2012-07-29
'London calling'
Gero, zer?
Garazi Goia
Olinpiar Jokoek ekonomian eta batez ere Londres ekialdea garatzeko planetan eta etxebizitzen prezioetan zer efektu izango duten oraindik ikusteko dago, baita egindako inbertsioa bertako jendearentzat lagungarria izango ote den ere.
Olinpiar ingurunea dagoen auzoa, Stratford, eta orokorrean E15 posta-kode ingurua Londresko auzo txiroenetakoa bat da: council-estate edo udalaren laguntzarekin eraikitako etxebizitza asko daude, bloke handiak, immigrazio handia egon zenean eraikitakoak asko, Londres mendebaldeko Victoriar garaiko etxe dotoreekin alderatuz aski ezberdinak. Olinpiar Jokoen helburuetako bat Londresko inguru hori birmoldatu eta erakargarriagoa egitea bazen ere, oraindik ere Stratford inguruan etxebizitzen salneurriak Londresko batez bestekoa baino %30 baxuagoak dira.
Olinpiar inguruko auzoetako etxeen balioa igotzen hasi bada ere , oraingoz igoera oso apala izan omen da. Higiezinen agentzia askotan esan didate jokoak bukatu arte jendea etxeak saldu gabe zain dagoela orduan prezioak igo ahal izango dituztela pentsatuz; bitartean, turisten poltsikoak husten ari dira, alokairu garestiak kobratuz.
Adibidez, 3.000 etxe inguru eraiki dituzte atletentzat. Olinpiar Jokoak bukatu ondoren, etxeen erdiak prezio zentzudun eta gehiengoak erosi ditzakeen salneurrietan salduko dituztela esan dute. Beste erdiak, aldiz, arabiar estatu burujabeetako eraikuntza-enpresa batera joan omen dira.
Ea mamu-herri batekin ez duten bukatzen, aberatsen edo aberats izan nahi dutenen kodizia eta herriaren interesa ez doaz bat eta. Ez zen lehenengo aldia izango.