Edukira joan

Publizitatea

NATURA

Erleak jaten dituen Txinako liztor bat aurkitu dute Irunen

Neiker-Tecnalia zentorak Gipuzkoako erlezainen laguntzarekin egin du aurkikuntza. Vespa Velutina Nigritorax espezie inbaditatzailea da eta oso arriskutsua da Europako erlearentzat.

2010-11-23

  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali
Neiker-Tecnaliako ikerlariek Vespa Velutina Nigritorax liztorraren arrastoa aurkitu dute Irunen. Asiatik datorren espezie inbaditzailea da, Txinatik zehazki, eta itxura denez 2004ean Bordeleko portutik sartu zen Europan, inork ikuskatu ez zuen kontainer batean. Aurkikuntzak erne jarri ditu Gipuzkoao erlezainak, izan ere, erleak jaten dituenez arrisku handikoa da Europako erleentzat.

Lau urtean Frantzia erdia kolonizatuta duela jakinarazi dute ikertzaileek, eta batik bat erleak egunez erasotzen dituztela jakinarazi dute. Zuhaitzetan egiten dituzte habiak, ekaina eta abendua bitartean, eta baloi baten itxurakoak dira. Liztorrak erlauntzeen sarrera itxaroten dute, eta erleak polena dakartenean egiten diete eraso, euren habietara eraman eta han jateko. Inoiz erlauntzetan ere sartu direla diote adituek.

Asiako erleek badute liztor horren kontra defenditzeko sistema: inguratu egiten dituzte eta bola batean bilduz beroz akabatzen dute, liztorraren inguruan tenperatura 45 gradutik gora igotzen denean. Europako erleek, ordea, ez dute defentsa sistema hori ezagutzen, baina badirudi Frantzian hasi direla erle batzuk eraso hori imitatzen. Erleak, eta ondorioz, biodibertsitatearen ekosistema gordetzeko, liztorren aurkako tranpak egitea proposatu diete Gipuzkoako erlezainei, garagardoa erabiliz; izan ere, garagardoak liztorrak erakartzen ditu eta bertan itota hiltzen dira.

Horrekin batera, ikusten dituzten Vespa Velutina Nigritorax liztor guztiak hiltzea eta habiak deuseztea ere proposatu diete, beti ere tentu handiz, horien ziztada "oso mingarria" baita. Gipuzkoako erlezainek esan dute ezinezkoa dela liztor inbaditzaile hori gelditzea, eta ez ugaltzeko ahal duten guztia egingo dutela.