08.05.04

Permalink Atala, 55 hitz  

Rezeptionasthetik (Harreraren estetika)

Literatura ez da ezer irakurlerik gabe. Ezta bere buruarentzat idazten duen idazlearen literatura ere.

Ederki ilustratzen du ideia hori Arantzazuko egutegiko txistetxo surrealista samar batek; iragan otsailaren 24ko orrian irakurri nuen eta Zoroen artean du izenburu:

“–Zer egiten ari haiz?
”–Eskutitza idazten.
”–Nori idazten diok?
”–Neroneri.
”–Zer esaten diok?
”–Ez zekiat, hartzen dudanean jakingo diat”.

08.04.27

Permalink Atala, 29 hitz  

Txera harrigarria

Batzuetan harritu egiten nau politikaz zein gutxi dakidan eta zein gutxi ulertzen dudan jabetzeak. Baina hori baino harrigarriagoa da nire huts, akats edo ezintasun horri nolako txera samurra diodan.

08.04.24

Permalink Atala, 200 hitz  

Berdintasun desberdinak

Idazle mediatikoki ezagunagoa banintz eta Jaurlaritzatik Berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako euskal gizonezkoen gutuna sinatzeko eskatu balidate, ezingo nukeen sinatu. Ez behintzat hipokrisia ariketa nabarmena egin gabe, etxeko lanei dagokion pasarteari dagokionean: "Etxeko lanak eta familiakoak zaintzeko lanak geuretzat hartuko ditugu, baita gure izaera eraikitzeko bide gisa ere, eta bereziki, zaintzeko baimen, eszedentzia eta lanaldi murrizketez gozatuko dugu".

Pentsatzen dut hipokrisiarik gabe sinatu dutela konpromiso hori Juan Jose Ibarretxek eta gainerako 27 gizon sinatzaileek. Kasu batzuetan ziur naiz, ez daukat inolako dudarik. Ziur naiz, esaterako, Ajuria-Enean ezinago ekitatiboki banatuta daudela etxeko lanak senar-emazteen artean. Gurean ere halaxe leudeke hilero 5.000 euro —kopuru biribil baina hala ere aski apala jartzearren— sartuko balitzaizkigu edo balizkigukete etxean.

Berdintasuna, beste gauza asko bezala —gero eta gehiago—, erosi egin daiteke gaurko gizartean, enpresek eta herrialdeek kutsatzeko eskubidea erosten duten gisa berean edo bertsuan. Berdintasun bat errespetatzeko beste berdintasun bat edo batzuk urratzen eta sakrifikatzen dira; baina horrekin ez da arazo moralik sortzen, arlo batzuetako desberdintasunak guztiz ontzat emanak baititu gizarteak.

Neure burua zuritzeko estrategia infantil samar baten ondorio direla nire burutazio hauek? Neure buruari errieta egin beharrean beste batzuei purrustaka hasi naizela? Bai. Arrazoi duzue. Nik ere hobe nuke aitzakiak utzi eta lehendakari izaten ahalegindu.

08.04.20

Permalink Atala, 54 hitz  

Idazten, idazle

Saiatuta ere
ezin dut ahaztu
idazten ari naizen hau
noranahi zabal daitekeela.

Ahoz aho,
eskuz esku,
kantuz kantu,
itzulpenez itzulpen,
antologiaz antologia,
ezin jakin noiz arte, noraino.

(Gero ez da inoiz ezer
etxeko ataritik haratago
joaten, baina berdin dio.)

Ezin dut idatzi
idazlea ez banintz bezala.
Horrela, ez dut inoiz jakingo
benetan ezberdina den.

08.04.13

Permalink Atala, 5 hitz  

Esker ona garaiz

Eskerrak beti eskelak baino lehen.

:: Hurrengo orrialdea >>

Inon izatekotan

Nahiz eta 2006ko maiatzean jarri abian, blog hau, berez, 1984an hasi nuen ohar-koaderno edo egunkariaren jarraipentzat daukat. Koaderno horretako gogoeta, artikulu, ipuin, poema eta era guztietako apunterik ustez interesgarrienekin "Inon izatekotan" liburua osatu nuen (Susa, Zarautz, 2006). Blog hau sortu aurretik ohar-koadernoan idatzi nituen testu guztiak (liburutik kanpo utzitakoak barne) irakurri nahi dituenak beheko linkblogean dauzka, pdf formatoan, urtez urte sailkatuta.

| Hurrengoak >

Maiatza 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!