Kanoiaren danbadak lehertu du gaur arratsaldeko 19:00etan Donostiako Aste Nagusia. Gastronomikako artillari nagusi Luis Mokoroa arduratu da kanoi danbada jotzeaz, eta festa herrikoi eta euskaldunen aldeko Piraten Kolektiboak abestu du Artillero famatua. Karlos Izagirre Donostiako alkateak jaiak "alaitasunez, errespetuz eta euskaraz" igarotzeko deia egin die herritarrei.
Gaur hasi eta hurrengo larunbatera bitarte, haur, gazte zein helduek ez dute aspertzeko betarik izango, gozatzeko hamaika ekintza izango baitira hiriburuko hainbat txokotan. Festa pixka bat luzatu nahi duenak datorren igandean ere izango du jai giroan jarraitzeko aukera, piraten egitaraua ordura arte luzatuko baita.
Ospakizun bikoitza izango dute aurten Piratek: Aste Nagusia alde batetik, eta taldearen hamargarren urteurrena bestetik. Hastapeneko filosofia berarekin jarraitzen dute lanean, festa herrikoi, feminista, euskaldun eta ekologistak antolatzen, elkarlana oinarri. Urteekin haziz joan den mugimendua izan da, gazteen ilusio eta lanari esker hein handi batean. Udalaren aitortza jaso dute gaur, haiek abestu baitute Artillero Alderdi Ederren.
Azken urteetako egitarau plural eta zabalena antolatu dute aurten Piratek, eragile eta kuadrilla ugariren arteko elkarlanaren fruitu. Gainera, hainbat berrikuntza ere aurkeztu dituzte: Matti pertsonaiaren eta kofradien sorrera, pirata txikientzako abordatzea, afariak Trinitate plazan, Piraten berri guztiak jasotzeko sakelakoetarako aplikazioa eta abar.
Kolektiboa haziz joan den heinean, lan egit ko era moldatu behar izan dute, eta barne antolakuntzaren aldaketa prozesuari egiten dio erreferentzia aurtengo leloak: Lotu guregana eta aska ditzagun amarrak!
Iragan urteko Aste Nagusian, euskal musika taldeen aldeko apustua egin zuen Donostiako Udalak Saguesko kontzertuak antolatzeko orduan, eta aurten ere horri eutsiko dio. Zea Mays eta Doctor Deseo ariko dira gaur Saguesko gunean.