Auzi ekonomikoa »
Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 2011ko abenduaren 26an Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako auzi ekonomikotik behin betiko kanpo utzi zuen Dignidad y Justicia eta, ondorioz, elkarte horrek ezingo du herri akusazio gisa aritu. Auzitegiko 3. salako magistratuek zioten Dignidad y Justiciak "zilegitasunik" ez duela auzian parte hartzeko, bere estatutuen arabera "terrorismoarekin" lotutako delituen kasuan soilik aritzeko helburua duelako eta Egunkaria-ko auzi ekonomikoak ez duelako horrekin zerikusirik, kazetako itxierako absoluzio epaiak dioen bezala. Beraz, orain, herri akusaziorik gabe, ikusi egin behar da fiskala epaiketa egitearen aldekoa den edo ez.
2010eko maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionalak jakinarazi zuen berak ez zuela egingo Egunkaria-ko auzi ekonomikoaren aurkako epaiketa, kasuan delitu ' terroristaren ' zantzurik ez dagoela iritzita. Haren arabera, legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzateke —'ohiko delitua'—, eta, hori epaitzea ez denez Auzitegi Nazionalaren eskuduntza, Gipuzkoakoaren esku utzi zuen auzia. Ondorioz, kasua berriro hutsetik hasi zuten.
Juan del Omo Auzitegi Nazionaleko epaile instruktoreak Egunkaria-ren kontra agindutako operaziotik eratorritakoa da atal ekonomikoa. Guardia Zibilaren bigarren operazio hori 2003ko urriaren 16an izan zen, kazetaren itxieratik zortzi hilabetera. Azkenean, zortzi lagun jarri zituen epaiketaren bidean: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubeltzu. Gaia Auzitegi Nazionalean zegoenean, haien kontra 13 urtetik 26ra bitarteko kartzela zigor eskaerak egin zituen Dignidad y Justiziak, eta isun ekonomiko handiak ere eskatu zituen.
Gipuzkoako Diputazioak txosten batean aitortua du Egunkaria-k ez zuela zerga iruzurrik egin. Txosten hori aztertuta, auzipetuei BEZaren iruzurra leporatzeko arrazoirik ez dagoela ondorioztatu zuen bere garaian Auzitegi Nazionaleko fiskalak. Jaurlaritza ere txosten bat egitekoa da.
Berria.info 2009