OGIAREN
KONKISTA
HARKAITZ CANO
.......................................................................................................................................................................
Abdulek presaka segitzen zion Sergiori eta galdera behin
eta berriro egiten zion, ozenki, gero eta ozenkiago.
Sergiok, ordea, ez zion erantzuten. Galdera orduan,
haizearen kontra zihoan ke zerrenda bat zela esan zitekeen,
Luzuriaga Fundiciones tximiniatik ateratako ke zerrenda
bat, haize kontra zihoana, eta ez zena Sergioren belarrietara
iristen.
– Zertarako behar dugu ogia?
Sergiok oinez jarraitzen zuen, geratu gabe, ogi erosi
berria besapean.
– Zaude isilik eta etorri nirekin.
Bi hilabete eman zituzten Zumarragako
tren geltokian bagoiak husten. Sergiok erakutsi zion
bagoi hustuketari buruz jakin behar zuen guztia. «Bagoi
hustuketaren artea», esan ohi zuen berak. Abdulek,
urte batzuk beranduago ere, oraindik, egunkari batean
«arte» hitza irakurtzen zuen bakoitzean,
argazkian ageri zen artistak pintore izan aurretik trenak
hustu zituela pentsatzen jarraituko zuen. Egin ariketa
hori, ederra da: Van Gogh, Matisse, Picasso, Dali bera,
denak trenak husten.
– Ziur nahiko denbora geratzen
dela?
– Horixe nahikoa denbora geratzen
dela, ez da ba geratuko, zozoa! Ibilbide luzeko trenetan
bakarrik, entzun?
– Eta nik nola dakit ibilbide
luzekoa edo laburrekoa den? Niretzat tren guztiak berdinak...
Orain ez, orain Abdulek bereizten zituen.
Sergiok arrazoi zuen. Ibilbide luzeko trenek hauts gehiago
eta neke gehiago zuten gainean, lurralde ezberdinetan
zahartu denaren azala, beste garai bateko ukitu bat,
diktadoreak erortzen ziren bitartean garai berriaren
etorrerak tren haiek martxan harrapatu izan balitu bezala,
trenak enteratu ez bailiran erregimen aldaketaz. Eta
diktadurak geratu daitezke, baina martxan datozen trenak
ez. Beste garai bateko zera bat zuten ibilbide luzeko
trenek.
– Zuk bagoi batera igo eta korridorearen
ondoan dauden apaletatik aukeratu maletarik berriena.
Txikia bada aukeratu bi. Eta gero jaitsi. Erraza da.
– Eta maletaren jabea?
– Jabea lo egongo da trenean.
Errebisorearekin eta estazioko zaindariarekin ibili
behar duzu kontuz!
Sergiok erakutsi zion Abduli trenak
husten, eskapada bat baino gehiago egin zuten elkarrekin.
Maletaren bat ere abandonatu behar izan zuten bertan
behera, trenbidean erdian tripak erakutsiz, zabalik,
gaixoari sabela ireki eta itxi gabe alde egiten duten
zirujau koldarren moduan. «Korri Abdul! Korri,
ostias! Korri, Laputa korri!». Ostias, Laputa,
Sergio eta bera. Tropel oso bat sumatzen zuen halakotan
bere ondoan korrika. Sergiori ez zion inoiz halakorik
aipatu, hala ere.
Estazioz aldatu behar izan zuten, baina
estazio hau txikiagoa zen eta han ez zen hainbeste tren
geratzen. Sergiok arriskutsuegia zela erabaki zuen.
Ez zuela merezi. Utzi egin zioten trenak husteari. Laga
egin zuten «trenak hustearen artea», Sergiok
zioen bezala.
Tren hustutzaileak. Horixe ziren haiek.
Maleta hartu eta estaziotik apur bat urruntzen ziren
belar luzeska apur batzuk baino ez zituen orube batera
iritsi arte. Maletak bertan ireki eta erdibanatu egiten
zuten maletako edukia. «Emakume arropa, berriz!
Joder!». Sergio madarikatzen hasten zen emakume
arropa topatzen zuten bakoitzean, baina Abdul aise konformatzen
zen. Bere arrebari ondo etorriko zitzaion galtza pare
hura. Dirua gutxitan aurkitzen zuten. «Jendeak
berarekin eramaten du azalera atxikirik, dirua da hemen
jendearen azala, Abdul», esana zion aspaldi bere
buruari.
Baina orain arriskutsuegia zela erabaki
zuen. Ez zutela tren gehiago hustuko. Astebete pasa
zuen Sergiok belar printza urriak zituen orubean sarraila
zahar batekin frogak egiten. Barregarria zen: alanbre
batekin irekitzen saiatzen zen, behin eta berriro, baina
saririk ez zeukan sarraila hura irekitzeak. «Ireki
behar dugun atea horrelakoa duk», esaten zion
Abduli, honek bere begi zuri-handiekin galdera egiten
zionean. Oi, bai: begi zuri eta handiak dira orain interrogazio
berriak, aspaldiko zerri gantxo itxurako haiek baztertu
ditugu, orain biribilak eta zuriak dira galdera ikurrak.
– Eta nik nola dakit ibilbide
luzekoa den ala ez, Sergio, nik nola dakit, zer ari
zara alanbre horrekin, eta batez ere, zertarako erosi
duzu ogia, nora zoaz ogi horrekin, ez al genuen gaur
etxe hartako sarraila apurtu behar?
– Gustatu zitzaioan arrebari atzoko
galtza parea?
Oraingoan Sergiok galdetzen zuen, gutxitan gertatzen
zen hori.
– Bai.
Bai. Gauza arraroa zen Sergiok ezer galdetzea.
– Egunkarian irakurri diat paperak
emango dituztela. Ez denoi, lan bat daukazuela frogatu
behar omen duzue.
– ¡A, pues yo soy limpiador
de trenes!
– Horrek ez du balio.
Imajinatzen zuen bai, trenak husteak ez zuela balioko.
Sergio presaka zihoan oinez. Abdul bere
atzetik, lurruna ahoan, goizeko zortzi t´erdiak
ziren eta lurrunak Luzuriaga Fundiciones aldera eramaten
zizkion galderak Abduli.
– Zertarako daramagu ogi bat?
– Hik ez dakik presoei ogi barruan
lima bat sartzen zietela, ezta?
– Ez.
– Hik ba al dakik zer den Alcatraz?
– Hegazti baten izena ematen du.
Hegazti handi batena. Txori bat da?
– Hik ez duk txikitan pelikularik
ikusi...!
Erruki zion hori esaten zionean, Abdulek nabaritzen
zuen. Iritsi ziren atarira. Inor ez buzoien parean.
Isiltasuna baino ez arkitektu baikorren batek igogailuarentzat
gorde zuen eskailera-hutsune hartan ere. Edonola ere,
mamuek ez dute igogailurik behar.
– Ez piztu argia.
Abdulen eskuak ulertu eta erretiradako keinua egin zuen.
Baina eskailburu honetan arazo bat:
eskaileretan gora bizilagun bat topatu zuten, mesfidantzaz
begiratu ziena. Sergiok irribarre egin zuen, irribarre
zabal bat, «Egun on», eta ogia jarri zuen
bera eta sartzen ziren lehen aldia zen portal hartako
bizilagunaren artean. Ogia jarri zuen gezirik gabeko
arku bat edo ezkutu bat bailitzan, eta eskaileretan
gora jarraitu zuen Sergiok, eta bere atzetik Abdulek,
eta bizilagunak ogiari begiratu zion eta bere begietako
mesfidantza ogiak irentsi egin zuen zup, ezkutu batean
gezi bat iltzatuta geratzen denean bezala, eta beherantz,
bebarrurantz eta kalerantz eta mundurantz, eta, ziur
aski, astean hirurogei ordu kentzen zizkion Luzuriaga
Fundiciones lan desatsegin baterantz abiatu zen bizilaguna.
«Agur, ikusi arte, atutalor, arribedertxi, adios
bai...»
Jakina, Abdulek orduan ulertu zuen dena:
ogia ezkutu bat zen zinez. Lapurrak ez dira etxeetara
ogi bat besapean dutela sartzen.
Sergiok tira egin zion Abduli besotik.
–Ikusten, zozoa? Orain ulertzen
duk zertarako behar nian ogia? Eutsi!
Abdulek, eskailburuan zutik, Sergiok eman zion ogiari
eutsi zion esku batekin eta totem bati bezala begiratu
zien bere orbain luzeei, ogia biltzen zuen paper marroi
xeheari. Gero, usaindu egin zuen. Ogiak, bizilagunaren
begiradatik zurrupatu ondoren bereganatu zuen mesfidantza
bere usna-ildoetara egozten ziola iruditu zitzaion.
Ez zuen nahi beretzat ogiak mesfidantzarik.
Abdulen aurrean makurturik, Sergiok
alanbrea sartu zuen sarrailaren begitik.
Oraindik ez ziren goizeko bederatziak.
|