Anjel Lertxundi Esnal
—Hemen gara berriro. Kolonbiara egindako bidaia ezin hobeto joan zaigu eta txangoak lagun berriak egiteko balio izan digu.
—Hitzaldian,halakoetan ohikoa den bezala, entzule gutxi. Baina arretatsuak. Euskararen inguruko jakin-minez joanak ziren batzuk. Ezezagunak sortzen duen kuriositateak bultzatuta gehienak.
—Liburu azoka, jendetsua. Hegoamerikako bigarrena, Guadalajarakoaren atzetik. Liburuak begiratzeko moduagatik, nabarmena da jendeak liburuak maite dituela. Nonahi daude liburu-dendak eta liburutegiak. Ikustekoa da bigarren eskuko liburudenden ugaritasuna…
—Niri oso bitxia egin zitzaidan eszena bat, baina, dirudienez, nahiko normala omen dena: hamar-hamabi urteko neska-mutilak jende edadetua alfabetatzen.
—Bogotá. Hiri harrigarria. Esan ziguten baino arrisku gutxiagokoa… hiri guztia militarrek babestuta dagoelako. Gu egon ginen hotela zortzi bat soldaduk babestuta dago gau eta egun. Halatsu bankuak, kale nagusiak, denda handiak…
—Militarren presentziaz ari garela, Andrés Barba idazleak ikaragarria kontatu digu, baina ez Bogotán gertatua, Ciudad Juárez-en baizik. Badoa Andrés ibilian-ibilian, gero eta auzo deprimituagoetan barrena. Halako batean hor ikusten du soldadu bat datorkiola mantso-mantso. Aurrez aurre jartzen zaio. Ez segitzeko aurrera. Andrések: "Aurrera segitzen badut, zer gertatuko da?". Eta poliziak: "Probablemente, muera".
—Euria etengabe. Jende gehiena, hala ere, aterkirik gabe ibiltzen da. Ematen du ez direla bustitzen.
—Eskale asko. Argazkiak ateratzen ari ginen batean, eskale bat hurbildu zaigu. Guk ez baikenion jaramonik egiten, eskaleak bere kexua agertu digu: "Señor, yo también soy parte del paisaje".
—Lehendik ere ezagutzen nuen Jon Landaburu hizkuntzalaria, baina gutxi. Berarekin luzaz hitz egiteko aukera izan dugu. Amazoniako hizkuntzen aztertzailea —hizkuntza bat baino gehiagoren gramatikak idatzi ditu, Amazonian egonaldi luzeak egin eta gero—, orain Kolonbiako kultur ministeritzako kontseilaria da hizkuntza indigenen garapena sustatzeko. Badirudi Uriberen gobernuak aurreko gobernu bakar batek ez bezalako interesa duela hizkuntzok babesteko. Jon ilusio handiz dago, nahiz karguak lortu berria duen jubilazioa hondatu dion. Nahi zuen baino lehenago utzi behar izan gaitu: Kolonbian festa-eguna den arren, hizkuntza horietako bati buruzko txosten bat idatzi behar du biharamunean ministroari emateko.
Tipo aparta. Jorgek esan didan bezala, "gizon ona". Bete-betean dagokio, bai, gizon onaren ezaugarria bere bizitza hizkuntza indigenen defentsan eman duen gizonari. Udan Zarautza etortzekotan da familiarekin biltzera: aukera izango dugu txosten bat bete beharrak eten zuen enkontrua jarraitzeko.
Datorren ostegun arte ez naiz eguneroko plaza honetan egongo. Bogotará goaz Jorge Gimenez eta biok, literaturaz eta itzulpenaz, euskara bezalako hizkuntza btetik gaztelania bezalako batera itzultzeaz, urtetako gure esperientziaz hitz egitera. Joan-etorriak —itzulpena ere joan-etorria da— zer emango duen, ez dakit, baina dakidana da jakin-mina dutela hango antolatzaileek, jakin-mina dugula geuk ere.
Laster arte, bada.
Bat-batean, errutinaren erdian, eguneroko ohitura on burgesen aura erdipurdikoaren muinean, arimako ileak ere lazten dizkigun albiste bat. Austrian gertatu da oraingoan. Hemen hurbil ere gerta zitekeen. Auzo bat, ezagun bat, inorekin sartzen ez den hiritar anonimo arazorik gabe hori… Ni esaten dakien bat, bere barrura begiratzen duena eta bizitza osoan bakarrizketa ugariak izango zituena bere kontzientziarekin.
Idiota moral bat da? Moralki bere gainetik nago?
Egin beharreko galderak dira, bai, baina ez erlatibismoa bazkatzeko. Moralki ez nago inoren gainetik, baina auzia ez da hori: errealitatea etikoki aztertzeko irizpideak landu nahi ditudan eta gaizki dagoela iruditzen zaidana salatzeko borondaterik dudan, hori da auzia.
Ez diot animaliengandik bereizten nauen aukerari uko egin nahi: errealitateko debate moral guztietarako balio behar lidake austriarra arbuiatzeko irizpideak ere.
Segidan datozen adierazpideak orain hogei bat egun eginak dira, baina atzo irakurri nituen Orioko Karkara aldizkarian: “Orioko hondartza inguruan egin denarekin inor kritikoa izan bada, hori neu naiz. Orion eraikitakoa ez zen sekula egin behar”. Esther Larrañaga EAEko Ingurumen sailburuaren hitzotan politikari gehienek halako gaien aurrean erakusten ez duten irmotasuna ikusten da.
Hormigoizko murru harro kankailua; Apocalypse now pelikulako helikoptero guztiak eta gehiago ere batera lurreratzeko adinako hormigoizko lautadak; itsasoa itsutzen duten eraikuntza trinkoak. Autopistako zubi tzarrak inauguratu zuen hondamendiak segida frankotan hobea hartu du Oria ibaiaren ezker-eskuin Auskalo jaunaren eskutik.
Ez, ez zen sekula jaso behar hormigoiaren gorazarre hori, baina ez da euskal itsasertzeko kasu bakarra: denon begi-bistan daude inoren erantzukizunik gabeko begi-ziztakoak.
OHARRAK (Post scriptum)
—Orain bi urte t´erdi Barbaroak izeneko beste artikulu bat idatzi nuen gai berberarekin. Bi piezek bat egiten dute. Irakurleak blog honetan aurki dezake. begi-bistakoak begi-ziztakoak eragiten ditueneko amorrazioa ageri da bietan.
BBK aurrezki kutxak urteko lehen hiruhilabetean izandako irabazi txit oparoen berri zekarten herenegungo hedabideek. Berripaper honi dagokionez, aurrezki kutxako arduradunek erabilitako hainbat hitz eta espresio jasotzen zuen albisteak. Arrakasta zen hitz totemikoa, optimismo zerutiarra arduradunen diskurtsoetako tonua.
Normala irizten diogu horrelako albiste bati. Zergatik ez da normala izango guk geuk eman diogu-eta normaltasunaren zilegitasuna? Baina zer nahi duzue esatea: bankuek-eta ematen dituzten irabazi astronomikoen albisteak lizunak iruditu izan zaizkit beti. Kapitalismo basatiaren gorazarreak.
Diru asko inbertitzen dutela ekintza sozialetan? Hipotekekin-eta lortzen dituzten irabazien albistearen ondoan, hipotekak ordaindu ezin dituztenei buruzko erreportajeak eman beharko lirateke. Horrelako ekintza sozial batean ez lukete, ordea, sosik jarriko.