Txetxu Barrios eta Iñaki Beaumont euskal presoen lagun batek eta senide batek, bisitatik bueltan zetozela, auto istripua izan dutela jakinarazi du Etxerat elkarteak. Ez dute lesio fisikorik izan, baina autoak kalte handiak ditu. Granadan (Espainia) izan dute ezbeharra, 13:00etan, Albolote espetxean haiei bisita egin ondotik.
Barrios Atarrabiako presoaren lagun Oihana Belokik eta Beaumont Iruñeko presoaren osaba Richard Etxeberria dira istripua eduki dutenak.
"Espetxetik gertu, bidegurutze batean autoaren kontrola galdu eta, buelta bat eman ondoren, olibondo baten aurka joan dira", esan du Etxeratek. "Autoaren kontrola galtzearen arrazoia eguraldia izan da, errepidea bustita baitzegoen".
Etxeratek salatu duenez, gaurkoa sakabanaketa politikak aurten eragindako bosgarren errepide istripua izan da. "Sakabanaketak dirauen 23 urteotan hamasei senide eta lagunek galdu dute bizia errepideetan, eta ehunka izan dira pairatu behar izan ditugun istripuak. Zenbatu ezinak izan dira senide eta lagunok pairatu ditugun kalte fisiko, psikologiko eta ekonomikoak". Politika hori bukatzeko exijitu du elkarteak.