2012-07-29
'Off the record'
Betiko gordeta
Unai Zubeldia
Malkoak ere ez dauzkat urruti». Ordurako malko pare bat galtzetan galduta zeudela, horrela aitortu nion lankideari. Ez nion entzuten telefonoz; ez nekien oso ondo zer esaten ari nintzen. Baina sentimenduek uste dut asmatu zutela Londrestik Euskal Herrira arteko bidea egiten. «Segi horrela gozatzen eta gozarazten. Musu handi bat!». Arrebaren mezua, segidan. Barrua mugituta, berriz ere. Eta olinpiar estadioa, dantzan. Ez nuen uste pertsona bakar baten barruan hainbeste sentimendu egon zitezkeenik pilatuta. Bozgorailuetatik The Basque Country noiz entzungo zain pasatu nuen iluntze guztia. Baina ametsen txokoan baztertu nuen une hori. Kosta zitzaidan errealitatea eta fikzioa bereizten. Pentsa, ondoan neuzkan kazetari estatubatuarrekin ere lotsarik gabe azaleratu nituen barruan nituen sentimenduak. Hitz askorik egin gabe, elkarri ulertu geniola uste dut. Ezer izatekotan, horixe izango da Olinpiar izpiritua.
Eta zer esan Olinpiar Jokoetako hasiera ekitaldiaren aurretik Iban Sanz iruindarrarekin igaro nituen uneez... Eskerrik asko, Iban, ate guztiak irekitzeagatik. Estadioaren barrunbeetaraino eraman ninduen, lanean hasi baino bizpahiru ordu lehenago. Gonbita ere egin zidan gero, parranda giroan haiekin joateko. Oiana Blancoren atzo goizeko borroka gogoan, asmatu nuen ezetz esaten. Eta eskerrak.
Begiak irekita lo egin nuen ostiral iluntzean, irribarrea ahotik kendu ezinik. Txoko txiki batean, hortxe gordeta egongo da betiko Londresko Olinpiar Jokoen hasiera ekitaldiko sentimenduen pilaketa hori.