Edukira joan

Publizitatea

IŅAKI MARTINEZ DE LUNA (SOZIOLOGOA)

"Hizkuntzen ekologia erabili behar da euskararen aurkako jarrera indargabetzeko"

Euskara bultzatzeko ohiko diskurtso abertzalearen mugak gainditzeko, nazioartean zabalduriko eta onarturiko beste arrazoibideak hartzeko aholkatzen die Iñaki Martinez de Luna irakasleak euskaltzaleei. (Gaurko BERRIAn kaleratutako elkarrizketaren bertsio luzea da hau).

2012-06-06

  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali

Edu Lartzanguren

Iñaki Martinez de Luna (Gasteiz, 1950) soziologia irakaslea da EHUn. Euskararen inguruko diskurtso edo framing berri baten premiaz hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Bilboko Yohn jauregian (Pelota kalea, 10, Zazpikaleak). Udako ikastaroen 40. urteurrena ospatzeko UEUk aste honetarako antolaturiko hitzaldi zikloko bigarrena izango da.

Zergatik uste duzu euskararen inguruko diskurtso berria behar dela?

Euskalgintzak orain arte erabilitako diskurtsoa gehienbat abertzaletasunean dago oinarrituta. Horrek balio izan digu orain arteko egoerara heltzeko. Hainbat lan, ahalegin eta ekarpen egin dira euskararen alde abertzaletasunaren izenean. Baina diskurtso horrek mugak ditu abertzale ez direnengana heltzeko. Hizkuntzaren defentsa diskurtso horretan oinarritzen bada, defentsak ere muga horiek ditu. Are gehiago, abertzale ez direnek etsaien sinbolo gisa hartzen dute, eta ezinezkoa dute euskarara biltzea.

Zertan oinarritzen da, orduan, zuk proposatzen duzun diskurtsoa?

Hizkuntzen ekologian, aniztasunean eta iraunkortasunean oinarrituriko diskurtsoa da. Oinarri filosofiko sendoak ditu. Gainera, ekologiaren eredua oso barneratua du gizarteak: espezie guztiak zaindu beharra, bizidun guztiek duten balioa, oreka... Hizkuntza guztiek izan behar dute tokia, alegia. Hizkuntza bat galtzen denean, gizateria osoak galtzen du, denon kultur altxorreko parte direlako. Darwinismoarekin hausten da, hau da, hizkuntza handiek txikiak jaten dituztela eta kito. Beraz, abertzale izan gabe ere, denok daukagu nolabaiteko erantzukizuna euskara indartzen eta zabaltzen.

Ezagutzen al duzu abertzale ez den baten bat halako diskurtsoa entzunda euskaltzale bihurtu dena?

Bai, ezagutzen ditut kasuak; gainera, konpromiso politikoa duen jendea da. Noski, abertzaletasunak badu beste pizgarri bat euskararen alde biltzeko, baina hizkuntzen ekologiaren diskurtsoak balio handia du euskararen kontra eraikitzen ari diren jarrera indargabetzeko. Behintzat, kontrako jarrera lausotzeko edo ezabatzeko balio dezake. Adibide bat: adinekoentzat unibertsitate hizkuntzaren soziologia klaseak eman ditut bi urtez, Gasteizen, gainera. "Nola bururatzen zaizu halako gaia ateratzea hemen, ez duzu jendea ezagutzen?", esan zidan lagun batek. Bai, jendea ezagutzen nuen. Tartean biktimen kolektiboko protagonista zuzenak zeuden. Lehen egunean, horietako bat etorri zitzaidan: "Nik badakizkit beste hizkuntzak, baina euskararekin ez dut ezer jakin nahi", esan zidan. Azken egunean, berriz hurbildu zitzaidan. "Euskara beste modu batean ikusten irakatsi didazu. Nik euskara politikoki markatua ikusten nuen, batzuen ikur gisa ulertzen nuen. Orain ikusten dut baduela balio bat bere horretan". Diskurtso honekin, behintzat dituzten aurreiritziak desarmatzen dituzu.

Funtzionatu du honek munduan beste inon?

Bai. Izan ere, mundu mailan, nazioartean garaturiko diskurtsoa da. Horrek balio erantsia ematen dio; ez gara betiko euskaltzaleok bultzaturiko leloa, baizik eta nazioartean hedapena duen diskurtsoa. Orain arte ez dugu batere landu arrazoibide hau muzin egiten digutenean. Munduan hedatuta dagoen korrontea da. Niretzat, aurkikuntza polita izan da.

Nola zabalduko zenuke diskurtso hau?

Komunikazio estrategia sendo bat bultzatu behar dugu, ondo pentsatutakoa. Baina horretan ere, zalantza handiak ditut. Izan ere, iaz martxotik abendura arte, komunikazio talde guztietako 13 egunkaritako lehen orria aztertu nuen. Badakizu zeintzuk ziren ezkorrenak euskararen inguruan? BERRIA eta Noticias taldekoak. Ziurrenik, arrazoiak baziren ezkor izateko: diru-laguntzak murrizten zirela, edo eskakizunak jaisten zirela edo derrigortasuna kentzen zutela... Albiste baikor bakarrak jaialdien ingurukoak ziren, Ibilaldia, Kilometroak eta halakoak. Hizkuntza batek aurrera egin dezake bakarrik jai giroko kontuekin? Botereari lotutako kontu guztietan galtzaile ateratzearekin aurrera egingo du hizkuntzak? Pentsatu izan al da horretaz? Nora goaz komunikazio ezkor baten eskutik?

Mezularia da hor arazoa, ala errealitatea? Aste honetan oposizioak daude deituta, eta euskarak aurreko deialdian baino are gutxiago balio izatea erabaki dute.

Albiste txarrak daudenean, bere horretan eman behar dira, noski. Baina ez al dago beste albiste baikorrik euskalgintzatik, alaitasun apur bat emateko?

Euskararen aurkariek ez al dute bada ‘dena ongi doa’ delakoaren diskurtsoa erabiltzen aurrerapausorik ez dela behar pentsarazteko?

Kutsu baloratzailea gutxiago erabiltzen zuten Vocento taldeko egunkariek, esaterako. Balorazioa BERRIA-k eta Noticias taldekoek egiten zuten. Horrek ondorioak ditu: harro egoteko moduan al gaude euskaltzaleok? Ba al dugu euskararen inguruan komunikatzeko estrategia pentsatu bat? Edo intuizio hutsez ari al gara? Jendea ilusionatzeko euskarririk izan dezakegu mota horietako albisteak nagusitzen badira?