Kutsidazu bidea Ixabel

2006-09-28

«Jendeak ezustekoa hartuko du; ez da umorezko filma eta garai soziopolitikoak pisu handia du»

Gaur estreinatuko dute 'Kutsidazu bidea, Ixabel', Kursaal 2 aretoan, 19:00etan, Zabaltegiko sailean. Zuzendari Berrien Sarirako hautagai da euskarazko filma.

G. PIKABEA-Z. SAGASTAGOIA

Donostia

Ilunabarra da Donostiako Salamanca pasealekuan. Lantokian hartu gaituzte Mireia Gabilondok (Bergara, 1965) eta Fernando Bernuesek (Donostia, 1961). Egun gogorra izan dute; Kutsidazu bidea, Ixabel filmaren promozioarekin bete-betean, elkarrizketa bat baino gehiago egin dituzte egun berean. Gaur jakingo dute jendeak filmari zer harrera egiten dion.

Zuzendari gisa zineman egin duzuen aurreneko lana da. Zer ekarri du zuen ibilbide profesionalean?

Mireia Gabilondo: Oraindik ez dakigu, estreinatu arte ezin izango dugu jakin. Zineman egin dugun lehen gauza izan da, eta niretzat beste lan bat probatzea izan da. Horrela arlo honetan ere nola lan egiten den ikusi dugu, zer suposatzen duen lanak edo zenbat lan egin behar den. Askoz luzeagoa da.

Fernando Bernues: Metafora bat erabiliz, bidaiatzea gustatzen bazaizu, beste kontinente bat ezagutzea izan da. Afrikara joatean beste lurralde batekin egiten duzu topo, beste kultura batekin. Gauza bakoitzak bere gramatika, hizkuntza, kodeak, arauak ditu, lurralde bakoitzak bereak dituen bezala. Filma egitea gauza berria izan da.

Nondik otu zitzaizuen filma egiteko ideia?

M.G.: Fernandoren ideia izan zen. Aspaldi irakurri genuen eleberria...

F.B.: Hamabost urte nituenean hasi nintzen euskaltegian eta hainbat urte eman nituen. Euskaltegiko azken urtean irakurri nuen Kutsidazu bidea, Ixabel eta gustatu egin zitzaidan. Eleberriak zubiak botatzen ditu; besteak beste, euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak, landa giroa... guztiak biltzen ditu. Eleberrian agertzen diren pertsonaiek ez dute beldurrik besteen bizitzan sartzeko, beste hura ezagutzeko... Erakargarria iruditu zitzaidan eta hortik piztu zitzaidan gogoa. Nolanahi ere, ni beste Juan Martin bat nintzen, eta Mireia Ixabel bat zen. Istorioaren bi begirada horiek dauzkagu.

Etorkizunari begira, film gehiago egiteko asmorik bai?

M.G.:Fernandok hainbat ideia dauzka buruan dagoeneko!

F.B.: Bai, hainbat gauza buruan... Orain dela asko Manuel Rivasen La mano del emigrante eleberria zuzendu genuen antzerkirako, eta hori zinemara eramateko gogoa dut. Istorioa oso ona da: Galiziako etorkin batzuk Londresen daude, 80ko hamarkadan, Margaret Thacherren garaian. Ospitale batean lan egiten dute, baina bat hil egingo da, eta beste batek lagunaren errautsak Galiziara eramago ditu. Momentu horretan duela gutxiko iragana piztu egiten da. Eleberrian begiradari garrantzia ematen zaio eta film ona atera daiteke hortik. Hala ere, ikusiko dugu ea posiblea den aurrera ateratzea.

Kutsidazu bidea, Ixabel zuzendu ondotik buruan gelditu zaizuen esaldi edo pasadizorik kontatzeko?

F.B.:Niretzat, anekdotarik onena aitaren pertsonaia egiteko pertsona bilatzea izan zen. Filmaketarekin hasi baino hilabete bat lehenago, oraindik aitarik gabe geunden. Halako batean, baserritar bat ikusi, eta pertsonaia egiteko aproposa zela pentsatu genuen. Azkenean, horrek egin du aitarena. Pertsonaia bat horrela bilatzea dibertigarria izan zen.

Eleberria, antzerkia... hainbat formatutan landu da istorioa. Nolako harrera espero duzue?

M.G.: Jendeak ezustekoa hartuko du. Nahiz eta zer den jakin eta istorioa ezagutu, filma beste alde batetik kontatuta dago; errealistagoa da, istorio eta pertsonaia gehiago daude. Ez da umorezko filma. Nik uste dut jendeak ondo hartuko duela, baina denetarik egongo da.

F.B.: Filmean begirada zabalagoa dago, testuinguru politiko eta soziala gehiago lantzen da, garai bat kontatzen ari gara. Garaia hirugarren pertsonaia dela esaten dugu guk. Filmeko egitura antzerkiko egituraren ezberdina da. Guk garai horren xehetasunak jaso nahi izan dugu; besteak beste, bizitakoak, giro sozial eta politikoa...

Nola ikusten duzue euskarazko zinemagintza?

M.G.: Euskarazko zinemagintza egitea ondo dago! Gehiago egin beharko litzateke! Pena da ez egitea. Euskal Herrian bai euskaraz eta bai erdaraz gehiago egin beharko litzateke. Guretzat normalena euskaraz egitea izango litzateke, eta ea hemendik aurrera gehiago egiten den. Iaz Aupa Etxebeste egin zen eta aurten hau. Horrela jarraitzen baldin badugu, urtean bat, besterik ez badago, behintzat bada zerbait. Nik beti esaten dut gauzak egin behar direla, nahiz eta gaizki atera, gauzak gaizki eginez ikasten baita. Euskaraz egiten badugu, normala delako egin behar da. Normaltasun hori beharrezkoa da.

F.B.: Ekoizpen handiagoarekin gauza ezberdina izango zen. Normaltasunez aritzea bezala hartu beharko genuke, eta ez muga gisa. Gure kasuan, istorio hau euskaraz egin ez balitz, ez litzateke produzituko segur aski.

Norentzat da zuen filma?

F.B.: Guztientzat. Berrogeitaka urte dituztenek, agian, hurbilago sentituko dute protagonistaren begirada, azaltzen diren kontuak bizi izan dituelako. Hala ere, guztientzat da.

Honaino ailegatuta, pozik zaudete egindakoarekin?

M.G.: Bai. Fernandok esaten du nahi duguna egin dugula. Ni, agian, ez naiz hain biribila... baina identifikatzen naiz egin dudanarekin, eta, alde horretatik, pozik nago.

F.B.: Nik lortu dut nahi nuena, eta ez da beti gertatzen. Ikusitakoarekin sentsazio ona daukat. Pozik nago, nahi genuena kontatu dugu.

© 2013 berria.info
Orrialde nagusira joan