Postaletan
idatzitako ipuina
Pako Aristi
.......................................................................................................................................................................
LEHENENGO POSTALA: Hor ikusten duzun hori Raimundo Nick
Valdibia deitzen da.
Kontrabaxua jotzen du, eta oso ona da. Habanako talde
gehienekin jo izan du, nola esperimentalekin, hala kontsagratuekin,
Karl Marx antzoki erraldoian bezala, hotelik xumeenaren
kafetegian. Turismo enpresa batek eginahal berezia burutu
du postalgintza berritzeko, eta azken asteotan Habanako
opari-dendak Raimundo Nick Valdibiaren postalez bete
dira.
BIGARRENA: Bizitzak eskaintzen dizkigun
txanponak, gure patriketakoak bezala, bi aurpegiz osaturik
daude. Bat-bateko zorionaren ondoren, zoritxarraren
izpiak ere aurki heltzen dira. Eta alderantziz. Bizitzak
jakingo balu bezala gure bihotza ez duela kolore bakar
bateko eguraldiak asetzen. Filosofiko jarri naizela?
Barkatu! Hor ageri da Nick Valdibia goizean etxetik
ateratzen, kontrabaxua bizikletan hartuta. Bere bizitzako
dirutzarik handiena irabaztera doa, baina ez doa pozik;
emazteak etxetik alde egin dio goiz berean.
HIRUGARRENA: Kontrabaxua ez da eskuan
zintzilik eraman daitekeen tresna apaina: handia da,
baldarra, baina beroa, lagun on bat bezalaxe. Bere helburua
mendizulo malkartsuan sortzen den oihartzun sakona haren
zurezko armazoian gordetzea da, norbaitek soka teinkatzen
duenean ahotik luze jaurtitzeko. Eta zutik jarrita,
emakumearen antzik handiena duen musika tresna da; ikusi
egin behar zenuke nolako leuntasunarekin eramaten duen
Nick Valdibiak kontrabaxua batetik bestera, hauts bihur
lezakeen trakestasunaren suaren beldurrez bezala.
LAUGARRENA: Bizikletan eramaten zuen
entsegu lekura. Kuban zaila da auto bat edukitzea, eta
are gaitzago auto horrek funtzionatzea edota gasolina
lortzea. Azkenaldian tira, baina... Kontzertu lekuetara
ere halamoduz ibiltzen zen: hor kontrabaxua auto deskapotagarrian
daramala ikus dezakezu. Baina askotan eramango zuen
moto kaskarren baten sidekarrean, guaguan bestela, edo
boniatoz beteriko kamioiaren bolketan. Tresna estaltzeko
zorrorik ere ez zeukan: horrela bidaietan ere entsea
zezakeela esaten zuen. Pieza berriak autobusetan estreinatzen
zituen. Horrelako estreinaldi batean ezagutu zuen Nancy.
BOSGARRENA: Kontrabaxuarekin maitemindu
zuela aitortzen du Nick Valdibiak. Ezta behin ere ez
omen zion begiratu. Baina bukatu zuenean, eta guaguaren
ateak ireki, han omen zegoen Nancy kontrabaxua jaisten
laguntzeko prest.
Nancy Camagüey probintziakoa da. Habanara etorri
berria, inoiz ez zuen kontrabaxurik ikusi. Inoiz ez
zuen Nick Valdibiak bezalako hatzik zituen gizonik ezagutu,
hain ziren luzeak, indartsuak. Hatz haiek soken gainean
dantzari ikusita, gorputz osoan kilimak sentitu zituela
kontatu ohi zigun.
SEIGARRENA: Ez dakit jakingo duzun,
baina Kuban jendea gorputzarekin bizi da. Gu, Europan,
buruarekin bizi garen bezala. Guk gauza guztiak neurtu
egiten ditugu, aztertu, baloratu, guretzat garrantzitsuena
ulertzea baita. Kubatarrentzat garrantzitsuena sentitzea
da, gozatzea, eta hau ez da topiko bat, haien izaeraren
oinarria baizik. Gorputzarekin eta zentzumenekin hartzen
diete haiek gauzei neurria, abegitasuna edo gogaikarritasuna.
Gero, tarteka, burua erabiltzen dute. Guretzat, tradizio
kristauean, gorputza grinaren edota gularen kabia den
bezala, haientzat gorputza bizitza bere osotasunean
ulertzeko egina da.
ZAZPIGARRENA: Gau hartan bertan etxera
ekarri zuen neska Nick Valdibiak. Halere, aste batzuek
pasa arte bere lagunek ez genuen istorioaren berri jakin.
Inork ez zuen Nancy ikusi, egun batean entsegura agertu
zen arte. Kontrabaxuaren barruan eraman zuela esan zuen
Nick Valdibiak. Hori esaten zigun beti: Nancy kontrabaxuaren
barruan eraman eta ekarri egiten zuela.
ZORTZIGARRENA: Hor emanaldi bat hasi
baino lehenago ageri dira, kantu berri bat entseatzen,
Nancyk etxetik alde egindako egunean. Postalak, guztiak
egun horretakoak dira. Gauean Guanabacoan jo zuten.
Nick Valdibia oso goibel zegoela diote bere taldekideek,
baina inoiz baino indartsuagoa eta sentikorragoa izan
zela haren jotzeko modua. Haren gau hartako musika dei
ilun eta era berean lizun bat zela, tigre eriaren orrua,
sabana handian abisua zabalduz.
BEDERATZIGARRENA: Lau orduz jo zuten
gau hartan, eta taldekideak nekatuta ere, Nick Valdibiak
ez zuen geratu nahi. Hordituta zegoen zera esan zuenean,
Nancy kontrabaxuarekin maitemindu zuela, eta orain ihes
egin zionean ere kontrabaxuarekin lortuko zuela hura
harrapatzea.
Gau hartan hasi zuen Nick Valdibiak
sei eguneko bilaketa eroa, apenas lorik egin gabe eman
zituen egunak, eta etxeko sartu-irten bakanetan ere
lokumuska arinen batetik esnatu orduko kontrabaxua jotzen
hasten omen zen. Bera ez ezik, taldekoak ere erotu zituen
ia. Hor ageri da goizaldera auskalo zein taberna zulotan
jotzen.
HAMARGARRENA: Seigarren egunean oihal
zuri bat erosi zuen Nick Valdibiak, eta jostun bati
kontrabaxuarentzat zorroa egiteko eskatu zion. Bukatu
ei zuen bere bilaketa; aurkitu omen zuen Nancy, edo
harrapatu, edo erakarri, edo... taldekideek ez zekiten
zer pentsatu. Loezak eraginda, flakiak jota, zurrutak
nahastua, haren buruak ezin zuen onik egon egoera hartan.
Biharamunean alde egin beharra neukan, eta bisita egin
nionean nik ere erotu egin zela pentsatu nuen. Baina
orain ez dakit zer esan.
HAMAIKAGARRENA: Madrilen nago. Hor doakizu
Cibeleseko iturri galantaren postal bat. Ni ziur nengoen
Nick Valdibia erotze bidean zegoela, Nancy nirekin egon
baita bere ondotik ihes egin zuenetik. Putakume ederra,
esango duzu, eta horrela begiratuta bada, agian arrazoi
duzu, baina maitemindu egin nintzen, eta horrek barkatu
ohi du erokeria eta gizatasunik gabeko jarduerak oro.
Hala izan bedi.
Orain, zalantza dut haren erotasunaz: nik alde egin
bezperan, Nancy Nick Valdibiaren etxera joan zen, postalengatik
kobratu zuen dirutza lapurtzeko asmoarekin. Nancyk ere
Madrilera etorri nahi zuen.
HAMABIGARRENA: Konturatuko zinen hau
argazki bat dela. Harrituta ezta? Hementxe atera dut,
hotelean bertan. Nancyk dena aspalditik lotua zeukala
esan zidan, bisa, baimenak eta abar. Nik konpondu nion
abioiko txartelarena.
Ez zen, ordea, aireportura azaldu. Bakarrik etorri naiz.
Alabaina, maletak jasotzerakoan, hankak dardaraz jarri
dizkidan hori ikusi dut: kontrabaxua, bere zorro zurian
bilduta, maleten artean jirabiraka. Bidaiari guztiak
harritu ditu, hilotz bat bezala etzanda, geldirik, erruki
eske agian. Maleta guztiak jaso dituzte, baina kontrabaxua
inortxok ere ez. Nirea zen. Niretzako zen. Eta jaso
egin dut.
TELEGRAMA BAT: Hator zakizkit azkar,
Josune, bestela erotu egingo naiz. Kontrabaxuaren barruan
zerbait dagoela dirudi... edo norbait. Batzuetan oihala
astintzen duen haize moduko bat da; bestetan halako
zinkurin maltzur bat; eta oraintsu, kontrabaxu osoak
ezker-eskuin zirkin bat egin duela iruditu zait.
Zatoz lehenbailehen. Izuak harrapatua nauka gela zikin
honetan.
AZKEN HITZAK: Kontrabaxu guztiek ote
daukate emakume bat euren zurezko sabelean? Ala gizonezko
guztiak dira beti eta etengabe emakume baten lera daukatenak
euren zurezko bihotzean, euren betiereko minean? |