Hego Euskal Herriko hautesle errolda erreformatzeko proposamena salbuespen legediaren beste adibide bat dela uste du ezker abertzaleak, eta horren aurrean, herri gisa erantzuteko deia egin du gaur: "Eragile politiko eta sozialen erantzun argi eta irmoa behar du".
Haren arabera, PPk "bere interesen arabera" moldatu nahi du hautesle errolda. "Zeintzuk dira interes horiek? Euskal Herriko ziklo berria moztea, eta hala edo nola, itxurak ere axola izan gabe, ezker soberanista eta independentistari ateak ixtea", adierazi dute gaur goizean Donostian egindako agerraldian.
Hauteskundeetarako egindako proposamena ez ezik, "euskal herritarrok daukagun erabakitzeko eskubidea" ukatzeko egindakoa dela ere iritzi diote.
Proposamena "porrota" izango dela uste du ezker abertzaleak. Zergatik? "Herri honetan epe motzean izango diren gertaera politikoek eta hauteskunde emaitzek ere berriro erakutsiko dutelako badagoela gehiengo herritarra islatzen duen bloke bat, euskal nazio klabean, klabe subiranistan pentsatzen duen eta bizi den herritar blokea, eta hazten ari dena".
Ezker abertzaleak salatu du Espainiako Gobernuak "benetako salbuespen legediak" indarrean mantentzen eta ezartzen dituela, "Euskal Herrian irekitako ziklo berria ahalik eta gehien oztopatzen eta gibeleratzen saiatzeko".
Iñaki Oiarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak pasa den astean EAJri eta PSOEri eskatu zien hautesle errolda erreformatzeko egitasmoa babesteko.