Edukira joan

2012-07-29

'Betweenland'

Diogenesen sindromea

Imanol Magro

Gustuko dut Londresko metroa. Hiriaren zainetan barrena altzairuzko odola barreiatzen du. Nire garraio txartelari kea dario, eta ni gustura noa zuloan barrena ziztu bizian. Txiki eta itogarria da, eta ez du aire giroturik. Metro bide zaharrenekin alderatuta, Bilbokoak kirofano bat dirudi, garbi eta aseptiko. Halere, ezin dut uka iPhone, iPad, iPod eta bakartzeko beste hainbat gailuk xarma pixka bat kendu diotela, baina, tira, arrimatuz gero, alboan eserita eta zutik doana entzuten ari den musikarekin goza dezakezu.

Jokoen harira, egur asko jasotzen ari da metro gaixoa. Ni ere gelditu nintzen bost minutuz geldirik bi geltokiren alboan, baina halako uneei probetxua ateratzen jakin behar da. Harrigarria nola zen posible bagoi batean ehun pertsona inguru egotea, eta inork ez elkarri begietara begiratzea. Bat gora begira, beste bat behera, beste bat pixka bat okertuta... Geometria mirari bat. Metroaren onena jendea delako, eta jendea nekatuta edota pentsamendurik sakonenetan murgilduta dagoenean zelatatu dezakezulako. Herenegun, Uma Thurman zelatatu nuen, esate baterako. Ziur nago bera zela; bai, behintzat, 1,50 metro luze bada. Beste ezagun batzuk ere ikusi ditut, baina horiekin ez dut hain garbi eurak ziren edo ez.

Halako kontutxoengatik dut gustuko, eta niretzat ere atsedenleku bilakatu delako. Bertan gustura mugituko nintzateke egunero, zuloan sartuta mundua zelatatu eta doako prentsa horia irakurtzen. Nire gaitzak badu izen ofiziala, badakit. Gero eta garbiago dut Dioegenes ez zela pitxar batean bizi, Londresko sotoan baizik.