Joan den astelehenean amaitu zitzaien Artozkiko bizilagunei beren etxeak uzteko epea; hortik aurrera, Ebroko Hidrografi Konfederakundeak eta Nafarroako Gobernuak edozein unetan has zitzaketen herria botatzeko lanak.
Gaur arte ez da, ordea, ez hondeamakinarik, ez segurtasun indarrik agertu, eta denbora hori, erresistentzia antolatzeko aprobetxatu dute Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek.
Gaur goizean Guardia Zibila eta foruzainak agertu dira, eta herrirako sarrera guztiak itxi dituzte. Tomas Armendariz parrokoari ere ez diote utzi sartzen. Herri barruan ehun bat 'solidario' daude "haietako lauk porlanezko bidoietan besoak sartuta dituzte atera ditzaten oztopatzeko, eta beste asko etxeetako teilatuetara igota daude". Hondeamakinen lana eragoztea da `solidarioen' asmoa.
Nolanahi ere, pare bat orduz herrian ibili ostean alde egin dute bai foruzainek, bai guardia zibilak. Herrian izan diren bitartean, kalean topatu dituzten hamasei bat 'solidario' etxe batean itxita eduki dituzte foruzainek, eta bazter guztiak miatzen ibili dira. Foruzainek bultzatu eta kolpatu egin dituztela salatu dute 'solidarioek'.
Halaber, elizan sartu dira foruzainak eta han kanpandorrera igo eta kanpaia jotzen jardun dute. Tomas Armendariz parrokoak azaldu duenez, elizako atea bortxatu egin dute astelehenean itxita utzi baitzuten.
Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek uste dute, beraiek herritik nola bota aztertzeko egin dutela gaur goizeko miaketa.
Itoitzekin Elkartasuna taldearen orrian aurki daiteke Itoizko utegiaren aurkako borrokari buruzko zein
Artozkiko erresistentziaren inguruko informazioa.