Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak ordezkaritza politikoa bidali dute gaur Madrilera, D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketako lehen egunean, auzipetuei babesa adierazteko. Euskal Herriko beste hainbat eragile ere bada gaur Madrilen.
Lau indar politikoen izenean, hedabideentzako adierazpenak egin dituzte Pernando Barrenak (ezker abertzalea), Pello Urizarrek (EA), Jon Salaberriak (Aralar) eta Oskar Matutek (Alternatiba) auzitegi atarian, goizean, eta epaiketa politikoa izango dela salatu dute. Etziko manifestaziorako deia egin dute (Bilbo, 17:30).
Barrenak azaldu du "zuzenbide estatu batean larria" dela "hauteskunde plataforma bat eratzeagatik epaiketa egitea", eta, haren arabera, "are larriagoa" da epaiketa Euskal Herriko garai politiko berrian egitea.
Urizarrek azpimarratu du auzipetuek "bide politikoen aldeko apustua" egin zutela, "eta horregatik epaitzea, dena ETA dela esanda, oso kezkagarria da".
Salaberriak gaitzetsi du "beren eskubide zibil eta politikoak praktikan jarri dituzten pertsona batzuk epaitzen" ari direla Auzitegi Nazionalean, eta uste du "Espainiako Estatuak jarrera inboluzionista" duela.
Haiez gain, Madrilen dira ezker abertzaleko Hasier Arraiz, Joseba Permach eta Marisa Alejandro, EAko Rafa Larreina eta Joseba Gezuraga eta Aralarreko Jon Iñarritu eta Ander Busto.