Baiona Mendebaldea Baiona Iparraldea Baiona Ekialdea Angelu Iparraldea Miarritze Mendebaldea
Hazparne Bastida Iholdi Garazi Atharratze
       
 

Kantonamendu hauteskundeetarako kanpaina abiatu da. Abertzaleak zatiturik abiatu dira, eta zatiketa horren kantonamendu sinboloa Baiona ekialdea da. Berriak hiru hautagai abertzaleak mahai inguruan bildu ditu.

Hiru hautagai abertzale eztabaidan

Eneko Bidegain-Baiona. Baiona ekialdeko kantonamendua berezia da abertzaleentzat. Hiru hautagai aurkeztuko dira. Jean-Marc Abadie ABren izenean, Xabi Larralde Baiona Iraultzen plataformaren izenean eta Mattin Etxepare EAren izenean. Berriak hiru hautagaiak bildu ditu bere egoitzan. Etxeparek eta Abadiek azken bost urteetan ez zioten elkarri hitzik egiten. Eztabaidaren mami gehiena haserretu berriak ziren ABko eta Batasuneko ordezkarien artean iragan da, ordea.

Abertzaleak bereizirik zergatik aurkeztuko diren galdegin diegu lehenik. Horrek eztabaida luzeena borroka armatura eta estrategiara mugatzea eragin du. Mattin Etxeparek ez du «oraino» ulertu zergatik gertatu den bereizketa. «Bizpahiru bilkura segitu ditut. Uste nuen denek nahi zutela elkarrekin zerbait egin. Pentsatzen dut denborak aldatu direla egun batetik bestera».

Xabi Larraldek «memento politiko nahiko berezia» dela azpimarratu zuen, eta abertzaleak elkarrekin aurkeztea ez dela posible izan zehaztu. Larralde kantonamenduetako plataformez mintzatu zen gero. «Plataforma horien bitartez, Batasunaren etiketa lehenetsi gabe, gerora ezinbestekoa iduritzen zaigun norabidean urrats bat egin nahi izan dugu».

Jean-Marc Abadiek Baiona Berriaren aukera aztertu zutela jakinarazi zuen. «Baiona Berriak izendatuko zituzkeen hautagaiek su-etena eska zezaten nahi genuen guk. Proposamena ez zen onartua izan. Gaur egun, denak batera joatea ezinezkoa da. Gauza gehiegi ez dira konpondu».

Xabi Larraldek alderdi abertzaleen artean landu testua ekarri zuen gogora. «Atal oso bat bazen gatazkaren eta eskubideen errespetuaren inguruan. Gure ustetan, gatazkaren inguruko parametroak baziren balizko akordio hartan». Larraldek Bergarakoa ere aipatu zuen: «Aurten, kontestu arras berezi bat izan da Bergarako proposamenarekin, non ETAk erran duen bera prest dela, halako akordio baten ahalbidetzeko, beharrezkoak diren urratsen egiteko».

Baina su-etenaren inguruko irakurketa desberdinak agerian gelditu ziren. «Su-etena bezalako urrats bat bere helburuaren kontra kokatuko litzateke, baldin eta su-etena egoera eta eduki politiko baten inguruan emanen ez balitz. Zorigaitzez, Euskal Herriaren azken urteetako egoera da ikustea noraino kaltegarri izan daitekeen, gatazkaren konponketari begira, urrunago ez doan su-eten bat», dio Batasunako eledunak.

Abadiek «huts politiko larritzat» dauka su-etenaren haustura. «ETA frantses eta espainol estatuen zepoan erori zen. Su-eten garaian, azkenean, jendeak hitz egiten hasi ziren, elkarteak eta mugimendu politikoak elkartu ziren, Udalbiltza sortu, euskal gizarteari hitza hartzea ahalbidetuz. Jean-Pierre Chevenement Frantziako Lehen ministroa ere kezkatu zen Ipar Euskal Herriko hautetsi batzuk Hegoaldekoekin elkar zitezen. Hedadura hartzen ari zen, Euskal Herritik kanpo ere. Su-etenaren haustura galtze ikaragarria izan zen. Zer gertatu da geroztik? Gutxienez 200 preso gehiago, hil gehiago, sufrimendu handiagoa, errepresio handiagoa eta egoera blokeatua», dio Abadiek.

Jean-Marc Abadiek 2001eko hauteskunde autonomikoen ondotik «autokritikarik» egin ez izana leporatzen dio Batasunari. «Batasuneko arduradunek ez zuten jakin bihurgune baten hartzen. Bozen herenak hain denbora gutxian galtzean, ikusi behar zen bazela zerbait joan ez zenik. Ez zen bakarrik EAJren edo EAren falta. Sostengatzen zen estrategia paretari kontra zihoala ikusi behar zen. Garai hartan posible zen dena mahai gainean ezartzea eta gogoetatzea. Baina ez. Batasuneko arduradunen eta ETAren segurtamenak izan dira. Gu ez gara ados estrategia horrekin. Ez dagokio ETAri gidaritza hartzea. Guretzat estrategia suizida bat da, ez da eraginkorra eta kontrako eragina du». Abadiek «desobedientzia zibila» garatzeko deia egin zuen.

«Ez dut sekulan ikusi ekintza bat kondenatzen duen ABren agiririk. Zergatik ez du egiten ABk kondena hori? Hori hik jakingo duk», ohartarazi zion Larraldek Abadieri. «Batasunaren aldetik behintzat, ez da Batasunak ETAren estrategia sostengatzen duela, baizik eta ez duela borroka armatua kondenatzen. Zergatik? Pentsatzen baitu, zapaldua den herri batek eskubide osoa duela zapalkuntza horri oldartzeko. Hori idatzia da giza eskubideen agirian. Borroka armatua ez dugu publikoki kondenatzen, ez dugulako lerrokatu nahi zapalkuntza hori eragiten dutenekin».

«ETArekiko kemen politiko falta bat dago Batasunaren partetik», kritikatu zuen ABkoak. «Sinn Feinek jakin zuen egiten Irlandan, korsikarrek jakin zuten», gehitu zuen. Mattin Etxeparek Korsikan gertatzen denak liluratzen duela erakutsi zuen. «Korsikan lehenik akordio politikoa izan zen eta gero FLNC-Gudarien Batasunaren su-etena. Errana zuen su-etena izanen zela akordio politikoa bazen. Ikusi behar da zer dinamika zegoen gibelean. Gelditu behar da iraganaz mintzatzetik eta bakoitzari egin dituen hutsak leporatzetik. Korsikan, geroa prestatzeko, egiturak prestatzeko akordio politikoa zegoen. FLNCk jarraitu du. Uste dut ETAk ere jarraituko zuela dinamika bat izan balitz Nafarroan, Iparraldean eta EAEn. Borroka armatuak jendeak zatitzen ditu, hutsak eta zorigaitzak egiten ditu. Baina su-etena eragiten duen akordio politiko bat dagoelarik, ikusi behar da gibelean zer dinamika dagoen».

Hiru hautagaiek Batera-rekiko adostasuna agertu zuten. Hori erranik, bakoitza urrunago joan zen. «Ipar Euskal Herriarentzako berezko instituzio baten aldarrikapena daukagu» oroitarazi zuen Abadiek. «Berehalako epean, departamendua planteatu behar da. Baina, abertzale gisa, gure azken helburua Zazpiak Bat da, modu progresiboan, sinesgarria eta errealista izanez. Departamenduaren, eskualdearen eta Estatuaren eskumenak dituen instituzio bat nahi dugu. Proiektu hori modu irekian lantzen ari gara Batasuneko eta EAko militanteekin. Biziki kontent gara lan hori eramateaz. Luzea da, konplexua eta beharrezkoa. Espero dugu noizbait EAJ ere etorriko dela, abertzale guztiek diskurtso bera izan dezaten aldarrikapen instituzionalari begira».

Larraldek eskaera hori perspektiba nazionalean kokatu zuen. Jean-Jacques Lasserrek aipatzen duen euroeskualde konferentziaz mintzatu zen. «Jende horiek badakite gerora, europar testuinguruan, gakoa mugaz gaindiko harremanetan dagoela. Bistan da, koadro instituzional bat behar da pentsatu hemengo hiru probintzientzat. Koadro horrek urrats bat izan behar du Euskal Herri osoari begira, gauzak era koherente eta sistematiko batean antolatzen hasteko. Horretan kokatzen da eztabaida instituzionalaren muina».

Mattin Etxeparek Hautetsien Kontseilua kritikatu zuen. «Ez da Lasserre baino antieuskaldunagorik. Zertan ari dira? Denbora irabazi nahian dabiltza. Hautetsien Kontseiluarekin, ez dakit zeren kontseilurekin eta abar horiekin denbora irabazi nahi dute. Nik nahiago dut Batera-ren dinamika berria, non guhaurek eraikiko ditugun behar ditugun tresnak. Gaur egun Seaska haurren hezkuntzarako tresna saihestezina bihurtua da. Lehen marginala zen. Gai bagara, ezer galdegin gabe, egiturak eraikitzeko, orduan zerbait eginen dugu. Bortizkeria eza aktiboa eta horrelakoek ez dute ezertara eramaten. Eraikuntzak bai, kooperazioak ere bai».

Baiona ekialdeko kontseilari nagusia Jean-Rene Etxegarai da. Berriz aurkeztuko da, UDF-UMPren izenean. Etxegarai Batera-ren dinamikarekin bat egin duen hautetsietarik bat da. Hautagai abertzaleek Batera sostengatzeari emanen ote diote lehentasuna ala ezkerreko balioei? Hori galdegin genien hirurei.

«Etxegarairi ez diogu bozik emanen», argitu zuen Baiona Iraultzen-eko hautagaiak. «Ezta pentsatu ere, nahiz eta Bateraren aldekoa izan. Hauteskunde hauetan bigarren erronka politiko bat bada, bazterketa sozialaren inguruan kokatzen dena, hala nola RMI-RMA erreforma. Hori Medefek landu erreforma bat da, Kontseilu nagusiaren gainean eroria. Etxegaraik erran du Raffarinen politika sostengatzen duena. Ezkerreko ikuspegitik, UDF eta UMPko jendeak irabazle ez ateratzea da helburua».

Mattin Etxeparek gauza bera pentsatzen duela erantzun zuen. Abadiek aitortu zuen ez dutela oraino aipatu bigarren itzulian zer jarrera hartuko duten. «Gero eta gehiago espero dugu ABren hautagai bat edo gehiago pasatuko dela bigarren itzulira. Lehen itzulia iragan ondoan ikusiko dugu zer eginen dugun. Militanteen artean mintzatuko gara».

Elkarrizketa osoan aipatu ziren zatiketak eta etorkizuneko ustezko berradiskidetzeak. AB eta Batasunaren zatiketaren ondorioak freskoak direla adierazi zuen Abadiek. «Oraindik etxe berean bizi gara. Dibortzio horren arrazoiak modu sakonean lantzen ez direno, beti ariko gara kalapitan eta hauteskundeetan, Aberri Egunean eta abar lehian». Su-etenaren inguruko irakurketa ezberdinaz gain «kultura politiko desberdinak» daudela azpimarratu zuen.

«Azkeneko urteetan, bilana ezin da egin xuri eta beltzean. Ezker abertzaleak, hain segur, egin ditu hankasartzeak. Edozein egoeratan bezala, erantzukizunak partekatuak dira. Dena Batasunari leporatzea herri honetan gaizki doazen gauzak esplikatzeko, hori irakurketa oso karikaturala da», erantzun zuen Larraldek. «Ez dugu sortu Batasuna ABren kontra. Zergatik sortu da Batasuna hemen?
Ez hauteskundeetan beste mu-gimendu abertzaleen kon-
tra lehiatzeko. Arrazoi sinple bategatik sortu dugu: ezinbes-tekotzat eta estrategikotzat jotzen genuen abertzale gisa maila nazionalean antolatua izatea».

«Batasuna sortu dugun mementotik erran dugu hitzordu estrategikoetan, gure herriaren oinarrizko elementuen defentsan elkarlanak jorratu behar direla», gehitu zuen Larraldek. Abadiek geroari begira atea irekirik utzi zuen: «Batasunarekin askotan hitz egiten dugu, bereizi berriak garelako. Espero dut egun batez berriz elkartuko garela, beti etxe berean gaudelako».

GAI SOZIALAK

Kontseilu nagusiaren funtzio soziala azpimarratu dute

«Borroka armatua da kantonamendu bozetan herritarren kezka nagusia? Ez dut uste. Gure kantonamenduan askoz eragin handiagoa du ARCCren hesteak, langabeziaren arazoak…», adierazi zuen Xabi Larraldek une batez. Kontseilu nagusiaren funtzio nagusia laguntza sozialaren ziurtatzea da eta aurten eskumen berriak dauzka alor horretan.

Erreforma aipatuena RMI-RMA da, gutxieneko laguntzaren eskubidea dutenak lanean hastera bultzatzeko. Larralde erreforma hori aplikatzearen aurka dago. Abadieren iritziz, neurri hori «lan eskubidearen urraketa bat da». Abadiek azken urteetako «gibelapen soziala» salatu zuen, Larraldek eta Etxeparek bezala.
Ezker abertzaleko bi hautagaiek langile sozialen murriztea salatzen dute. Etxeparek langile sozialak «lanpetuak» direla ikusten du. Horregatik, «boluntario» lana garatzea proposatzen du, «bakoitzak gure denboratik zati bat eman dezagun».

Kontseilu nagusiko eztabaidetariko bat garraioen gaiak eskaintzen du. Nafarroa erdiz erdi zeharkatuko lukeen lau lerroko bidearen aurka daude AB eta Batasuna. Etxeparek bertze diskurtso bat zeukan. «Alde izan behar nuke. Donapaleu, Maule eta horiek garatzeko, ezinbestekoa da». AHT bideari dagokionez, Etxepare da hiruren artean «erabat alde» dagoen bakarra.

 

Kantonamenduetako hautagaiak

 

Jerome Agerre · PS-ko hautagaia baiona iparraldean

«Herriko Etxea irabazteko, elkarrekin egin beharko dugu»