NEWSCASTLE-KO
TXIMINOAK
JAVI CILLERO GOIRIASTUENA
.......................................................................................................................................................................
ESPERIMENTU BAT egin dute Newcastleko
Unibertsitateko Behatokian. Erakunde horretako ikertzaileek
tximino andana bat bildu eta bideomakina baten aurrean
paratu dituzte.
Bideoan, ume batek eskuak erabiltzean
egiten dituen mugimenduak erakutsi dizkiete. Hain zuzen
ere, teklatu baten aurrean dagoen ume baten mugimenduak
eta hatz jolasak.
Tximinoek laster ikasi dituzte teklatuaren hasi-masiak.
Ondoren, idazmakina banaren aurrean ezarri dituzte.
Handik gutxira, letrak idazten hasi dira, alfabetoko
letrak. Tximinoak gustura dabiltza eginkizunean. Arrapaladan
betetzen dituzte lerroak, lerroaldeak eta orrialdeak.
Ikertzaileek aspaldiko teoria posibilista
hura frogatu nahi dute, hau da, tximino saldo bat hartu
eta idazmakina bana emanda, konbinazioaren poderioz,
egunen batean Shakespearen lan guztiak idazteko gauza
izango direla.
Ikertzaileek kontuz neurtu dituzte portzentaiak
eta aldakiak, epe luzeko proiektua denez. Honela, lehenengo
aste eta hilabeteetan arretaz aztertu dituzte emaitzak,
egungo kode zifratu eta mezu sekretuak entelegatzen
dituzten ordenagailuen bidez. Egunero aztertu dituzte
tximinoen idazkiak, eta egunero hartu dute etsia. Tximinoen
lanak ulertezinak dira, konprenigaitzak, abasberuan
egindako zirriborroen gisara.
Ikertzaileek patxadaz hartu dute kontua.
Aukerako jana eta bestelako goxagarriak eman dizkiete
animaliei. Ez dute zertan gogor jokatu tximinoekin,
batez ere, Animaliak Babesteko Elkarteak egindako oharpenen
ondoren. Laster ohitu dira denak, ikertzaileak eta tximinoak,
bere eginkizunak betetzen. Jana eman, emaitzak aztertu,
beste egun bat egutegitik ezabatu ikertzaileek. Jana
hartu, teklatua sakatu, beste egun bat egutegian bete
tximinoek.
Egun batean, ordea, ikertzaileak konturatu
dira zer edo zer gertatzen ari dela tximinoen gelan.
Izan ere, behin eta berriz azaltzen ari da orrietan
tximinoek idatzitako pasarte luze bat.
Badirudi tximinoak kateatuta gelditu direla pasarte
horretan. Behin eta berriro idazten dute gauza berbera.
Areago, hasieran tximino bat edo biren makinetan azaltzen
zen pasartea, baina dagoeneko tximino guztiek idazten
dute batera, isilpeko kode bat bailitzan, elkarri irakatsitakoa.
Orkestra baten perkusio taldeak batera joko balu bezala
jotzen dituzte idazmakainaren teklak tximinoek.
Ikertzaile taldea txundituta dago. Orduan,
ikertzaile batek burutazio argi bat izan du. Datuak
aztertzen ibilita, ohartu da akats metodologiko bat
egin dutela. Tximinoei alfabeto latinoa irakatsi zaie,
Shakespeareren lan guztiak berriz sortzekotan. Hala
ere, gramatika arauak eta hiztegia ingelesezko testu
zaharretatik bildu dute, baita James erregearen Bibliatik
ere.
--Eta tximinoek beste hizkuntza batean
idatziko balute menturaz?
Beste ikertzaileek errefuxatu dute teoria xelebre hori.
Hala balitz, adimen ezohikoa aitortuko litzaieke tximinoei,
filologiaren sustraiak ezagutzea. Dena den, delako pasarte
hori behin eta berriro agertzen da pantailan setati.
Gainera, ikertzaileek nabaritu dutenez, tximinoak aldatuxe
daude. Asaldatu dabiltza, artega, berotuta edo. Eta
orduan ikertzaileek kontu harrigarri bati erreparatu
diote.
Izan ere, tximino batek ez du besteek idatzitako mezu
berbera idazten idazmakinan.
Ikertzaileak berehala bildu dira kontuaz eztabaidatzeko.
Erabaki dute, funtsean, tximino hori besteengandik bereiztu
eta arretaz zaintzea.
Honenbestez, tximinoen gelara joan dira.
Bat, bi, hiru, lau… dozena bat tximino dago zein
bere idazmakinaren aurrean. Inoiz baino alaiago daude,
ironiazko barreirudi bat begitartean.
Ikertzaile guztiek leku berbera bildu dute begirada.
Bestelako mezua idazten ari zen tximinoa idazmakinaren
aurrean dago, geldi-geldi. Laster egiaztatu dutenez,
hilda dago, ordenagailu kable batez itota edo.
Bestalde, ez dago idatzi duen mezuaren
arrastorik.
Biharamunean ikertzaileek agindu bat jaso dute Behaketako
zuzendaritzatik. Esperimentua bertan behera utzi behar
dela, Barne Ministeritzak erabakita.
Honenbestez, geratzen ziren tximino guztiak armadako
kamioi batean atera dituzte. Gero, tximinoek idatzitako
material guztia bildu eta ordenagailuak prezintatu dituzte.
Biharamunean, ikerketa gela itxi eta ordubetegarrenean
hustu dute. Ikertzaileak zein bere Unibertsitatera itzuli
dira burumakur.
BEREHALA ZABALDU dira
hipotesiak. Bazterrak nahasten dabilen inteligentzia
zerbitzuko agente batzuek tximinoei eragin dietela,
drogen bidez edo. Ezinezkoa, Barne Ministeritzako bozeramaileak
dioenez. Beste bat, alegia, lurrez kanpoko talde bat
tximinoekin harremanetan ibili dela, telepatiaren bidez
edo mezu kodifikatuak helaraziz. Gizartearen hondamendia
dakarkeen zerbait. Beste bat, Fatimako hirugarren mezua
errepikatzen ari omen dira tximinoak.
Beste batzuek, berriz, irudikatu dituzte
tximinoak hiltegira bidean. Disekzioa egingo omen diete
bizirik daudela, halako txerrikeriak (barkatu hitz jokoa).
Hori dela eta, Animaliak Babesteko Elkarteak ezlegezko
proposamen bat aurkeztu du Parlamentuan. Gobernuaren
koalikzioak ekimena zapuztu du, eta kontuz ibiltzeko
esan die Elkarteko kideei.
Hona hemen bitxiena: inork ez du ikusi tximinoek idatzitako
pasarte luze hura. Barne Ministeritzako soto batean
gordeta egongo da, edo sotoko labean errautsita. Kontua
da ikertzaile horietako bat, hain zuzen ere, tximinoek
hizkuntzak ikasi zituztelako burutazio argia izan zuena,
telebisio saio batera gonbidatu dutela azalpenak ematera.
Egia esan, inork ez daki burutazio argia zuelako aukeratu
duten edota ikertzaile taldeko emakume bakarra zelako.
Hala ere, saioaren bezperan bertan itzali
da emakumea. Inteligentziako aditu batek esan digunez,
Barne Ministeritzako soto batean atxikiko dute, izugarrizko
txerrikeriak eginez (barkatu berriro). Beste ikertzaileak
mutu daude, isilik eta kezkatuta. Gutun bana jaso dute,
eta leunki adierazi zaie hobe dutela tximinoez ahaztea
eta ikasleez ardura handiagoa hartzea.
Bide batez esanda, Shakespeareren lanak harrapaka saltzen
hasi dira, labetik ateratako opilak bailiran. Hipotesi
baten arabera, mezu sekreturen bat dago Shakesperearen
lanetan, gizateria osoa arriskuan jar dezakeena. Berehala
azaldu dira telebisioan adituen iritziak, traje gris
adabakiez beteak eta ahots marrantatuak.
Bitartean, mezu anonimo bat heldu zaigu,
desagertu den emakumearen sendiak bidalia. Ikertzailearen
paperen artean aurkitu dute mezua. Dirudienez, tximinoek
idatzitako pasartearen ale zimurtu bat da, labean amaitu
zuten ehundaka horietatik bat.
Jakin badakigu ez dela lurrez kanpoko izakiek bidalitako
mezu bat. Kontuan har dezagun tximinoei alfabeto latinoa
irakatsi zietela, eta milaka hitz eman zitzaizkiela
elkarren artean josteko. Orrialde berreskuratu horretan
ageri denez, gogor eta latz ari ziren tximinoak beste
tximino talde bat jazarri nahian. Shakespeareren hizkuntza
dotorean tximinoek behin eta berriro idatzitako pasarte
hori Hitlerren eskuliburu batetik dator, zalantzarik
gabe.
Kezkatuta gaude. |