Berria.infoko blog komunitatea

Login

Inon izatekotan

Juan Luis Zabala

2012-02-03

Permalink Atala, 107 hitz  

Anbulatorioko solasak eta gogoetak

Anbulatorioan nire txandaren zain nengoela, gizon diabetiko berritsu bat egokitu zait aldameneko aulkian, beste gaitz ez nolanahiko hainbaten jabe ere badena. Gaitz horien berri ematen hasi zait, eta benetan gaizki sentitzen denean erietxera joaten dela esan dit, ez ordea medikuarengana, baizik eta, besterik gabe, bera baino okerrago dagoen jendea ikusi ondoren hobeto sentitzeko.

Ez diot ezer esan, anbulatorio batean ezezagun batekin hizketan aritzeko filosofikoegia iruditu zaidalako gaia, baina pentsarazi dit handiak eta txikiak edo lodiak eta meheak besteekiko konparazioan garen bezala, zoriontsuak eta dohakabeak ere, azken batean, besteekiko konparazioan garela, eta heriotza onartzen hasteko lehen pausoa geure buruari gainerako guztiak ere hilko direla gogoratuz kontsolatzea izaten dela.

2012-01-30

Permalink Atala, 39 hitz  

Junkie 80

Ez nekien bizi nahi nuela.
Ez nekien bizitza maite nuela.
Ez nekien bizitza behar dudala.

Eta neure burua hiltzera jo nuen
ikusten nuen denaren kontra,
beldurrik gabeko herraz eta pasioz.

Larru beltzean hauts zuria
ume txiki bat bezala bilduta.

2012-01-17

Permalink Atala, 624 hitz  

Orain, Txillardegi gabe

Txillardegi hil zen egunean, arratseko zortziak aldera, egin beharreko lana nahiko menderaturik genuela, biharamuneko Berriaren azaleko titularrerako aukera batzuk eztabaidatzen aritu ginen erredakzioan. Proposatu aurretik baztertu banuen ere, hauxe iruditu zitzaidan benetan sentitzen nuena adierazteko egokiena: "Orain, Txillardegi gabe".

Azken batean, gure aurretik izan diren hainbaten intuizioek eta arrazoiek urratutako bideetan aurrera egitea da Berriaren eta Berriako langileon asmoa, eta ez dut uste inork ere zalantzan jartzen duenik gure aurretik izan diren horietako bat Txillardegi dela, Txillardegik izan behar duela derrigorrez. Aldez edo moldez, egin dugun guztia Txillardegirekin eta hura bezalako beste hainbatekin batera egin dugu beti; orain, Txillardegi hilik dela, bide beretan aurrera jarraitzea dagokigu.

Pipiolo bat Txillardegi epatatu nahian
Baina ni ez naiz beti Txillardegiren aldekoa izan. Etsaia ere ez nuen inoiz izan, hori gehiegizkoa zatekeen, baina euskal literaturaren munduan sartu nintzen garaian haren kontrakoa nintzela esan daiteke; edo izan nahi nuela bederen.

Oraingo begiekin begiratuta, irrigarria iruditzen zait, edo, zuzenago eta zehatzago esateko, erridikulua, baina orain dela 27 urte, 1985ean, Txillardegi epatatzen saiatu nintzen ni Irungo Udaletxeko batzar aretoan egin zen euskal literaturari buruzko mahai-inguru batean.

Euskal idazlerik ezagun eta aintzatetsienetakoa izateaz gain –Bernardo Atxaga iniziatu batzuek baino ezagutzen ez zuten kultuko outsiderra baino ez zen artean–, euskal abertzaletasunaren ikono enblematikoa zen orduan Txillardegi. Ni, berriz, 22 urteko pipiolo betaurrekodun bat, sari pare batek harropuztua.

Ni ez nintzen euskal literaturaren munduan ez euskaltzaletasunetik eta ez abertzaletasunetik sartu, literaturzaletasunetik baizik. Ez nintzen ez euskaltzale eta ez abertzale. Ez nintzen munduko hiritar unibertsal sentitzen diren horietakoa ere, baina bai, modu lauso eta sinple batean baldin bazen ere, aberrien, abertzaletasunaren eta abertzaleen aurkakoa. "Un patriota, un idiota!" gustura eta inguruan ikusten zuten guztiarekiko benetako amorruz oihukatzen zutenetakoa. Gogoan daukat ez nuela ulertzen nola idatz zitzakeen Joseba Sarrionandiak, bere burua iraultzailetzat izanik, Sustraiak han dituenak bezalako poemak.

Mahai-inguru hartan hizketarako txanda iritsi zitzaidanean, esan nuen euskaraz idazten nuela, bai, baina nire testuetan ez zela eusk morfema inondik inora ez agertzen eta ez agertuko, niri interesatzen zitzaidana literatura zelako, eta ez aberria edo hizkuntza. Edo hori edo antzeko zerbait, gehiago ez gogoratzea hobe kasik.

Abertzaletasunaren aurkako nire ideiak sinpleak baldin baziren, are sinpleagoak ziren orduan Txillardegiri buruz nituenak, eta uste nuen Txillardegi haserretuko egingo zitzaidala literatura abertzaletasunaren beharretatik horren modu ustez gordinean bereiztearen aldeko aldarria egiteagatik. Horixe nahi nuen nik sakonean, baina Txillardegik kasurik ere ez zidan egin, jakina.
Ezer gutxi gogoratzen dut, zorionez, bai orduan nik esandakoez eta bai sortutako erreakzioez, baina susmoa dut Txillardegi berehala jabetu zela nik esandakoek ez zutela erantzunik ere merezi.

Txillardegiren ondoan
Hogeita bat urte geroago, 2006an, Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak izandako eta bultzatutako ideia bat gauzatuz, hiru egun eman nituen Txillardegirekin Ferrolen, 50 urte lehenago, han soldaduska egiten ari zela, Leturiaren egunkari ezkutua non eta nola idatzi zuen gogoratuz erreportajea egiteko. Pribilegio bat izan zen niretzat.

Ordurako apalduak nituen gaztetako nire harrokeriak (eta suelto erabilia eusk morfema nire literaturan). Ezagutza eta eskarmentua lagun, aldatua nuen Txillardegiri buruzko nire iritzia ere.

Ez dut uste Irungoa aipatu ere egin nionik. Edo aipatu banion ez zela ezertaz gogoratzen esango zidan. Baina hitz egin genuen abertzaletasunaz, abertzale izateko, sentitzeko eta ekiteko moduez, eta ez dut uste bata bestearengandik oso urrun sentitu ginenik kontu horietan.

Ferrolgo lanak bukatuta, gure egonaldiaren azken egunean, bi leku bisitatzera eraman ninduen Txillardegik. Lehenik, Pontedeume herriko Cabanas auzoko geltokia eta hondartza izan ziren gure lehen jomuga. Ferrolen zegoela, hara joan ohi zen soldadu lagunekin. Hunkitu egin zen, 50 urte aurreragoko zoriona bat-batean gogoratuta, eta hunkidura haren lekuko izateak hunkituta utzi ninduen ni ere. Coruñako hilerrira joan ginen gero, eta han Rosalia de Castro eta Manuel Murguia idazleen hilobiak non zeuden galdetu zion langile bati, haiek nahi baitzituen inondik ere ahal baldin bazen bisitatu.

"Kanposantuko langile honek aita-semeak garela pentsatu dik", esan nuen neure artean. Irri egin nuen neure kolkorako. Atsegina egin zitzaidan ideia.

2012-01-04

Permalink Atala, 61 hitz  

Arratsaldeko erosketak

Erruduntasun sentimendu lauso batek eragindako desosegua ernetzen dit arratsaldez denda batera sartu eta zerbait erosteak, dela etxerako janaria, dela beste edozer gauza. Eguna aurreratuegi balego bezala prestaketetarako, beranduegi banenbil bezala bizitzaren abenturaz gozatzeko, izatearen poesiari enkargu prosaiko batzuen truke ihes egiten uzten ariko banintz bezala. Barruko ahots baten errieta entzuten dudala iruditzen zait: “Ez al dakik horretarako goiza eta eguartea daudela?”

2011-12-28

Permalink Atala, 23 hitz  

Neure buruaren atzetik korrika

Bizitza osoa ematen dut neure buruaren atzetik korrika. Hutsa sikiera harrapatzen dudan aldi bakan eta laburretan berarekin zer egin nahi dudan jakingo banu.

:: Hurrengo orrialdea >>

Inon izatekotan

Nahiz eta 2006ko maiatzean jarri abian, blog hau, berez, 1984an hasi nuen ohar-koaderno edo egunkariaren jarraipentzat daukat. Koaderno horretako gogoeta, artikulu, ipuin, poema eta era guztietako apunterik ustez interesgarrienekin "Inon izatekotan" liburua osatu nuen (Susa, Zarautz, 2006). Blog hau sortu aurretik ohar-koadernoan idatzi nituen testu guztiak (liburutik kanpo utzitakoak barne) irakurri nahi dituenak beheko linkblogean dauzka, pdf formatoan, urtez urte sailkatuta.

| Hurrengoak >

Otsaila 2012
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29        

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!