Gogoetak
Geroari begira
Iritzia
Felipe Juaristi
Idazlea
Urteurren-urtea dugu aurtengoa. Horixe du bederatzi zenbakiak, bitxia bezain arrotza zaigula. Hogeita bost urte beteko dira Enrique Casas hil zutenetik; berrogeita hamar urte, ETA sortu zutenetik. Eskura ditudanen artetik bi horiek iruditu zaizkit seinalagarrienak, zenbakien sinbologiagatik. Dena ez da ETA izan gure bizitzetan, zorionez; baina gure bizialdian ETA izan da, eta hori, nahita ere, ezin ahantzi dezakegun kontua da. Itxi ditzakegu begiak eta lo egiteke ametsetan hasi, esnatu arteko denboraldia aiseago igaro dadin, baina badakigu esnatutakoan hortxe izango dugula bera ere, Monterrosoren dinosauroa bezala, gure imintzioei urduri begira, guk zer egingo.
Errealitatea hain gordina eta hain izugarria izanik, bestelako kontuak, beren garrantziarekin, oso txikiak dira, eta diren baino gehiago badirudite ere, inguruan dabilen eta darabilten hots eta soinuarengatik da. Gure arteko ezberdintasunak eta ezinikusiak oihuka adierazi beharrean, hitz isilez azalduko bagenitu, xuxurlan eta maitasun hitzak balira bezala, asko aurreratuko genuke osasunean. Baina ez da hori horrela gertatu, indarkeriak dena kutsatu digu, eta, haren eraginetik libratzeko, euskal hiritarrak hamaika trikimailu asmatu behar izan ditu. Inork gutxik nabarmendu nahi duenez, politikagintzan ez ezik, bizigintzan ere bai, haragizko mozorroz estali izan dira haragizko aurpegiak. Inork gutxik nahi du denaren irudia eman, eta ez denarena ematen du, halako moldez non inork gutxik baitaki benetan zer eta nor den. Baina ezjakintasun hori etengabe aldatzen ari da, eta, azkenik, benetako izaera eman dio mozorrotuari. Mozorroa geratu da eta gizakia joan, ezerezean galdurik. Beste ihesbidea indiferentzia izan da. Errealitate honen gainean, edo azpian, beste errealitate bat da eraiki eta hantxe bizitzen hasi, paradisuko lorategia balitz bezala. Oso jaioak gara indiferentziaren artean, funanbulista apartak. Defentsa mekanismoa baino ez da, hasiera batez, kanpotik datorren minak are min handiagoa eragin ez dezan, are zulo sakonagoa egin ez dezan barne-muinetan. Denbora aurrera ahala, ordea, defentsa mekanismoak beste izaera hartu du, eta odolezko eginez, haragi bilakatu da. Haragi berri horrek ezaugarri berriak hartu ditu, eta, denak eboluziora jotzen duenez, poliki-poliki ere aldatuz joan da. Indiferentzia fatalismo bihurtu zaigu.
Luza ninteke hemen fatalismo horren sorreran zenbateko kulpa ote duten (dugun) komunitate honetako biztanleok oro. Zenbat eta ardura handiagoak izan, noski, orduan eta erantzukizun handiagoak, halakorik ozen esatera sekula ausartuko ez bada ere. Azken hogeita hamar urte hauetan alderdi jeltzaleak eraman izan ditu, batzuetan estu eta besteetan lasai, aginte-sokak. Beraz, besteena baino handiagoa da haren erantzukizuna. Horrek, dena dela, ez du inor zuritzen, denok bizi baikara hemen, eta denon esku dago, neurri handi batez, etxe huts dena bizitoki bihurtzea.
Indiferentzia giza bizitzaren minbizia da. Bestea dagoen tokian, laguna, auzo, ezagun edo lankide ikusi beharrean, itzalgaizka dabilen itzala baino ikusten ez bada, gizatasuna bera ere itzal bihurtuko da, itzal gaizto, mamu ibiltari, abere basati. Galdu egin dugu enpatiaren bertutea, beste bertuteen artean, bat berria ere ordezkorik hartzeke. Fatalismoa ez da hobea. Horretan erortzeak esan nahi baitu gizakiak uko egin diola berezko duen oinarrizko ezaugarriari, geroari ilusioz eta begitarte arraiz begiratzeari. Ez dago poz handirik bizi garen gizartean. Indiferentziaren eta fatalismoaren artetik igarotzen gara, estura batetik bezala, ibilbidea sekula amaituko ote den jakiteke. Inguratzen gaituenari izuz begiratzen diogu, tragikotasunaren zantzuan nonahi susmatuz. Eta izua uxatzeko oihuka gara hasten. Ahantzi egin zaigu hizkuntzaren erabilera laua.
Hauteskundeak, edozein tokitan, festa girokoak izaten dira, lehia zibil, odolik gabeak, zirkoetako borrokalarien jokoen antzekoak. Elkar jotzen dute minik egiteke; eta gehiago da imintzioaren aieru suabe benetako talka baino. Hemen ez, indiferentziak eta fatalismoak erabakitzen dute emaitza: ez erabakiz, jakina. Eta denak hartzen du, amaieran, halako aire hits kaotiko eta minbera.
Nik ez dakit nork irabaziko ote dituen hauteskundeak, baina badakit biharamunean eguzkia azalduko dela, eta lan handia izango duela irabazleak, nornahi den, ditugun arazoei aurre egiten.
Joseba Egibar, EAJren zerrendaburua Gipuzkoatik
www.berria.info 2009