Baiezkoaren pisua neurtzen
2012-02-12 -
(Iker Aranburu)
Topikoari arrazoia eman nahian edo, eskoziarrek beren patrikara begira erabakiko dute 2014ko udazkenean estatu independentea eduki nahi ote duten. Unionista porrokatuenak ere ez du zalantzan jartzen Eskozia nazioa dela. Ez dago hori ukatzerik hainbat mendez erresuma independentea izan eta nortasun nazionalari eutsi dion herrialdeari. Bere politika ultraliberalekin nortasun horri kutsu modernoagoa ematen gehien lagundu zion politikariak berak, Margaret Thatcher Erresuma Batuko lehen ministro izandakoak (1979-1990), honela idatzi du bere memorietan: «Eskoziarrek autodeterminaziorako eskubide ukaezina dute». Horregatik, Eskoziako Legebiltzarrean gehiengoa duen alderdiak, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak, ez du jokatzen nortasunaren karta. Ez du independentzia aldarrikatzen ingelesen inperialismoaz edo mendekotasunaz askatzeko, Eskoziaren ekonomiaren potentzialtasuna garatu ahal izateko baizik. Independentziarekin eskoziarrak hobeto biziko liratekeela da haren mezua.
Apustua ez da erraza, ordea, krisi garaian bereziki ezezagunarekiko beldurrak pisu handia izaten baitu herritarren botoetan. Are gehiago krisiak herrialde txiki batzuk hondoak jota utzi —Irlanda, Islandia, Portugal, Grezia...— eta handiagoek nola edo hala eutsi badiote. Horregatik, beste ezeren gainetik handiaren babesa aldarrikatzen ari dira alderdi unionistak. «Baturik indartsuagoak gara» da laboristen, kontserbadoreen eta liberal-demokraten leloa. Eskoziaren bideragarritasun ekonomikoa auzitan jarri gabe, Londresen dirurik gabe okerrago legokeela diote independentziaren aurkakoek. Erresuma Batuko Gobernuko Eskoziarako idazkari Michael Mooreren arabera, Eskoziak zergetan jasotzen duena baino ia 50.000 milioi gehiago gastatu ditu azken 30 urteotan, petrolioaren diru sarrerak barne. Ingalaterrak emandako laguntzari esker egiten duen ustea oso zabaldua dago ingelesen artean ere, eta agian horregatik haietako asko —kontserbadoreak batez ere— Eskoziaren independentziaren alde mintzatzen dira. Haserretzen direnak ere badaude, ingelesen diruari egozten baitizkiote SNPren gobernuaren arrakasta politikoa azaltzen duten neurrietako bi: Ingalaterran, Galesen eta Irlanda iparraldean ez bezala, Eskozian ez dira tasak ordaindu behar unibertsitatean ikasteko, eta adinekoek doako arreta zerbitzua jasotzen dute etxean. Bi politika horiez harro azaldu da Alex Salmond Eskoziako lehen ministro eta SNPko burua. Eskoziaren tradizio sozialdemokratagoaren adibidetzat aipatzen ditu, eta Ingalaterran indarrean dauden joera liberalagoekin kontrajarri. Laborismoak alde batera utzitako politiken azken gordelekutzat jotzen du Eskozia, britainiar uharteen «aurrerazaletasunaren itsasargia».
Petrolioaren dirua
Salmonden zenbakiek ez dute bat egiten Londresek ematen dituenekin. Haren arabera, petrolioaren diruarekin Eskoziak superabita izan du azken bost urteotatik lautan, eta Erresuma Batuak, berriz, defizita guztietan. Haren datuek diotenez, 2009-2010 epean gastu publikoaren %,9,3 egin zuen, baina zergen %9,4 jaso zituen. Eskoziarrak erresumako biztanleen %8,4 direnez independentziarekin herritar bakoitzeko gastua mila libera handituko litzatekeela dio.
SNPren arabera, putzuen %90 Eskoziaren uretan daude —kopuru hori txikiagoa dela diote Ingalaterran—, eta handik ateratzen den petrolioari ezartzen zaizkion zergak hari dagozkio. Batez beste, azken urteotan 10.000 milioi euroren zergak pagatu izan dizkiete petrolio konpainiek Londresko Altxorrari. Diru horrek gorabeherak izan ohi ditu, petrolioaren prezioaren araberakoak, baina Asiaren kontsumoa ikusita, goranzko joera aurreikus dakioke.
SNPk dio diru hori gaizki baliatu dela, eta inbidiaz begiratzen dio Norvegiari. Hark 1990ean sortu zuen funts subirano bat, petrolioaren irabazien zati bat etorkizunerako gordetzeko asmoarekin. Gaur egun, munduko funts publikorik handiena da: 2011ko abenduaren 31n ia 300.000 milioi euro zituen, 60.000 euro norvegiar bakoitzeko. Kopuru horiek ameskeria dira Eskoziarentzat. Batetik, Norvegia hainbat putzuren jabea da, baina Ipar Itsasokoak pribatuak dira, eta hari ezarritako zerga da kutxa publikora doana. Bestetik, agortzen ari da: BPren urteroko txostenaren arabera, 1989an egunean 2,909 milioi upel ateratzen ziren, baina orduz geroztik urtero jaitsi da produkzioa, eta 2010ean bakarrik 1,339 milioi upel izan ziren, munduko ekoizpenaren %1,6. BPren arabera betiere, 2.800 milioi upeleko erreserbak daude Eskoziaren eta Ingalaterraren uretan, erreserben %0,2 besterik ez. Norvegiak 7.000 milioi upeleko erreserbak ditu.
Liberaren «pozoina»
Beste eztabaida nagusietako bat diruari dagokio. Historikoki, SNP oso alderdi europazalea eta eurozalea izan da. Orain, ordea, albo batera utzi du azken hori. «Luze gabe, egun duen ezegonkortasuna ikusirik, ez dut ikusten eurora batzeko gako ekonomikorik», aitortu zion Berriari John Swinney Finantza ministroak. Diru propioa arrazoi berberengatik baztertuta, liberari eutsi nahi diola iragarri du.
Statu quo monetarioaren aldeko apustuak lasaigarria dirudi hautesleei begira, baina baditu oztopoak. Lehenik, librari eutsiz gero Londresen gidatuko lukete diru politika, Ingalaterrako Bankuak zehazki. Hark erabakiko luke zein interes tasak izango lituzketen Erresuma Batuan geratzen diren nazioak eta Eskoziak. Eta gerta liteke, euroaren eremuan ohikoa denez, baten intereseko tasak bestearentzat kaltegarri izatea. Esaterako, Espainia eta Irlandako etxebizitzen burbuilak puztearen arrazoietako bat izan zen Alemaniak interes tasa txikiak behar zituela. Eskoziaren eta Ingalaterraren artean euroguneko herrialdeen arteko desberdintasun ekonomikorik ez dagoen arren, bigarrena lehenengoaren halako hamar izanik, ez da aztia izan behar zein lehenetsiko litzatekeen jakiteko.
Bigarrenik, azken buruko mailegatzailearen kontua dago. Hau da, nork bermatzen du Eskoziako estatuak edo hango bankuek zorrak pagatuko dituztela? Euroguneko krisiari begiratuz gero, garrantzi handiko puntua da. Europako Banku Zentralak ez du zeregin hori, ezin baitie estatuei dirurik utzi. Hori izan da Grezia, Portugal eta besteen zorraren interesak neurrigabe igotzearen arrazoietako bat; zorrak pagatzea ez dagoenez erabat bermatuta, diru gehiago eskatu dute inbertitzaileek.
Erresuma Batuak, ordea, izkin egin dio interesen igoerari —%2,2ko interesa pagatzen ari da hamar urteko zorraren truke, Alemaniak baino 0,2 puntu gehiago—, nahiz eta haren finantzen egoera eurogunekoa baino okerragoa den. Frantziak, zor berarekin (BPGaren %85,2) eta defizit txikiagoarekin, ia %3 pagatu behar du. Hein batean izan da zorra Ingalaterrako Bankuak bermatzen duelako eta quantitave easing programen bitartez diru gehiago jaulki duelako estatuari laguntzeko. 70.000 milioi euro aste honetan bertan.
Zein neurritaraino mugatuko luke libera onartzeak Eskozia independentearen diru eta zerga politika? Asko, erantzuten dute independentziaren aurkakoek. «Libra pozoia da Eskozia independentearentzat», ziurtatu du John Kay irakasleak. Salmonden kolaboratzaile ohiarentzat, «jendeak galdetuko lioke bere buruari zein den independentziaren arrazoia orduan». SNPk erantzuten du Eskozia independenteak beste herrialde batzuek bezainbesteko mugak izango lituzkeela. Eta hain txarra ezin duela izan, OCDEko hogei estatu aberatsenetatik hamaika diru batasunetan daudela kontuan hartuta.
Negoziazioak dira giltza
Berez, Erresuma Batuak ezin dio Eskoziari debekatu libera erabiltzea, diru hori libreki trukatzen delako. Inori baimenik eskatu gabe erabiltzen dute euroa Montenegrok eta Kosovok, eta dolarra Ekuadorrek eta Panamak. Baina herrialde horiek ez dute diru batasunik osatzen eurogunearekin edo AEBekin, eta ez dute inolako eraginik EBZn edo Erreserba Federalean. SNPk, ordea, nahi du Eskozia independenteak diru batasun bat sortzea Erresuma Batuarekin eta Ingalaterrako Bankuaren aterkipean geratzea. Hori negoziatu egin beharko du, eta negoziazio orotan gertatzen den bezala, Eskoziak bere subiranotasun berreskuratu berriaren zati bat utzi beharko du. Diziplina fiskala eta fidagarritasuna erakutsi beharko die merkatuei. Horrek ezinbestean ekarriko luke aurrekontu politika erabat independenterik ez egitea, defizitak kontrolpean egon behar duelako. Euroguneko herrialdeak martxotik aurrera gehiago lotuko dituen Itun Fiskalaren antzeko ituna beharko du, baina liberako diru batasunaren barruan.
Zerga politikan ere izango luke eragina. Eurogunean oraindik ez dute sakondu, baina diru batasunak aurrera egiteko hurrengo urratsetako bat izango da zerga politika gehiago bateratzea. Horrek auzitan jar ditzake SNPren asmoak sozietate zerga jaisteko. Irlanda izan da haren eredua, %12,5eko zergari esker multinazionalen inbertsio asko erakarri ahal izan dituelako. EBren barruan Alemaniak eta Frantziak nekez onartuko liokete hori Eskoziari, eta Erresuma Batuak ere ez. Independentzia, hortaz, etortzekotan zenbait mugarekin etorriko da.
ESKOZIAREN SEKTORE EKONOMIKOAK
Energia
- Petrolioa. 1976an hasi ziren petrolioa ateratzen Ipar Itsasotik. Putzu gehienak —gehienez %90— Eskoziako uretan daude, eta, horiei esker, EBko ekoizle nagusia da. Orain ekoizpena murrizten ari den arren, Aberdeen Europako petrolioaren hiriburua da, eta 100.000 langile inguru aritzen dira sektorean, petrolioa ateratzeko plataformetan, mantenimenduan, industria petrokimikoan...
-Energia berriztagarriak. Euririk eta haizerik ez da falta Eskozian. Argindarraren ia %20 iturri berriztagarrietatik lortzen du, eta den-dena lortzeko planak ditu gobernuak. Energia hidrologikoak betidanik izan du garrantzia, baina azken urteotan haize errotek aurrea hartu diote. Hedapen horretan esku hartu dute Iberdrolak eta haren bazkide Gamesak. Bilboko argindar konpainiak Scottish Power erosi zuen 2006an, eta, gaur, 30 parke eoliko ditu martxan edo bidean, Eskozian, Ingalaterran, Irlandan eta Galesen. Gamesak, berriz, itsasoko haize errotak garatzeko zentro teknologikoa ireki zuen iaz Glasgown. Olatuen eta itsasoko mareen bidez argindarra lortzeko proiektu asko daude.
Industria
- Silicon Glen. Europan industrializatzen lehen lurraldeetakoa izan zen Eskozia, baina industria astunak —ontzigintza, altzairugintza...— industria arinagoari utzi dio lekua. Sektore nagusietakoa elektronika da, eta Silicon Glen izena jaso du, gehientsuena Glasgow eta Edinburgo arteko haranetan kokatuta zegoelako. Ia 50.000 langile izatera iritsi zen, baina gutxiago dira orain, multinazional handi batzuek lantegiak itxi zituztelako —Motorola, NCR, Sun...—.
- Whiskya. Eskoziaren esportazio produktu nagusia da whiskya, urtean 2.000 milioi eurotik gorakoa. 40.000 langiletik gora ditu, leku baztertuetan horietako gehienak.
Turismoa
Edinburgoren kale zaharrek, Highlandetako mendi eta lakuek eta ekialdeko golf zelaiek milioika turista erakartzen dituzte urtero Eskoziara. 200.000 langiletik gora enplegatzen ditu.
Finantzak
Finantza krisia lehertu arte Edinburgo Europako finantza gune nagusietakoa zen, eta milaka lanpostu galdu arren, oraindik 100.000 enplegutik gora ditu. Sektoreko bi ikur nagusiak burumakur eta nazionalizatuta daude orain, hainbat urtetako hedapen handinahiaren biktima. Europako banku handienetan bigarrena zen RBS 2008an, baina orain akzioen %84 Erresuma Batuko Gobernuak ditu. Bank of Scotland, berriz, Lloyds banku ingelesaren menpe geratu zen 2008an, eta haren %41 nazionalizatuta dago. Aseguru etxeen eta pentsio funtsen egoitza ere bada Edinburgo.





