G. Agur beroa Eneko: lehenikan eta behin esker haundia euskara jagon eta garatzeagatikan burutzen duzun lanagatikan. On bidean, Baiona Euskal Autonomia Politikoaren hiriburu birtuala den heinean, ulergarria al da Gipuzkoan dagoen azpiegitura autonomikoaren antzerakoa eraikitzea Laburdian, Garazian eta Zuberoan? Frantziar Administrazioaren menpeko Araba den Biarnoa kanpo, ala barne? Esker aunitz. Andoni Errazkin Beratzadi
E. Milesker zure eskerrentzat, Andoni. Autonomiaren aldarrikapena aldarrikapen zaharra da. Frantziak zeharka, zapalkuntza gogor eta zuzena erabili gabe, mendeetan zehar (1789tik landa bereziki) euskal nortasuna ukatu eta gutxietsi du, bere jakobinismoaren bidez. Euskaldun izatearen ahalkea sarrarazi zuen euskal etxeetan. Horren aurrean, batzuek burua altxatu zuten, eta Frantziak zuen ukapen jarreraren aurrean, Euskal Herriak bere burua bere gain hartu behar zuela pentsatu zuten. Hots, frantsesa hizkuntza bakar gisa ikusten duen Frantzia zentralizatu batean, nekez espero daiteke euskal nortasunaren salbamendurik. Horregatik, Ipar Euskal Herriak giderrak bere esku har ditzan nahi dute abertzaleek.
Arabaren eta Biarnoaren arteko konparaketa ez dut ongi ulertzen. Biarnoa ez da Euskal Herria. Hortik dator, Pirinio Atlantikoak departamendu gisa ez onartzearen arrazoia ere. Iparraldeko hiru euskal herrialdeak Biarnoarekin itoak bezala direlako.