2012-07-29
Kronika
«Surrealista da hau»
Hasiera ekitaldiak izan zuen euskal ukitu txiki bat, Iban Sanz iruindarrak parte hartu zuelako, musikari gisa. Muhammad Alirekin geratu zen txundituta.
Unai Zubeldia, Berriemaile berezia Londres
Iban Sanz, danborrarekin, herenegun, Londresko Olinpiar Jokoetako inaugurazio ekitaldian. / IBAN SANZ
Beste kontzertu baten parekoa da hau niretzat». Horrela hasi du kontaketa. «Harrigarria; txundituta nago. Horrelakorik ez nuen bizi izan inoiz. Ezin dut sinetsi». Olinpiar Jokoen hasiera ekitaldia amaitu berritan egindako adierazpenak dira horiek. Bospasei ordu daude bien artean. Iban Sanz iruindarrarenak dira hitzak. «Sanduzelaikoa naiz ni, ez ahaztu hori zehaztea». 1975ean jaioa da, eta duela zortzi urte iritsi zen Londresera, 2004an. Ingeniaritza ikasketak amaituta zegoen ordurako. «Eta lanean ere igaro nituen urte batzuk». Baina musikarekin gozatu nahi zuen. «Iruñean eta Donostian ezin nuen egin musika modernoko goi mailako ikasketarik, eta horregatik etorri nintzen Londresera. Musikaren heziketarako beste ikasketa batzuk ere egin nituen gero, irakasle izateko; eta, orain, bateria jotzeaz gain, 16-18 urte arteko gazte batzuen musika irakaslea ere banaiz».
Jauzi handi samarra dago Iruñeko Sanduzelai auzotik Londresera musikari segika joatetik jokoetako hasiera ekitaldian parte hartzera. Baina erraz lotu ditu istorioaren bi puntak. «Lewis Turner gitarra jotzaile handiarentzat jo izan dut bateria; disko bat ere kaleratu genuen duela bi urte, eta haren baxu jotzailearen bidez iritsi zitzaidan aukera beste hainbat kontzertutan parte hartzeko». Ikasketen amaierako ekitaldian ezagutu omen zuten elkar. «Hark ezagutzen zuen Lewis Turner; biok elkartu beharra geneukala esan zion, eta haren bidez iritsi zitzaidan gero musika eskolara mezu elektronikoa, hasiera ekitaldian aritzeko gonbidapenarekin». Bi proba egin zizkioten aurretik. «Eta balekoa nintzela erabaki zuten».
Azalpen lasai horien ondoren, ordea, ezinegon handiarekin zegoen Sanz inaugurazio ekitaldia amaitu berritan. «Baina ikusi duzu Muhammad Ali? Gertu-gertu eduki dut; zuhaitzaren ondoan nengoen ni, eta ia-ia ukitzeko aukera ere izan dut. Eta musika? Eta su ikuskizuna? Eta argia? Eta jendea?». Inaugurazio ekitaldian izan ziren gehienen moduan, bere onetik aterata zegoen iruindarra. Une bat azpimarratzeko eskatuta... «Aliren ondoan egon naizenekoa, zalantzarik gabe. Harrigarria izan da». Ekitaldia barrutik nola bizi izan duen galdetu, eta hitzak falta zitzaizkion Sanzi. «Surrealista da hau. Telebistan ikusi izan ditut horrelako ekitaldiak, eta, bat-batean, guztiaren erdi-erdian ni». Barrez lehertzen hasi zen nafarra.
Euskal Herrira bisitan
«Egunez, irakaslea; eta gauez, heavya». Horrela definitu du Sanzek bere burua. «Izan ere, musikatik bizi daiteke, baina bateriatik, ez». Londresko pubetan kontzertu asko emandakoa da. «Baina orain dezente zaila dago egoera, bai Euskal Herrian, bai hemen, Londresen. Egunero dago jan beharra, ordea». Etxea ez dauka ahaztuta. «Gabonetan beti joaten naiz hara, familiari bisita egitera». Irakasle lanetan ari denez, eskuragarriagoa da orain bidaia. «Lehen, kontzertuz beteta edukitzen nuen uda eta Gabon inguru guztia».
Olinpiar estadioan sartuta, gutxi batzuen esku dagoen pribilegioa izanda... Nahitaezkoa da ondorioa: kirola gustuko izango duzu, noski! «Kirola asko gustatzen zait, pilota bereziki, pala, baina olinpiar kirolak ez zaizkit hainbeste gustatzen». Estadioarekin maiteminduta geratu zen, ordea. «Ohiko beste kontzertu bat» ematera joan, eta txora-txora eginda joan zen etxera.
Aipatzekoa.
2004ko bidaia. Euskal Herrian musikaren bidetik etorkizun handirik ez zeukala hartu zuen Iban Sanzek Londreserako bidea. Musikako irakasle lanetan dabil orain, eta gehien ordaintzen dionaren bateria gisa ere bai. «Onartu beharra daukat: mertzenarioa naiz ni».