Ipar Euskal Herriak Frantziako Legebiltzarrera joanen diren diputatuak hautatuko ditu heldu den igandean eta ekainaren 17an. Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak izanen dira, bi itzulitan. Orotara, 577 diputatu hautatuko dituzte, eta horietatik bi edo hiru Euskal Herrikoak izanen dira. Frantziako eta Ipar Euskal Herriko mapa 577 hautesbarrutitan zatitua da, eta hautesbarruti bakoitzari diputatu bat dagokio.
Lehen itzulia heldu den igandean izanen da, eta botoen %12,5 baino gehiago lortzen duten hautagaiek bigarren itzulian aurkezteko aukera ukanen dute, inork ez badu lehen itzulitik %50eko heina lortu (kasu horretan, irabazle hori izanen da diputatu). Bigarren itzulian boto gehien lortu duen hautagaia izanen da diputatu.
Ez da sistema proportzionala. Ondorioz, teorian posible izan liteke 577 hautesbarrutietan UMP nagusitzea, nahiz eta, PSk baino bozka bat gehiago eskuratu hautesbarruti bakoitzean. Hala nola, Frantzia osoan %50,1eko indarrarekin, diputatu aulki guztiak bereganatzea. Horrelakorik ez da gertatzen, baina Frantziako presidentzialetan Nicolas Sarkozy (UMP) nagusitu ondoan, “olatu urdina” espero da datozen hauteskundeetan, hala nola UMPk diputatu gehienak lortzea.
Ipar Euskal Herriak bi hautesbarruti eta erdi dauzka. Hautesbarruti horiek, gainera, ez dituzte herrialde historikoen mugak kontuan hartzen. Hots, laugarren hautesbarrutiak Zuberoa osoa, Baxenabarreren zati handiena, Lapurdiko herri batzuk eta Biarnoko zati handi bat hartzen ditu. Bosgarrenak Lapurdiko zati bat eta Baxenabarreko beste bat dauzka. Seigarrenak Lapurdiko beste zati bat.