Abiadura handiko trenaren (AHT) aurkako borrokan hogei urteko eskarmentua pilatu du AHTaren Aurkako Asanbladak. Orain, egitura desegin eta agur esatea erabaki dute, BERRIAra bidalitako prentsa ohar batean jakinarazi dutenez. Izena erabiltzen jarraituko dute, oraingoz, irekita dauden hainbat auzi eta epaiketa amaitu bitartean.
AHTaren Aurkako Asanblada 1993an sortu zen, aurreko eta orduko hainbat borroka sozial eta ekologistarekin bat eginez. Esate baterako, Leitzarango autobidearen aurkako mugimendua, Itoizko solidarioen ekarpena eta beste hainbat borroka antikapitalista eredu gisa hartuta hasi zen lanean asanblea. Hogei urteko ibilbidean izaera autonomoa, antikapitalista, antidesarrollista eta asanblearioa izan du oinarri AHTaren aurkako mugimendu horrek. Hainbat lan ildo garatu ditu. Informazioa zabaldu du tren lasterraren kalteen inguruan, mendi martxa, hitzaldi, txosten eta bestelako hainbat euskarriren bidez; eta desobedientzia ekintzak eta mobilizazioak antolatu ditu. Besteak beste, 1996tik hona, urtero AHTaren aurkako kanpaldia antolatu dute, hamaika herritan.
2001. urtean AHT Gelditu! Elkarlana osatu zuen, beste hainbat erakunderekin batera. Eta 2006tik 2009ra ildo hori asko indartu zuen, tren lasterraren aurkako borrokaren arorik emankorrenean. Geroztik, asanbladak berak aitortu duenez, asko apaldu da AHTaren aurkako mugimendua. "Ahuldade egoera horretan asanblada orokorrak bere koordinazio funtzioa galdu du, eta bertan behera uztea erabaki dugu".
Alabaina, AHTaren eta "txikizioaren" aurka lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute orain arte asanbladan batu diren pertsona eta taldeek. Ildo horretan, euskal gizarteari "kalera eta borrokara" ateratzeko dei egin diote, "sistema hau suntsitu eta lurra sistemaren atzaparretatik askatu arte".
Mugitu!-ren ekintza Iruñean
Tren lasterraren aurka baraua egiten ari diren Mugitu! plataformako lagun batzuk Nafarroako Gobernuaren Herri Lan Departamentuaren egoitzan sartu dira, Iruñean, baraualdia bertan egiteko asmoz. Foruzaingoak kaleratu egin ditu.
Mugitu!-k dio egundoko dirutza xahutuko dutela AHTan, egitasmoak lanik ez duela sortuko eta ingurumenari kalte egingo zaiola. "Ez da inola ere beharrezkoa. Horregatik, AHTaren obrak gelditzeko eta oinarrizko zerbitzuak murrizteko politikak kentzeko eskatzen dugu".