Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

2012-02-05

Pedalak eta frenoa

Bake prozesu edo konponbide prozesu edo dena delako prozesu bat abian dela uste duzunean, eta fokuen argitan ezer gertatzen ez denean, ilunpetan zerbaitean ari diren seinale izan daitekeela pentsa dezakezu; lanpetuegi daudela sukaldean egongelara agertzeko. Baina azken egunotan bezala hainbeste bilera publiko eta adierazpen egiten dituztenean, beldur zara kontrakoaren seinale izan ote daitekeen: sukaldean ez dutela asmatzen eta egongelan ibiltzeko astia sobera dutela.

Ez da erraza, informazio pribilegiatua izan gabe, azkenaldikoen interpretazioa egiten. Adibidez: Frantziako Gobernuak Espainiako Gobernuaren aurretik pausorik ez zuela emango sinetsita zeunden; espetxe politikan Madrilek ezarritako ildoari jarraituko ziola, alegia. Eta, oraindik urratsik egin ez duen arren, Parisen oso modu interesgarrian hasi dira gauzak mugitzen. Espainiako Barne ministroak presoen damua baldintza dela esaten jarraitzen duen bitartean, Frantziako Legebiltzarrak presoak gerturatzearen aldeko proposamena onartu du, Justizia ministroaren onespenarekin, eta Nicolas Sarkozyren alderdiak Euskal Herrian dituen ordezkarien sostenguarekin, Jean Grenet kasu. Hipotesi bat: Mariano Raxoi eta konpainiarekin adostasunean ari dira Sarkozy eta konpainia, lehen pausoak Pirinioetatik iparraldera ematea errazagoa izan daitekeelakoan.

Raxoik, bitartean, espetxe politika malgutzeko eskatzen diotenekin bilera publikoak egin ditu Moncloan. Presoak pixkanaka gerturatzeko eta gaixotasun larria dutenak askatzeko eskatu diola jakinarazi du Patxi Lopezek, eta Raxoiren asmoei buruzko mezu baikorrarekin atera da Urkullu: Espainiako gobernuburuak jendaurrean emango dituen mezuak «modulatzen» eta «diskrezioz lan egiten» asmatuko duen esperantza duela esan du EBBko buruak. Dena norabide berean doala pentsa zenezake, bitartean erdi-ahaztua genuen D3M hauteskunde plataformaren auzia berpiztu ez balute, edota Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ahoa hainbestetan zabaldu ez balu: orain ETAk aktibo jarraitzen duela esateko, orain Gobernuak estatu ikuspegiz eta eskuzabaltasunez jokatuko duela agintzeko, orain presoek damutu egin behar dutela ohartarazteko, orain ETAri arma batzuk zelairen batean uzteko eskatzeko. Hori baldin bada Urkulluk iragarritako mezuen «modulatzea», jai dago.

Ezker abertzaleko bozeramaileen erantzunek ematen dute halakoetan arrastorik: balorazio baikorra, ergo bada zerbait; balorazio ezkorra, ergo oso berde dago dena. Baina arrasto garbirik ematen ez duen erdibidearekin erantzun dute oraingoan: Barne ministroaren hitzei erreparatuta, estatu ikuspegitik eta eskuzabaltasunez jokatuko duela esan duenez «immobilismoaren horman» arrakalak zabaldu direla adierazi du Maribi Ugartebururen ahotik, baina PPk «immobilismoaren eta itxikeriaren» jarreran jarraitzen duela berretsi.

Aktibo, nazioarteko eragileak dabiltza oso aktibo. Une aproposean hitz egin zuen Egiaztatze Batzordeak, Espainiako Barne ministroaren adierazpenei erantzunez bezala, ETAren konpromisoa irmoa dela berresteko, eta Nazioarteko Harremanen Taldea agertu da jarraian, Sorturen legeztatzeak ere presa duela ohartarazteko. Ondorioa: batzuek pedalei gogoz eragiten jarraitzen dute, eta beste batzuk akaso frenoa sakatzeari uzten ari dira.

2012-01-29

Lau segundo

Gogoratzen Ibarretxeren kontsultaren bi galderak? Lehendakariak berak azpimarratu zuenez, 45 segundo behar ziren irakurtzeko: lehenengoan, ETAk indarkeria uzteko borondatea izanez gero elkarrizketa prozesua bultzatzearekin ados ote geunden galdetzen zuen; eta bigarrenean, euskal alderdiek erabakitzeko eskubideaz negoziazio prozesua ekitearekin konforme al geunden. Legez kanpokoa dena, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuenez. Akabo pelikula.

Lau segundo behar dira Alec Salmondek proposatutako galdera presarik gabe irakurtzeko: «Ados al zaude Eskozia herrialde independentea izatearekin»? Eztabaidarik ez da falta. Londresko eta Edinburgoko gobernuak ados egotetik oso urruti daude. Eskumenak handitzeari buruzko bigarren galdera egiteko aukera ere mahai gainean dago —lau segundo baino gehixeago beharko dira irakurtzeko—. Baina, desadostasunak gorabehera, Eskoziakoak ez du hemengoa bezala bukatzeko itxurarik.

Zer du Salmondek Ibarretxek ez zuenik?

Begi bistakoa da. Aldea dago, aldea dagoenez, Erresuma Batuaren eta Espainiaren artean, legeei, agintariei, hedabideei nahiz iritzi publikoari dagokienez. Funtsean, eskoziarrei beren etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea aitortzen diete gainerako britainiarrek. Pentsa, ingelesen eta galesen artean asko Eskoziaren independentziaren alde daude: zer inkesta hartzen duzun, %30 eta %40 artean. Beste alde nagusi bat: eskoziarrek Eskoziatzat duten lurralde osoan du eskumena Salmonden gobernuak; alegia, Eskoziak ez du gurearen pareko lurraldetasun arazorik. Eta ezberdintasun koiunturalagoa, hemen erremedio errazagoa izan dezakeena: Salmondek mugimendu abertzale osoa du atzean, edo hala ematen du behintzat hemendik begiratuta; SNP da Eskoziako parlamentuan ordezkaritza duen indar abertzale bakarra, eta gehiengo osoa du (68 ordezkari, 129 kideko ganberan). Horrela, bai.

Bada zer ikasi Eskozian, eta izango da zer ikusi eta ikasi, 2014 bitartean (eta ondoren). Quebec dator gogora. 1980an egin zuten lehen ahalegina: alde handiarekin irabazi zuten unionistek (%60 ezezko, %40 baiezko). Eta 1995ean bigarrena: ia bost milioi boto-emaile, eta 54.000 botok erabaki zuten pilota sarearen zer aldeetara erori (%50,58 ezezko, %49,42 baiezko). Porrota gorabehera, erabaki eskubidea aldarrikatzen duten estaturik gabeko nazioentzat erreferentzia izan da urtetan Quebec, bereziki Kanadako Gorte Gorenak erabaki eskubidea gauzatzeko irizpideez 1998an plazaratutako ebazpena: galdera argia, gehiengo argia eta, baiezkoa nagusituz gero, Estatuak sezesioa negoziatzeko betebeharra.

Eskozian ere zail daukate. Inkesten arabera, alde txikiarekin baina gutxiengoa dira independentziazaleak. Azken emaitza da garrantzitsuena eskoziarrentzat: independente bilakatzea edo Erresuman jarraitzea. Baina kanpotik begiratuta, eredua bera izan daiteke garrantzitsuena, Europako Batasuneko estaturik indartsuenetako baten barruko nazio batek galdera horri erantzuteko eskubidea izatea, Europako Batasunaren eta Nazio Batuen bedeinkazioarekin.

Zaldieroak zerbait susmatu zuen, estatutu berrien eta kontsulten garai gatazkatsu haietan lehendakariari Braveheart-en gona eskoziarra jantzarazi zionean, logelako ohean zutik, ezpata airean, desafioka ari zenean (eta emaztea atearen beste aldean, ate-joka, ondo al zegoen galdezka). 2014rako falta da oraindik, eta erreferenduma egin arte etxafuegorik ez bota badaezpada ere, baina ematen du Braveheart hau ez dela etxeko logelan ezpata astintzen marrazteko modukoa.

2012-01-22

Fraga, Fraga, Fraga

Ikasle garaian unibertsitateko milizian ibili zenean urteroko sailkapenean lehena izateko merituak egin omen zituen Manuel Fraga gazteak, aldearekin, baina bigarren postua baino ez zioten eman. Arduradunaren azalpena: “Espiritu militar handiegia”. Anekdota gaiztoa The New York Times-ek argitaratu zuen, ez joan den astelehenean hilberrien atalean argitaratutako soslaian, 1969ko urtarrilaren 25ean ateratakoan baizik.

1962tik zen Francoren ministro, 1966an zentsura bertan behera utziko omen zuen legea jarri zuen indarrean, baina, hiru urte geroago, hara egunkari amerikarreko izenburua: “Espainiako zentsore berriro”. Legea indarrean zenetik, Fragak edizioak konfiskatu, hedabideei isuna jarri eta egunkari bat lau hilabetez itxiarazi zuela zioen kazetariak. Soslaia zazpi hilabete geroago argitaratu izan balu, euskal aldizkari bat ere itxiarazi zuela azaldu ahal izango zuen, Yakin-i abuztuan iritsi baitzitzaion txanda. Fragak iragan falangistarik ez zuela zioen, baina batzuetan “falangisten alkondara urdina” janzten zuela: “Ziurrenik akatsa izan zen Fraga liberaltzat hartzea”. Zukua du soslaiak: “Esaten dute Franco jenerala ordezkatu nahi dutenen artean dagoela”. Horretarako leku egokia topatu ezinik omen zebilen, ordea, frankismo barruko sektore nagusi bateko edo besteko kide ez zenez: “Batera eta bestera dabil”. Kasinoan amaitzen da soslaia: “Fragak bere apustuak etengabe aldatzen dituen erruleta jokalari urduria ematen baldin badu, honegatik da: Franco jenerala hiltzean, gurpila gelditzen denean, bolatxoa gorri liberalean edo beltz totalitarioan egokituko den inork ez dakielako”. Informazio ministroaren hatzaparrak ez ziren New Yorkeraino iristen.

Lehenagotik ere aipatu zuten Fraga New Yorkeko egunkarian. 1963an, Julian Grimau komunistaren exekuzioari buruzko azalpenak ematen ageri da, zigorra nekez kenduko ziotela jakinarazteko; hurrengo egunean afusilatu zuten. 1966an Palomaresen bainua hartzen ere ageri da: kazetariak dio ez dakiela Fragaren txantxa izan zen edo nahi gabe esan ote zuen, baina urpekariak artean itsasoan bonba nuklear galduaren bila zebiltzan bitartean, kostalde hartako atrakzio onenetakoa “ur azpiko arrantza” zela adierazi zuen ministroak. 1968ko ekainean, Pardinesen, Etxeberrietaren eta Manzanasen hilketen ondorengo giroan, Madrildik Donostiara telefonoz deika ageri da Fraga, dagokienei presaz jakinarazteko Inaki Sarasketaren exekuzioa bertan behera uzteko. 1976an ere hor da, jakina: Fraga Alemanian zela, Poliziak bi langile eta ikasle bat hil zituenean, martxoaren 4ko albistean; Gasteizen hildakoak lau zirela, gainera Basaurin beste bat hil zutela, Fraga Gasteiza helikopteroz iritsi berria zela, eta anarkiarik ez zuela onartuko esan zuela, martxoaren 8koan. ETAk Berazadi enpresaburua hil zuela azaltzen zuen albistean ere ageri da ministroa, apirilaren 9an, “terroristek gerra nahi badute”, gerra izango dutela ohartarazteko, “ondorio guztiekin”. Edota, 1977ko apirilean, ordurako ministro ez zela, Alderdi Komunistaren legeztatzearen aurka hizketan, “akats politikoa larria” zela esanez.

Bada artikulu menturaz esanguratsua, 1976ko martxoaren 3an bertan datatua, artean Gasteizko hilketen berririk zabaldu ez zenekoa. Espainia irakiten zegoela azaltzen zuen erreportaian, berriemaileak anekdota bat kontatu zuen, Fraga nor zen azaltze aldera: “Lehengo egunean hoteleko harrera gelan sartu zenean, jendeak ‘Fraga, Fraga, Fraga’ oihukatu zuen, oraintsu arte ‘Franco, Franco, Franco’ oihukatzen zuen erraztasun berarekin”.

2012-01-15

Mr. Monopoly

Mitt Romneyk orain gutxi esan du langileak kaleratu ahal izatea «atsegin» duela; zerbitzu egokia ematen ez diotenak kaleratu ahal izatea, zehaztu du. Aditz hori erabili du: I like, jatorrizko hizkuntzan; datsegit, sare sozialetako euskara berrian. Aitormena ez du egin mikrofonoa itzalita zegoela uste zuenean, ezta konfiantzazko kazetari batekin off-the-record ari zela ere. Kanpaina ekitaldi batean esan zuen, mikrofonoa eskuan zuela taula gainetik New Hampshireko alderdikide multzo bati hizketan ari zela, Alderdi Errepublikanoko lehendakarigai onena bera dela konbentzitu ahal izateko argudio eraginkorra zela pentsatu zuelako edo.

Beste mundu bat da hau, eztabaida politikoari dagokionez ere. Mariano Raxoik, Galizian beharrean Wyomingen jaioa balitz eta Alderdi Popularreko buruzagia beharrean Alderdi Errepublikanokoa balitz, Philippe Montanierrek une honetan Urrezko Danborra jasotzeko baino aukera txikiagoa izango luke Etxe Zurirako lehendakarigai bihurtzeko, Espainiako gobernuburu gisa iragarri berri duen zerga igoeraren laurdena iragarriko balu hemen. Barack Obama bezala, enpresaburu arrakastatsuak hondoratu nahi dituen sozialista izango litzateke Raxoi teapartyzaleentzat. Eta ez dira lau katu.

Estatu Batuetako alderdi kontserbadoreko buruzagiek beren herrialdearentzat zer eredu nahi duten azaltzen baino hobeak dira zer eredu nahi ez duten azaltzen: Angela Merkel, Nicolas Sarkozy, David Cameron eta soka bereko buruzagi eskuindarrek gidatzen duten Europa da, hain zuzen ere, bihurtu nahi ez dutenaren eredua. Datorren azaroan Obamarekin lehiatzeko aukera handiena duenak, langileak kaleratu ahal izatea atsegin duen horrek berak, Europaren ispiluari begira hitz egin zuen New Hampshireko garaipenaren egunean: AEB «Europaren estiloko ongizate estatua» bilakatu nahi du Obamak, eta berak, ordea, aurrerantzean ere «aukeren herrialde librea» izan dadin nahi du. Ongizatea kontzeptuak, welfare, kutsu negatiboa du hemen askorentzat.

Ni zu baino kontserbadoreago lasterketa bilakatu da Alderdi Errepublikanoko barne lehia. Askok ez diotela sinesten da Romneyren arazoa, esaten duena bezain kontserbadorea denik ez diotela sinesten, alegia, eta horrek politika kontserbadoreen txapeldunaren plantak egitera eraman du Massachussetteko gobernadore ohia. Ez da erraza lehiakide dituen arrainekin, baina aukera izan duen guztietan ahalegindu da eskuinerago jotzen, Newt Gingrichek eta Rick Perryk —garai batean inkestetan oso goian egondakoak baina benetako bozetan atzera gelditu direnak— Estatu Batuetan paperik gabe urte asko daramaten etorkinei eta haien ondorengoei buruz malgutasun eta erruki pixka bat agertu zutenean egin zuen bezala, Mexikoko mugarako hesirik altuenak proposatuz eta paperik gabeko milaka eta milaka langileei eta haien ondorengoei aukera guztiak ukatuz, deportatuak izatea salbu.

Odolkiak ordainetan: eskuinetik egin diote orain jauzi lepora Romneyri, baina ezkerreko argudioekin. Enpresaburu gisa krisian ziren enpresen salerosketan jardun zuenez, zailtasunetan zeudenei zukua ateraz aberastu zela leporatu diote Gingrich eta Perry ultrek, lanpostuak sortu beharrean suntsitu egin zituela. Mister Monopoly esaten diote, edo Mister Wall Street, Alderdi Errepublikanoaren ertz eskuindarrenetik iraindu nahi dutenek. Zoritxarrez, Monopoly jaunak hartu duen abantailarekin, lehia ia bukatu da: Hego Carolina, Florida eta... otsailean Nevadako euskal estatura iristen direnerako, dena erabakita egon daiteke. Lastima: primeran pasatzen ari ginen.

2012-01-08

Bilboko kolosoa

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan ez da kolosala hitzaren arrastorik: ez kolosal, ez koloso. Harluxet hiztegi entziklopedikoan ere ez da ageri kolosal hitza, baina bai koloso: «iz. tamaina naturala baino askoz handiagoa duen estatua». Eskulturaz ari da, ez geopolitikaz. Elhuyar hiztegian, aldiz, kolosal euskara da, baina eskulturentzat bakarrik balio du. Gaztelerazko colosal hitzari, estatua erraldoiez ari ez garenean, beste ordain hauek ematen dizkio: eskerga, itzel, ikaragarri, izugarri, sekulako, berebiziko. Eskerga, itzela, ikaragarria, izugarria, sekulakoa eta berebizikoa izan al zen atzoko manifestazioa? Ez da galdera erretorikoa, galdera-galdera baizik, manifestazioa baino ordu batzuk lehenago idatzitakoak baitira lerro hauek; milaka kilometroko distantziatik, gainera.

Garai batean Mariano Ferrer kazetariak zenbatu egiten zituen manifestatzaileak. Gaur egun baino manifestazio gehiagoko eta batez beste jendetsuagoko garaiak ziren. Manifestatzaile kopurua, nabarmen, puztu egiten zen. Ehun milatik behera biltzen zituena ez zen ezer. Zorroztasuna gogoan eta kronometroa eskuan, manifestazioak neurtu egiten zituen azken batean: lerro bakoitzean batez beste zenbat lagun zihoazen zenbatu, puntu jakin batetik minutuko zenbat lerro pasatzen ziren kalkulatu, manifestazioburua puntu jakin horretatik pasatu zenetik azken lerroa pasatu arte zenbat denbora igaro zen kronometatu, biderketak egin, eta kito. Ehun milatik oso behera, beti.

Baina zenbaketa sistemak ez du beti funtzionatzen. Esate baterako, Egunkaria itxi ondorengo manifestazioan, 2003ko otsailean. Miramarko tunelaren ondorengo puntu batean geldi zaitezke, lerro bakoitzean zenbat jende doan konta zenezake, minutuko zenbat lerro pasatzen den zenbatu, burutik buztanerainoko minutuak kronometatu... baina manifestazioak gainezka egiten badu, manifestatzaile ugarik ibilbideko kaleetan barrena joan beharrean aldameneko kale paraleloetan egiten badute bidea, akabo kontuak. Beraz, kabitu al zineten Bilboko kaleetan?

Hemen, Estatu Batuetako Mendebaldean, San Frantzisko inguruan batik bat, The Big One esaten diote noizbait iritsiko omen den lurrikara handiari. The Colossal One esan ziezaioketen, ingelesez ere kolosala baita ohiz kanpoko tamaina duena. Lurrikaratik zerbait izan du Bilbokoak, baita manifestazioa bera egin aurretik ere, sare sozialetan bai behinik behin: mugimendu sismikoen eran, epizentrotik urruti ere sentitu da dardara. Manifestazioa The Big One izan bada, Moncloako jauregiraino ere iritsiko ziren uhinak.

Euskaltzaindiak lanean jarraitzen du. Hiztegi Batuaren lehen zerrenda zehaztu zuten, A-tik Z-ra, eta bigarren itzulian lanean ari da orain Hiztegi Batuaren batzordea, aurreneko bueltan hiztegian sartu ez zituzten hitzei buruzko erabakiak hartzen. G letrari buruzko ebazpenak argitaratu zituztenez azkenekoz, laster etorriko dira K letrarekin hasten diren hitzei buruzko erabakiak.

Proposamena: hartu kontuan atzokoa. Sartu kolosala Hiztegi Batuaren zerrendan eta, eskulturen tamaina handiari buruzko adieraren aldamenean, jarri beste hau, adibidez: «izond. Ohikoa dena baino askoz jende gehiago bildu duelako gainezka egiten duena». Eta behin horretara jarrita, onartu koloso ere: «iz. manifestazio eskerga, itzela, ikaragarria, izugarria, sekulakoa eta berebizikoa. [Adibidez] Bilboko kolosoak politiko presoak eta preso politikoak askatzen lagundu zuen».

:: Hurrengo orrialdea >>

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

| Hurrengoak >

Otsaila 2012
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29        

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!