Mehatxuz zikindu dute paisaia

Mehatxuz zikindu dute paisaia. Edorta Jimenezek gidatuta, Urdaibai biosfera erreserba ezagutu dute hamabost BERRIAlagunek. Guggenheim proiektuak ekar ditzakeen ondorio batzuk ere aletu dituzte.

Mehatxuz zikindu dute paisaia

Gernika-Lumo

2024ko martxoaren 02a

Paisaia interpretatuz, Euskal Herriko historia ezin hobeto ezagut daitekeela uste du Edorta Jimenez idazleak. Hori dela eta, hamabost BERRIAlagunekin batera, Urdaibaiko biosfera erreserban ibilbide bat egin du asteburuan. Helburua, halere, Euskal Herriko historia ezagutzetik harago doa: «Helburua da ibilbidea literarioa izatea, fantastikoa, haluzinogenoa». Haluzinogenoa, zergatik? Oraindik existitzen ez den proiektu batek harrabotsa piztu duelako azkenaldian: Guggenheim museoarenak.

Urte hauetan, elkarte bat baino gehiago azaldu dira proiektuaren aurka. Besteak beste, Zain Dezagun Urdaibai plataforma. Haren parte da Jimenez, eta inguru horretan museoak izan dezakeen eraginaz aritu da ibilbidean. Nahiz eta eguraldia ez duten lagun izan, umorez betetako lau orduko bisita egin dute BERRIAlagunek, erreserbaren inguruko hamaika bitxikeria ezagutuz.