Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak adierazi du espero duela Euskal Herria Bildu koalizioak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ahal den boto gutxien ateratzea, eta hori "Euskal Herriaren onerako" izango dela.
Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak EH Bildu aurkeztu zuten atzo eguerdian, Donostian. Euskal Herriak bizi duen "une historikoaren aurrean gobernuen immobismoa salatzen duten guztien erreferente politikoa izango da" koalizioa. 200 bat lagun bildu ziren ekitaldian. Markarekin batera, webgunea ere estreinatu zuten.
Euskal Herriari dagozkion eskubideen onespena eta horiekiko errespetua aldarrikatuko dutela gatazka gainditzeko ere esan zuten, Gernikako Akordioarekiko eta Aieteko Adierazpenarekiko konpromisoa agertuz.
Eureka zientzia museoan egin zen aurkezpena, Miramonen, eta han izan ziren Rufi Etxeberria, Pello Urizar, Patxi Zabaleta eta Oskar Matute. Izenarekin batera, ikurra ere aurkeztu zuten. Euskal Herriko mapa berdearen ondoan irakur daitezke EH hizkiak grisez eta BILDU berdez. Aurkezpeneko testuak Amaia Agirresarobe Alternatibakoak eta Dani Maeztu Aralarrekoak aurkeztu zituzten.
Beste sistema batean sinesten dutenen bilgune
Agirian diote koalizioa osatzen duten alderdiek orain arte bide desberdinak ibili badituzte ere, koalizioa bilgune dela, "sistema gaindituko duen eredu bat behar dela" sinesten dutenena. "Gure ingurunearekin arduraz jokatzen duen harreman baten alde egiten dugu, gizartea aldatzeko beharra azpimarratzen dugu, jakinik ez dela demokrazia benetakorik izango emakumezkoak eta gizonezkoak eskubideetan berdin izan arte", esan zuen Agirresarobek.
Gaineratzen dute hauteskundeetatik haratago doala "indar subiranisten koalizioa", akordio estrategikoetan oinarritzen delako eta horiek garatzeko asmoa dutelako, "kalean eta erakundeetan". Espainia erreskatera eraman duen sistema aldatzeko ezkerreko koalizio subiranista dela Euskal Herria Bildu diote agirian, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Espainiak ez dutela ezer egin gaineratzen dute, "ez dakitelako edo ez direlako ausartzen".
Maeztuk esan zuen sei konpromisorekin jaio dela koalizioa: bakearekin, justizia sozialarekin, demokrazia parte-hartzailearekin, emakumeekin, gazteekin, euskararekin eta arrazismoa eta xenofobiaren kontra. Adierazi zuen pertsona guztien giza eskubideak defendatuko dituztela, eta oinarrizko eskubideen urraketa ororen aurka egingo duela EH Bilduk.