TEKNOLOGIA
Twitter euskaratzeko gunea
Sare soziala euskaratzeko gunea ireki du Twitterrek eta egun bakarrean menuaren %80a euskaratu dute erabiltzaileek. Horretarako gune honetan eman behar da izena eta esaldiak banaka itzultzen joan. Twitter egun 28 hizkuntzatan erabil daiteke eta orain, euskararekin batera, katalanera, ukranierara, grezierara, txekierara eta afrikaansera ireki dute zerbitzua. Berriki WhatsApp aplikazioa itzultzeko sistema ere ireki dute.
2012-05-17
Twitter sare soziala egun 28 hizkuntzatan erabil daiteke, milioi erdi bat itzultzailek osatutako komunitateak horretan lagundu duelako. Orain Euskal Herritarrek dute itzultzaile bilakatu eta Twiterr euskaratzeko aukera.
Twitterrek bere plataforma euskaratzeko eta ondoren bere sisteman txertatzeko prest dagoela iragarri du bere blogean. Euskaraz itzultzeko gune honetan eman behar da izena eta esaldiak banaka itzultzen joan. Euskararekin batera, katalanera, ukranierara, grezierara, txekierara eta afrikaansera ireki dute zerbitzua. Egun bakarrean Twitterreko menuaren %80a euskaratu dute erabiltzaileek.
140 milioi erabiltzaile aktiborekin, Twitter egungo teknologia berrien alorrean mundu mailako enpresarik garrantzitsuenetako bat da. Sare soziala euskaratzea eskatzeko zenbait kanpaina egin dituzte erabiltzaileek sarean, #twittereuskaraz traola erabiliz adibidez, eta horren ondotik etorri da erabakia.
Bidean gero eta gehiago
Azken hilabetean Identi.ca itzuli dute librezale.org-eko erabiltzaileek eta Whatsapp aplikazioak ere bere itzulpen zerbitzua ireki zuen euskaratze lanak egiteko.
Identi.ca Twitter moduko mikroblogin zerbitzu askea da, 140 karaktereko mezuak bidaltzeko balio duen sare soziala. StatusNet software librean oinarriturik dago.
WhatsApp, sakelako telefonoetan mezu bidezko komunikazioa ahalbidetzen duen aplikazioa itzultzeko sistema ere ireki berri dute. Milaka dira telefono inteligenteekin aplikazio hori darabilten euskaldunak, baina orain arte ez da aplikazioa bera euskaraz deskargatzeko aukerarik izan. Itzulpenean laguntzeko, prestatu duten webgune berezian sartu, Facebook edo Twitter bidez erregistratu eta esaldiak banaka banaka itzultzeko sistema topatuko du erabiltzaileak.



