2012-08-12
'Off the record'
Hanka-luze parea
Unai Zubeldia
Ezta norbait jo banu ere, jeseeeus! Lanean ari naiz ni, txikito. Bi hankadunak gara denok, baina batzuen hankak luzeagoak dira, nonbait. Argentina-AEB saskibaloi partidaren zain, bi kazetari estatubatuar eseri zaizkit ondoan. Ez ziren kabitzen euren eserlekuetan, eta nire mahaiaren zati bana hartu dute, ezker-eskuin. «Sorry» eta «thanks» esaten nazkatu naiz azken hemeretzi egunetan, baina hauek ez dute ikasi oraindik. Ez dute halakorik esan, behintzat. Euskalduna izatea zer den... nik eskatu diet azkenean barkatzeko. Oraindik ere ez dakit zergatik, baina errespetua sortu didate, aizue.
Barkatuko didazue, baina «Yes, I'm Spanish» esan diet giroa lasaitzeko. Hasi zaitez tamainan ez, baina ustez altuagoak eta indartsuagoak diren hauei Abaltzisketa eta Lazkaomendi non dauden azaltzen. Baina, lasai, ez da berriz halakorik gertatuko. Irudikatu nauzue, ezta? Bi hankak elkarri pega-pega eginda nago, eta bi besaburuak gorputz enborrera estututa. Egin proba, ez da oso erosoa zutabea horrela idaztea. Baina lortu dut.
Aurkezpenen garaia izan da, hala ere, gogorrena. Hamabi izar euren herrialdeko ereserkia entzuten, eskua bihotzean jarrita, eta ni eserita! Handia egin dut. Horrekin geratu naiz harrituta joko hauetan. Horrekin ere bai. Edozein kiroletan, ereserkiak entzundakoan, kazetariak eurak ere zutik jartzen dira, errespetuz. Baina zintzo demonio lanean ari nintzen ni une horretan, eta eserita geratu naiz, bada... Ondoko kazetariek zer esan duten? Esan, ezer ez, baina begiratu ederra bota didate. Altxatu egin naiz, noski.