Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak PSE-EEk eta EAEko PPk duten ituna hautsitzat jo duen arren —PPri leporatu dio erantzukizuna—, ez du amaitutzat eman legealdia, eta iragarri du gobernu proiektua defenditzen jarraituko duela. Dena dela, ez du zehaztu legealdia osorik beteko duen. Agerraldia egin du Gasteizen, Lehendakaritzan.
2009ko martxoaren 1ean izan ziren hauteskundeak, eta EAJk irabazi zituen, 30 parlamentari lortuta eta bigarren indar PSE-EEk baino 80.000 boto gehiago bilduta. PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean 75 parlamentarietatik 25 ditu —PPk,13; gehiengoa osoa 38an dago—. "Ez da lehen aldia izango gobernua gutxiengoan dagoela legebiltzarrean", adierazi du Lopezek. "Seguru nago egitasmoak aurrera aterako ditugula, herri proiektuak baitira".
Atzo Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak legebiltzarrean konfiantza galdea egiteko eskatu zion, eta Lopezek gaur erantzun dio nahi badute zentsura mozioa aurkezteko.
Uste du EAEko PPk Madrilgo interesak defenditzen dituela Espainiako Gobernuak osasunean eta hezkuntzan murrizketak egin nahi dituela-eta, eta salatu du jarrera horrek EAEko autogobernuari kalte egiten diola, "haren eskumena urratzen dutelako". Ondorioz, esan du EAEko PPk hautsi egin duela 2009an "aldaketarako" sinatu zuten oinarrizko akordioa.
Autogobernuaren defentsaz gain akordio hartan ETAren indarkeriaren aurkako borroka eta zerbitzu publikoen defentsa ere ageri dira, gogorarazi duenez, eta hitzeman du hiru gai horien alde egingo duela aurrerantzean ere. Ekonomia arloan, Frantziako presidentetzarako bozetan PSk UMP garaitu ostean, "Europak bide berri bati ekin" diola azaldu du Jaurlaritzako buruak; "guk defenditutako bidea da hori", esan du. Eta azpimarratu du "lehen baino arrazoi gehiago" dituela horrela segitzeko.
Justu duela hiru urte hartu zuen lehendakari kargua, eta garai hau "oparoa" izan dela adierazi du. Batez ere, "helburu nagusia" bete dutelako, haren arabera: ETAren jarduera armatuaren bukaera. "Gaur Euskadin askatasuna zabalagoa da".
PSE-EE "harrituta" dago Basagoitirekin
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak gaur goizean Radio Euskadin egindako adierazpenetan esan du "salduta" baino gehiago "harrituta" daudela atzo Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak egindako adierazpenekin. "PPk oso zaila izango du koherentzia politikoaz azaltzea zergatik aldatu duen jarrera; hauteskundeen aurreko zorabioa soilik erabil dezake argudiotzat", esan du.
Pastorrek uste du PP aitzakia bat bilatzen saiatu dela "aurreratutako haustura bat" eragiteko. Horrez gain, onartu du ez dutela Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentearekin hitz egin, eta Espainiako PPrentzat egoera "jasanezina" bihurtzen ari dela uste du, krisia dela eta. Hauteskundeak aurreratzea alderdiko interesen aldeko erabakia dela dio.
Basagoitiren atzoko hitzek harridura eragin zietela berretsi du, eta esateko modua "oso dotorea" ez zela izan iritzi dio. Basagoitik "bulkadaka" jokatzen duela gaineratu du.
Pastorrek gogorarazi du hauteskundeetara deitzea Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari dagokiola. Eguerdian, Lopez lehendakariak hiru urteko legealdiaren balorazioa egin du.