Edukira joan

2012-08-12

'Betweenland'

Bat gutxiago

Imanol Magro

Kirolaren historiako orrialde ilunetako batzuk idatzi ziren Alemaniako Errepublika Demokratikoan (AED). Kirola propaganda objektu bilakatu eta estatu dopin-sistema sortu zuten emaitzak hobetzeko. Hormonak ziren gakoa, eta esteroide propioa sortu zuten: pilula urdinak. Emakumezko atleta batek, urtean, Ben Johnsonek Seulen positibo eman zuenean halako hiru testoterona har zezakeen. Gerora etorri ziren minbizi gaixo ugariak, mutaturiko ugalketa organoak eta, kasu batzuetan, sexu aldaketak.

Hamazazpi milioi biztanleko herrialde hark 400 dominatik gora lortu zituen bost Olinpiar Jokotan, baita 1984koei boikota eginda ere. Bostetatik hirutan bigarren izan zen dominategian. Harrigarria baino gehiago, beldurgarria. Gero, esteroideen erabilera AEBetara eta Europako ekialdeko beste herrialde betzuetara hedatu zen. Garai haietatik gelditzen direnak izutzeko moduko testigantzak eta errekorrak dira. Tira, bat gutxiago orain, herenegun AEBetako emakumezkoen 4x100eko taldeak 1985eko AEDekoari errekorra kendu ziolako.

Madison, Felix, Knight eta Jeter laukoteak 40.82ko marka egin zuten, eta orain AEDetako atletek gizakiago dirudite. Hor diraute, baina, oraindik, disko jaurtiketako markek, Marita Kochen 400 metrokoak, eta Jamila Kratotxvilova txekiarraren 800 metroko 1.53.28 beldurgarriak —1983an lortua—. Baita Florence Griffithen 100 metroko biak ere. Gizakiaren irabazteko grina zer-nolakoa izan daitekeen erakusten duten markak dira, eta orain bat gutxiago gelditzen da, ustez lege onean lorturikoa. Atzo bezala, mamuak berriz.