Manifestua

2009ko martxoaren 25a
11:09
Entzun
Emakumeon kontrako indarkeriari aurre egin! Nazkatuak gaude! Emakumeok autodefentsan!

"Gernikan, indarkeri matxistaren ondorioz emakume bat eraila eta bere alaba larriki zauritua daude. Honi lotuta, ezin ahaztu gure herrian astero-astero emakumeon kontratako eraso ezberdinak ere egoten direla, nahiz eta gehiengoak prentsan agertu ez. Argazki hau zoritxarrez urteak pasa ahala errepikatzen joan zaigun irudi bat da, inork beronen aurrean taxuzko erabakirik ez duela hartzen ikusten jarraitzen dugun bitartean.

Nola daiteke XXI. mendean, berdintasunaren aroa deituriko honetan egunero edozein emakumek horrelako jazoera bat pairatzeko arriskua bizitzea? Nazkatuta gaude gure askatasuna mugatzen duten jarrerak dituzten pertsonekin egunero topatzeaz, nazkatuta edozein momentutan erasotuak izan gaitezkeela pentsatzen bizitzeaz.

Erreakzio berdina sortzen zaigu komunikabideek gaiok tratatzeko duten formagatik. Gehienetan albisteak ikuspegi morboso-sensazionalista batetik kaleratzen dira: auzokoen testigantza moralistak, odolaren irudiakā€¦ Guzti honek ez digu laguntzen inolaz ere egoera honetan aurkitu gaitezkeen emakumeoi pauso ausartak hartu eta gure erasotzaileen kontra oldartzen.

Komunikabide askok emakumeon kontrako indarkeriari genero indarkeria deitzen jarraitzen diote generoarekin zerikusirik ez badu ere.

Instituzioek berriz, ez dute beraien jarrera aldatzen hartutako neurriek ez dutela askorik lortzen ikusita ere. Alferrik ari dira kasu bakoitza era isolatuan heldu eta erasotzaile zein hiltzaileentzako penak gogortzen eta neurri bereziak aplikatzen erasoen muinetara jo gabe, emakumea biktimatzat tratatzen jarraituz. Indarkeria patriarkalaren aurkako borroka era integralean lantzen ez den bitartean erasoak egoten jarraituko dute.

Errealitateak marrazten digun argazki krudel honen aurrean pazientzia bukatzen ari zaigu emakumeoi. Iada ezin dugu zain egon nahi ea gu salbatzera noiz etorriko, ezin dugu gure segurtasuna eta bizitza beste batzuengan delegatu.

Guregandik abiatuta egin nahi diogu aurre indarkeriari; emakume aske eta autonomo bezala formatuz, gure buruarengan dugun ziurtasuna handitu eta gaitasunetan sinestuz. Geure etorkizuna, gure gorputza eta bizitzen jabe izatea nahi dugu. Horregatik, autodefentsa feminista garatzeko deia luzatu nahi dugu.

Autodefentsa feminista autogestiotik eta antolaketaren aldeko apustua eginez ulertzen dugu: Emakumeok emakume izateagatik erasotuak bagara defenda gaitezen. Arazo sozial honi aurre egiteko beharrezkoa da emakumeok antolatzea, gure artean babestea, taldean eztabaidatzea eta espazio komunak eraikitzea. Bakoitzak bere esperientziatik eta jarduteko eratik, denon artean aurre egin diezaiogun egunero itotzen gaituen indarkeriari, bat egin dezagun pairatzen dugun zapalkuntzarekin amaitzeko. Erabil ditzagun gure gaitasun guztiak emakume bat gehiagok indarkeriarik jasan beharrik izan ez dezan, berak bizi izan duena guztioi egiten baitigute.

Alde honetatik berebiziko garrantzia hartzen dute komunikabideek. Edozein indarkeria kasuen aurrean albistea emateko tonua eta formak izugarri alda dezake emakumeok hauen inguruan dugun pertzepzioa. Esaterako beti jazoera negatibo bat eman denean bakarrik informatzen da kasu hauetaz, inoiz ez emakumeak erasotzaileari aurre egin edota alde egitea lortu duenean.

Komunikabideei zuzenki gai honekiko ardura gehiagoz jokatu eta informazioa era askoz globalago batean tratatzeko eskaera luzatu nahi genieke. Horretarako denon eskura jarria dugun dekalogoa kontuan hartu eta bertako jarraibideak lan forma bakoitzera moldatuz emakumeok biktima huts bezala irudikatzea ekidin genezake denon atean.

Emakume erasotuek jaso beharreko atentzioari eta prebentzioari dagokionez, arestian aipatu bezala, instituzioek ez dute asko aurreratu. Eraginkortasunik gabeko lege eta komisioak sortu besterik ez dute egiten; betearazteko aurrekonturik gabeko legeak eta erabaki ahalmenik gabeko komisioak.

Behingoz eta betirako emakumeon kontrako indarkeriarekin amaituko duten neurri eraginkorrak behar ditugu instituzioetatik. Neurriok nahitaez prebentziotik abiatu behar dute, oraindik ez baita neurririk zehazten ari jendartean erasotzaile gehiago egon ez daitezen.

Daramaten bidearekin instituzioengandik erasotuak sentitzen gara. Erasotuak bizi dugun errealitateari aurre egiteko konpromisoa hartzen badute ere ezer gutxi aurreratu delako. Haserre duten erantzukizun politikoa alde batera utzi eta horrela bigarren mailako herritar bihurtzen gaituztelako. Nazkatuta dituzten hitz eraginkor eta deklarazio handietatik haratago joaten ez direlako. Akituta behin eta berriz emakumeon kontrako indarkeriarekin amaitzeko sistema patriarkala dela irauli beharrekoa esateaz.

Azkenik, jendarte eredu berri baten bidean jartzeko badu beronek ekidin ezinezko ardura: jarrera matxisten aurrean gaitzespena aktiboki azaldu eta erasotzaileak baztertzearena. Jarrera eta eraso matxistarik gabeko guneak sortzen joateak garrantzia itzela du eraldaketaranzko bidea egiteko.

Ondorioz, emakume eta gizon guztiak deitu nahi ditugu gertatutako erailketa honen aurrean martxoaren 27an, ostirala, 19:00etan Gernikan (idaletxe aurretik) burutuko den manifestaldian parte hartzera. Atera dezagun kalera egunero barnean gordetzen dugun amorru guztia eta egin dezagun bat emakumeon kontrako indarkeria gaitzesteko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.