Edukira joan

Publizitatea

BATERAGUNE AUZIA

'Bateragune auzia' zentzugabea dela salatu, eta zigortuak libre uzteko eskatu dute ideologia ezberdinetako hainbat emakumek

Ideien gainetik, bakearen eta elkarbizitzaren alde eta eskubideen defentsan lanean jardungo direla iragarri dute gaur Donostian egindako agerraldian. Rafaela Romero, Jone Goirizelaia, Izaskun Bilbao, Rebeka Ubera eta Esther Larrañaga daude sinatzaileen artean.

Oihana Elduaien (Donostia)   2012-05-12 - 18:31:08

Bozkatu

Emaitza 0 izar
  • Inprimatzeko bertsioa
  • Albistea postaz bidali
  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali

Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auziko zigorra berretsi izana salatu dute ideologia ezberdinetako hainbat emakumek gaur, Donostian. Epaia “zentzugabea” dela gaitzetsi dute, eta Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta aske uzteko eskatu dute, “beraien bizi proiektua, beraien proiektu politikoa” aurrera eraman ahal izateko.

Besteak beste, Rafaela Romero PSE-EEkoa, Jone Goirizelaia ezker abertzalekoa, Izaskun Bilbao EAJkoa, Rebeka Ubera Aralarrekoa eta Esther Larrañaga EAkoa daude sinatzaileen artean—, eta auzipetuen ideiak defendatzeko ez direla bildu azpimarratu dute. Baina ideiak defendatzea ez dela delitua uste dute, eta hori defendatzeko batu dira. “Ez gaude prest isilik egoteko eta ezer gertatu ez balitz bezala jokatzeko”. Jarduera politikoa “terrorista” jotzea ez dutela onartuko ohartarazi dute.

Eta ez dira Bateragune auzia salatzeko bakarrik batu. Beraien ekimenak segida izango dutela iragarri dute, "bakearen, elkarbizitzaren eta eskubideen alde" aritzeko konpromisoa hartu baitute.

ETArekin lotuta, Gorenak Otegi eta Diezi kartzela zigorra hamar urtetik sei eta erdira jaitsi die, eta Jacinto, Rodriguez eta Zabaletari zortzi urtetik seira.