perez Arenaza hil zuten tokia pixkanaka-pixkanaka jendez betetzen joan zen. Gasolindegian 30 bat lagun elkartu ziren, gasolindegiko langileak deitutako poliziez gain. Errefuxiatuei Miarritzeko herritarrak ere elkartu zitzaizkien. Egin-ek honela jaso zituen elkartasuna agertzera joan zitzaien emakume miarriztar baten hitzak: "Ez dago eskubiderik; animaliak bezala ari zaizkizue ehizatzen, eta oraindik poliziek ez dute inor harrapatu; sinestezina da".


    Perez Arenazaren inguruan bildutakoek epaileak gorpua bertatik ateratzeko agindua eman arte jarraitu zuten gasolindegian. Autotik atera, eta anbulantzian sartu zuten, eta une horretan errefuxiatuek anbulantzia inguratu zuten. Eusko Gudariak abestu zuten, ukabilak altxatuz. Baina CRSek ez zieten utzi jarraitzen, eta, fusilak erakutsiz, atzera joateko agindu zieten. GALekoak harrapatzeko eragingabeak izatea leporatzen zieten errefuxiatuek poliziei behin eta berriro.


    Errefuxiatuen oharra.

    Euskal Errefuxiatu Politikoen Batzordeak ohar bat kaleratu zuen atentatuaren egunean bertan. "Sufritzen ari garen eraso andana honek Madrilgo gobernuak abiatutako eliminazio fisikorako soluzioari erantzuten dio; irakurketa zentzugabea eginez eta pentsatuz horrekin konponduko dituela Espainiako Estatuak aurrean dituen arazo larriak, eta horrekin geldiaraziko duela euskal nazioaren askapen mugimenduak Hego Euskal Herrian autogobernua eta benetako demokrazia lortzeko daraman borroka". Errefuxiatuen kolektiboaren hitzetan, "erasoak nora ezean egindako urratsak baino ez dira, jada zaila den egoera politikoa larriagotzen dutenak". Frantziako Gobernuari eskaria egin zioten, "errefuxiatuen kontrako jazarpen adimistratibo eta politikoa" amai zezan [berriki Panamara kanporatutako Jose Angel Urtiagaren kasua aipatzen zuen oharrak] eta arazoa "errotik" moztu zezan". "Gure errefuxiatu politiko izaera onar dezala, horrek berekin dakartzan eskubide guztiekin", eskatu zioten Mitterranden gobernuari.

    Perez Arenazaren bizilaguna zen errefuxiatu batek Egin-i azaldu zionez, atentatua baino ordu erdi lehenago motorzale bat ikusi zuen bere etxetik gertu, Pringler kalean. Bibotea zuen, eta kasko urdina zeukan jantzita. Emakumeak esan zuenak atentzioa eman zion, mokasin "oso garbiak eta distiratsuak" zeramatzalako. "Eta oinetako horiek ez dute oso ondo ezkontzen halako motor txikiak erabiltzen dituztenen irudiarekin". Motorzalea zegoen tokitik Perez Arenazaren etxea oso ondo ikusten zela zehaztu zuen emakumeak. Egin-en arabera, "oso litekeena da motorzalea etxetik atera zenetik atzetik izatea, tiro egiteko asmoz; baina, ez gasolindegi batean, ezin baitzuen geldialdi hori egingo zuenik aurreikusi, baizik eta stop batean edo semaforo batean".


    Miarritzen, bertan arratsaldean liskar gogorrak izan ziren, Polizia manifestarien kontra oldartu zenean. Laurehun bat lagun elkartu ziren hilketa salatzeko, eta horietako hiru atxilotu egin zituzten istiluetan. Ipar Euskal Herrian egindako mobilizazioez gain, Arrasaten ere, Perez Arenazaren herrian, manifestazioa egin zuten hilketa salatzeko. Arratsaldeko azken orduan, 1.500 lagun inguru elkartu ziren Severo Altube plazan, eta manifestazioa egin zuten herriko kaleetan zehar. Errefuxiatuaren eta ETAren aldeko oihuak egin zituzten. Manifestazioaren ostean, Arrasateko Udalak egin behar zuen osoko bilkurara joateko deia egin zieten herritarrei, HB koalizioaren eskariz mozio bat eztabaidatu behar zutela eta. Zazpi puntu zituen mozioak, eta atentatua arbuiatzeaz gain, errefuxiatuen kontrako jazarpena eta "Frantziako agintarien eta Espainiako Gobernuaren pasibotasuna" salatzen zuen. Osoko bilkura berean Pasaiako sarraskia salatzeko eskatu zuten.


    Jean Philippe Labade
    Jean Philippe Labade

    GALek egunean bertan hartu zuen bere gain Perez Arenazaren hilketa. Sud Ouest egunkariaren Donibane Lohizuneko egoitzara egin zuten deia, "frantses perfektua erabiliz, baina espainiar azentu arin batekin". Ekintza bere gain hartu, eta hauxe esan zuen deia egin zuenak: "ETAko terroristak garbitu egingo ditugu, ezkutatzen diren tokian ezkutatzen direla. Izango duzue gehiagotan GALen berri".


    Arenaza hiltzeagatik epaitutako hiru mertzenarioak Tomas Perez Revilla eta Ramon Orbe Etxeberriaren kontrako atentatua egin eta 24 ordura atxilotu zituzten. Jean Philippe Labade, Patrick de Carvalho eta Roland Sampietro 1984ko ekainaren 16an atxilotu zituzten, eta Paueko Auzitegiak 1988ko martxoaren 26an kaleratu zuen haien kontrako epaia. Bi hilketagatik -Xabier Perez Arenaza eta Tomas Perez Revilla- bizi guztiko zigorra ezarri zieten Labade eta Carvalhori, eta Sampietrori hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten, bi atentatuetako batean laguntzaile izan zelako. Epaiaren arabera, Carvalho hurbildu zen Perez Arenazarengana, eta hark egin zion tiro; Labaderi, berriz, mertzenarioen burua izatea egotzi zion epaimahaiak, eta horregatik zigortu zuten atentatuaren egile gisa. Atentatua egiteko motorra, epaiaren arabera, Miarritzen alokatu zuten, horretarako dokumentazio faltsua erabiliz; dokumentazio hori Carvalhoren etxean aurkitu zuen Poliziak, hura atxilotu ondoren.


    Carvalho eta Sampietro berehala hasi ziren euren zigorra betetzen, baina 1988an Labadek beste espetxe zigor bat zeukan aurretik bete beharrekoa. Portugalen lau urteko zigorra ezarri baitzioten, GALek herrialde hartan sortutako taldeko kide izateagatik. Jean Philippe Labade da Frantzian preso dagoen GALeko kide bakarra.


    Rafael Goikoetxea

    1984ko maiatzaren 3a

    Rafael Goikoetxea
    Rafael Goikoetxea

    GALek egindako hurrengo atentatuak eragin zuen, gainera, Rafael Goikoetxearen heriotza. Motorretik tirokatzea ondo atera zitzaiela eta ihes egiteko motorra ibilgailu egokia zela ikusita, hurrengoan ere modus operandi bera aukeratu zuen GALek. 1984ko maiatzaren 3an hil zuen GALek Rafael Goikoetxea 30 urteko hernaniarra, tiroz, eta larri zauritu zuten Jose Mari Zugarramurdi Kixkur, Goikoetxearekin zihoan 36 urteko errenteriarra. Arratsaldea zen, 17:00 inguru, eta Goikoetxea eta Zugarramurdi orduantxe atera ziren lantegitik. Arrosako Denek altzarigintza lantegian egiten zuten behar biek, eta handik Baigorrirako bidean ziren, han bizi baitziren biak. Atentatua gertatu zeneko tokia, ordea, bi herriguneetatik aparte zegoen, lekukorik edo atentatua zaputz zezakeen pertsonarik ager ez zedin.


    Lankide batek utzitako Dyanne 6 autoan zihoazen -lanean gelditu behar izan zuen lankide batena zen autoa, eta etxera itzultzeko utzi zien-; atzetik, abiadura bizian, potentzia handiko motor bat zetorrela ikusi zuten. Goikoetxeak zeraman autoa, eta ispilutik ikusi zuen. "Eta motor hori... nondik atera da motor hori!", esan zion Zugarramurdiri. Egin-en arabera, motorra euren autoaren parera iritsi zenean, atzean zihoan pertsona tiroka hasi zen. Biak jo zituen; Goikoetxeak autoaren kontrola galdu zuen, eta errepidearen eskuinera jo zuen. "Orduan ikusi ahal izan dut, ehun metro aurrerago, motorrak buelta hartu duela. Pentsatzen nuen hasitako lana amaitzera zetozela, gu hiltzera itzuliko zela. Orduan, ahal dudan guztia makurtu naiz beheraka [hildakoaren itxurak eginez], baina abiadura bizian pasatu dira berriro gure ondotik, eta Arrosako norabidean galdu ziren berriro", kontatu zion Zugarramurdik Egin-i atentatuaren egunean.


    Rafael Goikoetxearen hilketa, Egin-en.
    Rafael Goikoetxearen hilketa, Egin-en.

    "Bost bider tirokatu gaituzte, eta badirudi Rafari hiru jo dizkiotela eta niri bi. Zauritu dutela sentitu duenean, Rafak esan dit behin eta berriro, 'jo egin naute, jo egin naute'. Uste dut, bai bera eta bai ni, berehala konturatu garela zauriak oso larriak zirela, odol asko botatzen zuelako, batez ere bularretik". Zugarramurdiren hitzetan, motorra joaten ikusi bezain laster autotik ateratzen saiatu zen, laguntza bila joateko, baina ezin zen ibili, berari egindako tiroetako batek eskuineko femurra zeharkatu baitzion. Bestea ukondo batean jaso zuen. Zugarramurdi Baionako erietxera eraman zuten gero; larri zegoen, baina ez zuen hiltzeko arriskurik.


    Rafael Goikoetxea tirokatu zuten tokian bertan hil zen
    Rafael Goikoetxea tirokatu zuten tokian bertan hil zen

    Denek enpresako langile talde bat izan zen atentatuaren tokitik pasatzen lehena. Eta haiek artatu zituzten bi zaurituak, anbulantzia etorri bitartean. Izan ere, hasiera batean Goikoetxea bizirik zegoen, nahiz eta ez zuen anbulantzia etorri arte iraun; bospasei minutuan hil zen. Atentatua gertatu eta ordu erdi egon ziren anbulantzia etortzeko zain, Egin-ek jaso zuenez. Poliziak, berriz, hogei minutu behar izan zituen hara agertzeko; Egin-ek zenbaki horretan bertan jaso zuenez, atentatua egiteko erabili zuten motorraren zilindrada kontuan hartuta, ez lirateke hogei minutu baino gehiago behar Goikoetxea hil zuten tokitik Izpegiko gainean dagoen muga postura iristeko. GALeko kideek, beraz, denbora soberan izan zuten ihes egiteko.


    Egin -ek, bestalde, salatu zuen Poliziak halako gertakarietarako aurreikusitako Eclat operazioak -ingurua ixteko kontrolak ezartzea- "gehienez ordubete" iraun zuela. "Frantziako agintariek behin eta berriro esan arren Poliziak Eclat operazioa jarri zuela martxan, bi euskal errefuxiatuen kontrako atentatua gertatu eta bi ordu eta erdira, gertakarien tokitik Izpegirainoko errepidean ez zen Poliziaren arrastorik txikiena ere antzematen. Espainiako Poliziak Izpegin duen kontrol postuan, berriz, ohiko identifikazio eta miaketak ari ziren egiten". Egin-ek, bestalde, gertuen topatu zuten polizia kontrola atentatuaren tokitik 40 kilometrora zegoela argitaratu zuen. Frantziako Poliziak atentatuen egileak harrapatzeko zuen borondatea auzitan jartzen zen, behin eta berriro, atentatua joan eta atentatua etorri.


    Zugarramurdik berak eta motorra ikusi zuten beste hainbat lekukok esan zutenez, motorra potentzia handiko BMW bat zen; bi gizon zihoazen gainean, eta biak beltzez jantzita zeuden eta kasko gorria zeramaten. Zugarramurdiren arabera, atzean eserita zihoanak ile luzea eta horia zuen. Arrosako herritarrek ere ikusi zuten motor bera lehenago. Herrian egunez"jende arraroa" ikusi zutela zioten lekukoek, eta zenbaitek bat egiten zuten Zugarramurdik atentatuaren egileei buruz egindako deskribapenarekin. Beltzez jantzitako bi motorzale ikusi zituzten, eta haietako batek walkie-talkie igorgailu bat zeraman.


    GALek Sud Ouest egunkarira deitu zuen atentatua bere gain hartzeko. Egunkariak adierazi zuenez, frantsesez "oso ondo" hitz egiten zuen pertsona batek egin zuen deia, nahiz eta azentu espainiar arin bat antzematen zitzaion. GALen komunikatua irakurri zuen pertsona, ordea, erratu egin zen atentatuan hildako pertsonaren izena esatean, Rafael Goikoetxea esan beharrean Pedro Goikoetxea esan zuen -Rafael Goikoetxearen anaia zen Pedro Mari, eta ondorioz senideek oraindik zalantza dute haren bila joan nahi zuten, edo anaiaren bila-. Atentatuen gaineko komunikatuetan ohikoa bilakatu zen moduan, deia egin zuenak "entzungo duzue berriz GALi buruz" esanez amaitu zuen, atentatu gehiago iragarriz.


    Ikerketak

    Rafael Goikoetxea ElPais

    Poliziaren ikerketek ez zuten emaitza handirik eman, eta inoiz ez zuten inor atxilotu, baina Goikoetxea eta Zugarramurdi tirokatzeko erabilitako armaren munizioa 11,43 kalibrekoa zela jakinarazi zuten, "gaizkile eta hiltzaileen ohiko kalibrea", Bordeleko mafiaren esku aurkitu ohi zena. Hain zuzen ere, Jean Pierre Cherid, 1984ko martxoaren 19an bonba bat jartzera zihoala hildako GALeko kidea, Bordeleko mafiako kide zen, eta, haren etxean aurkitutako agiriei esker, Frantziako Poliziak, hainbat lagun atxilotu -forma akatsengatik libre utzi behar izan zituztenak-, eta GALen eta mafiaren inguruko harremanari buruzko zenbait puntu argitu zituen.


    Atentatua egiteko motorra atentatuaren biharamunean aurkitu zuten, hilketa gertatu zen tokitik kilometro gutxira. Frantziako Poliziaren arabera, bi egun lehenago lapurtu zuten Miarritzen.


    Beste aztarnarik ere egon zen kasuaren inguruan, nahiz eta horrek ere ez ondoriorik izan. Segundo Mareyren bahiketari buruzko ikerketan, Jose Amedo eta Michel Dominguez poliziek hainbat idatzi aurkeztu zituzten, 1994ko abenduan. Eskuz idatzitako paperak ziren, eta horietan atentatuak bere gain hartzen zituen GALek. Alegia, hedabideetara deitu aurretik prestatutako testuak ziren. Aurkeztutako idatzi horietako gehienek Mareyren bahiketari egiten zioten erreferentzia, baina beste bat bazegoen Rafael Goikoetxearen ingurukoa. Sud Ouest-era egindako deian erabilitako testua zen, eta paperean ere Rafael izenaren ordez Pedro zegoen idatzita. "Hemen GAL!", zioen agiri hark, "gure komandoetako batek ETAko terrorista bat, Pedro Mari Goikoetxea, exekutatu du, eta larri zauritu du Jesus Zugarramurdi Huici". Baltasar Garzonen aginduz -hark eraman baitzuen hasieran Mareyren kasua-, grafologoek idatzi hori aztertu zuten. Dominguezek aitortu zuen berak irakurri zuela agiria baina idatzia Planchuelorena zela.


    Miguel Planchuelo
    Miguel Planchuelo

    Dominguezek aitortutakoaren arabera, ohikoa zen GALen atentatuak Bilboko polizia etxetik aldarrikatzea, nahiz eta horietako batzuk ez izan handik gidatutakoak. Dominguezek kontatu zuenez, normalki, eta aurreko kasuetan hala gertatu zen, Francisco Alvarez Bilboko polizia etxeko buru nagusiak dei bat jasotzen zuen, eta irakurri beharreko komunikatua diktatzen zion Dominguezi. Miguel Planchuelo Espainiako Poliziaren Borroka Antiterroristarako Informazio Brigadako burua bertan egoten zela ere aitortu zuen. Egun horretan, ordea, Dominguez berandu iritsi omen zen lanera, eta komunikatua berak idatzi beharrean, Planchuelok idatzi behar izan zuen.


    Planchuelok onartu behar izan zuen agiri horretako testuak antza handia zuela bere hizkiarekin, baina ez zela oroitzen inoiz hori idatzi zuenik. Grafologoek baieztatu egin zuten idatzia Planchuelorena zela. Hari horrek, ordea, ez zuen inora eraman. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek sumarioa ireki zuen hilketa hau argitzeko (19/95 sumarioa), baina kasua 1999an itxi zuen.


    Mobilizazioak eta zaurituak

    GALen atentatua salatzeko mobilizazio ugari izan ziren Euskal Herri osoan, baina batik bat Goikoetxearen eta Zugarramurdiren jaioterrietan, Hernanin eta Errenterian, hurrenez hurren. Hernanin, esaterako, sozialisten egoitzari harriekin eraso zioten. Aurretik manifestazioa egin zuten Goikoetxearen hilketa salatzeko, eta PSE-EEren egoitzara hurbildu zirenean harriak botatzen hasi ziren. El País-en arabera, gertatutakoaren lekuko izan ziren Hernaniko zenbait herritarrek kontatu zuten sozialisten egoitzan zegoen norbaitek pistola atera eta tiro egin zuela. Lekukoek uste zuten hautetsi sozialistak babesten zituzten bizkartzainetako bat izan zela tiro egin zuena. Hernaniko sozialistek ukatu egin zuten hori horrela izan zela. Hori gertatu ostean, Guardia Zibila arduratu zen hurrengo orduetan sozialisten egoitza zaintzeaz. Errenterian ere izan ziren istiluak. El País-en arabera, Jesus Maria Gurrutxaga alkate sozialistaren bizkartzainek airera tiro egin zuten udaletxera bildutako manifestazioa desegiteko asmoz.


    Goikoetxearen gorpua maiatzaren 5ean eraman zuten haren jaioterrira, eta haren hil kapera Hernaniko udaletxeko batzar aretoan jarri zuten, herritarrek bisita zezaten. Etxerako bidea, ordea, ez zen istilurik gabea izan. Eguerdian, 13:00 inguruan, Espainiako Polizia gogor oldartu zitzaien Hendaia eta Irun artean gorpuari harrera egiteko bildu ziren herritarrei, eta zortzi lagun zauritu zituzten. Horietako lau Donostiako Gurutze Gorrian artatu behar izan zituzten. Hernaniko udalbatzaren erabakia izan zen gorpua udaletxean jartzea, baita gorpua etxeratzeko gastuen kargu egitea ere.


    Hileta elizkizunak eta ehorzketa, berriz, maiatzaren 6an egin zituzten, eta HBren deialdiari jarraituz, ehunka lagun elkartu ziren Goikoetxeari azken agurra emateko; El País-en arabera, 3.000 lagunek parte hartu zuten hiletetan. Udaletxetik elizarako bidean gorpua herriko plazan jarri zuten hogei bat minutuz, eta han aurreskua dantzatu zioten. Bozgorailuetatik negoziatzeko beharra aipatzen zuten bitartean, herritarrek ETAren aldeko oihuak eta GALen, PSOEren eta Poliziaren kontrakoak egin zituzten. Sei apaizek eman zuten Goikoetxearen aldeko meza, San Juan Bataiatzailearen elizan, eta Goikoetxearen lagunek eraman zuten hil kutxa bertaraino. El País-eko kronikaren arabera, ETAren anagrama eta ikurrina zeramatzan gainean hil kutxak, eta elizara sartu aurretik anagrama kendu egin zuten.


    HBk Espainiako Estatua egiten du erantzule

    Herri Batasuneko Mahai Nazionalak adierazpen politiko bat egin zuen Rafael Goikoetxea hil zuten egun berean. Espainiako Estatuaren aparatuei egotzi zien GALen sorrera. "Inolako momentutan HBk ez du pentsatu Frantziako Poliziak GALekin lotuta egin dituen atxiloketekin euskal errefuxiatuen kontrako ekintzak desagertuko zirenik. Aitzitik, beti ulertu izan dugu mota honetako erakunde bat ez dela soilik mertzenarioekin elikatzen; bere adarrak estatuaren botere aparatuetaraino iristen dira -hor baitaukate jatorria-, eta horrek bermatzen die, ez bakarrik jarraipena izatea, baita talde horien inpunitatea ere". HBk hainbat kasu aipatu zituen adibide gisa: Larretxe Goñiren bahiketa saioan parte hartu zuten lau polizien atxiloketa, Leiba hil ondoren atxilotutako lau mertzenarioen guardia zibil bati eta "Madrilgo ordezkari" bati egindako erreferentzia; Bordeletik bueltan atxilotutako CESIDeko lau kide... "HBrentzat dena oso argi dago. Estatuan boterea dutenek nahiago dute suntsiketarekin jarraitzea, euskal gatazkari konponbide duina ematea baino".

    Hurrengo egunean greba orokorra egin zuten Hernanin, eta ia erabateko erantzuna izan zuen. Errenterian ere izan ziren protestak. Istilu larriak izan ziren, gainera, Errenterian. Espainiako Poliziak tiroka erantzun zien manifestariei, eta 23 urteko Josetxo Portu Espina oiartzuarra zauritu zuten. Gibelean egin zioten tiro gazteari, eta Donostiako ospitalean egin zioten ebakuntza. Gobernu Zibilak gertatutakoaren harira kaleratutako oharrean zioenez, manifestazioaren ondoren oxigeno likidoa zeraman kamioi bat gurutzatu zuten Errenteriako Biteri kalean, eta bizilagun batek Poliziari deitu zion gertatutakoaren berri emateko. Gobernu Zibilaren oharraren arabera, "manifestariek ezagutu egin zuten [Poliziaren auto kamuflatua] eta ondoren inguratu egin zuten, autoari hainbat kalte eraginez. Funtzionarioak behartuta sentitu ziren euren legezko armekin tiro egitera, jendea beldurrarazteko... Tiroetako batek manifestarietako bat jo zuen, Jose Portu Espina".


    Tomas Perez Revilla

    1984ko ekainaren 15a

    Tomas Perez Revilla
    Tomas Perez Revilla

    GALen hurrengo hilketa ere motor bat erabilita egin zuten. Baina, kasu horretan, ez zen motorra bertatik tiro egiteko erabili, motorrean bonba bat ipini eta urrutitik leherrarazteko baizik. 1984ko ekainaren 15a zen, eta Tomas Perez Revilla eta Ramon Orbe Miarritzeko Du Haou tabernatik atera berri ziren. Errefuxiatuen topaleku izaten zen taberna hori. Parean aparkatuta zegoen Kawasaki motorraren ondotik pasatu zirenean, leherketak bete-betean harrapatu zituen. Eztanda hain handia izan zen, 50 metrora zeuden etxeetako kristalak ere apurtu zituen, eta gutxienez beste sei lagun zauritu zituen, ospitalean artatzeko moduan. Baina kalte latzenak Tomas Perez Revillak eta Ramon Orbek sufritu zituzten, gorputzean erredura larriak baitzituzten. Perez Revilla atentatua gertatu eta 43 egunera hil zen, Bordeleko erredura larrien unitatean.


    17:40 inguru ziren atentatua gertatu zenean. Perez Revilla eta Orbe tabernatik atera ziren, eta Gambetta kalearen eta Carnot etorbidearen arteko bidegurutzean zeudela, aldamenean zuten Kawasaki motorrak eztanda egin zuen. Leherketa, zantzu guztien arabera, urruneko kontrolarekin egin zuten. Hain zuzen ere, Egin-ek lekuko batekin hitz egin zuen horri buruz. Haren arabera, inguruan potentzia handiko beste motor bat ikusi zuen, eta motorrean zeuden bi pertsonetako bat "objekturen bat manipulatzen" ari zen. Leherketa gertatu eta berehala alde egin zutela azaldu zion Egin-i lekukoak.


    Tomas Perez Revilla

    Leherketa bi errefuxiatuak motorretik oso hurbil pasatzen ari ziren unean eragin zuten, eta bete-betean harrapatu zituen. Kalte larrienak, halere, ez zizkien eztandak eragin, leherketaren ondorioz motorraren gasolina andelean gertatutako suteak baizik. Leherketak lurrera bota zituen arren, biak euren kabuz altxatu ziren lurretik, eta handik urruntzen saiatu ziren. Haien gorputz eta arropak sutan zeuden, baina biak gai izan ziren oinez hainbat metro egiteko, beste errefuxiatu talde batek gorputzeko sua itzaltzen lagundu arte. Erredura larriak zituzten biek, eta nahiz eta hasieran, Egin-en arabera, Orbe larriago zegoela zirudien, Perez Revilla hil zen zaurien ondrioz, 1984ko uztailaren 28an.


    Tomas Perez Revilla (eskuinean)
    Tomas Perez Revilla (eskuinean)
    Indar handiko leherketa izan zen
    Indar handiko leherketa izan zen.
     

    Bi zaurituak Janot-en tabernan artatu zituzten lehenik -hara joan baitziren atentatua sufritu ostean-. Handik, anbulantzian, Baionako Ospitalera eraman zituzten, eta han premiazko sendaketa egin zieten eta esterilizatutako gela berezietan sartu zituzten. Baina, Baionan erredura larrien unitaterik ez zegoenez, Bordelera eraman zituzten gero, helikopteroz. Egin-en arabera, bi errefuxiatuak une oro egon ziren esna, konorterik galdu gabe eta begiak irekita.


    Tomas Perez Revilla, Egin-en.
    Tomas Perez Revilla, Egin-en.

    Leherketa oso handia izan zen, eta motorrean piztutako suteak aldameneko bi auto ere guztiz kiskali zituen. Du Haou tabernako kristala ere txikitu egin zuen eztandak, baita 50 metroko diametroan zeuden etxe askotako leihoak ere. Gutxienez sei zauritu artatu behar izan zituzten erietxean, puntuak emateko: Du Haou tabernako bi zerbitzari eta lau bezero. Hautsitako kristalek eragindako zauriak zituzten guztiek.


    Martxoan Jean Pierre Cherid GALeko kidea hil zen lekutik 150 metro eskasera izan zen Perez Revilla hil zen atentatua. Cherid ere bonba bat jartzen ari zela hil zen, manipulatzen ari zen lehergailuak eskuetan eztanda egin ostean. Cheridek egin asmo zuenak huts egin ostean, GALek bonba batekin egiten zuen lehen atentatua izan zen Perez Revilla eta Orberen kontrakoa. Bi atentatuak euskal errefuxiatuak ibiltzen ziren tokietan prestatu zituzten. Egin-ek "atentatu indiskriminatu" hark izan zitzakeen ondorioak azaldu zituen biharamuneko kronikan. "Atentatuak hondamendi handi bat eragin zezakeen, gertatu zen ordua eta inguru horretan ibiltzen den jende kopurua kontuan hartuta".


    Barrionuevoren esanak

    Jose Barrionuevo

    Egin-ek Jose Barrionuevo Barne ministroaren hitzak nabarmendu zituen egun horretan, Espainiako Gobernuak gerra zikinarekin zuen harremana baieztatzeko zantzu bat gehiago ematen zuelakoan. "Leherketa kontrolgabe bat?" tituluaren azpian, honela zioen Egin-en testuak: "Miarritzen atzo arratsaldean gertatutako azken atentatu izugarriak Barrionuevoren deklarazio bat izan du, opari moduan. Gaizkile trama honen inguruan aitortu ezinak diren loturak berriro agerian jarri ditu. Efe agentziaren arabera, Barne ministroak uste du 'ekintza hau Frantzia eta Espainiako gobernuetako barne ministerioek dituzten lankidetza hitzarmenen kontrako atentatua' dela. Esaldi horretatik ateratzen diren ondorioak agerikoak dira, eta gure irakurle buruargiek jakingo dute interpretatzen. Izan ere, agian hitzartua zuten aurrerantzean GALen ez zuela gehiago esku hartuko? Ekintza honen kontrolik ezak esan nahi du aurrekoak kontrolatutakoak zirela? Noski, gure galderek erantzunik gabe jarraituko dute, baina gauzak honela daude, gero eta argiago".

    Perez Revillaren eta Orberen kontrako atentatuaren ondotik, Frantziako Poliziak ez zuen Eclat delako operazioa martxan jarri, baina atentatua gertatu eta 24 ordura lau pertsona atxilotu zituzten: Jean Philippe Labade, Patrick de Carvalho, Roland Sampietro eta Jean Pierre Bounin.


    Perez Arenaza

    Eta haietako hiruri espetxe zigorra ezarri zien Paueko Auzitegiak 1988ko martxoaren 26an -Bounin absolbitu egin zuten, "froga materialik" ez zegoelako-. Perez Revilla hiltzeaz gain, Xabier Perez Arenaza hiltzea ere (1984ko martxoaren 23an) egotzi zieten hiru mertzenarioei. Labaderi eta Carvalhori bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zieten, bi hilketa delitu leporatuta, eta Sampietrori Perez Revillaren hilketan laguntzaile izateagatik jarri zioten hogei urteko zigorra. Epaitu zituztenean, Labade Portugalen ezarritako espetxe zigorra ari zen betetzen. GALeko kide izateagatik eta Portugalgo mertzenarioen taldean parte hartzeagatik, lau urteko zigorra jarri zioten han. Behin-behineko estradizioa onartu zuen Portugalek, Labade Frantzian epaitua izan zedin, eta epaitu ostean Portugalera itzuli zuten zigorra betetzera. Egun, Frantzian dago preso, Paueko Auzitegiaren zigorra betetzen.


    Perez Revilla hiltzeagatik atxilotutako mertzenarioak. Tartean, Jean Philippe Labade, larruzko jakarekin ageri dena
    Perez Revilla hiltzeagatik atxilotutako mertzenarioak. Tartean, Jean Philippe Labade, larruzko jakarekin ageri dena.

    Mobilizazioak eta hiletak

    Perez Revilla eta Orberen kontrako atentatuagatik protesta egiteko, mobilizazio andana egin zen Euskal Herri osoan. Egun berean, gainera, ETAko bi militante -Agustin Arregi Perurena eta Juan Luis Lekuona- hil zituen Guardia Zibilak, eta bi gertaerak batzeak tentsioa areagotu egin zuten mobilizazioetan. Bestalde, Perez Revilla hil ostean, berriro errepikatu ziren mobilizazio eta istiluak. Perez Revilla Donibane Lohizunen lurperatu zuten, hark egindako eskaerari jarraiki. "Nire gorpua Iparraldean gelditzea nahi dut, mugaz gaindi dagoen Euskal Herria aldarrikatu behar baita".


    Consolation taberna

    1984ko uztailaren 10ean

    GALek berriro ere errefuxiatuak ibiltzen ziren toki bat aukeratu zuen atentatu bat egiteko 1984ko uztailaren 10ean. Miarritzen egin beharrean, Donibane Lohizunen egin zuten hurrengo atentatua, eta berriro ere leherketa bidezko atentatua izan zen. Consolation tabernan jarri zuten bonba -taberna berean beste atentatu bat egin zuen GALek 1986ko otsailaren 13an-, eta hiru lagun zauritu zituzten: Jose Oliva, Bonifacio Garcia eta Juan Jauregi. Donibane Lohizuneko poliklinikara eraman zituzten hirurak.


    Consolation taberna, Egin-en.
    Consolation taberna, Egin-en.

    Astearte gaua zen, eta Consolation taberna, txikia izan arren, beteta zegoen. Lekukoek ziotenez, harrigarria izan zen zerbait larriagoa ez gertatzea eta bonbak inor ez hiltzea. 23:20an bota zuten lehergailua taberna barrenera. Egin-ek jasotakoaren arabera, lekukoek honako kontakizun hau egin zuten gertatutakoaren inguruan: "Burua kaskoarekin estalia zuten bi pertsona zeramatzan motor beltz bat aparkatuta egon zen denbora batez, argiak itzalita, Sopitte kalearen kantoi batean, Consolation tabernatik hogei metrora baino gutxiagora. CRSen R-5 autoa pasatu zen bertatik, poliziak taberna inguruan egin ohi dituen zaintza lan ohikoen barnean, eta orduan, aipaturiko bi pertsonak, motoa martxan jarri, eta Consolationeko beirategira inguratu ziren. Haietako batek, motorretik jaitsi, eta lehergailua bota zuen taberna barrenera; dirudienez, metxa geldokoa deitzen duten lehergailu bat zen. Kristala apurtu ostean, lehergailuak Jose Luis Oliva Gallastegi errefuxiatuaren bizkarrean jo zuen, eta lurrean kolpea jotzearekin batera zartatu zen".


    Oliva izan zen, hain zuzen ere, zauritu larriena. Bonba oso gertu lehertu zitzaion, eta hanketako batean zauri irekia zuen. Donibane Lohizuneko poliklinikara eraman zuten sendatzera; ebakuntza egin zioten, eta hiru hilabete behar izan zituen osatzeko. Beste bi zaurituen egoera ez zen hain larria izan. Taberna osorik suntsitu zuen leherketak, eta bertan zeuden guztiek izan zuten kristalekin egindako zauriren bat edo beste, nahiz eta ospitalean artatu behar ez izan. Zerbitzarietako batek, leherketaren tamaina irudikatu nahian, honela azaldu zion Egin-i: "Irratia, normalki sarreran egon ohi dena, sukaldean agertu zen".


    Poliziak hainbat orduz eduki zuen itxita taberna, eta ez zion inori gerturatzen utzi. Erabilitako lehergailua aztertzen ibili ziren artezilariak, baina ezer gutxi aurkitu zuten. Izan ere, atentatu horrekin lotuta ez zuten inoiz inor atxilotu, eta ikerketa judiziala berehala itxi zuten.


    Etxabe taberna

    1984ko abuztuaren 23a

    Uda bero hartan, tabernak izan ziren GALen jomuga nagusietako bat, eta 1984ko abuztuaren 23an, Baionan, Juan Jose Etxabe errefuxiatuaren familiaren tabernari eraso zioten. Metrailetarekin egin zuten atentatua, eta taberna barrenera hainbat tiro egin zituzten. Erasoan ez zen inor hil, eta lau bezerok zauri arinak pairatu zituzten. Juan Jose Etxaberen familiarentzat ez zen berria gerra zikinaren hatzamarkada sufritzea. Izan ere, 1978ko uztailean Batallon Vasco Español taldearen atentatua sufritu zuten Etxabek eta haren emazte Agurtzane Arregik, Donibane Lohizunen. Etxabe ETAko kide izana zen, baina ordurako utzia zuen bere militantzia. Errefuxiatua emaztearekin zihoan autoan TripleA-ko komando batek tirokatu zituenean. Armaren kargagailua hustu zuten tiroketan, eta Agurtzane Arregi momentuan bertan hil zen. Etxaberen anaia, bestalde, Guardia Zibilak hil zuen 1975ean.


    Atentatua ez zen inoiz argitu, eta ez zuten inor atxilotu Etxabe tabernako tiroketagatik. Hala ere, atentatua gertatu eta hilabete eskasera, irailaren 21ean, Frantziako Poliziak GALeko bi kide atxilotu zituen Miarritzen. GALeko kideak ekin aurretik atxilotu zituzten aldi bakarrenetako bat izan zen. Andres Vicente Garcia -espainiarra- eta Jean Pierre Dauri -Frantziako legionario ohia- izan ziren atxilotutakoak, eta Patrick de Carvalhori atzemandako informazioarekin lotu zuten operazioa. Carvalho Xabier Perez Arenaza eta Tomas Perez Revilla hiltzeagatik zigortu zuten bizi osoko kartzelara, 1988an. Fusil bat, ehizarako eskopeta manipulatu bat eta pistola bat atzeman zizkien poliziak Dauriri eta Garciari, eta eurak zihoazen autoak matrikula faltsua zeraman. 1985eko apirilean epaitu zituzten, eta bost urteko zigorra jarri zieten gaizkile talde bateko kide izan, auto bat lapurtu eta armak eramateagatik. Ez zieten ekintza zehatzik leporatu.


    1984ko uda eta estradizioak

    Lehergailuekin egindako azken atentatuek beldurra are gehiago zabaldu zuten errefuxiatuen artean; tabernetan bereizkuntzarik gabeko atentatuak hasi ziren egiten, eta hor edozein eror zitekeen; ez bakarrik errefuxiatuak, bai eta haien senitartekoak, bikotekideak, seme-alabak, lagunak... edonor. Baina errefuxiatuei, aldi berean, beste fronte bat ireki zitzaien, Frantziako Gobernua errefuxiatuen estradizioekin hasi baitzen, Espainiako Gobernuak egindako eskaerari jarriki.


    Espainiako komunikabideak 1984ko ekainaren hasieran hasi ziren Frantzia eta Espainiaren arteko akordioa iragartzen. "Frantzian etakiderik bizi ez dadin lortzeko formulak negoziatuko dituzte hilabete honetan Madril eta Parisko gobernuek", iragarri zuen El País-ek ekainaren 11n, Espainiako Gobernuko iturriak aipatuz. Handik bi egunera, "Frantziako santutegiaren itxiera", zioen egunkari bereko beste titulu batek, etortzear zegoen akordioa iragarriz berriro ere. Gaston Defferre Frantziako Barne ministroa Madrilera joan zen ekainaren 14an, eta bisita horren emaitzak esperotakoak ziren. Frantzia eta Espainiako Barne ministroen ohar bateratua ekainaren 15ean iritsi zen -GALek Tomas Perez Revillaren eta Roman Orberen kontrako atentatua egin zuen egun berean-, eta Defferreren hitzek ederki laburbiltzen zuten akordioaren edukia: "Frantziak ez du onartuko inork, iraganean Frantziaren abegikortasunaz baliatu zirenengandik hasita, Frantziako Zuzenbideko arauen kontra egiterik, ez eta Espainiako eta Frantziako demokraziak batzen dituen elkartasun eta laguntasunaren kontra jarduterik ere".


    "Frantziak ez du onartuko inork, iraganean Frantziaren abegikortasunaz baliatu zirenengandik hasita, Frantziako Zuzenbideko arauen kontra egiterik, ez eta Espainiako eta Frantziako demokraziak batzen dituen elkartasun eta laguntasunaren kontra jarduterik ere"/ Gaston Defferre
     

    Uda eta uda ostea oso beroak izan ziren Ipar Euskal Herrian. Frantziako Poliziak zazpi lagun atxilotu zituen uztailean, Espainiako auzitegiek Interpoli egindako eskaerei erantzunez. Lehen atxiloketa -Jose Miguel Galdosena- uztailaren 4an izan zen, Hendaian, eta uztailaren 11n izan ziren hurrengoak -Francisco Alberdi Begiristain eta Luziano Eizagirre-. Hilabetea amaitzerako zazpi ziren nazioarteko bilatze eta atxiloketa aginduei esker atxiloturiko errefuxiatu eta etakideak: aurrekoez gain, Pakito Lujanbio, Garlos Garcia Ramirez, Jose Manuel Martinez Beiztegi eta Gotzon Castrillo ere izan ziren atxilotuak.


    Lujanbio, Garcia eta Martinezen kontrako estradizio epaiketa
    Lujanbio, Garcia eta Martinezen kontrako estradizio epaiketa.

    Nazioarteko atxilotze agindua betetzeko erabakiarekin, ekaineko akordioa gauzatzeko lehen urratsa egin zuen Mitterranden gobernuak. Hurrengo urratsa Paueko Auzitegiak egin behar zuen, zazpi euskal herritarren kontrako estradizio epaiketarekin. Estradizio auziei oraindik erantzun judizialik eman ez zitzaien arren, Frantziako Gobernuaren jarrera aldaketa jada bazen pauso bat, eta Espainian jada hasi ziren esker ona agertzen. Argiena, beti bezala, Manuel Fraga Alianza Popular alderdiko presidente eta oposizio burua izan zen. GALen sorrera "une egokian" etorri zela esan zuen. ETAren kontrako borrokan Espainia eta Frantziaren arteko lankidetza "asko hobetu" zela iritzi zion: "Mitterrand konturatu baita bere herria terroristen aterpe dela".


    Abuztuaren 9an egin zuen Paueko Auzitegiak lehen estradizio epaiketa, eta abuztua amaitzerako zazpi atxilotuak estradizioaren zain zeuden. Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministroa estradizio epaiketaren ostean mintzatu zen Frantziaren jarrera aldaketaren inguruan. Estradizioak gauzatuko zirela eta horretan konfiantza osoa zuela esan zuen Barrionuevok, Frantziako Gobernuak oniritzia emango ziela Pauek onartutako estradizioei.


    Uste bera zuten zazpi errefuxiatu presoek ere. Hala, abuztuaren 24an egarri greba hasi zuten, eta irailaren 9an gose greba, Frantziako Gobernuaren erabakian eragin nahian. Fresnesko kartzelan zituzten preso, eta euren protesta muturreraino eramateko prest zeuden. Estradizioen kontrako eta atxilotutako zazpi kideen aldeko mobilizazio eta protestak ugaritzen joan ziren Ipar zein Hego Euskal Herrian, eta Hegoaldean interes frantsesen kontrako erasoak ere gertatu ziren. Anai Artea euskal errefuxiatuen aldeko taldeak GALen lankide izatea egotzi zion Frantziako Gobernuari, eta Herri Batasuneko ordezkariak ere oso gogor mintzatu ziren Frantziaren jarrera aldaketaren harira. "Euskal herritarren haserrearen ondorioak Frantziako Gobernuaren erantzukizuna izango dira, soil-soilik", esan zuten Txomin Ziluagak eta Jon Idigorasek, prentsaurreko batean. "Euskal Herria jada kalean da, eta estradizioek eragindako haserreak inoiz ikusi gabeko neurria izan dezake, baina erantzulea beti Frantziako Gobernua izango da, Espainiako Gobernuak eskatutakoari men egiteagatik".


    "Euskal Herria jada kalean da, eta estradizioek eragindako haserreak inoiz ikusi gabeko neurria izan dezake, baina erantzulea beti Frantziako Gobernua izango da, Espainiako Gobernuak eskatutakoari men egiteagatik"/ Jon Idigoras
     

    Kontrako iritzien artean, ezohiko ahotsak ere altxatu ziren. Izan ere, Mitterranden alderdikide denak ez ziren estradizioen aldeko. Lionel Jospin -1997tik 2002ra Frantziako Lehen ministro izango zena- PSko lehen idazkaria zen garai hartan, eta estradizioen kontrako agertu zen. Estradizioaren zain zeuden zazpi presoen aldeko sinadura bilketa ere egin zuten uda horretan, Munduko Herrien eta Nazioen Kartaren Koordinakundeak sustatuta. 250.000 sinadura bildu zituzten. Joseba Goñi Herria2000Eliza aldizkariko zuzendari eta sinadura bilketaren sustatzaileak "paregabetzat" jo zuen izandako oihartzun eta erantzuna. Haren arabera, horrek erakusten zuen Euskal Herriak "benetako bakea" nahi zuela eta ez ziela uko egin nahi "bere berezko eskubideei".


    Estradizioaren zain zeuden presoen osasuna, egunek aurrera egin ahala, gero eta okerragoa zen, eta Paueko Auzitegiak aurreratu egin zuen haiek jarritako helegiteak aztertzeko data. Urriaren 15erako aurreikusita zegoen auzi saioa irailaren 21era aurreratu zuen, eta berehala berretsi zuen estradizioen aldeko epaia. Pilota Mitterranden gobernuaren teilatuan zegoen, eta horrek erdibideko erabaki bat hartu zuen 1984ko irailaren 23an. Pauek onartutako zazpi estradizioetatik hiru jo zituen ontzat -Pakito Lujanbio, Jose Manuel Martinez Beiztegi eta Carlos Garcia Ramirezena-, eta, beste lauren kasuan, Espainiaratu beharrean, deportatzea erabaki zuen. Togora deportatu zituzten.


    Irailaren 27an estraditatu zituzten Lujanbio, Martinez Beiztegi eta Garcia Ramirez. Madrilen, Carabanchelko kartzelako ospitalean sartu zituzten hirurak, gose greba bi egun lehenago amaitu zuten arren oso ahul baitzeuden. Handik Alcala-Mecora bidali zituzten.


    Frantziako Gobernuak urrats kualitatibo bat egin zuen hiru estradizioak onartzean, eta errefuxiatuak beldur ziren pauso horrek jarraipena izango ote zuen. Kate luze baten hasiera izan zitekeelakoan zeuden, eta horrek kezka eragiten zuen. Kate luze horrek, ordea, ez zuen jarraipenik izan 1986ra arte. Orduan, baina, ez zegoen hori jakiterik, eta errefuxiatuen kolektiboak, GALen ekintzek eragiten zuten segurtasunik ezaz gain, itzal hori ere gainean izan zuen aurrerantzean.


    GALek ere ez zuen konfiantzarik Frantziaren jarrera aldaketan, eta aurrera jarraitu zuen atentatuekin. GALen ekintza horiek ez ziren guztiz eten Frantziak bere jarrera aldaketa eta errefuxiatuen kontrako politikarekiko konpromisoa guztiz berretsi eta bermatu arte.


    Christian Olaskoaga

    Christian Olaskoaga
    Christian Olaskoaga

    Baina eten bat egon, egon zen. Estradizio gehiagoren esperoan-edo, abuztuaren 23ko atentatutik azaroaren 18ra ez zen GALen ekintzarik izan. Gauza da Frantziako Gobernuak ez zituela estradizio gehiago onartu. Eta GALek bere jardunari ekin zion berriro. Biriatun egin zuen hurrengo hilketa, herriko festak zirela. Christian eta Claude Olaskoaga anaiak tirokatu egin zituzten, eta Christian hil egin zuten -22 urte zituen-. Dantzariak ziren Olaskoaga anaiak, Ziburukoak, eta ez zuten inolako harremanik ez ETArekin, ez eta errefuxiatu giroarekin edo abertzaleekin.


    Egin -en arabera, Biriatun festak ziren eta Urkok kontzertua eskaini zuen egun horretan. Jende asko bildu zen emanaldira, baina Olaskoaga anaiak kontzertua amaitu ondoren iritsi ziren Biriatura, goizaldeko 01:30ean. Ordurako hutsik zegoen aparkalekuan autoa utzi, eta herriko plazara joateko asmotan ziren, baina bat-batean bi pertsona hurbildu zitzaizkien, pistola bana eskuetan. Eurei begira jarri zituzten armak, tiro egiteko keinua eginez, baina bi anaiek txantxa bat zela pentsatu zuten hasieran. Egin-en arabera, Claude Olaskoagak kontatu zuen erasotzaileetako batek bultzatu eta lurrera bota zuela eta, une horretan, beste erasotzaileak bularrean egin ziola tiro anaiari. Christian Olaskoagari tiro egin ostean, lurrean zegoen Claude tirokatu zuen, baina ordurako hura zutik jarri zen, eta ihesean zihoan. Tiroak eskuineko hankan jo zuen.


    Christian Olaskoaga, Egin-en.
    Christian Olaskoaga, Egin-en.
     

    Zaurituta, Claude Olaskoagak korrika jarraitu zuen Biriatuko plazako taberna batean sartu zen arte. "Christian tirokatu dute, ez da mugitzen, lurrean dago". Christian Olaskoaga unean bertan hil zen, emandako tiroaren larritasunagatik. Haren anaia, berriz, anbulantzian eraman zuten erietxera, eta handik etxera.


    Egun hartako Egin-en arabera, Frantziako Poliziak atentatuaren tokia miatu zuen, eta Smith Wesson pistola bat aurkitu zuen bertan. Kargagailua beterik zuela argitu zuen Poliziak eta, ondorioz, ez zela hori izan Olaskoaga anaiak tirokatzeko erabilitako arma. El País-ek, berriz, mota bereko arma bat aipatzen zuen, baina, Madrilgo egunkariaren arabera, arma horren bala zorroak aurkitu zituzten, eta ez arma bera. Armaz gain, atentatuaren tokitik hurbil auto bat aurkitu zuen Poliziak. Autoa, R-6 bat, bertan utzita zegoen, eta Zornotzan lapurtua zen. Atentatuaren biharamunean erretiratu zuten autoa, ustez atentatuaren egileek erabilitakoa. Egin-ek, bestalde, salatu zuen atentatuaren ostean Poliziak ez zuela inolako kontrolik ezarri eta ez zuela biderik itxi. Atxiloketarik ere ez zuten egin, ez egun horretan bertan, ez geroago.


    Christian Olaskoaga, Egin-en.
    Christian Olaskoaga, Egin-en.
     

    Olaskoagaren hilketan oso tratamendu berezia izan zuen Frantziako komunikabideetan, GALen beste atentatuekin alderatuz gero. Poliziak hasieratik esan zuen akatsa izan zela bi gazteen kontrako erasoa, eta hedabideetan oihartzun handia izan zuen gertaerak. Hala, Ziburuko Herri Taldeak gogor salatu zuen komunikabideen jokabidea, hildakoen artean ezberdintasunak egiteagatik. Haren arabera, jarrera horrekin atentatu batzuk "justifikatuagotzat" jotzen dituzte komunikabideek: "Badirudi abertzale izatea, batzuentzat, justifikazio nahikoa dela atentatuen biktima izateko". Christian Fando abokatuak BERRIAri esanikoaren arabera, egia da Frantziako komunikabideek apenas egiten ziotela kasu GALen aferari, ez atentatuak izaten zirenean ezta auzitegietan norbait zigortzen zutenean ere. "Gero bai, etorri izan zaizkigu informazio eske, edo elkarrizketa eske. Horrelakoetan nik beti pentsatzen dut, 'eta zuek, non zeundeten garai hartan?'".


    GALek ez zuen bere gain hartu atentatua, baina Poliziak berehala lotu zuen Christian Olaskoagaren hilketa GALekin. Bi anaien kontrako erasoa akatsa izan zela zen Poliziaren hipotesia. Akatsak akats, halako hilketek eragin zuzena zuten errefuxiatuengan. Izan ere, GALen ekintzek edonor jo zezaketela ikusita, ipar euskal herritar askok nahiago zuten errefuxiatuak ibiltzen ziren giroetan ez ibili, ostalari batzuek nahiago zuten errefuxiatuak euren lokaletan ez sartzea, zenbait herritarrek nahiago zuten euren umeak errefuxiatuen seme-alabekin ez ibiltzea... GALen atentatuen biktima izatearen beldurrari ez ezik, ordu arte Iparraldean sentitu izan zuten herritarren babesa pixkanaka galtzen joateari ere aurre egin behar izan zioten. Ziburuko Herri Taldeak hori ere salatu zuen. "Euskal Herriaren etsaiek beldur giroa ezarri nahi dute Ipar Euskal Herrian, askapen borroka amai dadin".


    Errefuxiatuen artean edo giro abertzalean mugitzen ez ziren arren, Olaskoaga anaien kontrako atentatuari erantzuteko eta GALen jarduna salatzeko mobilizazioak egin zituzten Ipar Euskal Herrian. Atentatuaren egunean bertan, Ziburun, batzarra egin zuten, eta hurrengo egunerako kontzentraziora deitzea erabaki zuten. Biharamunean, 18:30ean, 300 lagun elkartu ziren, Ziburuko plazan, gertatutakoa salatzeko. Ondoren, manifestazioa egin zuten Ziburuko kaleetan zehar, ikurrina aurrean hartuta, eta Olaskoaga anaien etxe parera iristean, geldialdia egin zuten. Aurreko egunean ez bezala, Ziburun kontrol ugari jarri zituen Poliziak egun horretan, eta manifestazioa ere estuki kontrolatu zuten. Egin-en arabera, jendarmeek autobus bat mugitu zuten Ziburu eta Donibane Lohizune banatzen dituen zubira, eta, manifestazioaren ondoren, Ziburutik Donibanera zihoazen auto guztien matrikulak hartu zituzten.


    Frantzian ez zuten inoiz inor atxilotu Christian Olaskoaga hiltzeagatik, baina Espainiako Auzitegi Nazionalean bai ireki zuten ikerketa atentatu hura argitzeko. Garzonek Oñederra auzia izenpean irekitako sumario handian sartzen zen haren kontrako atentatua, eta hainbat urrats egin zituen Auzitegi Nazionaleko epaileak bide horretan. 1995eko abuztuan ireki zuen kasua, eta, Olaskoagaren hilketaz gain, Ramon Oñederrarena 1983ko abenduaren 19a) eta Bixente Perurena eta Angel Gurmindorena (1984ko otsailaren 8a) sartzen ziren sumario berean.


    Instrukzio fasean gelditu zen sumario hori, baina Garzonek GAL berdea (Guardia Zibila) eta GAL marroia (CESID) ikertu zituen bertan. Luis Roldan Guardia Zibileko zuzendari ohia eta Emilio Alonso Manglano CESIDeko zuzendari izandakoa deitu zituen Garzonek deklaratzera, bi erakundeek izandako inplikazioa zehazte aldera. Lekuko gisa deitu zituen biak, baita Juan Alberto Perote CESIDeko AOMEko buru izandakoa ere. Perote bera izan zen lehen inputatua, eta hark hainbat datu eta izen eman zizkion epaileari.


    Bestetik, Peroteri espetxeko ziegan -CESIDeko sekretuak kaleratzeagatik zegoen preso- atzemandako agiriak (gero CESIDek desklafikatu behar izan zituenak) sumarioan hainbat pertsona gehiago galdekatu eta inputatzera eraman zuten epailea. Guardia Zibileko hiru jeneral zeuden horien artean: Jose Antonio Saenz de Santamaria, Andres Casinello eta Enrique Rodriguez Galindo. Garzonek ez zien zehazki ekintza bat egozten, GAL berdearekin lotura izatea baizik. Casinelloren kasuan, Garzonek auto bat kaleratu zuen Guardia Zibileko Estatu Goreneko buru izandakoaren kontra. Autoaren arabera, Casinellok zuzenean "parte hartu zuen, bere buruzagiek agindutakoak betez eta agindu horiek hierarkian azpian zituenei helaraziz; Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelarekin lotutako funtzionario eta pertsona talde baten prestakuntzan parte hartu zuen, eta haiek izango ziren ETAren kontra indarkeria erabiliz jardungo zutenak".


    Jose Antonio Saenz de Santamaria, Andres Casinello eta Enrique Rodriguez Galindo

    Inputazio gehiago ere egon ziren kasu horretan: besteak beste, Emilio Jambrina CESIDeko koronela, Enrique Dorado Villalobos eta Felipe Bayo Leal guardia zibilak, Pedro Gomez Nieto CESIDeko kidea eta 1983-1984 urteetan Intxaurrondon egondakoa...


    1995. eta 1996. urteetan Oñederra kasuak hainbat urrats egin zituen arren, pixkanaka gelditu egin zen. 2002an, epaileak inputazioa kendu zien Casinello, Galindo eta Manglanori -lehenago kendu zion Saenz de Santamariari-, delitu konkreturik leporatu ezin zitzaielako eta erakunde armatuko kide izatearen delitua ordurako preskribatuta zegoelako. Auzia 2003an artxibatu zuten.


    Santi Brouard

    1984ko azaroaren 20a

    Santi Brouard Perez
    Santi Brouard

    Asteartea zen, 1984ko azaroaren 20a, arratsaldeko seiak eta hamar inguru. Bi ezezagun Santi Brouarden mediku kontsultan sartu ziren eta inolako azalpenik eman gabe tirokatu egin zuten. Mediku pediatra, Bilboko bere kontsultan bi urteko haur bat artatzen ari zen hil zutenean.


    Garaiko Egin egunkariak lekukoen ahotik jaso zuen moduan, atentatua egin zutenetako bat txikia eta lodikotea zen, eta bestea altuxeagoa. Recalde Zumarkaleko 12 zenbakidun sototik atera ziren korrika. Soto horretako 2. solairuan Santi Brouard tirokatua zuten, eta tiro horien ondorioz, berehala hil zen medikua soinean zeraman bata kentzeko astirik ere izan gabe. Lurrean, odol putzua eta Brouarden lanerako tresnak, fonendoskopioa eta boligrafo bat, geratu ziren.


    Minutu batzuk lehenago deitu egin zuten kontsultara Brouardi buruz galdezka. Txirrina jo eta erizainak atea ireki zienean susmo txarra hartu zien atearen beste aldean zeuden bi gizonezkoei. Berehala armak ateratzeko keinua egin zuten, eta hori ikusirik, erizainak aurre egin zien eta oihu egin zuen Brouard jakinaren gainean jarri nahirik. Pediatra, kontsulta barruan zegoen bikote batekin eta haien bi urteko alabarekin. Erizainaren oihuak entzunda, zer gertatzen zen ikustera atera zen, eta kontsultako atea ireki orduko tirokatu zuten. Sei tiro jaso zituen, bost buruan eta bat eskuan. Beste lau tiro huts egin zituzten hiltzaileek. Erabilitako armak, Husquarna markako pistola, 9 milimetro parabellum kalibrekoa, finlandiarra; eta subfusil bat, Army Jager markakoa, 22 kalibrekoa, italiarra. Atentatugileek ez zituzten armak eraman. Bat sarreran utzi zuten, eta bestea eskaileretan. Ez ziren oso ohiko armak eta horrek, haien jatorria errazago zehazteko balio izan zuen ikerketak hasi zirenean.


    Santi Brouard, Egin-en.
    Santi Brouard, Egin-en.
     
    Santi Brouard , Egin-en.
    Santi Brouard, Egin-en.
     

    Hilketaren berri jakin orduko, erreakzioak, protestak eta zurrunbilo handia sortu zen. Santi Brouard, HASIko presidentea zen eta HBko Mahai Nazionaleko kidea. ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazio hotsak entzuten ziren, eta Brouardek bitartekari lan garrantzitsua egin zuen. Lehenengo momentutik adierazi zuten hainbat buruzagi politikok hilketa hori ez zela kasualitatea izan. Elkarrizketarako jarrera irekia zuen pertsona, ezker abertzalean pisu politiko handia zuena, eta Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketa bultzatzeko zubi-lana egiten ari zena hil zuten.


    Santi Brouarden hiletetan jendetza bildu zen
    Santi Brouarden hiletetan jendetza bildu zen

    Atentatua gertatu eta denbora gutxira ia komunikabide guztietara eginiko telefono deietan GALek hartu zuen bere gain hilketa, eta HBko kide eta buruzagi gehiagoren kontra atentatuak egiten jarraitzeko mehatxua ere egin zuen. Geroago, beste dei batean, frantsesez, eta GALen izenean, gezurtatu egin zuten atentaua beraiek egin izana.


    Bilboko 1. Instrukzio epaitegiak hartu zuen ikerketa bere gain, 101/84 sumarioa. Hasiera hasieratik, zailtasunez eta oztopoz betetako ikerketa izan da, eta ia 30 urteren buruan, oraindik ez da lortu erabat argitzea. Bi epaiketa izan dira atentatu hau dela eta. Lehenengo epaiketa 1993an egin zen, eta zailtasunen erakusle, zortzi epaile desberdinek izan zuten bere gain kasuaren instrukzioa urte horietan. Ikerketak hasi orduko Estatuko aparatuen edo eskuin muturraren inplikazioari buruzko zantzuak agertu ziren. Estatuko inteligentzia zerbitzuek eta Guardia Zibilak atentatuaren berri izan zezaketela ere azaleratu zen. Zantzu horiek argitzeko apenas ezer egin aurretik, kasuko fiskala kendu egin zuten. Era berean, kasuaren ardura hartu zuen Bilboko informazio brigadako burua ere, Antonio Rosino, beste postu batera eraman zuten. Izan ere, Poliziaren salatari batek esan zion Rosinori nortzuk ziren hiltzaileak Brouard hil eta bi astera, eta hark fiskala jakinaren gainean jarri zuen. Baina atxiloketak egin aurretik guztia gelditzeko agindua jaso zuten, eta gainera, Rosino, eta baita fiskala ere kasutik apartatu zituzten.


    Txema Montero: " Hilko naiz pentsatuz dena argi dagoela baina errudunak ez dituztela zigortu " / Elkarrizketa ikusi


    Miguel Angel Lopez Oca�a
    Miguel Angel Lopez Ocaña

    Ikerketa bideratzeko lehenengo hari-muturra Miguel Angel Lopez Ocañak jarri zuen. Epailearen aurrera agertu zen Poliziaren salataria zela esanez. "Deskuido" batean koinatua (Alberto Granados) hil eta hilketa horregatik Carabanchelen zegoen preso. Lopez Ocañaren arabera, bere koinatuak zuzenean parte hartu zuen Brouarden hilketan. Esan zuen Granadosek GALekin lotura zuela, eta hari Juan Jose Rodriguez Diaz El Frances mertzenarioak eman zizkiola armak. Ikerketa iturriek ez zioten sinesgarritasunik eman Lopez Ocañak Granadosen parte hartzeari buruz esandakoei. Lopez Ocañak emandako beste hainbat daturekin, ordea, ikerketak aurrera jarraitu zuen.


    Lehenengo auzipetzea

    Brouard hil eta bi urtera, 1986an, iritsi zen lehenengo auzipetzea. Epaileak El Frances auzipetzea erabaki zuen hilketarako ezinbesteko laguntzaile izatea egotzita. Diario 16 egunkariak eman zuen berria, eta prozesamendu autoa aipatuz horrela zioen: "kontakizunak hilketa itxura du, eta kriminalitate zantzu arrazionalak daude Juan Jose Rodriguez Diaz delitu horren egile gisa atxilotzeko, ezinbesteko laguntzaile izaeran". Auzipetua kartzelatzeko agindu zuen. El Francesek ukatu egin zituen akusazioak, eta epailearen erabakia errekurritu zuen, baina epaitegiek berretsi egin zuten bere auzipetzea. Bien bitartean, hainbat deklarazio hartze izan ziren, Poliziako eta Guardia Zibileko kideei gehienak: Jose Amedo polizia, Rafael del Rio Poliziako zuzendari ohia, Antonio Rosino komisarioa…..


    Juan Jose Rodriguez Diaz; El Frances
    Juan Jose Rodriguez Diaz; El Frances

    1988an Rafael Lopez Ocañaren identifikazioarekin beste aurrerapauso bat eman zen. Miguel Angel Lopez Ocañaren anaia, Rafael, Brouard tirokatu zuen pertsonatako bat zen, Brouarden erizainak eginiko identifikazioaren arabera. Rafael Lopez Ocaña GALen atentatu batean nahastuta zegoen Donibane Lohizunen eta Polizia haren bila zebilen. Lopez Ocañaren arrastoaren atzetik zihoazen bitartean, GALeko beste kide batek, Daniel Fernandez Aceñak, datu berriak eman zituen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aurrean beste kasu bategatik deklaratzera joan zenean. Fernandez Aceñak Amedo polizia eta Estatuko aparatuetako hainbat kargu GALekin lotu zituen, baita Brouarden hilketarekin ere. Adierazpen horien ondorioz, Brouard kasuko epaileak deklaratzera deitu zuen Fernandez Aceña. Hark esandakoaren arabera Brouarden hilketa Bilboko hotel batean eginiko bileran prestatu zen, eta bilera horretan egon ziren: Jose Amedo polizia, Victor Navascues enpresarioa, Mohand Talbi GALeko mertzenarioa, guardia zibil bat eta Luis Morcillo Pinillo enpresarioa.


    Rafael Lopez Oca�a
    Rafael Lopez Ocaña

    Morcilloren izena aspaldian agertu zen sumarioan. Hemendik aurrera, ordea, protagonismo berezia hartu zuen. Fernandez Aceñak Morcillori egotzi zion atentatua antolatzea. Epe laburrean, Miguel Angel Lopez Ocañak ordura arteko deklarazioa aldatu, eta bere burua hilketaren errudun jo zuen (ordura arte egilea bere koinatu Alberto Granados zela esaten zuen), eta berarekin batera Brouarden hilketan parte hartu zuen beste pertsona Morcillo izan zela adierazi zuen. Miguel Angel Lopez Ocañak emandako datuak, ordea, oso kontraesankorrak izan ziren, eta bere parte hartzeari zegokionez, iturri judizialek ez zioten sinesgarritasunik eman.


    Lehenengo epaiketa 1993an

    1989ko martxoan Rafael Lopez Ocañaren atxiloketa gertatzen da, eta handik urtebetera atentatuaren egilea izatea egotzita auzipetu egin zuen epaileak. Miguel Angel Lopez Ocañak, berriz, aitortu zuen behartu egin zutela bere koinatua (Granados) hiltzera. Luis Morcillok egin omen zion presio, izan ere, Granadosek Brouarden hilketari buruzko informazioa zuen eta Poliziari kontatzeko prest zegoen.


    Teresa Aldamiz, Santi Brouarden alarguna (eskuinean), bere seme-alabekin (Santi, Edurne eta Teresa), epaiketara sartzen, 1993ko maiatzean
    Teresa Aldamiz, Santi Brouarden alarguna (eskuinean), bere seme-alabekin (Santi, Edurne eta Teresa), epaiketara sartzen, 1993ko maiatzean

    1991ko azaroan amaitu zuen sumarioa epaileak, bi auzipeturekin: Rafael Lopez Ocaña eta Juan Jose Rodriguez Diaz El Frances. 1993ko maiatzean egin zen epaiketa eta Rafael Lopez Ocañari 33 urteko kartzela zigorra jarri zioten Brouarden hilketagatik. El Francesen kasuan, legez kanpo armak izateagatik 8 urteko espetxe zigorra jarri zioten, baina hilketarako ezinbesteko laguntzaile izatearen akusazioaz absolbitu egin zuen. Epaiaren arabera "ez dago frogatuta armen helburua zein zen ba ote zekien". "Rafael Lopez Ocañak eta bere lagunak aurrez prestatutako eta erabakitako plan bat exekutatu zuten, ezezagunak diren hirugarren pertsona batzuk prestatutako plan bat. Baina ezin da zehaztu erabakia hartzeko prozesuan zenbaterainoko parte hartzea izan duten". Eta haratago doa: "Herri Batasuneko buruzagi destakatua izatea dago Santiago Brouard medikuaren heriotzaren atzean. Hilketaren zioa argi eta garbi politikoa izan zen". Lopez Ocañak kartzelan jarraitu zuen, baina El Frances libre geratu zen, zigorraren erdia jada beteta zuelako. Epaiari helegitea jarri zioten, baina Auzitegi Gorenak lehenik, eta Auzitegi Konstituzionalak ondoren, berretsi egin zuen epaia.


    Txema Montero abokatua, 1993ko otsailean, Brouarden hilketagatik egindako lehen epaiketan
    Txema Montero abokatua, 1993ko otsailean, Brouarden hilketagatik egindako lehen epaiketan.

    Lau urte pasatu ziren 1997an auzia berriz ireki eta ikerketa berriak hasi zirenerako. Luis Morcillo Pinillosen atxiloketa erabakigarria izan zen horretarako. Jose Luis Gonzalez Armengol epaileak hartu zuen instrukzioa eta ikerketak abiada ederra hartu zuen. Guardia Zibileko eta Poliziako arduradun eta arduradun ohiak eta Estatuko aparatuetako buruak, batzuk besteen atzetik joan ziren deklaratzera Bilboko auzitegira. Sumarioaren sekretua ere ezarri zuen epaileak garai horretan diligentziak egiteko, eta sekretua altxa zuenean hainbat erabaki hartu zituen: Julian Sancristobal Estatu Segurtasunerako zuzendari nagusi ohia, Miguel Planchuelo Bilboko Polizia buru ohia, eta Jose Amedo Polizia ohia inputatu gisa deklaratzera deitu zituen. Era berean, Morcillo inputatuta zegoen jada, eta hura kartzelatzeko agindua eman zuen.


    Estatuko aparatuen inplikazioa

    Morcilloren espetxeratze autoan agertzen denez: "1984ko azaroaren 20an, Luis Morcillo Pinillos beste pertsona batekin igo zen Brouard medikuaren kontsultara (...) eta Jager Ap-47 markako karabina erabiliz (...) hainbat aldiz tiro egin zuen medikuaren kontra, heriotza eraginez". Operazioak bere osotasunean 50 milioi pezetako (300.000 euro) kostua izan zuela esaten da autoan, eta Estatu Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiak ordaindu zuela diru bereziekin. Sumarioa sekretupean egon zenean, Mohand Talbi mertzenarioak egindako deklarazioek lagundu zuten atentatuaren antolaketa argitzen. Atentatuaren prestaketari buruz honela zioen autoak: 1983ko abenduaren hasieran Bilboko Ercilla hotelean eginiko bilera batean antolatu zutela. Bilera horretara joan zen Morcillo, nahiz ez zen barrura sartu. Bileran izan ziren Rafael Masa Guardia Zibileko koronela, Jose Amedo Brouarden hilketa antolatzeko ardura zuena, Julian Sancristobal, Miguel Planchuelo eta beste batzuk -2013ko urriaren 1ean Jose Amedok Cal Viva izeneko liburua kaleratu zuen GALen inguruan, eta liburua promozionatzeko eskainitako elkarrizketa batean esan zuenez, Ercilla hotelean egindako bileran Alfonso Guerra Espainiako Gobernuko presidenteordeak, Jose Maria Txiki Benegas EAEko sozialisten idazkari nagusiak eta Ramon Jauregi Espainiako Gobernuak EAErako zuen ordezkariak ere parte hartu zuten. Atentatuaren ondotik, eta ikerketa zein norabide hartzen ari ziren ikusita, Morcillok ihes egin zuen Hego Amerikara Masaren laguntzarekin. 1997an itzuli zen, eta orduan atxilotu zuten.


    Julian Sancristobal eta Miguel Planchuelo
    Julian Sancristobal eta Miguel Planchuelo

    Morcilloren espetxeratzearen ondotik Sancristobal, Amedo eta Masarenak etorri ziren, guztiak 1999ko martxoan. Eta inputatuak ere gehitzen joan ziren: kasuaren ikerketa eraman zuen lehenengo komisarioa, Antonio Rosino, kartzelatzeko agindu zuen delitua estaltzearen akusaziopean. Komisaria bereko Jesus Martinez Torresen aurka ere badaezpadako zenbait neurri hartu zituen, eta Francisco Alvarez, Terrorismoaren Aurkako Borrokarako Aginte Bakarreko buru ohia -aurretik Bilboko polizia-etxeko komisario burua izandakoa- inputatu zuen. Jose Barrionuevo Barne ministro ohiari deklarazioa hartu zion. Auzipetze autoa 1999ko uztailean egin zuen epaileak, eta bertan Julian Sancristobali egotzi zion Brouarden hilketaren erantzule nagusia izatea. Jose Amedok, eta beste hainbatek egindako deklarazioak izan ziren horretarako oinarri. Julian Sancristobalekin batera, beste hauek auzipetu zituen epaileak: Jose Amedo hilketaren eragile izateaz akusatuta; Rafael Masa beharrezko laguntzaile gisa, Luis Morcillo egile material gisa, eta Francisco Alvarez, Jesus Martinez Torres, Miguel Planchuelo, Antonio Rosino, eta Miche l Dominguez babesa ematea egotzita. Bederatzi auzipetu guztira. Auzipetze autoak zioenez, "hilketa Estatu Segurtasunerako zuzendaritzan antolatu zen, bertako arduradun nagusiak gidatuta, eta bertatik finantzatu zen. Gertuko pertsonek antolatu zuten, eta buruzagi polizialek hasitako ikerketak oztopatzeko eta estaltzeko agindu zehatzak jaso zituzten, nahasmena sortzeko GALen egiletza gezurtatzeko bidea ere erabiliz". Gertaeren kontakizunean epaileak dio "HASIko buruzagi gorena zen Santi Brouarden eliminazioa Julian Sancristobalek eskatu zion Jose Amedori". Jose Amedok antolatu zuen atentatua, eta Rafael Masa arduratu zen hiltzaileak aurkitzeaz, autoaren arabera.


    Rafael Masa eta Jose Amedo
    Rafael Masa eta Jose Amedo

    Bigarren epaiketa, 2003an

    Epailearen auzipetze autoa, ordea, atzera bota zuen Bizkaiko auzitegiak auzipetze guztiak aurrera eramateko nahikoa froga ez zegoela iritzita. Fiskalak auzipetze guztiei eustea defenditu zuen, baina azkenean 2003ko ekainean egin zen Brouard kasuko bigarren epaiketa hiru auzipeturekin: Jose Amedo, Luis Morcillo eta Rafael Masa. Fiskalak 15 eta 25 urte arteko zigorrak eskatu zituen, eta akusazio partikularrak 10 eta 25 urte bitartekoak. Auzitegiak absolbitu egin zituen hiru akusatuak. Hilketaren "zio politikoaren ideia" indartu zuen epaian, eta polizia ikerketaren gabeziak azpimarratu. Erreferentziazko lekukoen testigantzak aztertu zituen, eta horren arabera "sumarioko arlo batzuk oso deigarriak dira eta ikertu beharko lirateke". Baina lekukotza horiek froga inkriminatorio gisa baztertu zituen, ez zutelako indar nahikorik seguru egoteko. Era berean lehenengo epaiketari erreferentzia argia eginez esan zuen epaiketa hartan erizainak akusatua identifikatu izana erabakigarria izan bazen Rafael Lopez Ocaña zigortzeko, oraingo honetan beste akusatuarekin izandako ziurtasun faltak ez zuela uzten Morcillorekin erabaki bera hartzen. Eta logikoki, ezin zela ondorioztatu Masak hilketa hori enkargatu izana.


    2013an ireki da hirugarren aldiz kasua. Antonio Rubio kazetariak Morcillori egindako elkarrizketa bat dago erabaki horren atzean, elkarrizketa horretan -Rubiok grabazioa esku artean du- Morcillok aitortzen du bera izan zela Brouard tirokatu zuena. Morcillo ezin dute berriro epaitu auzi berarengatik, eta haren egoera ez da aldatuko, baina elkarrizketa horretan, auzipetua izan den arren, orain arte epaitu gabeko pertsona azaltzen da, Julian Sancristobal. Epaileak, auzia berriro ireki zuen elkarrizketa horren harira, baina artxibatzeko agindu zuen atzera. Auzia berriro zabaldu eta diligentziak egiteko eskatua du Txema Montero abokatuak, helegite bidez, baina erantzunaren zain dago oraindik.


    Bonba Lopez Abetxukori

    1984ko abenduaren 11

    Jose Ramon Lopez Abetxukoren kontrako atentatu saioa izan zen 1984. urteko GALen azken ekintza, abenduaren 11n, Hendaian. Errefuxiatuaren autoan bonba bat jarri zuten, eta leherketak Juanjo Iradi Lizarazu zauritu zuen. Iradi irratikasete bat ari zitzaion jartzen Lopez Abetxukoren autoari, eta arrankatu eta maniobra bat egiten ari zenean lehertu zen bonba. Leherketa handia izan arren, Iradik zauri arinak baizik ez zituen izan. GALek atentatua bere gain hartu zuen, eta lehergailuaren jomuga Lopez Abetxuko zela argitu zuen.


    Lopez Abetxukoren autoa, Renault 20 bat, Txingudiko Badiako Bulebarreko 24. zenbakiko patioan zegoen, Lopez Abetxuko, haren emazte Maite Gutierrez eta haien semea bizi ziren tokian. Bazkalostean, 14:30 inguruan, Iradi eta Gutierrez etxebizitzatik irten eta autoa zegoen tokira joan ziren; Iradi irratikasetea jartzera, eta Gutierrez autoan xurgagailua pasatzera. Iradi autoan sartu zen, eta, autoa hurbiltzeko asmoz, maniobra egiten hasi zen; atzera lehenengo, eta aurrera gero. Aurrera egitean egin zuen eztanda. Iradik beso batean zauriak izan zituen, ez oso larriak, eta Gutierrezek, hamabost metro eskasera egon arren, ez zuen batere zauririk pairatu. "Lehen momentuan pentsatu nuen Juanjo erabat suntsituta egongo zela, eta oihuka hasi nintzen, 'Juanjo! Juanjo!'. Ke handia irteten zen, dena oso iluna zegoen, eta ikusi nuen autoaren aurreko parte osoa hegan atera zela, teilatu gainetik. Soilik kea desagertu zenean ikusi nuen Juanjo onik zela. Oraindik ezin dut sinistu", kontatu zion Egin egunkariari Gutierrezek.


    "Lehen momentuan pentsatu nuen Juanjo erabat suntsituta egongo zela, dena oso iluna zegoen, eta ikusi nuen autoaren aurreko parte osoa hegan atera zela, teilatu gainetik. Soilik kea desagertu zenean ikusi nuen Juanjo onik zela. Oraindik ezin dut sinistu" / Maite Gutierrez

    Gutierrezek bazuen motiborik "ezin sinistuta" egoteko. Izan ere, indar handiko lehergailua jarri zioten senarraren autoari, eta leherketak kalte ugari eragin zituen. Autoa bera erabat suntsituta gelditu zen, kapota eta hainbat pieza teilatu gainetik errepideraino iritsi ziren, aldamenean zeuden bi autok kalte handiak izan zituzten, eta eztandak eraikineko patiora ematen zuten leiho guztiak apurtu zituen. Hori ikusita, harritzekoa zen Iradi onik irten izana eta beste inor ez zauritzea.


    Iradi, Egin-en.
    Iradi, Egin-en.
     

    Autoak hiru egun zeramatzan geldirik Lopez Abetxukoren etxeko patioan. Eta senideek pentsatzen zuten tarte horretan jarriko ziotela lehergailua. Horrek, ordea, egileak asko gerturatzea esan nahiko luke, eta pentsatzekoa zen ingurua oso zainduta edukiko zutela, bonba segurtasunez eta inork ikusi gabe jarri ahal izateko. Gutierrezek esan zuenez, ez zen harritzekoa atentatua sufritu izana, Madrilgo komunikabide batek bere senarrari buruz kaleratutako informazioa kontuan hartuta. "Orain dela egun batzuk Cambio 16 Madrilgo aldizkariak Jose Ramonen izena atera zuen, errefuxiatuen segurtasunerako ustezko aparatuen arduraduna zela esanez. Argi dago guztiz faltsuak diren halako artikuluekin holako atentatuak justifikatzeko giroa sortzen dela".


    AABen oharra

    Amnistiaren Aldeko Batzordeek prentsa oharrean salatu zutenez, agerikoa zen GALen atzean zein zegoen. "Ez diezagutela esan GAL Frantziako mafiak gidatzen duela. GALen barnean Espainiako Gobernuko, Armadako, Poliziako eta bankuen munduko kideak daude, eta haiek ordaintzen diote Frantziako mafiari, GALen azpiegitura osatzen lagun dezan. Espainiako elementu horiek ari dira benetan GAL zuzentzen".

    Frantziako Polizia atentatua gertatu eta gutxira iritsi zen Abetxuko eta familia bizi ziren eraikinera. Leherketak inguruan barreiatutako auto zatiak eta lehergai arrastoak jaso, eta ikerketa jarri zuten martxan. PAFeko (Aire eta Mugetako Polizia) poliziek eta Jendarmeriak Errepideetako kontrolak ere jarri zituzten Hendaiara sartzeko errepideetan, baina ez zuten inor harrapatu. Pentsatzekoa da, halere, autoa martxan jartzerakoan aktibatzen zen lehergailua zela Abetxukoren autoan jarritakoa; beraz, ez zen beharrekoa atentatuaren egileak bertan egotea, eta litekeena da atentatuaren tokitik urrun egotea leherketa izan zenerako.


    Atentatu horrekin lotuta ez zen inoiz atxiloketarik egin. Sumario bat ireki zuten Frantziako auzitegietan, baina ez zen inora iritsi. Diligentziak artxibatu egiten zituzten.

  6. 1985

    Eider Goenaga

  7. Xabier Manterola

    1985eko otsailaren 1a

    Xabier Manterola gazte hendaiarrari bonba bat lehertu zitzaion autoan, 1985eko otsailaren 1ean. Manterolak 27 urte zituen atentatua gertatu zenean, eta Errefuxiatuen Babeserako Batzordeko kide zen. Egin-ek hurrengo egunean kaleratutako informazioaren arabera, goizaldean gertatu zen leherketa. Manterolak Baionan aparkatuta zeukan autoa, eta, bertan sartu eta kontaktuari eman zionean, leherketa handi bat gertatu zen. Eztandak autoa bera lurretik altxatu eta sabaia zulatu zuen. Manterolak, berriz, autotik kanpora hegan atera, eta lurraren kontra zuen. 1984ko abenduaren 11n zauritutako Juanjo Iradiren kasuan bezala, leherketa handia izan arren, zauri arinak baino ez zituen pairatu Manterolak.


    Xabier Manterola, Egin-en.
    Xabier Manterola, Egin-en.

    Manterolak bere kontrako atentatua izan zela azaldu zuen lehen momentutik, baina Frantziako Poliziak ordu luzez galdekatu zuen. Leherketaren lekuko izan zen lagun bat ere galdekatu zuten. Bonba hark zeraman edo haren autoan jarri zuten zalantzazkoa zela argitaratu zuten hurrengo egunean hainbat hedabidek. Egin-ek, berriz, Manterolarekin gertatutakoak eta Lopez Abetxukoren kontrakoak "antza handia" zutela nabarmendu zuen biharamuneko kronikan. Kasua ez zen inoiz argitu, ez norabide batean, ez bestean.


    Christian Casteigts

    1985eko otsailaren 6a

    Christian Casteigts 22 urteko gazte baionarrari ere auto azpian jarri zioten lehergailua, 1984ko otsailaren 6an. Lopez Abetxuko eta Manterolarena kontuan hartuta, mota horretako hirugarrena zen jarraian. Kasu honetan, baina, oso bestelako ondorioak izan zituen leherketak. Casteigts bizirik atera zen atentatutik, baina oso zauri larriekin. Zango bat moztu zioten, gorputzaren zait handi bat erre zitzaion eta, leherketak eragindako zaurien ondorioz, paraplegia izan zuen geroago. Bizitza osoa eman zuen Casteigtsek GALek egindako atentatuaren ondorioak sufritzen, eta 2012ko urtarrilean hil zen, 49 urte besterik ez zuela. Leherketa goizean gertatu zen, 08:25ean, Baionako Lagreou kaleko 12. zenbakian.


    Aurreko atentatuetan ez bezala, Casteigtsen kontrakoan lehergailua gidariaren eserlekuaren azpian jarri zuten, eta horrek eragin zuen Baionako gaztea bete-betean harrapatzea eta ondorioak askoz ere larriagoak izatea. Casteigtsen autoak -R-4 bat- su hartu zuen, eta, eztandaren ondorioz, guztiz suntsituta gelditu zen. Auto barruan harrapatuta gelditu zenez, Casteigtsek erredura larriak izan zituen gorputz osoan, eta, Baionan premiazko ebakuntza egin ondoren, berehala eraman zuten Bordelera, erredura handietako unitatean artatzera.


    Christian Casteigts, Egin-en.
    Christian Casteigts, Egin-en.

    Casteigtsek ikurrina zeraman autoan itsatsita, baina errefuxiatuekin eta giro abertzalearekin inolako zerikusirik zuela ukatu zuten berehala haren lankide eta lagunek. Haien arabera, Casteigtsek ez zuen inoiz politikari buruz hitz egiten, ez eta politikari buruzko iritzirik ematen ere.


    Herri Taldeak erakundeko kideek prentsaurrekoa eman zuten Casteigtsen kontrako atentatuaren ostean. GALek jauzi bat eman zuela esan zuten, errefuxiatuak jomuga izan beharrean errefuxiatuen inguruneari eraso egiten hasi zirela. Bestalde, Frantziako Poliziaren hipotesia zen Casteigtsen aurkako atentatua akats bat izan zela eta pertsonaz edo autoz nahastuta jarri ziotela bonba Baionako gazteari. Leiba eta Olaskoagarekin batera, Casteigts izango litzateke GALen hirugarren akatsa. GALek, ordea, ez zuen hiru atentatu horietako bakar bat ere bere gain hartu.


    Behin albistea ezagutu ostean, Herri Taldeak eta Laguntza erakundeek manifestaziorako deialdia egin zuten. Baionako Gaztelu Zaharrean hasi zuten manifestazioa, egunean bertan, 18:30ean, eta ehunka lagun elkartu ziren Manterola eta Casteigtsen kontrako atentatuak gogoan. Manifestazioa hasi aurretik adierazpen bat irakurri zuten, eta bertan salatu zuten GALen ekintzek "mugimendu abertzale osoari" eragiten ziotela eta "estatuko agintariek eta tokiko buruzagiek mugimenduaren politikaren kriminalizazioa" bilatzen zutela. 300 bat lagun manifestazioan abiatu ziren gero. "Christian, herriak ez du barkatuko" eta "zuek faxistak zarete terroristak" leloek lagundu zuten ibilbide osoan, eta atentatua gertatu zen tokiraino joan ziren, Lagrou kaleraino. Hantxe amaitu zen bidea.


    Frantziako Poliziak ohiko ikerketa diligentziak egin zituen kasu honetan ere. Lehergailua aztertu, errepide kontrolak ezarri, lekukoak galdekatu... Baina atxiloketarik ez zen izan, eta diligentziak artxibatu egin ziren.


    Lagunekin taberna

    1985eko martxoaren 4a

    Baionako Pannecau kaleko Lagunekin ostatuan egin zuen GALek hurrengo atentatua, 1985eko martxoaren 4an. Errefuxiatuen ohiko taberna zen Lagunekin, eta Gotzon Zabaleta -Ezkio-Itsasokoa, 21 urte- eta Josu Amantes Arnaiz -Bilbokoa, 24 urte- beste sei lagunekin zeuden bertan, ardo batzuk hartzen. Egin-eko hurrengo eguneko kronikaren arabera, 20:00 inguru zirela, burua kaputxarekin estalia zuen pertsona bat sartu zen tabernara, eta tiroka hasi zen. Hamabi kalibreko Winchester bat erabili zuen, posta kartutxoekin eta kulata ebakiarekin. Bi tiro egin zituen, Zabaleta eta Amantes zauritu, eta tabernako atzeko atetik ihes egin zuen. Taberna utzi eta berehala kendu zuen kaputxa, eta bertan bota zuen eskopeta ere, baina inork ezin izan zuen identifikatu. Paddy Woodworth kazetari irlandarrak beste bertsio bat ematen du Dirty War, Clean Hands liburuan. Haren arabera, betaurreko beltzak eta ia aurpegia estaltzen zion jaka handi bat zeraman emakume bat sartu zen tabernara, eskuetan okindegiko poltsa handi bat zeukala; komunera joan zen, eta bueltan, jada ogien poltsa gabe eta eskuetan eskopeta bat zuela, tiroka hasi zen.


    Lagunekin Taberna
    Lagunekin Taberna

    Era batera edo bestera izan, tiroetako batek bihotzaren ondoan jo zion Amantesi, eta berehala eraman zuten Baionako San Leon erietxera, larri. Zabaletari bizkarrean jo zion tiroak, eskuineko homoplatoan. Atentatuaren tokira anbulantzia bat iritsi zen, eta, zaurien larritasunari erreparatuta, Amantes eraman zuten lehenik erietxera. Zabaletak zain gelditu behar izan zuen; seruma jarri zioten zainetik, eta buruz behera etzanda eduki zuten bigarren anbulantzia iritsi arte. Biei egin zieten ebakuntza. Zabaletari eskuineko sorbaldan zituen postak atera zizkioten, eta medikuak "baikor" agertu ziren haren osasun egoerarekin. Amantes askoz ere larriago zegoen, "oso larri" erietxeak jakinarazi zuenez. Ezkerreko sorbaldatik atera zizkioten posta batzuk, baina birikak ere kaltetuak zituen, eta haren ebakuntza askoz ere konplexuagoa izan zen.


    Atentatua ikusi zuten lekukoen arabera, tiroen egilea txikia eta gorpuzkera ahulekoa zen. Woodworthek dioenez, bezeroren batek gezurretako arma batekin jolasean zebilen ume bat zela pentsatu zuen. Tabernako jabearen emazteak barraren atzetik ikusi zituen gertakariak, eta Egin egunkariari egunean bertan kontatu zionez, oso litekeena zen emakumezkoa izatea.


    Lagunekin taberna, Egin-en.
    Lagunekin taberna, Egin-en.

    Atentatuaren inguruko diligentziak ez ziren inoiz inora iritsi, ez zuten inor atxilotu, ez eta epaitegietara deklaratzera deitu ere. Lekukoek esandakoa kontuan hartuta, Dominique Thomasi egotzi izan zaio hilketa saio hori, baina inoiz ez dute horregatik epaitu. Thomas GALekin lotura izateagatik epaitu zuten Baionako Auziteagian, 1991ko urrian, eta hiru urteko espetxe zigorra jarri zioten, gaizkile elkarte bateko kide izateagatik. Harekin batera, Patrick Pironneau, Christian Hittier eta Raymond Sanchis mertzenarioak epaitu zituzten. Dominique Thomasi GALen dama beltza deitzen zioten Espainiako komunikabideetan; Iparraldean, berriz, GALeko blonda izenarekin zen ezaguna.


    Dominique Thomasi hainbat ekintza egotzi zaizkion arren, GALeko kide izateagatik zigortu zuten, baino ekintza konkreturik egotzi gabe
    Dominique Thomasi hainbat ekintza egotzi zaizkion arren, GALeko kide izateagatik zigortu zuten, baino ekintza konkreturik egotzi gabe

    Atentatua gertatu eta berehala, 300 lagun inguru elkartu ziren Lagunekin tabernaren aldamenean, eta manifestazioan abiatu ziren Baiona Ttipiko kaleetan barrena, polizia etxera iritsi arte. Han, Poliziaren eta Frantziako Gobernuaren kontrako oihuak nagusitu ziren, Mitterranden gobernuari egotziz gertatutakoaren ardura. Protestak ez zuen asko iraun, CRSek berehala desegin baitzuten, manifestarien kontra kezko poteak botaz. Euskal Errefuxiatu Politikoen Batzordeak ere Frantziako Gobernuan jarri zuen begirada. "[Frantziako Gobernua] Erabateko ergelkeriarekin ari da jokatzen, bere printzipio guztiak bazter batera utziz, eta, hainbat interes tarteko direla, Espainiako pseudodemokrazia gaztearen kontraesanen zurrunbiloak eraman egiten du". Ildo horretan, errefuxiatuek berretsi zuten GALek ez zuela euren "borroka" etengo. "Gure herriaren askatasun aldarrikapenak justuak dira, eta ezin dira odoletan ito. Honek ez du eskubide horien aldeko gure borroka eta erresistentzia indartu besterik egiten".


    "Erabateko ergelkeriarekin ari da jokatzen, bere printzipio guztiak bazter batera utziz, eta, hainbat interes tarteko direla, Espainiako pseudodemokrazia gaztearen kontraesanen zurrunbiloak eraman egiten du" / Euskal Errefuxiatu Politikoen Batzordea

    Briketenia taberna

    1985eko martxoaren 13a

    Dominique Thomasi hainbat ekintza egotzi zaizkion arren, GALeko kide izateagatik zigortu zuten, baino ekintza konkreturik egotzi gabe
    Dominique Thomasi hainbat ekintza egotzi zaizkion arren, GALeko kide izateagatik zigortu zuten, baino ekintza konkreturik egotzi gabe

    Baionako Lagunekin tabernakoa bezala, Domique Thomasi leporatu zioten hurrengo atentatua ere. Dama beltza edo GALeko blonda deiturikoak hainbat atentatu egin ei zituen errefuxiatuak ibili ohi ziren tabernen aurka. Auzitegiek, ordea, ez zuten inoiz epaitu eraso horiengatik. Briketenia tabernaren kontrakoa 1985eko martxoaren 13an egin zuten. Pertsona batek, taberna-jatetxera sartu, eta bertako jabeei egin zien tiro. Michel, Martin eta Jean Philippe Ibarboure anaiak zauritu ziren eraso horretan. Thomasi, atxilotu eta epaitu zuten arren, ez zioten inoiz atentatu hori leporatu. Ez hori eta ez besterik, soilik GALeko kide izateagatik epaitu baitzuten. 1991ko urrian, hiru urteko zigorra jarri zion Baionako Auzitegiak gaizkile elkarte bateko kide izateagatik. Harekin batera, Patrick Pironneau, Christian Hittier eta Raymond Sanchis mertzenarioak epaitu zituzten. Dominique Thomasi GALen dama beltza deitzen zioten Espainiako komunikabideetan; Iparraldean, berriz, GALeko blonda izenarekin zen ezaguna.


    Ramon Basañezen aurka, Ziburun

    1985eko martxoaren 26a

    Tabernen kontrako atentatuak bata bestearen atzetik gertatu ziren 1985eko martxoan. Lagunekin, Briketenia... eta martxoaren 26an, Ziburun, Bittor tabernaren kontrakoa. Ramon Basañez Jauregi errefuxiatuak -1986an Consolation tabernan berriro zaurituko zutena- zauri larria izan zuen, eta begi bateko ikusmena galdu egin zuen; Jose Luis Calderon, berriz, arin zauritu zen. Arratsean, 20:20 inguruan, Ziburuko Frontoiaren Plazako Bittor tabernan, pertsona bat sartu zen kaputxarekin burua estalita. Ehizarako eskopeta batekin hainbat tiro egin zituen, eta ihes egin zuen. Tabernako bezeroak zutoinen atzean gorde edo lurrera bota ziren, eta, horrela, zaurituak izatea saihestu zuten gehienek.


    Ramon Basa�ez, Egin-en.

    Ez, ordea, Basañezek. Tiroak eskuineko begi ondoan jo zuen. Atentatua gertatu eta zenbait urtera, Ramon Basañezek Paddy Woodworth kazetari irlandarrarekin hitz egin zuen gertatutakoari buruz, Bittor tabernan bertan. "Tabernako barran eserita nengoen, aulki altu horietako batean, eta gertatu zen halako gauza bat... Ez dakit zehazki zer izan zen, zergatik, agian erreflexuak... tira, zerbait arraroa sumatu nuela... Nire edaria hartu, eta aulkitik jaitsi nintzen, eta justu orduantxe norbait tiroka hasi zen. Tiroaren sua sentitu nuen, mina... Aulkitik jaitsi ez banintz, buruan joko ninduen, bete-betean. Orduan, iristen da une bat, non pentsatzen hasten zaren, 'zer egingo dut? Nola irten naiteke hemendik?'. Ez daukazu armarik, ez daukazu ezer. Bere hankapean zauzkate, ezta? Nik sukalde aldera jo nuen, baina han konturatu nintzen ez nuela ezer ikusten. Eta orduan pentsatu nuen, 'nora joango naiz, ba, ederki izorratuta nago eta?". Zauria begi batean izan arren, Basañezek une horretan bi begiak zituen estaliak; ez zuen ezer ikusten, eta lurrean etzan zen. Leherketa bat entzun zuen orduan. Eskuko granada bat zen, erasotzaileek ihesean euren burua babesteko botatakoa. Taberna kanpoan egin zuen eztanda; errebotean Jose Luis Calderon jo zuen, eta zauri arinak eragin zizkion.


    "Eta gertatu zen halako gauza bat...tira, zerbait arraroa sumatu nuela... aulkitik jaitsi nintzen, eta justu orduantxe norbait tiroka hasi zen. Tiroaren sua sentitu nuen" / Ramon Basañez(zauritua)

    Lagunekin tabernako erasoan bezala, lekuko guztiak ez ziren ados jarri ikusitako pertsonaren gainean. Egin-en orduko kronikaren arabera, lekukoek zioten tabernara sartu zen pertsona gizon bat zela, hark egin zituela tiroak eta, irtetean, beste pertsona bat zuela zain kanpoan, eskuko granada botatzeko. Kanpoan zegoen pertsona emakumea izan zitekeela zioten Egin-ekin hitz egin zuten lekukoek. Woodworthen Dirty War, Clean Hands liburuan, ordea, eskopetarekin tiro egin zuen pertsona eta granada jaurti zuena pertsona bera zela esaten da.


    GALen bi atentaturen biktima

    Basañezentzat Bittor tabernakoa ez zen izango bere kontrako atentatu bakarra. Urtebete eskasera, 1986ko otsailaren 13an berriro zauritu zuten, Donibane Lohizuneko Consolation tabernan. Bittor tabernako atentatua gertatu zenean, 32 urte zituen Basañezek, eta emaztea eta alaba zituen. 1982an erabaki zuen Portugalete utzi eta Ipar Euskal Herrira joatea. Haren anaia, Josu, 1977an hil zen; ETAko kidea zen, eta lehergailu batek esku artean egin zion eztanda. Horren ondoren, Poliziak anaiarekin lotu zuen Ramon Basañez; komando berekoak zirela argudiatu, eta haren bila joan ziren. Ramon Basañezek zioenez, berak "lan politikoa" egiten zuen gehiago, baina, halere, Poliziak behin eta berriz atxilotu zuen 1977. eta 1982. urteen artean. Azkeneko atxiloketan "ez zela beste aldi bat egongo esan zidaten, hurrengoan lurrean egindako zulo batean amaituko nuela", azaldu zuen Basañezek. Hurrengoan, arreba eta ama atxilotu zituzten hari presioa egiteko, eta Basañezek ihes egitea erabaki zuen.

    Dominique Thomasi hainbat ekintza egotzi zaizkion arren, GALeko kide izateagatik zigortu zuten, baino ekintza konkreturik egotzi gabe
    Dominique Thomasi hainbat ekintza egotzi zaizkion arren, GALeko kide izateagatik zigortu zuten, baino ekintza konkreturik egotzi gabe

    Bi bertsioetan azaltzen da emakume bat atentatuaren egileen artean, eta martxoan tabernen kontra egindako aurreko bi atentatuen moduan erasoa Dominique Thomasi leporatu izan diote hedabideek. Thomas, ordea, ez zuten inoiz atentatu zehatz batengatik epaitu. 1991ko urrian Baionako Auzitegiak hiru urteko espetxe zigorra jarri zion Thomasi, gaizkile elkarteko kide izatea egotzita. Harekin batera, Patrick Pironneau, Christian Hittier eta Raymond Sanchis mertzenarioak epaitu zituzten. Dominique Thomasi GALen dama beltza deitzen zioten Espainiako komunikabideetan; Iparraldean, berriz, GALeko blonda izenarekin zen ezaguna.


    Benoit Pecastaing

    1985eko martxoaren 29a

    Benoit Pecastaings
    Benoit Pecastaings

    GALek Baiona Ttipiko Pyrenees tabernan egin zuen hurrengo atentatua, hilabete berean erasoa sufritu zuen Lagunekin tabernatik metro gutxira, 1985eko martxoaren 29an. Kasu horretan ere tiroka egin zuten eraso taberna barrenera, baina, aurrekoetan ez bezala, kasu horretan GALeko kideek lortu zuten norbait hiltzea. Errefuxiatuak ibili ohi ziren taberna zen Pyrenees, eta argi zegoen atentatuaren helburua haiek zirela; tiroek, ordea, ez zituzten soilik errefuxiatuak jo. Benoit Pecastaing, Angeluko 20 urteko ikaslea, hil egin zuten, eta beste bi pertsona zauritu zituzten, 24 urteko Jean Marc Mutio eta Jean Jacques Hum; haiek ere ipar euskal herritarrak ziren; Mutio buruan zauritu zuten, eta Hum ezkerreko beso eta zangoan. Errefuxiatu bakarra zauritu zuten tiroek, Kepa Pikabea hernaniarra, sabelean. Hirurek zauri larriak zituzten.


    Ostirala zen, asteburua, Pyrenees taberna lepo beteta zegoen, baita Baiona Ttipiko beste tabernak ere; errefuxiatuak ez ezik, haiek ikustera joandako senide asko eta, noski, Baionako herritar ugari ere kalean ziren. GALeko kideek errefuxiatuak kalean topatuko zituzten egun bat aukeratu zuten atentatua egiteko, jomuga ziurtatu nahian-edo, baina, aldi berean, jendetza horrek zaildu egiten zuen atentatuaren egilearen ihesa. Pierre Baldesi kalean zeuden beste errefuxiatuek moztu zioten bidea, haren gainera bota eta, arriskuak arrisku -oraindik ez baitzuen atentatua egiteko erabilitako pistola bota-, geldiarazi egin zuten, Polizia etorri eta atxilotuta eraman zuten arte. Ez zen lehen aldia jendea atentatuaren egileak atxilotzen saiatzen zena, Leiba hil zutenean ere errefuxiatuak eta lankideak saiatu ziren hiltzaileak harrapatzen; Hendaiatik Irunera ihes egitea lortu zuten, ordea, eta Espainiako poliziek atxilotu zituzten. Baldesek ez zuen ihes egiteko aukerarik izan, eta hainbat metro korrika egin ondoren, geldiaraztea lortu zuten.


    Pierre Baldes, atxilotuta
    Pierre Baldes, atxilotuta

    Arratsean egin zuten Pyrenees tabernako atentatua, 20:30 pasatxoan. Tabernak bi ate zituen, eta haietako batetik sartu zen gizon kaputxadun bat. Eskularru grisak eta gabardina luzea zeramatzan. Bat-batean, 9 milimetroko munizioa zuen pistola bat atera, eta tiroka hasi zen. Paddy Woodworth kazetari irlandarrak Dirty War, Clean Hands liburuan jasotakoaren arabera, erasotzailea Kepa Pikabea zegoen aldera hasi zen tiroka, eta Pikabeak eskuan zuen edalontzia bota zion aurpegira. "Une horretan, ia minik sentitu izan ez balu bezala, alde guztietara tiroka hasi zen", kontatu zion Woodworhti Pikabeak berak. Tabernan zeuden bezeroek lurrera bota zuten beren burua, ez zauritzeko. Baina, Pikabea larri zauritu zuen bala batek, eta beste balek Pecasteings, Mutio eta Hum jo zituzten. Gutxienez sei tiro egin zituela kontatu zuen Egin-ek hurrengo egunean kaleratutako kronikan.


    Atentatuaren egileak ihesari eman zion berehala, Saint Andre plazara ematen zuen atetik irtenda. Honela jaso zuen Egin-ek lekukoek ihesari buruz egindako kontaketa: "Bezeroak eta gertakaria ikusi zuten lekukoak erasotzailearen atzetik atera ziren. Cordeliers kaletik Pannecau kalera iritsi zen, eta Errobi ibaiaren paraleloan doan kaletik jarraitu zuen, betiere atentatuaren lekukoak gertutik segika zituela. Marsans kalera iritsi zenean, erasotzaileak gabardina kendu zuen, korrika hobeto egiteko". Biltxoko elkartetxearen aitzinetik pasa zen, pistolarekin tiro egiteko mehatxua eginez atzean zituenei. Bourgneuf karrikara atera zen, hogei bat metrora iheslariak zituela segika. Saubiole karrikara sartu zen lasterka, baina karrikaren muturrean, Kortsaioen kaian, segika zituen bertze iheslari batzuk ikusi zituen. Radio Adour irratiaren parean kukutu zen. Orduan iheslari ugari ibiltzen ziren irrati azpian zegoen ostatu-elkartean. Hegal batean, elkarteko atearen ondoan, auto bat zegoen aparkaturik. Horren gibelean gorde zen Baldes. Elkartera sartu ziren iheslariak, norbait sartu ote zen galdezka. Anartean, inguruetan bizi zirenak ere jautsi ziren karrikara. Berehala jakin zuten Baldes karrika horretan zegoela. Ez zen Kortsarioen karrikatik pasa, eta ez zen Saubioletik atera.


    Benoit Pecastaings, Egin-en.
    Benoit Pecastaings, Egin-en.

    Minutu laburrak izan ziren, baina indar handikoak. Atez ate begiratzen hasi ziren, eskaileretan gora, GALeko kidea han ote zegoen arakatzen. 30 pertsona inguru bildu ziren, aparkaturik zegoen autoaren aitzinean. Halako batean, itzal bat zutitu zen iluntasunean, eta jendeari oldartu zitzaion, pistola eskuan. Jendeak babesteko keinua egin zuen, ezustean. Batzuk lurrera, beste batzuk barrokietan sartuz. Hertsia da karrika, eta Baldesen ihesaldiak ez zuen luze jo. Bourneuf karrikara atera bezain laster, iheslari batek jauzi egin zion gainera bizkarretik. Baldesek pistola oraindik eskuetan zeraman, eta ez zuen erraz amore eman. "Pistola lokian jarri zion, eta katuari sakatu zion. Zorionez, trabatu egin zitzaion, eta bala ez zen atera. Une horretan, jendeak erasotzailea menderatzea lortu zuen", zioen Egin-en kronikak. Berehala kolpeka hartu zuten jendeek GALeko kidea. Lurrean alde batetik bestera zihoan kolpeen eraginez, burua espaloiaren kontra. Han atxiki zuten. Karrikan nahasmena handia zen, eta jende tartean, polizia bat, karrikako arropaz. Sekulako jipoia eman zioten erasotzaileari, eta lurrean hilik zegoela pentsatu izan zuten. Laffitte karrikan, Baldes harrapatu zuten tokitik ehun metro ingurura zegoen garai hartan Jendarmeriaren komisaria. Minutu luzeak igaro ziren bertatik, atzeraka, jendarmeriaren kamioneta urdina agertu aitzin. Hilik zirudien Baldesek, baina, han bildutakoen harridurarako, lurretik jaikitzen lagundu eta ibilgailura sartu zuten jendarmeek.


    Polizia etxera eraman zuten atxilotua, eta handik gutxira jakinarazi zuten Pierre Baldes izena zuela, 34 urte zituela eta Tarbekoa (Okzitania) zela. Era berean, Poliziak jakinarazi zuen 11,43 kalibreko pistola bat atzeman ziotela, baina ez zela hura izan tabernan tiro egiteko erabili zuena, tabernan 9 milimetroko arma batekin egin zuelako tiro. Poliziak bi hipotesi zituen: Pierre Baldesek bi pistola izatea, eta 9 milimetrokoa bidean nonbait bota zuela, edo bi pertsonak parte hartu zutela atentatuan eta ez zela Baldes izan tiro egin zuena. Lekukoek, ordea, pisu gehiago ematen zioten lehen hipotesiari, ziurtasun osoa baitzuten eurek atzemandako pertsona zela taberna barruan tiro egin zuena. Egiturarik ez zeukatela uste du Bruno Fay kazetariak -GALen auzia aztertu du-, eta, haren arabera, Baldesen helburua tren geltokira heltzea zen. Iheslarien arabera, Bourneuf karrikan sartzeko arrazoia beste bat izan zen. Emazte baten etxean bizi zela zioten, gela alokatu batean, gaur egun liburu saltegia dagoen lekuaren parean.


    Baldesek zeraman pistolari dagokionez, Rafa Goikoetxearen kontrako atentatuan -1984ko maiatzaren 3an- kalibre bereko arma bat erabili zuten, eta ordukoan Poliziak Bordeleko mafiak erabiltzen zituen armekin lotu zuen atentatua egiteko erabili zen pistola.


    Baldes 1986an epaitu zuen Paueko Auzitegiak, eta urte horretako maiatzaren 29an kaleratu zuen epaia. Baldesi bizi guztiko zigorra jarri zioten, Pecastaing hiltzea eta Hum, Mutio eta Pikabea hiltzen saiatzea egotzita.


    Xabier Muntz eta Bruno Fay kazetariek Frantziako Canal + katerako dokumental bat egin zuten 2012an GALen inguruan. Bertan, Pierre Baldes eta Pierre Frugoli eta Lucien Mattei mertzenarioak -Monbar hoteleko atentatua egin zutenak- kontratatu zituen pertsonarekin hitz egitea lortu zuten. Francis izenarekin aurkeztu zen kazetarien aurrean, eta izen bera erabiltzen zuen mertzenarioak kontratatzen zituenean. "GALentzat hiltzaileak kontratatzeko erabiltzen zuen ezizena da Francis. Pierre Frugoli, Lucien Mattei eta Pierre Baldes GALeko kideak kontratatu zituen Monbar eta Pyrenees ostatuko atentatuak egiteko. Hiltzaileen eta hilketa agindu zutenen arteko katebegia da. Jose Amedo Foucek eta Miguel Dominguezek kontratatu zuten", azaldu zion Fayk BERRIAri 2012ko martxoan. 



    Xabier Galdeano

    1985eko martxoaren 30ean

    Xabier Galdeano Arana
    Xabier Galdeano Arana

    Hilabete beltza izan zen 1985eko martxoa. Pyrenees tabernan egindako atentatuaren biharamunean, martxoaren 30ean, GALek Xabier Galdeano hil zuen, hain justu ere Pyrenees tabernako atentatua salatzeko manifestazioko argazkiak ateratzetik etxera bueltan zihoala, Donibane Lohizunen. Galdeano Egin egunkariko Administrazio Kontseiluko kidea zen, eta Iparraldeko ordezkaritzako burua. 50 urte zituen hil zutenean. Ez zen ez kazetaria eta ez argazkilaria, baina Galdeanori izugarri gustatzen zitzaion argazkiak egitea, eta Iparraldeko gertakarien argazkiak maiz egiten zituen, gero bere egunkarira bidaltzeko. 1982an joan zen Galdeano Ipar Euskal Herrira.


    Xabier Galdeanok Baionan pasatu zuen arratsaldea, manifestazioren argazkiak atera zituen eta Carmen eta Bego alabekin itzuli zen Donibane Lohizunera. Etxera joan aurretik, Galdeanok Egin-era bidali behar zituen argazkiak -Galdeanoren heriotzarekin ireki zuten egunkariaren azala egun horretan, eta barruan, haren argazkiek ilustratzen zuten Baionako manifestazioaren kronika-, eta bi alabak erosketa batzuk egitera joan ziren. Etxean elkar ikustekotan gelditu ziren. Baina Galdeano ez zen etxera iritsi, etxe aurrean hil baitzuten, Larrun kalean, 18:50 inguruan. Lekukoen arabera, Citroen BX granate batetik jaitsitako bi gizonek egin zuten atentatua. Tiro batek buruan jo zion, eta beste hiruk toraxean. Berehala hil zen, tokian bertan.


    Lekukoak izan ziren hurbiltzen lehenak, baina berehala iritsi ziren haren alabak ere. Erosketak egitetik bueltan, Poliziaren argi urdinak eta jende multzo handi bat topatu zuten etxeko atarian. Hurbildu, eta aita ikusi zuten, zerraldo, maindire batekin estalita.


    Alabek maindire batekin estalita topatu zuten aitaren gorpua
    Alabek maindire batekin estalita topatu zuten aitaren gorpua

    Poliziak jakinarazi zuenez, bederatzi milimetroko kalibreko Geco markako munizioa erabili zuten Galdeano hiltzeko. Hiltzaileek erabilitako autoari, berriz, Urdazuri jendarmeriaraino jarraitu ahal izan zioten, baina hor, bidegurutze batean, ihes egitea lortu zuen. Azkaine aldera edo kosta aldera hartu zuen, baina poliziek ezin izan zioten segitu. Frantziako Poliziak Eclat operazioa jarri zuen martxan, inguruko errepideetan kontrolak jarriz eta 21:00etatik aurrera mugak itxiz. Kontrol zorrotzak egin zituzten mugan, eta ez zuten uzten auto bakar bat pasa zedin, ezta Hegoaldetik joandako Galdeanoren senideen autoa ere. Egun horretan, ordea, Frantziako Poliziak ez zuen batere atxiloketarik egin. Handik hamabost egunera, ordea, Frantziako Poliziak lau atxiloketa egin zituen Paris inguruan, eta Galdeano hiltzea egotzi zien.


    Tarte horretan, ordea, giroa asko gaiztotu zen bai Ipar eta bai Hego Euskal Herrian. Galdeano hil eta berehala egin zituzten lehen mobilizazioak, egunean bertan. Galdeanoren gorpuak pare bat ordu gutxienez egin zituen lurrean, eta 21:15 ziren prokuradoreak gorpua altxatzeko agindua eman zuen arte. Ehunka lagun elkartu ziren Galdeanoren etxe atarian, Maribe Prieto alargunari eta haren bi alabei elkartasuna agertzera eta gertatutakoa salatzera. CRSak ere ugari joan ziren, eta bildutako errefuxiatuek eta herritarrek oihuka azaldu zuten GALen azken atentatuak eragindako haserrea eta mina. Tentsioa handia zen, eta, behin gorpua eraman zutenean, CRSak gogor oldartu zitzaizkien bildutako herritarrei. Negar gasak eta gomazko pilotak bota zizkieten. Prokuradoreak berak agirika egin zien poliziei indarkeria erabiltzeagatik, eta oldartzeko agindua nork eman zuen argitzeko eskatu zien. "Polizia bat urduri jarri da", erantzun zion une horretan CRSen buru zenak. Horren ostean, eta, aurrez prestatu gabe, autoekin karabana egin zuten ehun bat ibilgailuk. Buruan Xabier Galdeanoren autoa zihoan, haren alabetako bat gidari zela.


    Xabier Galdeanoren hilketa, Egin-en.
    Xabier Galdeanoren hilketa, Egin-en.

    Egun horretako mobilizazioak, baina, etorriko zirenaren iragarle txiki bat baino ez ziren. Hil zuten egunean bertan, Galdeanoren herrian, Algortan, manifestazio egin zuten, eta lau lagun atxilotu zituzten, haren hilketa salatzen zuten afixak itsasteagatik. Bilbon, Gasteizen, Portugaleten, Lekeition, Errenterian, Beasainen, Eibarren, Durangon, Hernanin, Deban eta Oiartzunen ere egin zituzten mobilizazioak, eta haietako askok amaitu zuten istiluekin. Istiluak ez ziren, baina, soilik Poliziarekin izan. Manifestazioen ondoren, kale borrokako ekintzak izan ziren, eta haietako gehienek interes frantsesak izan zituzten jomugan. Uribe Kostan apirilaren 3an greba orokorra egin zuten, eta Galdeanori omenaldia apirilaren 5ean egin zioten Donibane Lohizunen.


    Donibane Lohizuneko omenaldian ez zen istilurik izan, baina Frantziako Poliziak kontrol izugarriak jarri zituen Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan, jende askori bertan parte hartzea eragotziz. El País egunkariaren arabera, mugan ehunka auto eta gutxienez hamabost autobus geldiarazi zituzten, eta horietako asko ezin izan ziren omenaldira heldu. Horien artean zegoen, besteak beste, Egin-eko 40 lankide eta Xabier Sanchez Erauskin zuzendariordea zeramatzan autobusa. Muga oinez pasatzen saiatu ziren, baina ez zieten utzi, eta, azkenean, mugan gelditutako beste ehunka lagunekin batera manifestazioa egin zuten Santiago zubian. Omenaldian Josu Barandika Egin egunkariko Administrazio Kontseiluko presidentea eta Jose Manuel Pagoago Peixoto ETAko militante historikoa izan ziren hizlari. Gorpua bezperan erraustu zuten Bordelen, eta omenaldiaren ondoren haren errautsak zabaldu zituzten Donibane Lohizuneko hondartza inguruan, Galdeano maiz joaten zen tokian.


    Ez zen ETAkoa

    Galdeano hil eta hurrengo egunean, Espainiako hainbat hedabidek Galdeano ETArekin lotuta zegoela, erakunde armatuaren finantzetan "egiteko garrantzitsua" betetzen zuela eta ETAren dirua "zuritzen" zuela zabaldu zuten, polizia iturriak aipatuz. Herri Batasunak berehala erantzun zien zurrumurru horiei. "Egia larriki desitxuratzea" iruditu zitzaion Jon Idigorasi Galdeano ETArekin lotzea. Galdeanoren kontrako atentatua "ez da izan erakunde armatu baten kontrako erasoa, herri honetan oposizioa egiten duen hedabide baten kontrako eraso zuzena baizik, hori baita Egin-ek egiten duena". HBk prentsaurrekoa eskaini zuen kaleratutako informazioa gezurtatzeko, eta egun berean Egin-ek Jose Barrionuevo Barne ministroaren kontrako kereila iragarri zuen Galdeano ETArekin lotzen zuten informazioen erantzule zelako, Poliziaren arduradun zen neurrian. Urte bereko uztailean bota zuen atzera Auzitegi Gorenak kereila hori. Egun berean, Galdeano "ETArekin lotu zuten guztien kontrako" beste kereila bat aurkeztu zuten haren alabek. Kereila horiek ez ziren inora iritsi, baina haien senitarteko eta lagunak gogor borrokatu ziren Galdeanoren izen ona zikin ez zedin.

    Galdeano hiltzeagatik Parisen atxilotutako lau pertsonak Jacky Pinard, Bernard Foucher, Alain Parmentier eta Guy Cantavenera ziren. Poliziak mafiarekin eta eskuin muturrarekin lotzen zituen atxilotuak, eta operazio berean beste sei lagun ere atxilotu zituzten, baina ez Galdeanoren hilketarekin lotuta. Cantavenerari Galdeanoren hilketagatik ordaintzea leporatzen zioten, eta beste hirurei, atentatuaren egileak izatea. Parmenteirrek eta Pinardek aitortu egin zuten, Poliziaren eta epailearen aurrean, eurek tirokatu zutela Galdeano, eta Foucherrek deklaratu zuen berak ez zituela tiroak egin, baina autoan zain egon zela, atentatua egin ostean berehala ihes egiteko.


    Atentatua egiteko erabilitako autoa izan zen egileengana iristeko bidea. Poliziak aurkitu egin zuen, eta barruan 38 kalibreko pistola bat eta Miarritzeko President hoteleko faktura bat aurkitu zituen. Faktura Foucherren izenean zegoen egina. Haren telefonoan entzuketak eginez heldu ziren Parisko operazioa egitera. Cantavenerak atentatuaren ordainketa egiteko elkartu zituen beste hirurak, eta bakoitzari 10.000 libera eman zizkien -agindutako ordainketaren %10 besterik ez zen hori, bakoitzak 100.000 jaso behar baitzituen-.


    Cantavenerak anaia bat zuen Malagan (Espainia) bizitzen, eta Galdeanoren kontrako atentatua egiteko dirua Costa del Soleko mafiatik heldu zitzaiola susmatzen zuen Frantziako Poliziak, atentatua baino lehenago bi hilabete egin baitzituen han. Paueko Auzitegiak zantzu sendoak zituen baieztapen hori egiteko, eta Espainiako Gobernuari bi lagunen estradizioa eskatu zien. Carlos Gaston eta Eduardo Mari-Chica, ordea, ez ziren mafiako kide bakarrik, Polizaren konfidente ere baziren. Zehazki, Gaston Ricardo Ruiz Coll poliziaren konfidente eta kolaboratzailea zen, eta Ruiz Coll komisarioa Jose Amedoren burua izan zen Bilboko polizia etxan, Malagara joan aurretik. Espainiako Gobernuak ukatu egin zuen estradizioa, biek espainiar nazionalitatea zutela argudiatuta, eta ikertzekotan Espainian ikertuko zituztela erantzunez. Hori ez zen inoiz gertatu.


    Pinard, Foucher eta Parmentier 1987ko maiatzaren 21ean zigortu zituen Paueko Auzitegiak. Hogei urteko espetxe zigorra jarri zien haietako bakoitzari Galdeanoren hiltzaileak izateagatik. Cantavenera, berriz, absolbitu egin zuten. Paueko Auzitegiko epaia, ordea, atzera bota zuten, forma arazoengatik. Eta Parisen errepikatu behar izan zuten auzia. Parisen, bizi guztiko zigorra jarri zieten hiru hiltzaileei; eta Cantaveneraren kasuan, berretsi egin zuten Paueko epaitegiak erabakitakoa.


    Emile Weiss eta Claude Doerr

    1985eko ekainaren 14an

    Martxoaren 30etik beste eten bat dago GALen jardunean, 1985eko ekainaren 14a arte. Ziburun egingo zuen talde armatuak bere hurrengo atentatuta, eta kasu horretan ere beste akats bat izan zen. Izan ere, Trinquet Txiki tabernako bezero asko errefuxiatuak izan arren, ETArekin eta errefuxiatu giroarekin inolako zerikusirik ez zuten bi pertsona hil zituzten: Emile Weiss eta Claude Doerr. Ijitoak ziren biak, eta 25 eta 28 urte zituzten, hurrenez hurren. Pauen zuten ohiko bizilekua, baina hilabete baterako etorri ziren Ipar Euskal Herrira, Ziburuko Sokoa auzora hain zuzen, senitarteko batzuk bisitatzera. Tabernako ohiko bezeroen arabera, azken asteetan maiz joaten ziren Weiss eta Doerr taberna horretara, eta ezagunak bihurtu ziren herrian.


    Emile Weiss eta Claude Doerr
    Emile Weiss eta Claude Doerr

    Atentatua gauean gertatu zen, 22:20 inguruan. Ostirala zen, eta aurretik hainbat errefuxiatu izan ziren bertan. Askotan egin ohi zutenez, mus partida jokatzen ari ziren atentatuaren unean, eta Weiss eta Doerr ziren jokalarietako bi. Ramon Basañez, otsailean Bittor tabernaren kontrako atentatuan zauritutako errefuxiatua, atentatua gertatu baino segundu batzuk lehenago irten zen tabernatik. Hark kontatu zuenez, "ohikoa" zen Weiss, Doerr eta Ziburun bizi ziren beste ijitoak tabernan musean jokatzen ikustea. Basañez lagun batekin gelditua zegoen egun hartan, baina azaldu ez zenez, etxera joan zen. Horri esker ez zen GALen hirugarren atentatu baten biktima izan -aurretik Bittor tabernan zauritu baitzuten, eta ondoren, 1986an, Consolation tabernan-.


    Egin -ek atentatuari buruz egindako kronikan jaso zuenez, atentatua egin zuena emakume txiki bat izan zen. Gizonez jantzita sartu zen, bibote faltsuarekin eta txandalarekin jantzita. Metrailetarekin egin zuen tiro, eta berehala ihesari eman zion. Aurretik, baina, eskuko granada bat bota zuen. "Lehertu izan balitz, biktima ugari egongo ziren tabernako bezeroen artean", zehaztu zuen Egin-ek. Aristide Bourrouse kaletik korrika egin zuen alde, baina bidean Pmu tabernako bezeroak oihuka hasi zitzaizkion, gertatutakoz ohartuta. GALeko kideak atzera egin eta tiroka erantzun zien. Ez zuen inor jo.


    Emile Weiss eta Claude Doerren hilketak, Egin-en.
    Emile Weiss eta Claude Doerren hilketak, Egin-en.

    Egin-en arabera, atentatuan jogumaz nahastu ote ziren pentsatzen zuten hainbatek egun horretan. "Hainbat informazioren arabera, biktimak Galarraga eta Urbistondo abizeneko bi errefuxiaturekin nahastu dituztela pentsatzen da, baina informazio hori ezin izan da baieztatu".


    Dominique Thomas eta Christian Hittier
    Dominique Thomas eta Christian Hittier

    Bittor tabernako atentatuak eta Trinquet Txiki tabernakoak antza handia dute -lehenengo tiroak eta, gero, eskuko granada bat- eta bietan lekukoek emakume bat identifikatzen dute atentatuaren egile gisa. Atentatu horiek GALeko blonda edo GALeko dama beltzaren edo legenda elikatu zuten, eta eraso horiek guztiak Dominique Thomasi egotzi izan zaizkio. Legenda eta errealitatea, ordea, ez dira beti berdinak. Errefuxiatuen artean susmoa zuten atentatu guzti horiek emakume berari leporatu arren, eta GALeko blonda pertsonaia bakarra izan arren, haren atzean ez ote ziren bi emakume egongo. Hori ez zen inoiz egiaztatuko, eta GALekin lotuta emakume bakarra agertu zen, Dominique Thomas. Thomas 1988an atxilotu zuten Andorran, eta poliziak lau atentatu leporatzen zizkion -tartean, Weiss eta Doerrena-. 1989an aske utzi zuten kontrol judizialarekin, eta 1991n epaitu zuten. Thomasi hiru urteko espetxe zigorra jarri zioten 1991ko urrian, gaizkile elkarteko kide izateagatik, baina ekintza zehatzik leporatu gabe. Harekin batera, Patrick Pironneau, Christian Hittier y Raymond Sanchis mertzenarioak epaitu zituzten.


    Weiss eta Doerr hil zituen atentatuak ijito ugari ekarri zituen Lapurdira. Mila inguru elkartu ziren haien hiletetarako. Tartean zeuden, ijito bien zazpi seme-alabak.


    Santos Blanco

    1985eko ekainaren 26a

    Santos Blanco
    Santos Blanco

    1985eko ekainaren 26an, aurreko atentatua gertatu zenetik hamabi egunera, Baionan jo zuen GALek hurrengo kolpea. Santos Blanco tirokatu zuten, eta handik pare bat ordura hil zen, erietxean. Asteazken gaua zen, 23:30. Blanco Donostiako Intxaurrondo auzokoa zen, Amara Zaharrean jaioa izan arren, eta hil zutenean 51 urte zituen. Egun horretan, bakarrik zihoan oinez Baionako Victor Hugo kaletik. Etxera bidean zen, lagunak tabernan utzi ostean. Kantoi batera iritsi zenean, pertsona bat hurbildu zitzaion -lekukoen arabera, emakumezkoa-, eta bizkarretik tiro egin zion. Tiro batek lepoan jo zion; bestea bizkarretik sartu zitzaion, eta, gorputza zeharkatuta, aldameneko denda baten beirategian jo zuen.


    Blancoren kontrako atentatua ikusi zuten lekukoak -bi arrantzale eta paseatzen ari ziren beste bi oinezko- berehala joan ziren hura etzanda zegoen tokira, eta anbulantziari deitu zioten. Ia konorterik gabe zegoen, eta odol asko ari zen galtzen. Anbulantzia iritsi zenean, tokian bertan egin zizkioten lehenengo sendaketak, eta segituan erietxera eraman zuten. Ospitalean ebakuntza egin zioten, eta, Egin-ek argitaratu zuenez, bederatzi litro odol galdu zituen, etengabe transfusioak egiten zizkioten artean. Erietxeko lehen albisteek itxaropentsu izateko motiboak ematen zituzten, baina goizaldera, 02:00ak inguruan, Blancok ezin izan zion gehiago eutsi, eta hil egin zen. Hurrengo egun osoan ospitalean eduki zuten haren gorpua, autopsia egin bitartean, eta handik Bordelera eraman zuten, erraustua izatea baitzen Blancoren azken nahia.


    Santos Blancoren hilketa, Egin-en.
    Santos Blancoren hilketa, Egin-en.

    Blanco ospitalean zela, poliziak atentatuaren tokira iritsi ziren, eta lehen ikerketak egiten hasi ziren. Bi bala zorro aurkitu zituzten han, 11,43 kalibrekoak, Bordeleko mafiak erabili ohi zituenak bezalakoak. Bestetik, Blanco tirokatu zuen emakumeak, ihesean zihoala, pistola bota egin zuen, eta Polizia hura aztertzen ari zen. Egin-en arabera, "tamaina handiko pistola bat zen". Ez zen hori izan utzitako zantzu bakarra, Victor Hugo kalearen eta Lormand kalearen arteko bidegurutzean poltsa bat ere bota baitzuen. Poltsa horretan, granada bat, peluka bat eta jertse bat aurkitu zituen Poliziak. Polizia judizialaren ustetan, poltsan aurkitutako granadak atentatua Baiona Ttipiko taberna batean egin nahi zuela pentsarazten zuen. Litekeena da bidean Blanco gurutzatu izana, eta atentatuaren egileak, hura identifikatu ostean, bide errazena hautatu eta tokian bertan tirokatzea.


    Lekuko guztiek hiltzailea emakume bat zela adierazi zuten, eta, ondorioz, Blancorena GALeko dama beltzaren zerrendako bosgarren atentatua izan zen: Lagunekin, Bittor, Briketenia, Trinquet Txiki eta Santos Blanco. Atentatuak aurpegia estalita egin arren, haren erasoek marka propio bat zuten. Tirokatu egiten zituen bere biktimak, gehienetan tabernetan egiten zituen erasoak, ihesean erabilitako arma bota egiten zuen, eta, ihes egiterakoan, gutxienez bitan, granada bat bota zuen inor bere atzetik joan zedin saihesteko, eta hirugarrenean granada prest zuen, behar izanez gero.


    Dominique Thomas jo zuten Santosen hiltzailea, baino ez zuten inoiz hilketagatik zigortu
    Dominique Thomas jo zuten Santosen hiltzailea, baino ez zuten inoiz hilketagatik zigortu

    Blancoren lagun eta senideei argitxo bat piztu zitzaien 1988an, Dominique Thomas atxilotu zutenean. Andorran atxilotu zuten, eta handik urtebetera aske utzi zuten kontrol judizialarekin. Epaiketa 1991n egin zioten, baina ez zioten Blanco hiltzea leporatu -ez eta beste atentaturik ere-. GALeko kide izateagatik baino ez zuten zigortu, eta gaizkile elkarte bateko kide izateagatik hiru urteko espetxe zigorra jarri zioten. "Ez zen justiziarik egin, eta alde horretatik oso penatuta nago", esan dio BERRIAri Xabier Belokik, Blancoren auzoko lagunak.


    Blancoren hilketa kolpe bat gehiago izan zen euskal errefuxiatuen bizkarrerako. Atentatuak bata bestearen atzetik sufritzen zituzten, eta bat gainditzen zutenerako, bestea zetorren kolpean. Baina ez zuten uzten hilketarik erantzun gabe, eta, Blancoren kasuan, ekainaren 27rako egin zituzten deialdiak. Erori zen tokitik bertatik abiatu zen manifestazioa, 19:00etan, eta ordurako inguru guztia poliziaz josita zegoen. CRSek Baionako erdigunea osorik hartu zuten arren, ez zuten eragotzi Victor Hugo kalean 400 lagun baino gehiago elkartzea. Manifestazioaren aurretik, errefuxiatuen izenean adierazpen bat irakurri zuten. Atentatuen helburua "errefuxiatuen artean beldurra eta etsipena zabaltzea" zela zioen, eta Frantziako Administrazioaren isiltasuna "susmagarria" zela. Horrek errefuxiatuak babesgabe uzten zituela zioen komunikatuak, eta, are gehiago, azkenaldiko kanporaketa, deportazio eta estradizioekin. Aldi berean, errefuxiatuek berretsi zuten "inoiz baino elkartuago eta indartsuago" zeudela. Manifestazioak ibilbidea aldatu zuen, CRSek bidea itxi zietelako, baina beste bidetik ere protesta zapuzteko ahaleginean jarraitu zuten poliziek. Hala, errepidea utzi ezean manifestazioa desegingo zutela ohartarazi zuten, eta, jendeak etsitzen ez zuela ikusita, manifestariei oldartu zitzaizkien kezko poteak eta gomazko pilotak jaurtiz.


    Bittor tabernan, bigarrena

    1985eko uztailaren 8a

    GALek urte berean bi aldiz jo zuen Bittor tabernaren kontra. Lehenengoz, 1985eko martxoaren 26an, eta bigarrengoz, handik hiru hilabete pasatxora, uztailaren 8an. Eta bigarren atentatuan ere emakumea izan zen egilea, aurrekoan bezala. Gaua zen, uztaileko gau bero bat, eta 23:15 inguruan Juan Karlos Lezartua errefuxiatua tabernako terrazan zegoen eserita. Lezartuak berehala erreparatu zion gerturatzen ari zitzaion emakumeari. Txikia zen, platino koloreko ileordea zeraman jantzita, eta gona motz bat. Baina bazeukan zerbait udako gau bero hartan Lezartuari arraro iruditu zitzaiona. Jantzita zeraman gabardinak begietara jo zion, eta susmatzen hasi zen. Aurretik bost atentatu egin zituen emakumezko batek errefuxiatuek ibiltzen ziren tabernetan eta hiru pertsona hil zituen. Beraz, Lezartuak bazuen susmatzeko arrazoirik. Kolpean zutik jarri eta mahaia bota egin zuen. Pistola automatiko bat atera zuen orduan emakumeak, eta tiroka hasi zitzaion. Paddy Woodworth kazetari irlandarrak Dirty War, Clean Hands liburuan egiten duen kronikaren arabera, emakumeari kosta egiten zitzaion metrailetari ondo eustea, pisutsuegia zen harentzat, eta, ondorioz, egin zituen zazpi tiroetatik bakarrak jo zion Lezartuari. Arin zauritu zen.


    Dominique Thomas 1991n epaitu zuten GALeko kide izateagatik. Zigortu zuten, baina ekintza zehatzik leporatu gabe
    Dominique Thomas 1991n epaitu zuten GALeko kide izateagatik. Zigortu zuten, baina ekintza zehatzik leporatu gabe

    Ihesean, emakumeak alde batera eta bestera egin zuen tiro. Inori eman gabe. Ohikoa zuenez, erabilitako pistola, ileordea eta gabardina bota zituen bidean. Woodworthek jasotako lekukotasunetako bat emakumea taxian eraman zuen gizonarena da. Ziburutik Hendaiara eraman zuela azaldu zuen taxi gidariak, baina momentuan ez zen ohartu zein zen zeraman emakumea. Gero ohartu zen. «Oso lasai» zirudiela kontatu zion kazetariari.


    Emakume hori, aurreko atentatuetan bezala, Dominique Thomas zela uste zuen Frantziako polizia judizialak, eta, 1988an atxilotu zutenean, gutxienez lau atentatu leporatzen zizkioten. 1991n epaitu zuten Baionako Auzitegian, baina ez zioten ekintza jakinik egotzi. Hiru urteko espetxe zigorra jaso zuen gaizkile elkarteko kide izatea egotzita.


    Fernando Egileor

    1985eko uztailaren 16a

    1985eko uztailaren 16an egin zuen GALek hurrengo atentatu ahalegina. Fernando Egileorren kontra jo nahi zuten, baina hark auto azpian jarritako bonba atzeman zuen, eta atentatua saihestu zuen. 1969an egin zuen ihes Egileorrek, Basauriko kartzelako ihesaldian parte hartu ostean. Ez zen, ordea, Iparraldean jarri bizitzen, Pauen baizik, errefuxiatuen girotik urrun. Emaztea eta hiru seme-alaba zituen, eta negozio propioa zeukan, kirolerako produktuen diseinuan. 1978an amnistia legeari lotu zitzaion, baina ez zen Hego Euskal Herrira itzuli. Seme-alabek Frantziako hezkuntza sisteman jarraitzea nahi zuten, eta Angelun jarri ziren bizitzen, Hegoaldera nahi zuenean igarotzeko aukerarekin.


    1983an hartu zuten erabaki hori, eta berehala Poliziari jakinarazi zioten helbide aldaketa. Egileorrek Paddy Woodworth kazetaria irlandarrarekin hitz egin zuen GALek bere kontra egindako ekintzari buruz, eta elkarrizketan esan zionez poliziek hartzen zuen erabakia bitan pentsatzeko esan zioten. "Gauzak ondo pentsatzeko esan zidaten, bestela agian damutu egingo nintzela hartzen ari nintzen erabakiaz". Ez zion garrantzia handirik eman ohartarazpen horri, bera ez baitzen jada errefuxiatua. Ondoren ohartarazpen ofiziala egin zioten. Poliziek GALeko mertzenario batzuen esku bere argazkia topatu zutela ohartarazi zioten, ofizialki.


    1985eko udan Egileorrek jada bazituen hainbat froga bere atzetik zebiltzala jakiteko. Gauza "arraroak" gertatu ziren bere inguruan: etxean obrak egiten ari zirela, langileetako batek etxe kanpoan lau gizon ikusi zituen, eta "ikusi egiten zen armak zituztela"; beste batean, lagun bati autoa utzi, eta hura semaforo batean gelditu zenean, aldameneko autotik pistola berari begira zutela ikusi zuen, baina gidaria ez zela Egileor ohartu zirenean, ez zuten tiro egin; etxeko txakurrak ere bidali zituen etxe inguruan zebiltzan pertsona batzuk zaunkaka...


    Uztailaren 16 hartan, Egileor 10 urteko alabarekin atera zen etxetik. Jada zorrotz erreparatzen zion bere inguruan gertatzen zenari, eta berehala ohartu zen bere autora zeraman arrasto bat zegoela hondarretan. "Arrastoari erreparatu eta konturatu nintzen hain justu ere nire auto azpian amaitzen zela. Makurtu nintzen, eta pakete bat ikusi nuen autoko gasolinaren andelari itsatsita". Bi kilo dinamita zituen pakete hark, eta urruneko kontrolarekin eztanda egiteko moduan zegoen jarrita. Familia autotik urrundu eta Poliziari deitu zion Egileorrek.


    "Arrastoari erreparatu eta konturatu nintzen hain justu ere nire auto azpian amaitzen zela. Makurtu nintzen, eta pakete bat ikusi nuen autoko gasolinaren andelari itsatsita" / Fernando Egileor

    Egileorren kontrako atentatu saioa urte bereko irailean hasi zen argitzen. Izan ere, GALek Joseph Arraztoaren aurka egindako atentatu ahaleginaren -1985eko irailaren 4a- ostean abiatutako ikerketek Marseillara eraman zuten Polizia, Georges Mendaille mertzenarioak errekrutatutako taldearengana. Mendailleren aginduetara Michel Morganti, Alain Domenge, Alain Lambert eta Roger Roussey aritu ziren garai hartan GALen atentatuak egiten, eta atxilotuak izan eta berehala lauek eman zuten Mendailleren izena. Mendaille da, Jean Pierre Cheridekin batera, lehen belaunaldiko gerra zikinaren eta GALen arteko lotura egiten duten mertzenarioetako bat.


    Georges Mendaille, estraditatu zutenean
    Georges Mendaille, estraditatu zutenean

    Atxilotutako lau mertzenarioek deklaratu zutenez, Mendaillek azaldu zien Espainiako eta Frantziako zerbitzu sekretuen enkarguz ari zirela atentatuak egiten. Horrez gain, Mendaillek hainbat argazki eman zizkien bere taldeko mertzenarioei, eta atzean esku idatzi zituen izenak. Morganti, Domenge, Lambert eta Roussey Paueko Auzitegiak epaitu zituen 1990eko ekainean Egileorren eta Arraztoaren kontrako atentatuengatik. Rousseyri 16 urteko zigorra jarri zion, 15ekoa Morgantiri eta 14koa Lambert eta Domengeri.


    Mendaille ez zuten auzi berean epaitu. Izan ere, haren izena agertu zenerako Mendaille jada ez zegoen Frantzian. Gironan (Herrialde Katalanak) bizi zen, eta Paueko Auzitegiak hainbatetan eskatu zion haren estradizioa Espainiako Gobernuari. Entzungor egiten zion Espainiak Frantziatik heldutako eskaerari, eta 1985ean eta 1986an Espainiako Poliziak argudiatu zuen ezin zutela aurkitu. Orduan, 1987ko abenduan, Manuel Cerdan eta Antonio Rubio kazetariek erreportaje bat atera zuten hari buruz. Gironan bizi zela, haren izena eta helbidea telefono aurkibidean zegoela eta autoa Udaltzaingoan erregistratuta aurkitzen zela argitaratu zuten. Haren estradizioa saihesteko hainbat ahalegin egin arren, azkenean, 1989an, Baltasar Garzon epailea tematu zen eta Espainiako Auzitegi Nazionalak Paueko Auzitegiaren estradizio eskaera onartu zuen. Baina 1990ean Espainiako Gobernuak atzera bota zuen estradizioa, eta Mendaille aske utzi zuten.


    "Argi eta garbi esan nahi dut, Mendaille Espainiako Poliziaren babesaz gozatzen ari da", esan zuen fiskalak, Roussey eta beste taldekideen kontrako epaiketan. Beste lau urte itxaron behar izan zituen Paueko Auzitegiak Mendaille atxilotua izan zedin. 1994an, Juan Alberto Belloch Espainiako Barne eta Justizia ministroak martxan jarri zuen berriro Mendailleren kontrako estradizio eskaera, eta Bueren epaileak haren atxiloketa agindu zuen. Paueko Auzitegiak 1997ko urtarrilean 20 urteko espetxe zigorra jarri zion, GALeko talde bateko buru izatea eta Egileor eta Arraztoaren kontrako atentatua sustatzea egotzita. Epaiketa berean akusazio partikularrak Juan Mari Otegi Txato errefuxiatuaren hilketan parte hartzea edo sustatzea ere egotzi zion Mendailleri -Otegiren argazkiak zeudelako hari atzemandakoen artean­-, baina auzitegiak iritzi zion ez zegoela froga nahikoa haren kontra egiteko.


    1994an Auzitegi Nazionaleko Carlos Bueren epailearen aginduz, Mendaille atxilotu egin zuten, eta Frantziara estraditatu zuten gero. 1997an epaitu zuen Paueko Auzitegiak eta 20 urteko zigorra jarri zion Egileor eta Arraztoaren kontrako atentatuengatik. Mendailleri Otegiren hilketan laguntzaile izatea egotzi zioten epaiketan, baina epaimahaiak absolbitu egin zuen.


    Juan Mari Otegi

    1985eko abuztuaren 2a

    Juan Mari Otegi -43 urte, Itsasondokoa (Gipuzkoa)- 17:30ean atera zen lanetik, Donibane Garazira joateko, 1985ko abuztuaren 2an. Ostirala zen eta etxera zihoan, han emaztea eta alaba zituelako zain, Arrosako kanpinera elkarrekin joateko. Denek kooperatiban egiten zuen lan, GALek 1984ko maiatzaren 3an hil zuen Rafa Goikoetxeak bezala. Biak modu berean hil zituzten. Azkarate parean zihoala, motor bat bere autoaren aldamenean jarri eta tiro egin zioten Otegiri.


    Juan Mari Otegi
    Juan Mari Otegi

    Motorrean, atzeko eserlekuan eserita zegoenak egin zion tiro eta hirutan jo zuen bizkarrean. Berehala kontrola galdu zuen, eta errepide bazterra jo zuen. Oso larri zegoen, eta atzean zihoan autoko gidaria berehala gelditu zen, Otegi bertan sartu eta erietxera eramateko. Izpurako erietxera eraman zuen, gertuen hura zegoelako, baina Otegi oso larri zegoen, eta berehala Baionara eramateko agindu zuten. Helikopteroz eraman zuten Baionara, baina ezer egin baino lehenago hil zen, 19:30ean.


    Otegiren emazteak, Karmele Martinezek, ikusi zuen helikopteroa etxetik. Senarraren zain zegoen, eta atzeratzen ari zen. Ez zen ohikoa. "Oso urduri jartzen hasi nintzen", kontatu zion Paddy Woodworth kazetariari. Dirty War, Clean Hands liburuan jasotzen duenez. BERRIA-rekin ere hitz egin du Martinezek, eta kontatu dio autoz joan zela bera Baionaraino, ez ziotela utzi helikopteroan senarrarekin joaten. Iritsi zirenerako, Otegiri jada bigarren bihotzekoak jo zion, eta ezin izan zion bizirik eutsi.


    Juan Mari Otegiren hilketa, Egin-en.
    Juan Mari Otegiren hilketa, Egin-en.

    Otegiren emazteak bazuen motiborik urduri egoteko. Izan ere, Denek enpresa bitan izan zen GALen atentatuen biktima -Goikoetxea 1984an hil zuten eta 1984ko abuztuan lehergailu bat zartarazi eta enpresa erdia behera bota zuten-. Gainera, Frantziako Poliziak Otegiri abisatu zion GALen jomugen zerrendan aurkitzen zela. 1985ko apirilean Xabier Galdeano hil zuten mertzenarioak - Jacky Pinard, Bernard Foucher, Alain Parmentier eta Guy Cantavenera- atxilotu ostean eman zioten abisua. Haien eskuetan Otegiren etxeko plano bat, haren lan ordutegiak eta argazki bat aurkitu zituzten eta Poliziari aitortu omen zioten Otegi izango zela "zerrendako hurrengoa".


    Ez ziren Pinard, Foucher, Cantavenera eta Parmentier izango Otegi hil zutenak, ordurako kartzelan baitzeuden, baina Marseillako mertzenario talde batengana eraman zuten peskizek 1995eko irailean. Izan ere, GALek Joseph Arraztoaren aurka bonba bidez egindako atentatu saioaren ondoren, hainbat ikerketa egin eta Polizia Marseillara iritsi zen: Georges Mendaille mertzenarioak errekrutatutako taldearengana.


    Mendailleren aginduetara Michel Morganti, Alain Domenge, Alain Lambert eta Roger Roussey aritu ziren garai hartan GALen atentatuak egiten, eta atxilotuak izan eta berehala lauek eman zuten Mendailleren izena. Mendaille da, Jean Pierre Cheridekin batera, lehen belaunaldiko gerra zikinaren eta GALen arteko lotura egiten duten mertzenarioetako bat.


    Atxilotutako lau mertzenarioek deklaratu zutenez, Mendaillek azaldu zien Espainiako eta Frantziako zerbitzu sekretuen enkarguz ari zirela atentatuak egiten. Horrez gain, Mendaillek hainbat argazki eman zizkien bere taldeko mertzenarioei, eta atzean esku idatzi zituen izenak. Argazki horien artean zegoen Juan Mari Otegirena, eta atzean Mendaillek eskuz idatzitako testua zeraman.


    Morganti, Domenge, Lambert eta Roussey Paueko Auzitegiak epaitu zituen 1990eko ekainean Egileorren eta Arraztoaren kontrako atentatuengatik, baina ez zieten Otegiren hilketa leporatu ere egin.


    Mendaille, ordea, ez zuten auzi berean epaitu. Izan ere, haren izena agertu zenerako Mendaille jada ez zegoen Frantzian. Gironan (Herrialde Katalanak) bizi zen, eta Paueko Auzitegiak hainbatetan eskatu zion haren estradizioa Espainiako Gobernuari. Entzungor egiten zion Espainiak Frantziatik heldutako eskaerari, eta 1985ean eta 1986an Espainiako Poliziak argudiatu zuen ezin zutela aurkitu. Orduan, 1987ko abenduan, Manuel Cerdan eta Antonio Rubio kazetariek erreportaje bat atera zuten Interviu aldizkarian hari buruz. Gironan bizi zela, haren izena eta helbidea telefono aurkibidean zegoela eta autoa Udaltzaingoan erregistratuta aurkitzen zela argitaratu zuten. Espainiako agintari polizialek haren estradizioa saihesteko hainbat ahalegin egin arren, 1989an, Baltasar Garzon epailea tematu zen eta Espainiako Auzitegi Nazionalak Paueko Auzitegiaren estradizio eskaera onartu zuen. Baina 1990ean Espainiako Gobernuak atzera bota zuen estradizioa, eta Mendaille aske utzi zuten.


    Georges Mendaille
    Georges Mendaille

    "Argi eta garbi esan nahi dut, Mendaille Espainiako Poliziaren babesaz gozatzen ari da", esan zuen fiskalak, Roussey eta beste taldekideen kontrako epaiketan. Beste lau urte itxaron behar izan zituen Paueko Auzitegiak Mendaille atxilotua izan zedin. 1994an, Juan Alberto Belloch Espainiako Barne eta Justizia ministroak martxan jarri zuen berriro Mendailleren kontrako estradizio eskaera, eta Bueren epaileak haren atxiloketa agindu zuen. Paueko Auzitegiak 1997ko urtarrilean 20 urteko espetxe zigorra jarri zion, GALeko talde bateko buru izatea eta Egileor eta Arraztoaren kontrako atentatua sustatzea egotzita. Epaiketa berean akusazio partikularrak Juan Mari Otegi Txato errefuxiatuaren hilketan parte hartzea edo sustatzea ere egotzi zion Mendailleri -Otegiren argazkiak zeudelako hari atzemandakoen artean­-, baina auzitegiak iritzi zion ez zegoela froga nahikoa haren kontra egiteko.


    Errefuxiatuen kolektiboak oharra kaleratu zuen Otegiren hilketaren ostean, errefuxiatuen artean etsipena eta damua lortzea espero bazuten oker zeudela nabarmenduz. "Espainia eta Frantziako gobernu sozialdemokraten eraso honek, argi eta garbi, euskal errefuxiatu politikoen komunitatean lehen pitzadura sortzea du helburu -damutzea edo printzipio eta ideia politikoei uko egitea-, eta horren bidez euskal nazioaren askapenerako borroka urperatu nahi dute. Baina, hori hala bada, oker daude. Errefuxiatuen kolektiboak, nahiz eta jakitun den katebegi ahulena dela, berretsi egiten du errefuxiatu izaera Hego Euskal Herrian gizarte justuago baten alde garatutako borroka politikoaren ondorioz datorkiola, eta inoiz baino batuago gaudela, eta inoiz baino gogorrago eutsiko diogula erresistentziari". Mobilizaziora deitu zuten, eta Otegiren aldeko mobilizazioak ugari izan ziren, bai Hegoaldean eta bai Iparraldean.


    "Espainia eta Frantziako gobernu sozialdemokraten eraso honek, argi eta garbi, euskal errefuxiatu politikoen komunitatean lehen pitzadura sortzea du helburu -damutzea edo printzipio eta ideia politikoei uko egitea" / Euskal Errefuxiatu Politikoen kolektiboa

    1994an Auzitegi Nazionaleko Carlos Bueren epailearen aginduz, Mendaille atxilotu egin zuten, eta Frantziara estraditatu zuten gero. 1997an epaitu zuen Paueko Auzitegiak eta 20 urteko zigorra jarri zion Egileor eta Arraztoaren kontrako atentatuengatik. Mendailleri Otegiren hilketan laguntzaile izatea egotzi zioten epaiketan, baina epaimahaiak absolbitu egin zuen.


    Dominique Labegerie

    Dominique Labegerie, Egin-en.

    1985eko udan, bestalde, GALeko dama beltza deiturikoari egozten zaizkion atentatuetan azkena gertatu zen, Donibane Lohizunen. 1985eko abuztuaren 8a zen, eta bazkal ostean, 15:30 inguruan, ile horia zuen emakume batek -aurreko hainbat atentatutan deskribatutako emakumearen antzeko ezaugarriak zituena- Dominique Labegerieren etxeko leihoa jo zuen. Labegeriek 33 urte zituen eta GALek urte bereko martxoaren 30ean hildako Xabier Galdeanoren urbanizazio berean bizi zen. Labegeriek leihoa ireki, eta emakumea ingelesez hasi zitzaion hizketan. Gizona ohartzerako emakumeak pistola atera eta tiro egin zion. Eskua jarri zuen Labegeriek, eta mugimendu horrekin ondorio larriagoak sufritzea saihestu zuen. Izan ere, balak eskua zeharkatu zion, baina, eskua jarri ez balu, tiroak zuzenean joko zion bularrean edo bihotzean. Labegerie ospitalera eraman zuten berehala, baina haren osasun egoerak ez zuen kezka berezirik eragiten.


    Dominique Thomas ez zuten inoiz zigortu GALen ekintza bategatik. Baina GALeko kide izateagatik kondenatu zuten
    Dominique Thomas ez zuten inoiz zigortu GALen ekintza bategatik. Baina GALeko kide izateagatik kondenatu zuten

    GALeko dama beltzak edo blondak egindako beste atentatuetan ez bezala, atentatua egiteko erabilitako armarik ez zuen aurkitu Poliziak. Bai, ordea, ileordea eta berokia. Labegerieren atentatua urte bereko martxoaz geroztik egindako beste sei atentaturekin lotu zuen Polkiziak, baina inork ez zuen inoiz atentatu horiengatik ordaindu. 1990ean Paueko Auzitegiak Domique Thomas epaitu zuen, ustez GALeko dama beltza izandakoa, baina ez zioten ekintza zehatzik leporatu, eta gaizkile elkarteko kide izateagatik besterik ez zuten zigortu. Hiru urteko zigorra ezarri zioten.


    Joseph Arraztoa

    1985eko irailaren 4a

    1985eko irailaren 4an, Joseph Arraztoa ipar euskal herritarraren auto azpian bonba bat jarri zuten, Donibane Garazin. Lehergailua eztanda egin aurretik aurkitu zuten. Dena den, atentatu horri buruzko ia daturik ez da hemeroteketan; bai, ordea, auzi horrek auzitegietan izandako ibilbideari buruzkoak.


    Izan ere, Arraztoaren kontrako atentatuak eman zien poliziei Marseillako mafiaren pista. Hari horri segika, Mendaille mertzenarioak errekrutatutako taldearengana iritsi ziren. Mendailleren aginduetara Michel Morganti, Alain Domenge, Alain Lambert eta Roger Roussey aritu ziren garai hartan GALen atentatuak egiten, eta atxilotuak izan eta berehala eman zuten lauek Mendailleren izena. Mendaille da, Jean Pierre Cheridekin batera, lehen belaunaldiko gerra zikinaren eta GALen arteko lotura egiten duten mertzenarioetako bat.


    Atxilotutako lau mertzenarioek deklaratu zutenez, Mendaillek azaldu zien Espainiako eta Frantziako zerbitzu sekretuen enkarguz ari zirela atentatuak egiten. Horrez gain, Mendaillek hainbat argazki eman zizkien bere taldeko mertzenarioei, eta atzean esku idatzi zituen izenak. Morganti, Domenge, Lambert eta Roussey Paueko Auzitegiak epaitu zituen 1990eko ekainean Egileorren eta Arraztoaren kontrako atentatuengatik. Rousseyri 16 urteko zigorra jarri zion, 15ekoa Morgantiri eta 14koa Lambert eta Domengeri.


    Georges Mendaille
    Georges Mendaille

    Mendaille ez zuten auzi berean epaitu. Izan ere, haren izena agertu zenerako Mendaille jada ez zegoen Frantzian. Gironan (Herrialde Katalanak) bizi zen, eta Paueko Auzitegiak hainbatetan eskatu zion haren estradizioa Espainiako Gobernuari. Entzungor egiten zion Espainiak Frantziatik heldutako eskaerari, eta 1985ean eta 1986an Espainiako Poliziak argudiatu zuen ezin zutela aurkitu. Orduan, 1987ko abenduan, Manuel Cerdan eta Antonio Rubio kazetariek erreportaje bat atera zuten hari buruz. Gironan bizi zela, haren izena eta helbidea telefono aurkibidean zegoela eta autoa Udaltzaingoan erregistratuta aurkitzen zela argitaratu zuten. Haren estradizioa saihesteko hainbat ahalegin egin arren, azkenean, 1989an, Baltasar Garzon epailea tematu zen eta Espainiako Auzitegi Nazionalak Paueko Auzitegiaren estradizio eskaera onartu zuen. Baina 1990ean Espainiako Gobernuak atzera bota zuen estradizioa, eta Mendaille aske utzi zuten.


    1994an Auzitegi Nazionaleko Carlos Bueren epailearen aginduz, Mendaille atxilotu egin zuten, eta Frantziara estraditatu zuten gero. 1997an epaitu zuen Paueko Auzitegiak eta 20 urteko zigorra jarri zion Egileor eta Arraztoaren kontrako atentatuengatik. Mendailleri Otegiren hilketan laguntzaile izatea egotzi zioten epaiketan, baina epaimahaiak absolbitu egin zuen.


    Monbar hotela

    1985eko irailaren 25a

    GALen ibilbidean egindako atentatu odoltsuena 1985eko irailaren 25eko gauean gertatu zen, Baiona Ttipiko Pannecau kaleko Monbar hotelean. GALek kontratatutako bi kidek -Pierre Frugoli eta Lucien Mattei- tiroka ekin zioten taberna barruan zeudenen aurka, eta lau errefuxiatu hil zituzten: Jose Mari Etxaniz (Urretxu), Iñaki Asteasuinzarra (Hernani), Agustin Irazustabarrena (Astigarraga) eta Sabin Etxaide (Zestoa). Hala, Monbar hotelekoa GALen ekintza ezagunenetako bat bihurtu zen, Monbarreko sarraskia ere deitua.


    Asteazkena zen, eta 9:15 inguruan Pannecau kaleko tabernak eta kalea bera jendez beteta zegoen. Bi gizon agertu ziren tabernara, eta bakoitza alde batean jarri zen. Bat-batean biak hasi ziren tiroka, biak batera. Lau errefuxiatu zauritu zituzten. Haietako bat momentuan bertan hil zen, eta beste bi taberna kanporaino iritsi ziren, balantzaka, han zerraldo erori aurretik. Laugarrena Sabin Etxaide ez zen momentuan hil. Buruan zeukan tiroa eta begibistakoa zen oso larria zela haren egoera; berehala eraman zuten Baionako Saint Paul ospitalera, eta han hil zen 23:15ean. Poliziak 9 milimetroko hamabost bala-zorro aurkitu zituen atentatuaren tokian.


    Monbar hotela
    Monbar hotela

    Txetx Etxeberri atentatuaren lekuko izan zen, baina baita ondorengo pertsekuzioan parte hartu zuenetako bat. Jazotakoa xehetasun guztiekin kontatu zion Paddy Wooworth kazetari irlandarrari, eta hark Dirty War, Clean Hands liburuan jaso zuen. "Pote bat hartzen ari nintzen eta bi petardo entzun genituela iruditu zitzaigun. Niren obsesioarekin, GALekin neukan paranoiarekin, kalera irten nintzen". Etxeberrik bi gizon ikusi zituen Monbar tabernara sartzen. "Eta jendearen kontra tiroka ari ziren. Tabernan zeuden lagunei oihu egin nien: 'Atera! GAL da, tiroka ari da aldamenean!'. Berriro begiratu eta tipo baten gorpua ikusi nuen lurrean, tabernaren eta kalearen artean. Bietan zaharren berriro tiroka ari zitzaion. Denbora hartu zuten haiek garbitzeko. Gero, epaiketan, jakin nuen 50.000 libera ordaintzen zizkietela zauritu bakoitzeko eta 200.000 hildako bakoitzeko. Horregatik hartu zuten denbora, lauak akabatzen".


    " Jendearen kontra tiroka ari ziren. Tabernan zeuden lagunei oihu egin nien: 'Atera! GAL da, tiroka ari da aldamenean!'. Berriro begiratu eta tipo baten gorpua ikusi nuen lurrean, tabernaren eta kalearen artean. Bietan zaharren berriro tiroka ari zitzaion." / Txetx Etxeberri

    Atentatuaren egileek ihesari ekin zioten gero, eta une horretan film batean ikusiz gero sinestezina egingo litzatekeen pertsekuzio bat hasi zen. "Ni haiengana zuzendu nintzen, eta nire lagunak tabernatik atera ziren. Orduan, beraiek ni ikusi eta ihesari ekiten diote, baina oinez, pauso bizian. Eta hori ere gero ulertu nuen, epaiketan. Izan ere, Amedok esan zien: 'Beno, egiten duzue zuen ekintza, eta han dagoen jende guztia txaloka hasiko zaizue, ez dago dudarik jende guztia GALen alde dagoela'. Eta oinez joan ziren, 100 metro inguru egin zituzten oinez. Ikusi zutenean gure taldea atzetik zegoela, armarekin guri tiro egiteko keinua egin zuten. Ni ezkutatu egin nintzen. 500 metrotan-edo, horrela izan zen, kalez kale, autoen atzean gordetzen joan nintzen. Baina honek guztiak asko iraun zuen, oinez jarraitzen zutelako, azkar, baina oinez".


    Monbar hotela, Egin-en.
    Monbar hotela, Egin-en.

    Bi mertzenarioek abantaila lortu zuten, halere. Etxeberrik lagun bat bere autoa aparkatzen ari zela ikusi zuen arte. "Ez aparkatu! Jarri martxan berriro, GALeko bi tipo dihoaz han, eta jendea hil dute oraintxe. Bere autoan sartu ginen eta Saint Espirit-eko zubian ikusi genituen, hura da Baionako tren geltokira iritsi aurretik dagoen azken zubia". Tren geltokia ez du alferrik aipatzen Etxeberrik. Atentatuaren egileek trenean ihes egiteko asmoa zuen -jakinekoa da Amedo atentatuak finantzatzeko diru berezietako zati potolo batekin gelditzen zela, eta antza denez, gero eta diru gutxiago uzten zuen atentatuak gauzatzeko-. "Sinestezina da espainiar poliziek treneko bi txartel eman izana, Baionatik Irunera joateko, eta lau pertsona hil ondoren lasai-lasai trena hartzea pentsatzen zuten, Irunera, han Amedorekin hitzordua zeukatelako".


    Zubian zeudela, Etxeberri eta autoan zihoan beste errefuxiatua ohartu ziren erasotzaileek jada ez zeramatela armarik. Ordurako, ibaira bota zituzten pistolak, baina haiek ezin zuten jakin. "Autoan abiadura betean gindoazen, eta pistolak ateraz gero, harrapatu egingo genituen autoarekin. Baina ez zituzten atera, eta autotik atera eta banan-bana harrapatu genituen. Nik zaharrena hartu nuen, eta lagunak gazteena. Niri bizitzako zartako handiena eman nion. Ez zen mugitu, eta jarraitu egin nuen. Lagunak ostiko bat jo zion barrabiletan. Gero, hark esan zuen, 'zazpi egunez ezin izan dut pixa egin'. Eta guri leporatzen dizkigute torturak! Nire lagunak oineko behatz bat apurtu zuen eta hilabete egon zen makuluekin".


    Kasualitatea izan zen euren ondotik polizien auto bat pasatzea. GALekoak zirela esan zieten poliziei, orduantxe hainbat lagun hil zituztela. "Hartu zituzten, eta errefuxiatua txakurrekin joan zen polizia-etxera. Ni lagunengana itzuli nintzen, Monbarrera". Han ikusi zuena etsigarria zen. Gorpuak oraindik lurrean zeuden, odol putzu batean etzanda, tiroek zulatuta. Eta Polizia oraindik agertu gabe, atentatua gertatu zenetik 15 minutu pasatu ziren arren. Harrigarria handik 500 metrora polizia-etxe bat dagoela kontuan hartuz gero, eta tabernako jabeak atentatua izan eta berehala abisu eman zuela jakinda. Etxeberrirekin eta beste errefuxiatuarekin topo egin zuten poliziek esan zutenez, ordea, eurek ez zutela inolako abisurik jaso.


    Fermin Muguruza eta 'Hotel Monbar'

    Kortaturen abesti bat Monbar hoteleko hilketen lekuko geldituko zen betiko: 'Hotel Monbar'. Hil-kanpaiek berriro jo zuten Baionan, 1985eko irailaren 25 hartan, eta horren lekuko zuzena izan zen Fermin Muguruza Kortatu taldeko abeslaria. Txetx Etxeberrirekin batera zegoen atentatua izan zenean, Alex tabernan, Monbarren pare-parean, eta, GALeko hiru mertzenarioak Monbarrera sartu baino ordu erdi lehenago, Muguruza, Etxeberri eta Monbarren hil zituzten lau lagunak elkarrekin ibili ziren mahai futbolean jolasten. Ez zuten espero handik gutxira gertatuko zena. Muguruzak lurrean hilda ikusi zituen Etxaniz, Etxaide, Asteasuinzarra eta Irazustabarrena, eta hiltzaileen atzetik taldean atera ziren arren, pertsekuzioan Txetx lagunak bakarrik nola jarraitu zuen ikusi zuen. Laguna itzuli zen, baina lurrean etzanda zeuden lau kideak ez. Muguruzak abesti batean jaso zuen Monbar hoteleko atentatuan bizi izandakoa, baita halako gauza bat bizitzeak uzten duen arrastoa ere: "Lau krabelin gorri gelditu dira oroitzapenean, eta izerdi hotza, kontatzen dudan bakoitzean".


    Kortatu

    Excombatientes de la batalla de Argel
    se encargan de mantener la calma tensa
    mientras se susurra en el aire denso,
    una vieja canción de guerra
    Una vieja canción de guerra.


    Han vuelto a sonar campanadas a la muerte
    en el hotel Monbar, campanadas a la muerte
    cuatro charcos rojos, campanadas a la muerte.
    Han vuelto a sonar, Campanadas a la muerte.


    Me he estremecido,

    ¿Quién pagaría esto?
    Un escalofrío, Me recorre el cuerpo.
    Cuatro claveles rojos, quedan en el recuerdo,
    y un sudor frío
    Cada vez que lo cuento.
    Y un sudor frío
    Cada vez que lo cuento.


    Tentsioa eta urduritasuna izugarria zen Monbar hotelaren inguruetan. CRSak izan ziren iristen lehenak. Eta lekukoen arabera, oso zakar eta oldarkor jokatu zuten senitarteko zein lagunekin. Etxeberrik kontatutakoaren arabera, polizia-buruarengana hurbildu zen segituan. "Esan nion, 'orain zatozte? 15 minutu berandu zatozte, eta egiten duzuen lehenengo gauza senitartekoak bultzaltzea da? Ez daukazue lotsarik, ala?'. Zabarki erantzun zidan, 'utzi lekua lanerako'". CRSek edozein manifestazio egitea eta leloak oihukatzea galarazi zien, eta Woodworthek jasotzen duenez, giro nahasi horretan, han zegoenetako bat txistuka hasi zen, Eusko Gudariak txistukatzen. Atzetik jarraitu zioten Monbarrera hurbildutako besteek. Omenaldi sentitua zen. Txistuek soilik hausten zuten isiltasuna.


    Monbarreko atentatua egin zuten bi mertzenarioak 41 urteko Lucien Mattei eta 22 urteko Pierre Frugoli ziren, Marseillakoak, eta hango mafiarekin lotutakoak. Poliziaren aurrean eta epaile aurrean, Matteik beti ukatu zuen atentatuan parte hartzea izan zuenik, zapatak eta galtzerdiak hildakoen odolez blai eduki. Epaileak honela galdetu zion epaiketan: "Monbarren inoiz sartu ez bazara, nola azal dezakezu tabernaren atzeko aldean eroritako errefuxiatuaren odolak zure galtzerdi eta oinetakoak busti izana?"; Matteik ez zuen erantzuten jakin, baina egindakoa aitortu ere ez zuen aitortu. Frugoli ez zen hain gogorra, eta atxilotu eta ordu gutxira aitortu zuen egindakoa, eta Matteiren mehatxuak jaso arren, beti berretsi zituen esandakoak.


    Lucien Mattei
    Lucien Mattei

    Mattei eta Frugoliren kontrako epaiketa 1987ko abenduan egin zuten Paueko Auzitegian, eta Frugolik berriro aitortu zuen eurak izan zirela hiltzaileak. Ildo beretik, Jose Amedok kontratatu zituela esan zuen Frugolik behin eta berriro, baina ez zuen horri buruzko froga sendorik aurkeztu. Biei bizi arteko espetxe zigorra jarri zien auzitegiak, 1989an Pariseko Apelazio Gorteak berrikusi zuena. Pariseko auzitegiak bizi arteko zigorra berretsi zuen Matteirentzat eta 20 urtera jaitsi zuen Frugolirena.


    Etxeberrik lekuko gisa deklaratu zuen epaiketa hartan. "Lekuko gisa esan beharreko dena kontatu nuen. Eta gero, gehitu: 'Baina, beno, beraiek ez zuten batere errukirik izan. Urte batzuk emango dituzten kartzelan, baina ez dute egin duten ezer ulertzen. Egin behar zuten horregatik ordaindu zietenak ez daude hemen. Zer egin behar duzue zuek benetako erantzuleak...'. Epaimahaiko buruak ez zidan utzi galdera bukatzen, eta esan zuen: 'Beno, kendu ezazue erditik'. Eta etorri zen Polizia, eta kendu ninduten". Ez zen Etxeberri uste hori zuen bakarra. Woodworthek Roger Bossle polizia inspektorearen hitzak jasotzen ditu bere liburuan: "GALi buruzko gure ikerketek, lehenago edo geroago, beti eramaten dute Espainiara".


    "GALi buruzko gure ikerketek, lehenago edo geroago, beti eramaten dute Espainiara" / Roger Bossle (polizia inspektorea)

    HB: "Estatu terrorismoa da"

    "Hilketa hauek Estatu terrorismoa dira, eta bertan nahastuta daude Frantziako eta Espainiako alderdi sozialisten zerbitzu sekretuak". Argi eta garbi hitz egin zuen HBko bozeramaile Txomin Ziluagak Monbar hoteleko atentatuaren biharamunean. "Alderdi hauek edo haien gobernuek GALen ekintzak mertzenario talde bati egozteko egiten duten edozein ahalegin eta erabiltzen duten edozein argudio faltsua da. Eurak zuzen-zuzenean baitaude lotuta, bai Guardia Zibila eta bai Frantziako polizia paraleloa". Ziluagak atentatuen izaera "nazioartekoa" zela esan zuen: "Ondorioz, nazioarteko auzitegi baten berehalako esku hartzea exijitzen du" Monbarreko atentatuak erantzun zabala izan zuen, batez ere Gipuzkoan, bertakoak baitziren hildako lauak.


    Christophe Seys Baionako instrukzio epailea saiatu zen Espainiara iristen. Mattei eta Frugoli epaitzen ari ziren bitartean, 1987ko abenduan, Seys epaileak Jose Amedo atxilotzeko agindua eman zuen. Epaiketan Frugoliri Amedoren argazkia erakutsi ziotenean, Frugolik zalantzarik gabe ezagutu zuen, eta horregatik erabaki zuen Seysek haren atxiloketa eskatzea. Jakitun zen hura Frantziaratzerik ez zuela lortuko, baina bide bat ireki zuen, eta aurrerantzean Amedorentzat gauzak ez ziren hain errazak izango. Espainiako Auzitegi Nazionala Amedo ikertzen hasi zen, eta bide horretatik 1991. urtean ezarri zioten 108 urteko espetxe zigorrera heldu zen, eta, ondoren, Marey auzira. Monbar hoteleko atentatuagatik, ordea, ez zuen inoiz ordainduko. Auzia ireki, ireki zuten, baina 1992an Auzitegi Nazionalak behin-behinean artxibatu zuen. 1994an berriro ireki zuten eta Baltasar Garzonek hainbat lagun inputatu zituen: Francisco Alvarez Espainiako Poliziako Bilboko polizia-etxeko buruak, Julian Sancristobal Bizkaiko gobernadore zibil ohia eta Monbarrekoa gertatu zenean Segurtasunerako Estatu zuzendaria, Miguel Planchuelo Espainiako Poliziaren Bilboko Informazio Brigadako burua eta Jose Amedo eta Michel Dominguez poliziak. Garzonek Monbarren kasuan CESIDekiko lotura ikertu zuen. Emilio Alonso Manglano CESIDeko zuzendari ohia eta Juan Alberto Perote CESIDeko AOMEko buru izandakoen aurka, inputazioa ez ezik, badaezpadako neurriak ere hartu zituen. Biei Espainiatik irtetea debekatu zien. Kasuak, ordea, ez zuen inora eraman, eta 2001ean Garzonek behin betiko artxibatzeko agindua eman zuen.


    Garzonek Francisco Alvarez, Julian Sancristobal, Miguel Planchuelo, Jose Amedo eta Michel Dominguez inputatu zituen Monbarreko atentatuagatik. 2001ean artxibatu zuten auzia
    Garzonek Francisco Alvarez, Julian Sancristobal, Miguel Planchuelo, Jose Amedo eta Michel Dominguez inputatu zituen Monbarreko atentatuagatik. 2001ean artxibatu zuten auzia

    Fernando Biurrun

    1985eko abenduaren 4a

    Heletan egin zuen GALek Monbarrekoaren ondoren hurrengo atentatu saioa, ia hiru hilabete geroago, 1985eko abenduaren 4an. Fernando Biurrun 28 urteko errefuxiatu iruindarra zen atentatuaren jomuga. Bonba bat jarri zioten etxeko atean. Goizean, 10:00ak inguruan, Biurrun etxetik atera zen, eta ate ondoan egunkari baten orriekin bildutako pakete bat ikusi zuen. Ez zuen ikutu, paperak uzten zituen zirrikituetatik lehergai kartutxoak ikusten zirelako, eta baita metraila ere. Errefuxiatuak berak deitu zien jendarmeei, baina artezilariek hiru ordu behar izan zituzten iristeko. Lehergailu bat zegoen tartean, eta ez zekiten nola egingo zuen eztanda, eta hala ere jendarmeak ez ziren 13:00ak arte agertu.


    Fernando Biurrun, Egin-en.
    Fernando Biurrun, Egin-en.

    Biurrunek urruneko kontrol bidez zartarazteko lehergailua zela pentsatu zuen Biurrunek hasieran, baina artezilarien bidez jakin zen bonba mugimenduarekin edo kontaktuarekin lehertuko zela. Berez, pita hari batekin lotu zituzten paketea eta atea, baina hari hori eten egin zen eta eztandarik ez zen izan. Eskuekin ikutuz gero ere lehertuko litzateke. Egin-en arabera, errefuxiatuak soinuak -jendearen ahotsa eta auto hotsa- entzun zituen goizaldean, 04:00ak inguruan, bere etxe inguruan, baina ez zen begiratzera atera. Aurreko egunetan ere antzeman zituen mugimendu arraroak bere etxetik hurbil.


    Gainera, Biurrun jakinaren gainean zegoen GAL bere atzetik zebilela. Atxilotu batzuei topatutako dokumentazioan eta Poliziari egindako aitorpenetan Biurrun euren jomuga zela aitortu baitzuten.


    Errepideak ixteko Eclat operazioa jarri zuen martxan Poliziak, eta kontrol batean mugimendu arraroa egin zuten zenbait lagun atxilotu zituzten. Aske irten ziren, atentatu ahaleginarekin inolako zerikusirik ez zutelako.


    Robert Caplanne

    1985eko abenduaren 24an

    Robert Caplanne
    Robert Caplanne

    Eta Heletan huts egindako atentatu batetik, abenduaren 24an GALen beste akats bat izandakora. Miarritzen, 37 urteko Robert Caplanne larri zauritu zuten -urtarrilaren 6an hil zen, zaurietatik ezin osatuta-. Caplanne goiz esnatu zen egun horretan, eta Miarritzeko Royal tabernan hartu zuen eguneko lehen kafea, egunero egin ohi zuenez. Oso ezaguna zen herrian, gurasoek kafetegi bat zeukatelako Miarritzen, eta oso erraza zen hura topatzea, beti toki bertsuetan ibiltzen zelako.


    Eguberri bezpera hartan, kafea amaitu eta autoa hartzera zihoan. 07:50 ziren, eta egunak ez zuen argitu oraindik. GALeko kide bat hurbildu zitzaion eta bat-batean tiroka hasi. Gertu-gertutik jo zizkion tiroak; lau tiro egin zizikion, eta hirutan jo zuen. Hiru zauriak ziren hilgarriak. Bularrean jo zion baten, sabelean besteak eta garondoan hirugarrenak. Andorrako matrikula zuen auto batean egin zuen ihes erasotzaileak. Suzuki gorri bat zen, eta beste pertsona bat zegoen han zain, atentatua burutu bezain laster alde egiteko.


    Caplanne anbulantzian eraman zuten ospitalera, eta bidean, oraindik konorterik galdu gabe, amari eta 15 urteko alabari abisatzeko, baina "kontuz" abisatzeko, eskatu zien anbulantzian lagun zituenei. Gero konortea galdu zuen, eta ez zen gehiago esnatu, handik 11 egunera erietxean hil zen arte.


    Robert Caplanne, Egin-en.

    Atentatua gertatu eta ordu gutxira aurkitu zuen Poliziak GALeko kideek ihes egiteko erabilitako autoa, Miarritzeko kanpoaldeko Negresse auzoan, Kennedy etorbidean. Auto barruan, gidariaren eserlekuaren ondoan, pistola automatiko bat eta metraileta bat aurkitu zituzten, eta baita munizioa ere. Poliziak ikerketa abiatu zuen, eta horri esker jakin ahal izan zuten ibilgailu hori erabili zuten bi pertsonek hiru egun eman zituztela Miarritzen, hotel ezagun batean. Hoteleko zerbitzari batek bi erasotzaileetako baten deskribapen zehatza egin zuen, hoteleko bere gelara eraman ziola behin bazkaria, eta hark esandakoa guztiz bat zetorren atentuaren lekuko batek -Royal tabernatik tiroak entzun eta berehala atera zen bezero bat- esandakoarekin. Javier Rovira zen zerbitzariak aipatutako gizon hori, eta hark alokatu zuen Suzuki gorria ere.


    Poliziak bi erasotzaileek Miarritzen pasatu zituzten hiru egunen kontakizun zehatza eraikitzea lortu zuen, lekukoekin hitz eginez. Horren arabera, Caplanneri segika pasatu zituzten egunak, eta Royal tabernan haren ondo-ondoan egon ziren kafe bat hartzen. Gurasoen kafetegian ere egon ziren.


    Espainiako Poliziak Jose Luis Fariñas, Jorge Porta, Carlos Pedemonte, Carlos Laborda eta Javier Rovira atxilotu zituen Caplanneren hilketarekin lotuta. Bartzelonako talde neofaxista batekin lotzen zituzten. Atxilotutakoek aitortu zuten eurak izan zirela Caplanne hil zutenak, GALeko kideak zirela, baina nahastu egin zirela esan zuen, hil nahi zutena Enrique Errasti zela.


    Espainiako Auzitegi Nazionalak 1987an epaitu zituen bostak Robert Caplanne hiltzea leporatuta. Javier Rovirari 34 urteko espetxe zigorra jarri zioten, eta 26 urteko Jose Luis Fariñas eta Jorge Portari. Rovira jo zuen Caplanneren hiltzaile, eta beste biei hilketan laguntzea egotzi zien. Carlos Pedemonteri lau hilabete eta egun bateko atxiloaldia ezarri zion epaimahaiak, gaizkile taldeko kide izateagatik, eta Carlos Laborda absolbitu egin zuten. Epaiak, halaber, ez zuen GAL erakunde armatu gisa onartu.


    Epaiketan, ordea, akusatuen defentsako abokatuek argudiatu zuten pagaburu gisa erabili zituztela, euren atxiloketaren helburua zela GAL kontrolik gabeko ultraeskuindarren esku zegoela, estatu aparailuetatik urrun. Baina ez zuten mezu hori zabaltzea lortu. Izan ere, ikerketan seigarren izen bat atera zen Caplanneren hilketarekin lotuta: Ismael Miquel. Mertzenarioek kontatutakoaren arabera, Miquel izan zen taldea errekrutatu zuena eta ikerketa judizialek argitu zuten Miquel Espainiako Poliziaren isilmandataria zela. Eta Jesus Martinez Torresek, garai hartan Espainiako Poliziako informazio zerbitzuetako buru zenak, ez zuen ukatu isilmandatariak Iparraldera bidaltzen zituztenik. "Barne Ministerioak ordaintzek die poliziaren isilmandatariei Frantzia hegoaldean etakideen atzetik ibil daitezen". Defentsako abokatu batek honela azaldu zuen epaiketan bere bezeroek kontatutakoa: "Esan ziguten euren lana zela poliziari laguntzea, atentatuak saihestea, etakideen inguruko informazioa biltzea... arrazoi diplomatikoengatik, izan ere, espainiar poliziek ezin zuten Frantzia hegoaldera pasatu".


    Ismael Miguel
    Ismael Miquel (PDF).

    Baina, Ismael Miquelen izena agertu zenerako, hura ihes eginda zegoen. Espainiako polizia batek ohartarazi zion bere bila joango zirela, eta Thailandiara joan zen. Epaiketa egin zenean Miquel Thailandian zegoen preso, heroina trafikoagatik jarritako bizi osorako espetxe zigorra betetzen. 1987ko azaroan Espainian Thailandiari eskatu zion Miquel estraditatzeko, baina 1997 arte ez zuten estraditatu. Bitartean, Miquelek hainbat komunikabiderekin hitz egin zuen, eta bere bizitzak ez zuela zentimorik balio esan zien, Thailandian oso merkea zela norbait hiltzea eta GALeko kontuengatik hil egingo zutela. Ez zen halakorik gertatu, baina Miquelek ez zuen sekula txintik esan.


    Ismael Miquel 1999an epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean. 45 urteko espetxe zigorra jarri zioten Caplanne hiltzeagatik, baina, era berean, "GAL talde armatuko" kide izateagatik ere ezarri zioten zigorra. Miquel espetxean dago gaur egun. Hura da Espainian dagoen preso bakarra GALek egindako atentatuengatik.

  8. 1986

    Eider Goenaga

  9. Batxoki eta Consolation

    1986ko otsailaren 8a eta 13a

    Baiona Ttipiko Batxoki tabernan Monbarreko sarraskia errepikatzekotan egon zen GAL, 1986ko otsailaren 8an. Iluntzean, 21:30ak inguruan, gertatu zen atentatua, aurpegia estali gabe zeramaten hiru gizon tiroka hasi zirenean, nori tiro egiten zieten begiratu gabe. Ez zuten inor hil, baina sei pertsona zauritu zituzten, horietako batzuk zauri oso larriekin, gainera. Karmele Martinez eta Nagore Otegi zeuden zaurituen artean, GALek 1985eko abuztuan hildako Juan Mari Otegi Txato-ren alarguna eta lau urteko alaba. Beste ume bat ere zauritu zuten, Ainhize Zabaleta, bost urtekoa eta Juan Luis Zabaleta Elosegi Waldo errefuxiatuaren alaba; aita ere zauritu zuten. Jose Cau eta Frederic Aranburu izan ziren zauritutako beste biak. Tabernako jabeak eskopeta atera zuen erasotzaileei erantzuteko eta, lekukoen arabera, agian horri esker lortu zuten bizirik irtetea.


    Batxoki

    Batxoki tabernako atentatuagatik epaiketa egin zen Espainiako Auzitegi Nazionalean, 1991n, eta kaleratutako epaiak zehaztasunez jasotzen ditu biktima bakoitzaren zauriak. Martinezi eskuineko hankan jo zion balak tibia eta peronea hautsi zikion, eta 210 egun behar izan zituen osatzeko. Otegiri bi tiro jo zizkioten, batek eskuineko hankan eta besteak ezkerreko ipurmasailean, eta eskuineko hankan jo zion balak arteria femorala ikutu zion; larri egon zen. Jose Cauri ezkerreko hankaren behealdean jo zioten tiroa, eta 45 egun behar izan zituen osatzeko. Aranbururekin bereziki tematu ziren erasotzaileak; bi bala sabela ikutuz pasa zitzaizkion, beste batek ezkerreko izterrean jo zion eta azkenak masailezurra puskatu zion bete-betean; hainbat ebakuntza egin behar izan zizkioten osatu ahal izateko. Juan Luis Zabaletari ere hiru tiro jo zizkioten: lehenak besoa urratu zion, eta beste bien ondorioz azaleko zauriak zituen belaunetan. Ainhize Zabaletak ez zuen bala zauririk, baina burdin zati bat sartu zitzaion ezkerreko oinean eta Baionako Ospitalean artatu behar izan zuten.


    "Denak lurrera"


    Hilabete gutxi batzuk besterik ez ziren pasatu GALek Juan Mari Otegi tiroz hil zuenetik. "Gogorrak izan ziren hilketaren ondorengo hilabeteak", dio Karmele Martinezek, Otegiren alargunak. Nagore alabak bi urte eta erdi zituen aita hil zutenean. Errefuxiatuengandik laguntza handia jaso zuen, hala ere, eta lana egiteko aukera sortu zitzaion 1986ko otsailean. Aukera hori, ordea, GALeko beste atentatu batek zapuztu zuen, Batxoki tabernaren kontrako atentatuan. Nagoreren hirugarren urtebetetzea zela eta, Martin Otegi, Juan Mariren anaia, bisitan joan zitzaien Donibane Lohizunera otsailaren 8an. Batxoki tabernan sartu ziren. Martinek esan zion koinatuari "animatuago" ikusten zuela. Orduan, baina, GALeko bi mertzenariok tabernan zeudenak tirokatu zituzten. "Ikusi nituen sartzen. Gizonezko bikote bat. Atetik sartu, eta gogoratzen dut nola sartu zuten eskua jakaren azpian, arma ateratzeko", oroitu du Martin Otegik. Ateari begira zegoen bera eserita, eta tiroak saihestu ahal izan zituen zetorrena ikusita. Ez, ordea, Karmele Martinezek eta Nagore Otegi haurrak. "Norbaitek bultzatu egin ninduen ni lurrera", dio Martinezek. Tiroek ama eta alaba harrapatu zituzten. "Amesgaizto moduko bat dut nik gogoan. 'Denak lurrera!', oihua", azaldu du Nagore Otegik.


    Tabernako jabeak eskopeta bat zuen gordeta, eta tiroz erantzun zien GALekoei. "Atentatuaren kontakizunean hori ez da jaso izan, baina horrela izan zen. Horregatik izan ez balitz, agian hilko gintuzten han denak", nabarmendu du Martinek. Nagore gutxigatik libratu zela esan zioten amari ospitalean, tiroa femoralaren ondoan zuela. "Izugarria izan zen. Amaitu zenean, nik ez nekien non zegoen Nagore, eta, nire eskuetan jarri zuenean, galtzetan orban gorriak ikusi nizkion. Praka arrosak zituen jantzita egun horretan", kontatu du amak, urduri. Bera ez zegoen askoz hobeto, gainera. Hankan jo zuten bera ere, berna-hezurra eta peronea hautsi zizkioten, eta urtebetez makuluekin ibili behar izan zuen. Oraindik ere, agerikoak dira tiro horiek utzi zizkioten markak. "Burdinak sartu zizkidaten. Artatu ninduen medikua oso ona zen; lehorra, baina ona. Hegoaldean izanez gero hanka moztuko zidatela esan zidaten gero". Batxokiko tiroketaren ondoren, baina, erabaki zuen Martinezek Hegoaldera itzultzea. "Bi aldiz gertatu zen, eta bietan ere gogorra izan zen. Garbi nuen handik joan nahi nuela. Bi egun lehenago eskaini zidaten lanaz ere ez nuen ezer jakin nahi. Baina Bilbon ere beldurra pasatu nuen", aitortu du Martinezek.


    Atentatuen egileek ihesari ekin zioten eta hainbat errefuxiatu joan zitzaizkien atzetik. Haietako batek, pertsekuzioan zihoala, jendarmeak ikusi zituen eta haiei gertatutakoa kontatzen ahalegindu zen. Ez zioten jaramonik egin eta, gainera, atxilotua eraman zuten. Batxokiko atentatuari buruzko ikerketetan -Consolation-en bost egun geroago egindakoa ere batera ikertu zuten- inoiz baino argiago gelditu zuen GALeko atentatuetan zenbait polizia frantsesek zuten esku hartzea; izan ere, Jean Louis deitzen zioten polizia frantsesa izan zen, mertzenarioei armak emateaz gain, nor hil behar zuten eta atentatuak zein tokitan egin behar zituzten agintzen ziena.


    Batxoki izan zen Jean Louis poliziak aukeratu zuen tokia, eta hurrengoa, berriz, Consolation taberna, Donibane Lohizunen. Bigarren aldia zen GALek Consolation tabernan atentatua egiten zutela, eta bigarren aldia izan zen, halaber, GALek Ramon Basañez zauritzen zutela -Ziburun zauritu zuten, 1985eko martxoaren 26an, Bittor tabernaren kontrako atentatuan-.


    Egileek ez zuten gau iluna aukeratu atentatua egiteko, eguerdia zen, bazkalostea. Ramon Basañezek bi gizon sartzen ikusi zituen. Ez ziren ohiko bezeroak. Kafe bat hartu zuten eta joan egin ziren. Handik minutu gutxira itzuli ziren. "Gu hantxe geuden, elkarrizketan. Itzuli ziren eta tiroka hasi. Beno, batek egin zuen tiro, besteak, zorionez, ez. Eta eman zidaten. Erortzeko keinua egin nuen, baina komunera joan nintzen korrika. Gainerakoak barra atzean ezkutatu ziren", kontatu zion Basañezek Paddy Woodworth kazetari irlandarrari. "Gero, zainketa berezien unitatean nengoela, poliziak etorri ziren ni galdekatzera, nengoen bezala egonda. Tiroak egin zituena ni izan banintz bezala". Basañezek begi bateko ikusmena galdu zuen Bittor tabernako atentatua egin zutenean, baina Consolation tabernan jasotako tiroak askoz ere larriagoak izan ziren. Bala batek ukondoan jo zion, eta besteak femurrean. Beste hiru balek zauri larriak eragin zizkioten biriketan, sabelean, gibelean, hesteetan eta arteria femoralean. Hiltzen ari zela pentsatu zuen Basañezek, lurrean etzanda zegoenean. "Pentsatu nuen ez nuela alaba gehiago ikusiko, ezta emaztea ere, edota Donibane Lohizuneko hondartza". Ospitalean osatu zituen zauri fisikoak, baina ez psikikoak. GALen bi tiroketaren biktima izatearen ezinegona ez zaio inoiz pasatu, eta aitortzen du behar baino urduritasun handiagoz hartzen dituela gertakizun guztiak.


    "Gu hantxe geuden, elkarrizketan. Itzuli ziren eta tiroka hasi. Beno, batek egin zuen tiro, besteak, zorionez, ez" / Ramon Basañez (zauritua)
    Consolation, Egin-en.
    Consolation, Egin-en.

    Mertzenarioak


    Jean Philippe Labade
    Jean Philippe Labade

    Consolationeko atentatua egin eta berehala, egileek ihesari ekin zioten. Baina haietako bat, Jose Paulo Figueiredo Fontes, Frantziako Poliziak geldiarazi zuen bidean, Paris hotelaren aurrean. Tiroketan parte hartu zuen beste gizonak, Rogerio Carvalho da Silvak, ihes egin, eta Bilbotik igaro ostean Portugalera iristea lortu zuen. Han atxilotu Philippe Labade -1984ko ekainaren 16an, Perez Revilla hil ostean, Iparraldean atxilotu zuten, baina, forma akats bat tarteko, aske utzi zuten, eta hark Portugalera ihes egiteko aprobetxatu zuen-, Mario Correia da Cunha, Rogerio Carvalho da Silva, Jorge Ferreira Cisneros eta Antonio Pereira de Macedo. 1987ko azaroan epaitu zituzten bostak Viana do Casteloko Auzitegian, Batxoki eta Consolation tabernetako atentatuengatik. Carvalho da Silva eta Ferreira atentatuaren egile material jo zituen epaiak, eta 8 urteko espetxe zigorra jarri zien bietako bakoitzari; Labaderi, atentatuak sustatzeagatik, lau urteko espetxe zigorra ezarri zion auzitegiak -garai hartan, beste bi auzi zituen irekita Portugalen, eta beste bat Frantzian, Xabier Perez Arenaza eta Tomas Perez Revilla hiltzeagatik-; Correia da Cunhari (Portugaleko zerbitzu sekretuen isilmandataria) bost urteko zigorra jarri zioten, talde armatuko kide izateagatik; eta Pereira Macedori hiru urtekoa, mertzenarioak errekrutatzen laguntzeagatik.


    Portugalen epaiketa egin zenean, Paulo Figueiredo Fontesek kartzelan jarraitzen zuen Frantzian. Izan ere, Paueko Auzitegiak 1991n epaitu zuen Batxoki eta Consolation tabernetako atentatuengatik. 20 urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak, baina 15 urtekoa jarri zion epaitegiak.


    Epaiketa Amedo eta Dominguezi

    Bost portugaldarrak eta Jean Pierre Labade mertzenarioak espetxean zeuden arren, argi zegoen haiek ez zirela izan operazio hartako buruak. Eurek ere aitortu zuten Espainiako bi poliziak kontratatu zituztela, eta gehienek Ricardo izenarekin aurkezten zen polizia bat aipatu zuten: Jose Amedo. Mataza askatzen joan zen Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta 1991. urtean Jose Amedo eta Michel Dominguez eseri ziren akusatuen aulkian Batxoki eta Consolation tabernetako atentatuengatik, eta 1987ko uztailean Juan Carlos Garcia Goena hiltzeagatik. Epaimahaiak 108na urteko kartzela zigorra ezarri zien, huts egindako sei hilketa saio eta lesio delitu bat leporatuta -alegia, larri zauritutako sei lagun eta zauritu arin bat-. Garcia Goenaren hilketa leporatzeko froga nahikoa ez zegoela ebatzi zuten epaimahaikideek, eta errugabetu egin zituzten.


    Amedo eta Dominguezen kontrako epaia 1991
    Amedo eta Dominguezen kontrako epaia 1991 (PDF).

    Epai hartan Espainiako Auzitegi Nazionalak "frogatutako gertaerak" atalean urratsez urrats kontatzen ditu atentatu haiek prestatzeko eman zituzten pausoak. 1986ko urtarrilean hasten da kontaketa. Amedo eta Dominguez Jean Pierre Labaderekin jarri ziren kontaktuan. Ezagutzen zuten aurretik, eta haren bidez Ipar Euskal Herrian GALeko atentatuak egingo zituzten pertsonak kontratatu nahi zituzten. Pereira Macedoren etxean bizi zen garai hartan Labade, eta hark aurkeztu zion Correia da Cunha, Portugaleko zerbitzu sekretuen isilmandataria eta legioko paraxutista ohia, halako mandatuetarako pertsona egokia zelakoan. Labadek "diru potoloa" irabazteko aukera eskaini zion Correia da Cunhari, eta hark errekrutatu zuen Labadek behar zuen hiru laguneko taldea: Carvalho da Silva, Ferreira Cisneros eta Figueiredo Fontes, hiruak legioan ezagututakoak.


    Amedok eta Dominguezek otsailaren 1ean egin zuten lehen bilera Portugaleko taldearekin. Viana do Castelora joan ziren -Miguel Planchuelo Bilboko polizia-etxeko buruaren baimenarekin eta gastuak diru berezietatik ordainduz- eta, han Labade eta Pereira Macedorekin elkartu ostean, Correia da Cunharekin eta bere taldeko kideekin bazkaldu zuten, egin beharreko ekintzez eta kobratu beharreko diruaz hitz egiteko. "Hasiera batean esan zieten Frantzian bizi zen eta espainiar nazionalitatea zuen jendea bahitzea zela helburua. Hala, portugaldarrei proposatu zieten berehala ateratzea Espainiara, dena prest zegoelako lehen operaziorako", dio epaiak.


    Michel Dominguez eta Jose Amedo
    Michel Dominguez eta Jose Amedo

    Ferreira, Carvalho da Silva eta Figueiredo bileraren egun berean atera ziren Bilbo aldera, eta goizaldean iritsi ziren. Nervion hotelean hartu zuten ostatu, eta Amedo eta Dominguez otsailaren 6an joan zitzaizkien bila. Donostiara joan ziren bostak, Orly hotelera. Hurrengo egunean egin behar zuten ekintza. Otsailaren 7an, 09:00etan, Amedok Jean Louis izenez aurkeztu zitzaien polizia batengana eraman zituen. Orduan jakin zuten, halaber, euren egitekoa ez zela inor bahitzea, poliziak seinalatzen zizkien pertsonak hiltzea baizik.


    Egun horretan bertan egin zuten lehen atentatu ahalegina. Irundik Hendaiara oinez pasatu ziren,e ta han trena hartu zuten Baionara. Tren geltokian, Jean Louis zegoen haien zain. "Jean Louisek esan zien hiru jomuga topatu zituela, eta deskribatu egin zizkien. Pyrenees tabernan zeudela esan zien, eta denak zirela gaizkileak". Poliziak armak eman zizkien eta hiru mertzenarioak tabernara hurbildu ziren, hiru pertsona tirokatzeko prest. Baina, tabernan 30 bat lagun zeuden, eta atzera egin zuten, ekintza bertan behera utziz. Amedo eta Dominguezen kritikak entzun, eta hurrengo egunean berriro ahalegintzekotan gelditu ziren.


    Otsailaren 8an bidaia bera egin zuten; Hendaiara oinez eta, handik Baionara, trenez. Jean Louis zuten zain orduan ere. 18:30 inguru ziren, eta Pyrenees tabernara eraman zituen poliziak. Ez zuten "jomuga posiblerik" ikusi eta Batxoki taberna joan ziren. "Jean Louisek esan zien ez bereizketarik egiteko, tabernan zeuden bizardun guztiak eta haiekin zeudenak ETAko jendea zirela", dio epaiak. Hiru mertzenarioak Batxokira hurbildu zirenean, "ikusi zuten umeak zeudela tabernan" eta Pannecau kalean itxarotea erabaki zuten, umeak tabernatik irten arte. "Berandutzen ari zitzaiela ikusi zutenean, ekitea erabaki zuten, eta Figueiredo Fontesek esan zienean ETAk gauza bera egingo zuela, ez zuela horregatik atzera egingo, tiroketa hasi zuten".


    ""Jean Louisek esan zien ez bereizketarik egiteko, tabernan zeuden bizardun guztiak eta haiekin zeudenak ETAko jendea zirela" / Batxoki eta Consolation epaia

    Arazorik gabe egin zuten atentatua, eta arazorik gabe egin zuten ihes. Amedo eta Dominguezekin elkartu eta berriro Bilbora joan ziren hiru mertzenarioak eta bi poliziak. Lehen ekintza egina zuten, eta bigarrena prestatzen hasi ziren berehala. Ferreirak, ordea, atzera egin zuen, esan zuen ez zuela operazio gehiagotan parte hartuko. Otsailaren 11n eta 12an Donibane Lohizunen egin zituzten ikuskatze lanak eta, azkenean, hainbat tabernatan begiratu ostean, otsailaren 13an hartu zuten atentatua egiteko erabakia. Eguerdia zen, eta han bazkaldu zuten errefuxiatu batzuk bazkaloste lasaia ari ziren egiten. Haietako bat interesatzen zitzaien, batez ere: Jose Ramon Lopez Abetxuko. GAL saiatu zen hura hiltzen, 1984ko abenduaren 11n, haren auto azpian bonba bat jarrita, baina ez zuten lortu. Consolation tabernan hura zen jomuga nagusia. Figueiredo eta Carvalho da Silva tabernara sartu, tiroka hasi eta Ramon Basañez zauritu zuten.


    Miguel Planchuelo
    Miguel Planchuelo

    Oinez atera ziren ihesean bi erasotzaileak, bakoitza bere aldetik. Carvalho da Silvak taxian egin zuen ihes, eta Bilbora iristea lortu zuen. Figueiredo Frantziako Poliziak atxilotu zuen. Une horretan hasi zen Batxoki eta Consolation tabernen kontrako atentatuen egia azaleratzeko ikerketa judizial luzea.


    Amedo eta Dominguezen kontrako epaiketa baino hamar urte geroago, 2011n, beste epaiketa bat egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean Batxoki eta Consolationeko atentatuengatik. Kasu horretan Miguel Planchuelo zegoen akusatuen aulkian eserita. Amedo eta Dominguez polizien buru izanik, GALen bi atentatu horietarako baimena eta dirua hark eman zituela leporatuta epaitu zuten. Absolbitu egin zuten, ordea.


    Christophe Matxikote eta Catherine Brion


    1986ko otsailaren 8a

    1986ko otsailean, GALek hiru atentatu egin zituen hamar egun baino gutxiagoan. Otsailaren 8an Batxokikoa, otsailaren 13an Consolation tabernakoa eta otsailaren 17an, Bidarrain (Nafarroa Beherea), Catherine Brion eta Christophe Matxikoteren kontrakoa. Matxikote (60 urte, Itxasukoa) eta Brion (16 urte, Parisekoa) baserri bide batean tirokatu zituzten, autoan zihoazela. Beste auto batetik, Donostiako matrikula zuen auto batetik, egin zieten tiro, eta euren Citroen 2CV autoa amildegian behera erori zen. Balek eragindako zaurien ondorioz, Matxikote tokian bertan hil zen, eta Brion, anbulantzian, ospitalera bidean.


    Christophe Matxikote eta Catherine Brion
    Christophe Matxikote eta Catherine Brion

    Matxikote artzaina zen eta Bidarraiko bere baserrian zeukan artaldeari begiratu bat ematera zihoan egun hartan. Brion Pariseko familia bateko alaba zen, baina bere familiak Matxikoteren lur zati bat alokatzen zuen karabana jartzeko. Brion gazteari asko gustatzen zitzaion baserriko bizimodua, eta egun horretan Matxikoteri ardiekin laguntzera joan zen. Baserrira zeraman aldapa pikoa jaisten ari ziren, 21:00ak inguruan, euren autoa GALeko kideen autoarekin gurutzatu zenean; bat-batean, beste autotik, tiroka hasi zitzaizkien. Hainbat tiro egin zizkieten arma automatiko batekin; autoan 14 zulo topatu zituzten, eta jendarmeek Espainian ekoizten ziren Gecco markako 19 balazorro topatu zituen inguruan. Matxikotek kontrola galdu zuen. Haren autoak 15 metro egin zituen amildegian behera, eta inguruko baserri batean bizi zen lekuko batek adierazitakoaren arabera, hainbat buelta eman zituen gelditu baino lehen.


    Bidarray Daniel Velez
    Cristobal Machicote 1986
    Christophe Matxikote, hilik, bere autoan
    Christophe Matxikote eta Catherine Brion, Egin-en.

    Lekukoak Donostiako matrikula zuen auto txuri bat ikusi zuen ihesean. Auto hori ez zuten gelditu Frantziako Poliziak jarri zituela esan zuen kontroletan, eta hurrengo egunean errepidez eta helikopteroz egindako miaketetan ere ez zuten haren arrastorik atzeman. Atentatuen egileek botatako arma bat, ordea, bai aurkitu zuten, Bidarraiko zubi baten azpian, erreka bazterrean. Pistola horrek atentatua bi pertsonek egin zutelako susmoa berresten zuen. Izan ere, pistola horrek ez zuen bat egiten atentatuaren tokian aurkitutako bala-zorroekin.


    Gertatutakoa ikusi eta berehala gerturatu zen lekukoa, amildegian behera eroritakoei laguntzeko asmotan. Konorterik galdu gabe zeuden oraindik biak. Hitz egiten saiatu ziren, eta Brionek zenbait hitz egin zizkion. "Ama, hiltzen ari naiz". Matxikote anbulantzia iristerako hilik zegoen, eta Brionek ez zion eutsi ospitalera iritsi arte. Zauriak oso larriak ziren.


    Christophe Matxikote eta Catherine Brion, Egin-en.
    Christophe Matxikote eta Catherine Brion, Egin-en.

    Atentatua berehala egotzi zioten GALi. France Presse agentziak egunean bertan azaldu zuenez, Matxikoterenaren ondoko baserrian errefuxiatu bat bizi zen eta "ondo informatutako iturri batek" adierazi zuenez atentatuaren jomuga hura izan zitekeela susmatzen zen.


    Auzibidea


    Matxikote eta Brionen hilketarekin ez zuten momentuan inor atxilotu, baina auzia hainbat urte geroago aktibatu zen, 1994 amaieran 1995 hasieran. Poliziaren isilmandatari batek Baionako Jendarmeriako inspektore erretiratu bati bidalitako gutun bat izan zen auzia irekitzea ahalbidetu zuena. Hark zioenez, Miguel Brescia izan zen Bidarraiko atentatua egin zuena. Baionako Auzitegiak bere gain hartu zuen auzia, eta Bidarraiko hainbat herritar deitu zituen lekuko gisa haren argazkia identifika zezaten. Izan ere, Matxikote eta Brion hil zituzten egunean, goiz-goizetik herrian jende ezezaguna eta arraroa ikusi zutela azaldu zuten hainbat herritarrek, eta horiek gertutik ikusi ahal izan zituzten erasotzaileak. Argazkiak erakutsita, askok dudarik gabe identifikatu zuten Brescia. Bresciari GALeko kamioilaria deitu zioten hedabideek, kamioilaria baitzen lanbidez.


    Miguel Brescia, GALeko kamiolaria
    Miguel Brescia, GALeko kamiolaria

    Baionako Auzitegiko ikerketek isilmandatariak emandako arrasto hura indartzen zuten, gero eta gehiago, eta 1995ko otsailaren 26an El Pais egunkariak jakinarazi zuen Frantziak Brescia bilatu eta atxilotzeko eskatu ziola Espainaiko Gobernuari, hura Espainian zegoela baitzen Baionako Auzitegiaren susmoa. Eta halaxe zen. Informazio hori argitaratu eta hurrengo egunean, Bresciak bere burua entregatu zuen, Logroñoko Guardia Zibilaren kuartelean. Espainiako Auzitegi Nazionalak oraindik ez zuen haren kontrako atxiloketa agindurik eman, baina armak edukitzeagatik atxiki zuen Guardia Zibilak. Errioxako epailea berehala inhibitu zen, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak eraman zuen kasua aurrerantzean.


    Brescia 1999an epaitu zuten Auzitegi Nazionalean. Fiskalak, Zigor Kodea aplikatzea galdegin zuen eta 66 urteko zigorra eskatu zuen Bresciarentzat, bi hiketa deilitu, agiri ofizialen faltsutzea, kalteak eta armak edukitzea leporatuta -Zigor Kode berria aplikatuz gero, zigor eskaera 56 urteko litzateke-. Epaiketan atera ziren datuen arabera, atentatua egiteko kobratutako 7 milioi pezetaz (42.000 euro) gain, Bresciak beste 30 milioi pezeta kobratu zituen (180.000 euro) isilik egoteagatik eta atentatuan parte hartu zuten eta hura agindu zutenen inguruko informaziorik ez emateagatik. Haren kontra, Bidarraiko bizilagunen testigantza ez ezik, beste bi lekukoren deklarazioa ere bazegoen. Izan ere, Manuel López González y Yannick Coudret lekukoek epaiketan esan zutenez, Bresciak berak kontatu zien bera izan zela Bidarraiko atentatua egin zuen.


    Espainiako Auzitegi Nazionalak, 1999an, 68 urteko espetxe zigorra jarri zion Bresciari, fiskalak leporatutako delituengatik. Baina, helegiteak tarteko, auzia Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi zen 2001ean. Auzitegi Gorenak aldatu egin zuen Auzitegi Nazionalak kaleratutako epaiaren edukia. Izan ere, bi hilketa delitu egotzita jarritako 58 urteko zigorra -beste hamar urteak, leporatutako beste delituengatik jarri zizkioten- 50era jaitsi zuen; baina, aldi berean, GAL talde armatu gisa eta erakunde armatuko kide izatea egotzi zion, eta horrengatik beste zazpi urteko kartzela ezarri zion. Hala, 68 urte beharrean, 67 urteko zigorra gelditu zitzaion Bresciari; baina, aurrekaririk gabeko epaia eman zuen Gorenak, epaitegi horrek ez baitzuen aurretik GAL talde armatu gisa onartu. Hain zuzen ere, auzitegi horrek epaitu zuen Marey auzia 1998an, eta kasu horretan ez zuen onartu Barrionuevo, Vera, Sancristobal, Garcia Danborenea, Amedo eta konpainia talde armatuko kide zirenik.


    GALen azkena: estradizio eta entregak

    Brion eta Matxikoteren hilketak erreakzio soka luzea ekarri zuen, baina ez bakarrik adierazpenetan ba.Uztaritzeko eta Kanboko Alderdi Komunistak komunikatu bat atera zuen atentatuaren harira. "Hau jada gehiegi da". Alderdi sozialistako diputatu Jean Pierre Destraderi buruz ere hitz egiten zen adierazpen horretan: "Duela gutxi esana du Espainiako Gobernuak harremana duela GALekin. Zer egin dute ordutik Frantziako eta Espainiako gobernuek?". Alderdi Komunistaren oharra oso kritiko agertzen zen, halaber, Frantziako Gobernuak euskal errefuxiatuen kontra zeraman politikarekin. "Gobernu sozialistak [François] Duvalier [Haitiko] diktadoreari asiloa ematen dion bitartean, hiru euskal herritar estraditatu zituen, eta horietako bi berriki absolbitu egin ditu Espainiako justiziak".


    Destradek ere hitz egin zuen atentatuaz, baina ez bakarrik GALen kontra ekiteko edo GALeko kideek atxiloketak eskatzeko. Baina, 1983an GALek Mikel Goikoetxea Txapela hil zuenean ez bezala, GALen atzean egon zitezkeen ardura politikoak ez zituen aipatu ere egin. Atentatua, "izugarria, nazkagarria eta eroa" izan zela adierazi zuen diputatu sozialistak, eta "zibilizazioaren eta demokraziaren kontrako atentatua" zela. Euskal errefuxiatuen kasuan etorriko zenari ere egin zion erreferentzia Destradek. "Terroristek, izan IK-koak, ETAkoak edo GALekoak, jazarriak izan behar dute eta, dauden tokian daudela, atxilotuak".


    "Terroristek, izan IK-koak, ETAkoak edo GALekoak, jazarriak izan behar dute eta, dauden tokian daudela, atxilotuak" / Jean Pierre Destrade

    RPR alderdi eskuindarrak ere GAL geldiaraztea eskatu zuen, baina hura geldiarazteko modua errefuxiatuak atxilotzea zela iradokiz, argi eta garbi. Gobernuari zuzendu zion eskaera: "jar ditzala martxan indarkeria amaitzeko bitartekoa, beti ere Errepublikaren ordena errespetatuz eta Espainiako Poliziarekin elkarlanean".


    Berehala etortzear zenaren aurrerapena izan ziren adierazpen horiek. Izan ere, Frantziako Gobernuak estradizio eta kanporatzeen kate luze bati emango zion hasiera berehala, Espainiako Gobernuaren gogoa eta nahia asebetez, eta, aldi berean, GALen jarduera geldiaraziz. Frantziak hainbat urrats egin zituen garai hartan GAL martxan jarri zutenek borrokatu nahi zuten ETAren santutegia deusezteko.


    Batetik, 1986ko otsailean aurrekaririk gabeko epaiketa bat egin zen Baionako Auzitegian. Lehen aldia zen Frantziako auzitegi batek ETA talde antolatu gisa jo eta errefuxiatuak gaizkile elkarteko kide izateagatik epaitzen zituena. Isidro Garalde Mamarru, Juantxo Lasa Mitxelena Txikierdi, Agustin Bergaretxe eta Juan Ramon Martinez de la Fuente Txori eseri ziren akusatuen aulkian, eta epaitegiak martxoaren 13an bosna urteko espetxe zigorra jarri zien Jean Pierre Nallon prokuradore izendatu berriak egozten zien delituagatik: talde armatuko kide izatea. Frantzia buru-belarri sartu zen, beraz, Espainiaren estrategian, eta ETAren kontrako borrokan parte aktibo izatera pasatu zen. Frantziako kartzelak betetzen hasi ziren pixkanaka, gaizkile elkarteko kide izan eta armak eramatea egotzita epaitutako euskal herritarrekin. Horietako asko, gainera, espainiaratuak izango ziren gero, estradizio prozesuak tarteko.


    Garalde, Lasa Mitxelena, Bergaretxea eta Martinez kontrako epaiketa
    Garalde, Lasa Mitxelena, Bergaretxea eta Martinez kontrako epaiketa

    Lau euskal herritarren aurkako epaia kaleratu eta hiru egunera, bestalde, Frantzian gobernu aldaketa eman zen. Hauteskunde legegileak izan ziren, legebiltzarreko eserlekuen gehiengoa Jacques Chiracen RPR-UDF alderdiak eskuratu zuen. Aurrerantzean kolore bikoa izango zen Frantziako Errepublikaren buruzagitza: François Mitterrand sozialistak jarraitu zuen Errepublikako presidente gisa eta Chirac jarri zen Lehen Ministro. Frantziako gobernu berriak aurrekoak baino erreparo gutxiago izan zuen errefuxiatuen aurka egiteko.


    Kanporatzeen aldeko apustua izan zen gobernu berriak emandako pauso nabarmenenetako bat. Izan ere, gaizkile elkarteko kide izan edo armak eramateaz akusatu ezin zituzten errefuxiatuen kasurako, beste bide bat hautatu zuen Frantziak, ordu arte inoiz erabili gabekoa. "Erabateko presazko prozedura" aplikatu eta Ipar Euskal Herrian atxilotzen zituzten errefuxiatuak Espainiako Poliziaren edo Guardia Zibilaren esku uzten zituzten mugan. Inolako berme judizialik gabe, inolako akusaziorik egin gabe, paperik ez zutela argudiatuz -Frantziak aterpea ukatu eta ez baitzizkien paperak berritzen-, espainiar polizien esku uzten zituzten. Frantziako Poliziak atxilotu eta talde armatuko kide izateaz bertan akusatzea baino beldur handiago eragiten zien bigarren bide horrek errefuxiatuei. Izan ere, kanporatzeak tortura esan nahi zuen, Espainiako legeek garai hartan hamar eguneko inkomunikazio aldia aurreikusten baitzuen. Gainera, errefuxiatua atxilotu eta Espainiako polizien esku zegoela jakiten zen arte, egunak pasa zitezkeen eta horrek, praktikoki, inkomunikazio aldia luzatu egiten zuen.


    Errefuxiatu askok une oro arma bat gainean eramatea erabaki zuten, atxilotuak izaten baziren kanpora ez zitzaten. Arma bat eramanez gero, Frantzian epaituak izango zirela ziurtatzen zuten, eta nahiago zuten Frantzian bost urteko espetxe zigorra bete gaizkile elkarteko kide izan eta armak eramateagatik, Espainian hamar egunez torturatuak izan eta zigor bera Espainian betetzea baino. GALek lortu ez zuen gauza bat lortu zuten, gainera, kanporaketek; errefuxiatuak bizitza publikotik erretiratzea eta karrika utzi eta etxean ezkutatzea.


    Frantziaren jarrera aldaketak -1984an egindako hiru estradizio solteek eta deportazioek ez bezala- zalantzarik gabea ematen zuen, beraz. Eta Espainiako Gobernua pozik zegoen aldaketa horrekin. GAL sortu zuten horiek euren helburua bete zuten, eta, horrela, Catherine Brion eta Christophe Matxikoteren hilketak izan behar zuen Grupos Antiterroristas de Liberacion taldearen azken atentatua. Bidarraikoa izan zen, hainbat komuniabideren arabera, GALen azken ekintza "ofiziala".

  10. 1987

    Eider Goenaga

  11. Juan Carlos Garcia Goena

    1987ko uztailaren 24a

    Juan Carlos Garcia Goena
    Juan Carlos Garcia Goena

    Baina, GALen azken atentatua izan eta ia urte eta erdira, Juan Carlos Garcia Goena tolosarra hil zuten. Garcia Goenak 27 urte zituen, zazpi urte lehenago joan zen Iparraldera soldadutzatik ihesi, eta eta Laura Martin bikotekidearekin bi alaba zituen. Hendaian bizi ziren, eta GALek hildako Jean Pierre Leiba eta haren hiltzaile Daniel Fernandez Aceña bezala Hendaiako tren geltokian egiten zuen lan, Transfesa konpainiarentzat (GALen inguruko hainbat eta hainbat auziri buruz ikertu duen Antonio Rubio kazetariak Berria-ri esandakoaren arabera, lotura hori ez da kasualitatea).


    Garcia Goenaren senitartekoen arabera, bere kontrako atentatua gertatu baino lehen ere hark bazuen jarraitzen ari zitzaizkionaren susmoa. Eta bazuen horretarako arrazoirik. 1987ko uztailaren 24an Garcia Goena 06:00etan sartzen zen lanera, eta 05:30 pasatxotan autoan sartu zen, tren geltokira joateko. Kontaktuari eman eta berehala lehertu zen Dyanne 6 autoaren gurpilean ipinitako bonba. Leherketak bete-betean harrapatu zuen iheslaria, eta ospitalera heldu aurretik hil zen.


    Garcia Goena autoa txikitu egin zuen bonbak
    Garcia Goenaren autoa txikitu egin zuen bonbak

    Hamazazpi hilabeteko etenaren ostean, GALen beste atentatu batek beldurra eta kezka eragin zuen berriz errefuxiatuen artean. Are gehiago, gaur horretan, GALek atentatua bere gain hartzeko bidalitako gutunean egiten zuen ohartarazpena kontuan hartuta. Juan Carlos Garcia Goena "ETA Militarraren laguntzaile eta errefuxiatu politikoa" zela esaten zuen Efe agentziara igorritako oharrak, eta errefuxiatuen kontrako "erasoaldi berri bat" iragartzen zuen, "ETA kolpatu eta Frantziatik erabat desagerrarazteko". Horrez gain, gutunak GALen zigilua zeraman amaieran, eta ohartarazten zuen aurrerantzean zigilu horrekin sinatuta zeuden oharrak bakarrik izango zirela GALenak, eta hori erabilita hartuko zituela bere gain ekintza guztiak.


    GALen beste erasoaldirik ez zen izan; Garcia Goenarena izan zen talde armatuaren azken atentatua, eta gazte tolosarra azken hildakoa. Atentatu horrek 17 hilabeteko etena hautsi zuen, eta horren inguruan hainbat hipotesi egin dituzte komunikabide eta adituek. Jose Amedoren abisu edo mendekutzat jo izan da atentatu hura. Izan ere, 1986tik aitzina, ikerketa judizialak etengabe ari ziren Amedorengana gerturatzen, eta zantzuak gero eta gehiago ziren. Amedok diru bereziak kontrol gabe erabili zituen 1983 eta 1986 urteen artean, eta erraz jarraitzeko moduko arrastoa utzi zuen atzean. Bestalde, atentatuen ostean polizien esku eroritako mertzenario askok ez zioten mihiari eutsi, eta eurekin kontaktua egin zuena Espainiako polizia bat zela esaten zuten. Polizia horrek hainbat ezizen erabili zituen arren -Eduardo edo Ricardo, adibidez-, Amedoren deskribapena egiten zuten guztiek, baita argazkietan identifikatu ere. Bestetik, Portugalen -Batxoki eta Consolationeko atentatuengatik atxilotutako mertzenarioen kontrako auzian- eta Frantzian - atentatu berdinengatik atxilotuta zeukaten Paulo Figueiredo Fontesen aurkakoan- epaileek Amedo galdekatzeko eskaera egina zuten. Santi Brouarden hilketa ikertzen zuen Bilboko Auzitegian ere jada deklaratu zuen.


    Juan Carlos Garcia Goenaren hilketa, Egin-en.
    Juan Carlos Garcia Goenaren hilketa, Egin-en.

    GALen auzian bere esku hartzea agerian ari zen gelditzen, eta bere gainetik izan zituen arduradun polizialek eta politikoek ez zuten hatzik mugitu, ez hitzik esan ere, Amedo babesteko. Beraz, Garcia Goenaren atentatua Amedok emandako abisu bat izan zela pentsatzea ez da hipotesi zentzugabea.


    Atentatu hura egiteko motibazioa albo batera utziz, gainera, urte horietan Amedo eta Dominguezena zeramaten arrasto gehiago ere joan ziren agertzen. Haien bikotekide izandako bi emakumek, Inmaculada Gomez Perezek eta Maria Angeles Balsategik, 1988an Baltasar Garzon epailearen aurrean deklaratu zuten eta aitortu zuten Amedok eta Dominguezek prestatu zutela Garcia Goenareko kontrako atentatua. Instrukzio fasean esan zutenez, Amedok eta Dominguezek euren buruzagientzako abisu gisa prestatu zuten atentatua, jakitun ziren Garcia Goena ez zela ETAkoa eta Inmaculada Gomezen etxean gorde zuten hainbat egunez hura hiltzeko erabili zuten bonba. Horrez gain, emakume horiek deklaratu zuten bi poliziek hainbatetan aipatu zietela etxean, harrotasun osoz, GALeko kideak zirela eta ETAko kideak hiltzen zituztela.


    Baltasar Garzon epaileak Amedo eta Dominguez auzipetu zituen, eta Consolation eta Batxokiko atentatuez gain, Garcia Goenarena ere auzi berean sartu zuen. 1990ean hasi eta 1991n bukatu zen epaiketa, eta Auzitegi Nazionalak 108 urteko espetxe zigorra jarri zien bi poliziei. Baina, soilik Consolation eta Batxokiko atentatuengatik, Garcia Goenaren hilketa haiei egozteko froga nahikoa ez zegoela zioen epaiak. Izan ere, Gomez Perez eta Balsategiren deklarazioak ziren haien kontrako froga nagusi, eta epaiketan Balsategik –Dominguezen bikotekide izandakoak– atzera egin zuen aurretik esandakoan. Esan zuenez, hark ez zien inoiz entzun GALekoak zirenik, ez Garcia Goena hil behar zutenik ere eta ez zuen inoiz bonbarik ikusi. Epaimahaiak, emakume bakarraren lekukotza nahikoa ez zela–eta, Garcia Goenaren hilketagatik absolbitu egin zituen Amedo eta Dominguez, eta, erabakik horrekin, itxi egin zuen auzi berarengatik berriro epaituak izateko bidea –pertsona bera ezin baita delitu berarengatik bi aldiz epaitu–.


    Amedo eta Dominguezen kontrako epaia 1991
    Amedo eta Dominguezen kontrako epaia 1991 (PDF).

    Auziak Garzonen instrukziopean jarraitu zuen, 2001n behin-behinean artxibatu zuten arte. 2011n, ordea, Antonio Rubio kazetariak Garcia Goenaren kontrako atentatuarekin lotutako informazio bat argitaratu zuen El Mundo egunkarian. Egunkari horren arabera, Garcia Goenaren hilketa prestatzeko erabili zuten argazkia Hendaiako Photo Galaxie argazki dendan atera zuten. Errefuxiatu asko joaten ziren denda horretara argazkiak ateratzera -bai paperak berritzeko, bai senitartekoei bidaltzeko– eta Rubioren arabera, denda horretan ateratako argazki batek GALen eskuetan bukatu zuen. Auzia berriro ere irekita dago, eta Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak darama –Barcenas auzia daraman epaile bera–.


    Akusazio partikularra, Laura Martin alargunaren eta haren alaba zaharrenaren izenean, Javier Gomez de Liañok eta Ignacio Gordillok daramate, hurrenez hurren, Lasa-Zabala auziaren hastapenean sumarioaren instrukzio epaile eta fiskal izandakoek.


    Garcia Goena elmundo

    GALen azken atentatua, atentatu "ez ofiziala", izan zen Garcia Goenarena. Eta Amedo eta Dominguezen hariari tiratu ezin zaionez, ezinezkoa izango da inoiz atentatu haren erantzule guztiak akusatuen aulkian ikustea –Dominguez eta Amedo ezin dituzte berriro epaitu–. GALen atentatu guztietan errepikatzen den kontua da, ordea, erantzuleak ezkutuan gelditzen. Izan ere, atentatu askoren kasuan inor atxilotu eta epaitu gabe itxi ziren ikerketak; mertzenario bat edo mertzenario talde bat epaituta itxi ziren beste hainbat kasu; atentatuak prestatu zituzten polizia eta guardia zibilak akusatuen aulkian esertzera iritsi ziren kasuak oso urriak dira; eta bi kasutan baino ez da irisi arduradun politikoengana -Segundo Marey eta Lasa eta Zabala-. Matematika formuletan "ezezaguna askatzea" esaten zaio X hizkiaren atzean ezkutatzen den zenbakia aurkitzeari; GALen auzian X hizkiaren atzean dagoenak, ofizialki, ezezaguna izaten jarraitzen du, eta aske dago.


    X