Edukira joan

2012-07-29

Euskal kirolariak. Bela

Eskarmentuaren bermearekin

Iker Martinezek eta Xabi Fernandezek hirugarren domina nahi dute, baina ez dute behar bezala prestatzeko astirik izan, Volvo Ocean Race lehiaketan aritu baitira duela hiru astera arte.

Imanol Magro, Berriemaile berezia Londres

Euskal olinpiar kirolari loriatuenak dira, eta, ziur asko, Londresen ariko diren Euskal Herriko partaideen artean domina bat irabazteko aukerarik handiena dutenak. Iker Martinez eta Xabi Fernandez arrakastaren sinonimo dira jokoetan. Atenasko urreari Pekingo zilarrezkoa gehitu zioten, eta, halere, zerbait gehiago lor zitekeelako sentsazioarekin gelditu ziren azken estropada polemikoaren ondoren. Orain dute, Londresen, aho zapore ez hain gozo hori aldatzeko aukera. Hori bai, ez dute astirik izan behar bezala prestatzeko; Volvo Ocean Race proban parte hartzeak hiru aste baino ez dizkie utzi 49er ontziarekin entrenatzeko, eta biek onartu dute agian ez dela aski izango.

Martinez eta Fernandezen kirol ibilbidea errotik aldatu da azken lau urteetan. «Lehen, estropadalari ginen. Orain, ordea, marinelak». Fernandezen esaldi borobila errealitatearen isla da. Bi Volvo Ocean Race eta Bartzelona World Race proban munduari hiru bira eman ondoren, orain bost metroko ontzi txikira itzuli beharko dute Weymouth eta Portlandeko itsas akademiako uretan. Maratoilari bati 400 metroko proban parte hartzeko eskatzea bezala litzateke, baina, euskal marinelen kasuan, eskarmentua dute alde. Bi domina irabazteaz gain, hiru aldiz izan baitira munduko eta Europako txapeldun.

«Argi dago prestaketa ez dela izan nahiko genukeen modukoa. Baina azken urteotan pertsona gisa asko aberastu gaituzten beste egitasmo batzuetan aritu gara. Londreserako ohiko prestaketa egin dugu, baina estututa. Dena den, ez zaigu ahaztu olinpiar erara lehiatzea», azaldu du Fernandezek. Azken bi asteak Lanzaroten egin dituzte (Espainia), euren ohiko entrenamendu gunean, haize indartsura egokitzen —halako baldintzak espero dituzte Weymouthen—. Volvo Race probaren geldialdi luzeak ere entrenatzeko baliatu zituzten.

Fernandez bizkarreko min txikiekin iritsi da, eta hor datza euren zalantzeetako bat, 49er mailako lehiaketa luzea eta gogorra baita. Gaurtik hasi eta hurrengo sei egunetan, bina estropada motz jokatuko dituzte, eta abuztuaren 8an, dominak lortzeko estropadak. Azken bi horiek balio bikoitza dute. Arazoak, arazo, anbiziorik ez zaiela falta nabarmendu du Martinezek. «Hirugarren jokoetan aritzea pribilegio bat da, eta gure helburua urrea da. Kirolariak gara, eta beti gora begiratu behar dugu. Seigarren, zazpigarren edo zortzigarren bagara, ez gara pozik geldituko».

Astebete baino gehiago daramate Weymouthen entrenatzen. Prestaketa motzak azken egunera arte saiatzera behartzen ditu sasoia fintzeko. Dena den, estropada eremuak ez du sekreturik. «Gustuko dugu eremua, ezagutzen dugu, behin baino gehiagotan lehiatu gara bertan, eta emaitza onekin, gainera. Iaz, esaterako, bertan jokatu genuen jokoetako atarikoa, eta dena ondo joan zen. Eguraldia asko aldatzen den leku bat da, eta uste dut egun batzuetan haizea bizi ibiliko dela eta beste batzuetan ia batere ez. Haize handia, baina, maiz ibiliko da». Azken egunetako iragarpenen arabera, ez dute faltan izango.

Aurkarien artean, Martinezek Australiako bikotea nabarmendu du. «Olinpiar eremuan eginiko ia estropada guztiak irabazi dituzte. Aurkari nagusiak dira. Koska bat beherago dago Zeelanda Berriko bikotea, eta bat beherago Britainia Handikoa». Eskarmentuak ba al du eraginik ilusioan? Fernandezengan behintzat, ez. «Aurrenekoek sekulako ilusioa egin ziguten. Jokoak beste gauza bat dira; oso politak».



 

Nortasun agiriak

IKER MARTINEZ

1977ko ekainaren 16an, Donostian.

Altuera: 1,73 m

Pisua: 70 kilo.

Olinpiar Jokoak: Bi, Atenas 2004 eta Pekin 2008.

Lorpen garrantzistuenak: Olinpiar txapeldun (2004), Olinpiar txapeldunorde (2008); Munduko txapeldun (2001, 2002 eta 2010).

XABIER FERNANDEZ

1976ko urriaren 19a, Ibarran (Gipuzkoa).

Altuera: 1,81 m.

Pisua: 81 kilo.

Olinpiar Jokoak: Bi, Atenas 2004 eta Pekin 2008.

Lorpen garrantzistuenak: Olinpiar txapeldun (2004), Olinpiar txapeldunorde (2008); Munduko txapeldun (2001, 2002 eta 2010).