KURLO
HEGALETAN
ITXARO BORDA
.......................................................................................................................................................................
X leihotik begira zegoen bulta
hartan. Haizea hegora zihoan, buha eta buha. Ekialdean
metatzen ziren euriz kargatu hedoi grisak. Itsasaldea
zohardi urratzen mirets zezakeen.
Hilabetea eskas zuen M-ek utzi egin
zuela eta asteak negarrez urtu ondoan, oraintxe bere
onera bideratzen ari zen, orduak gogoa alhan eramanez.
Berriro ere abandonatua izatearen doloreak, punal baten
antzera, bihotza zirikatzen zion, M aurrekoak bezalaxe
agerpen sakonak saihestuz, joan zelako, atea klaska
araziz. Utzikeria biderkatu eta errepikatuez, bihotza
herdoila putzua eta bera burdinezkoa bilakatzen ari
zirela itxuratu zuen. Ibai ertzeko zurzuri xanfarinen
puntak eztiki plegatzen segitzen zituen bitartean, artozango
hiroz estali alorrean kurlo edo lertsun multxo bat pausatzen
ikusi zuen. Begiak hertsi zituen.
Oroitu zen haurra zela. Aspaldiko partez,
oroitu zen haurra zela, maitatua izan ez zen haurra,
zenbat berantesten zuen larrazkena eta kurlo saldoen
etorrera. Etxe zolako pentzeraino joaten zen ttaka-ttaka,
han bakarrak gelditzen baitziren gauerako, haien zai
egoteko, urteak urtetegi zizelkatu eskaera buru zokoan
dantzari:
—Eroan nazazue...
—Haugi etxera arren, deabru zozoa...
—aditzen zuen sukaldeko atetik, orroaz. Denboraren
botereaz eta kopeta ilun, bera zen deabru zozoa ezkaratzera
hurbiltzen zen, debekatua zirudion amets sekretuan murgiltzen
harrapatua izan balitz bezain ahalke. Ordre eta manuak
baino, etxekoek ez zuten X-taz eskerrik: abila zela
bazekiten, hartze onekoa eta gehiena zenaz gero, zioten
ahapez, gaiztakeriarik gabe: bere bidea berak ikas beza;
halaz bizitzako keinka larrietan bereberezko esperintzia
motz eta murritzaz aparte, ez zuen biziari gustu humano
zerbait erants lioken zehaztapenik lortzen ez gurasoengandik,
ez osaba-izebengandik, ez aitonamonengandik. Haurzaro
osoa, larrazkeneko hego argira behin irekitzen zen tunel
ilun eta amaigabea zela zirudion.
Larrazkena igurikatzen zuen. Larrazkenaren
bukera hain zuzen. Orduan zeruak laino astunez betetzen
ziren eta negua zetorrela seinale, antzera basak pasatzen
ziren. Bildu eta bihikatu berri ziren artadiak trebeskatuz,
ur hegira lehiatzen zen, handik baitzen ikusgarria hobekien
hartzen ahal. Hats hantua heltzen zen, makila eskuan,
ibaiaren beso nagiraino. Lur pulo baten gainean jartzen
zen, ortzeari so. Kurlo hegaldiak zenbatzen eta haien
ibilerak aztertzen zituen, nola bata akitzen zenean,
besteari buru-lekua uzten zion, etengabe, halako bizidunen
arteko elkartasunaren ikur! Zoratzen zen ondikotz eta
hondarrean, gaua jaisten zela, lepotik minez itzultzen
zen etxera, biharamonean etorriko zela hitzemanez. Haize
hego beltzak zuhaitzak makur arazten zituela, hodeiak
mehatxuz lasterka, lur puloaren bizkarrean kukubilko
orenak ematen zituen horrela. Ardien marrakak hauteman
zitzakeen urrunean eta noiztenka, kurloek izutu zakur
baten zaunka lotsati eta mentsak. Kurloak iragaten ziren
sasoian ez zuen libururik irekitzen. Ortzea liburu paregabea
zitzaion.
Urteak higamen, ez zekien egia ala ametsa
zen: behin gauaren minean loak har zegoela, ganbaratik
kurlo aihenak entzun zituen. Presaka beztitu zen, arinki,
hotzaren ez senditzeko doia, azaroko ilunbeak ez baitziren
baitezpada beroak eta etxetik atera zen. Erreka hegira
iritxi zen. Ilargi betean begistaturikoa ez zuen sekula
ahantziko eta gaztaro zein helduaro bakartuan aski zukeen
une hartaz pentsatzen hastea, sosegatzeko. Emeki-emeki
kurloak errondan plantatuak ziren gunera ondoratu zen;
bihi bat ez zen higitu, beldurrez. Alderantziz, arramantza
txukunaz ongi-etorria ematen zioten:
—Kuru-kuru zu gure aiduru! —xaramelatzen
zuten, hegalak astinduz. Orduan, lehen aldizkoz, kurloen
soa gurutzatu eta hegaztinen begien disdirak galaxia
osoa argistatzen zuela sinetsi zuen.
Bere tokia hor zela zerrasan, txori
migratzaile horien erdian, zinezko tokirik edukiko ez
zuen X-ek. Sortu zen bizirik, bera baino lehen hil bi
umekien ordezkari bezala eta soinetik begitartera, herioaren
zama eta zigiluak zekarzkien. So egiten zion edonork,
tribuaren historia ezagun zuela, hilik munduratuak irudikatzen
zituen eta X-ek espektra haiek salbu, nortasun berezirik
ez zeukan. Eguneroko zereginetan halaber beti ordezkari
gisa aritzen zen, gehienetan inkonzienteki: lan berrietara
erretretara joan baten ordari zetorren, elkarteetan
hautagairik ez zegoela hautatua suertatzen zen norbait
egoki agertzeraino, maitaleak, eta egoera argiki ahoskatzen
zioten, bikotekide ederragoa harrapatu bitartean berarekin
geratzen ziren, hutsak betetzen zebilen eta husten.
Kurloen konpainian bere lekua harrapatu zuela behin
oroitu arte, ez zuen egun bakar bat larrutu herioari
pentsatu gabe: ez zen alabaina morbidoa, baina bizitza
bi heriotan eta gurasoen penaren aztaparretan hertsatzen
zen, besteen zerbitzuko behar zuelako bizibidea zeharo
trabatuz. Anitzetan agitu zitzaion noski, irauteko kemenik
aski ez edukitzea. Baina, lazakeriaz edo, ez zen berehalakoan
hiltzera atrebitu.
—Kuru-kuru gure aiduru!
Oraindik ere entzuten zituen oihu luze
haiek. Egiazki mintzatu zena borobilean bildu kurloekin?
—Hegalez eroan nazazue...
Badira behar bada ene haurtasuna geriza dezaketen lur
eta goizaldeak. Eroan nazazue ahalik urrunen.
—Kuru-kuru gure aiduru zu... Eta
gu lumak mukuru, kuru-kuru... -Arrapostu kantaria erdietsi
zuela uste zuen, kuru-kuru aiduru egoterako gonbita
laztana. Bat-batean handitu zen eta jadanik bazterrak
ez zituen berdin haztatzen. Haria luzatu zen txorien
eta bere artean, itsumandoka ilunbean labirintotik ateratzeko
gida moldean baliatuko zuen haria. Gauerdi irian karrasi
samina aditu zen, ortzearen deia menturaz eta kurloak
airatu ziren, ilargi betearen argitan.
Isiltasuna hedatu zen. Uraren murmurioa
eta behialako zakur zaunka oihartzen baizik ez ziren
jagoitik. Nahar artean hazitako arrosa zela irudikatu
zuen, arta eta esker ezean, arrantzak eta koloreak lantzen
aritzekoa zela alegia, inoren laguntzarik gabe. Gehiena
izanarren, ez zen etxeko premua eta dudarik ez, partitze
goiztiarra amestuz, txori migratzaileen kide sentitzen
zen. Negua iragartzen zuten hegaztien ahaide. Nehoiz
ez zuen ahaidetasun horren dasta galduko: bere altxorra
zen eta erran genezake orain ere, bizitzea baimentzen
dion altxorra dela.
Kuru-kuru zu gure aiduru.
|