Edukira joan

Publizitatea

Adierazpena

Berria.info   2012-05-12 - 12:42:37

Bozkatu

Emaitza 0 izar
  • Inprimatzeko bertsioa
  • Albistea postaz bidali
  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali

"Agiri hau izenpetu eta ekimen honen partaide garen emakumeok ez ditugu planteamendu politikoak partekatzen eta, ziurrenik sozialak ere ez; eta agerikoa da ez dugula berdin pentsatzen.

Agiri hau izenpetu eta gaurko agerraldian parte hartzen dugun emakumeok hainbat alorretan egiten dugu lan, eta lanbide ezberdinak ditugu. Gutako batzuk politikan ari gara. Horregatik, hasiera-hasieratik argi utzi nahi dugu gure iritzia eta agerraldi hau berau ez dagoela inolako estrategia politikori lotua, ez alderdi batekoa ez bestekoa, ez alde batekoa eta ez bestekoa.

Gaur ez gara hemen bildu Bateraguneko auzipetuen ideiak defendatzeko; hain zuzen, duela egun batzuk pertsona horiek zigortu ditu Auzitegi Gorenak.

Gaur hemen gauden emakumeok adierazi nahi dugu zigortutako pertsonek ideiak izateko eta horiek demokratikoki defenditzeko eskubidea dutela, eta horregatik ez dutela zertan zigor bidezko prozesua izan behar, eta are gutxiago, sententzia bidegabea jaso.

Gaur hemen gauden emakumeok esan nahi dugu zuzenbide penalaren helburua justizia ezartzea izan behar dela.
Zuzenbide penalaren ez eta Justiziaren helburua ez da politikaren menpe egotea edo politikak erabiltzea.

Zuzenbide penalak balio behar duelako justizia egiteko, delituak egiten direnean.

Eta bide demokratikoetatik eta baketsuetatik ideiak defendatzea ez da delitua.

Ez da delitua esparru sozial eta politiko zabal bati erantzuten dioten ideiak defendatzea.

Baina ez gaude prest honen aurrean isilik egoteko eta hemen ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzeko.
Gaur hemen agertzen gara inoren inpunitaterik ez dugula defendatzen argi uzteko. Baina ez gaude prest jardun sozial eta politiko zilegiak delitu terrorista gisa hartuta egiten den jazarpen penalari bideak irekita uzteko; izan ere, emandako sententziako boto partikularrean jasotzen den moduan, egiazkoa ez den eta frogatua izan ez den ETArekiko lotura egin da.

Ahozko epaiketan eta bestelako adierazpen publikoetan Arnaldok, Rafak, Mirenek, Soniak eta Arkaitzek esan dutenaren bitartez jakin dugu zer eta zertarako egin zuten egin zutena; baina, horren gainetik, egin zutenaren horren emaitza bizi dugu, gure herriak egun duen eszenatokia ahalbidetu duena.

Beraz, emandako sententziak ez dio erantzuten epaiketan jasotakoari ez eta egiaz gertatu denari. Sententziaren aurreiritzia da dena ETA dela eta, beraz, erakunde horrek dena kontrolatzen duela; baina hori ez da frogatua izan, boto partikularrak zehazten duen bezala eta epaiketako bistan agerian geratu zen bezala. Eta gure herriko erakunde politiko, sozial eta sindikal guztiek aitortzen dute Rafak, Arnaldok, Mirenek, Soniak eta Arkaitzek erabakiak hartu zituztela eta ETAtik at jardun zuela. Horregatik, Magistratu horren iritziarekin bat egiten dugu, zigorra zentzugabea dela esaten baitu.

Arnaldo, Rafa, Miren, Sonia eta Arkaitz bezalako pertsonek aske egon behar dute, lan egin ahal izateko. Aske utz ditzatela nahi dugu, beren bizi zein politika proiektuarekin aurrera jarraitu ahal izateko, gure herriak hori horrela izatea behar duelako.

Sententzia hori ez da albiste ona, eta euskal sozietateak horrela ulertu du. Euskal gizartearen heldutasuna kontuan izanda, argi daukagu eszenatoki hau egonkortzeko lanari eusti behar zaiola sinesten duela, era honetako sententziak iraganeko zerbait bezala ikusten dituela, anakronikoak, eta oztopoa direla aurrerapausoak eman ahal izateko. Gauza bera gertatzen da “Parot doktrina”-rekin bat egiten duten sententziekin.

Euskal jendarteak ezin du bide hau bakarrik egin, eta gaur hemen gauden emakumeok prest gaude, gertatu daitekeenaren gainetik, bakea, elkarbizitza eta gure eskubideen aitortza eta horiek indarrean jartzea egonkortzearen alde lan egiteko; eta hori egingo dugu konplexurik gabe, aurreiritzirik gabe, bazterketarik gabe.

Etorkizunak bestelako politika bat eskatzen duela uste dugu, malgutasunez, eskuzabaltasunez eta erantzukizunez lan egiteko.

Gu prest gaude urrats horiek emateko, erronka horri aurre egiteko. Etorkizuna gu guztion esku dagoelako, eta guztion lanaren bitartez posible delako hasitako lana ondo amaitzea, eta guztiok gure eskubideak modu askean praktikan jarri ahal izango dugun Euskal Herria lortzea".