Izar
ona
JUAN KRUZ IGERABIDE
.......................................................................................................................................................................
Gauzak noiz okertzen hasi zitzaizkion
berak ere ez zekien ongi. Beharbada, hamabi urterekin,
bizikleta eta guzti errekara amildu, harkaitza jo, eta
hankatik betiko herren gelditu zen hartan; edo hamasei
urte zituela, izebarekin izan zuen zera hartan (etxetik
presaka atera behar izan zuen eta batean eta bestean
bizi aurrerantzean, orain apopilo, hurrena pisu kaxkar
alokatuan, lan txar askotan bizimodua atereaz).
Haurtzaroan, haatik, izar oneko umea
izana zen: bizkorra, bizkorrik bazen, eskolan eta kirolean
gutxik emango zioten hari; gurasoen, auzokoen eta irakasleen
kuttuna izan zen irribarre gozoko haur begi-argi hura.
Urte gogorrak etorri zitzaizkion, baina,
gaztaroan; goiz zahartu zen, eta bekokian hiru arrasto
nabarmendu zitzaizkion alderik alde. Bazeukan, gainera,
neskekiko halako ezintasun bat, izebarenaz geroztik;
dantzalekuetan-eta saiatu arren, kosta egiten zitzaion
bere adintsuko neska batekin hizketan hastea; halakoetan,
edariren bat izan ohi zuen lagun, bazterren batean erdi-uzkurturik,
ke eta argi koloreanitzen artean begirada galduta.
Grinaren hormonek gainezka egiten ziotenean
eta bakarlanean aserik hartu ezin zuenean, emagalduetara
jotzen zuen (ilunpetan aritu behar izaten zuen hartan,
eta inoiz ez zien uzten aurpegia musukatzen), nahiz
eta gero halako barne-hutsune batekin irten maitetxetik.
Haurtzaroko izar ona, ordea, ez zitzaion
zeharo itzali, inondik ere. Adina iritsi zuenean, trailerrak
gidatzeko gida-baimen berezia atera zuen, eta, nahiz
eta hasieran hartan lanik aurkitu ez, halako batean,
tabernari zebilela, bezero baten bidez etorri zitzaion
proportzioa gaixo zegoen gidari baten ordezko gisa trailer
bat Europan barrena gidatzeko.
Haurtzaroko izar onaren distira argitzen
hasi zitzaion atzera, ezen laster eman zioten lanik
aski garraiotzan, berak inoiz amestu ere ez zezakeen
soldata eta gehigarri ederren truke. Piztualdiak haurtzaroko
buru azkarra ere berpiztu zion; bidaiak aprobetxatuz,
kaseteekin hizkuntzak ikasten zituen bidean, eta, Europa
osoan hara-hona zebilenez, lekuan lekuko hizkuntzak
praktikatzeko aukera eman zion horrek; berehala moldatzen
zen edonon, eta hainbat hilabeteren buruan dozenerdi
bat hizkuntza mintzatzen zituen edonorekin elkar ulertzeko
moduan. Horrek, jakina, beste aukera batzuk ere zabaldu
zizkion; izan ere, gidaritzaz gainera, beste hainbat
lan ere ematen zizkion enpresak, beti ere gainsari ederrak
eskuratuz.
Diru ugari zerabilen eskuartean, baina
ez zen itsutu; emagalduetarako joera, harrigarriki,
galduz joan zen. Bizimodu apala egiten jarraitu zuen,
eta, denbora gutxi barru, hiri erdiko pisu eder baten
jabe egin zen. Pisua zaharra zen, baina goi mailakoa.
Konponketa arin batzuk egin, eta alokairuan ipini zuen,
maileguari buelta emateko. Berak apopilotzan jarraitu
zuen.
Jai zeukan batean, goiz-goiz ibaiertzetik
zuhaizpean ibilaldi bat egin, eta gosaltzera sartu zen
kafetegi batera, huraxe baitzuen plazerik handienetako
bat jai zeukanean. Hasteko, zuku bat hartzen zuen; gero
kafe bikoitza, azukrerik gabe, kremazko bonba pare batekin;
gosaria amaiturik, txokolate zati bat ahoan zuela, egunkaria
irakurtzen zuen.
Egunkaria irakurtzen ari zen, bada,
atzekoz aurrera, berak gustuko zuen bezala, zine gaietan
luzatuz (azkenaldian zinerako joera baitzeukan, atsegin
zuen kritikak eta erreseinak irakurtzea). Istripu baten
berri ere irakurri zuen; istripuen berriak goitik behera
irakurtzen zituen, kamioizale izanik arreta berezia
ipintzen zuen-eta kontu horietan. Albiste gogorra zen:
auto batek euriagatik irrist egin, eta ibaira amildua
zen. Senar-emazteak zihoazen bertan; senarra nola edo
hala bizirik irtena zen. Emazteak, inondik ere, herio
luze samarra jasana zuen, autoa ez baitzen segituan
urperatu, ibaiak arrastaka harrien kontra joz eramanik.
Emakume zenduaren izen-abizenak zekartzan
egunkariak.
Arnasa eten zitzaion; izena lauzpabost
bider irakurri behar izan zuen. “Izeba!”.
Aspaldian lozorroan zeuzkan irudiak arrapaladan itzuli
zitzaizkion gogora: izeba ohean bakarrik, lo; bera haren
alboan sartu, arropa pixkanaka kendu, bortxatzen saiatu,
izeba garrasika…; etxetik joan behar, joan behar…
Ez zuen adorerik izan hiletara agertzeko;
joan bai, joan zen, kilometro asko igarota, baina autoan
sarturik egon zen, eliza ikusten zen bihurgune garai
batetik begira.
Eta izarra itzali egin zitzaion berriro.
Orduan, patarrez gozatu nahi izan zuen behazuna.
Handik egun batzuetara, kamioiarekin
errepidetik atera, alkohol-kontrolean positibo eman,
lanik gabe geratu…, oso denbora gutxian egin zuen
behera. Hilabete latzak etorri ziren atzetik; berebiziko
koska kendu zion aurreratuta zeukan diruari, eta pisua
ez zuen galdu, bada, alokairuari esker, harekin berdintzen
baitzuen maileguarena.
Baina, zer diren gauzak: zulorik zuloenean
amildurik zebilela, lan bat bilatzeko ezgauza, parkean
eserita patarraren zorabioa noiz joango zegoen batean,
haur bat jarri zitzaion aurrez aurre, baloi bat eskuan
zuela. Haurrak zer egingo, eta baloia bota zion. Berak,
ia automatikoki, hankaz jo eta itzuli zion baloia. Haurrak
irribarre egin zion, eta berriro bidali zion baloia.
Hala aritu ziren biak denbora batean, baloia hara, baloia
hona.
Jolasak halako poz inozo bat piztu zion
barnean. Handik pixka batera, haurraren ama hurbildu
zitzaien. Haurrak amari ere bota zion baloia, eta hirurak
aritu ziren jolas inozo hartan. Nola jakin gabe, hizketan
hasi ziren, gero elkarrekin kafe bat hartu zuten…;
etxera lagundu zien.
Ustekabean harreman inozo bat sortu
zen haien artean. Emakumea bereizita zegoen. Aste gutxi
barru, ama-haurrekin jarri zen bizitzen. Gida-baimena
berreskuratu, eta banaketa-lanetan hasi zen furgoneta
batekin. Hurrena, hiri erdiko pisua zaharberritu zuen,
han erosoago biziko zirela eta. Bien lanarekin erraz
emango zioten buelta maileguari.
Ohean, hasieran, uzkur ibili zen. Izarra berriro distiraka
zeukan, alabaina, eta bere historia guzti-guztia emakumeari
aitortzeko adorea atera zuen, berak ere ez zekien nondik.
Emakumea, harrigarriki, ez zen askorik
aztoratu aitormenarekin; hark ere behazun asko irentsi,
nonbait, bere denboran.
Bizimodu apala egin zuten, baina duina,
ordura arte inoiz ez bezainbatekoa. Denbora luze gabe,
emakumea haurdun geratu zen, eta poz bat gehiago izan
zuten familian. Emakumeak, zazpigarren hilabete aldera,
hala bota zion bat-batean:
– Gurasoak eta osaba ikustera
joan behar duzu. Denok joan behar dugu. Orban hori garbitu
beharra daukazu. Familia bat osatu duzula ikusten dutenean,
dena barkatuko dizute.
Izerdi hotz bat agertu zitzaion kopetan, eta gero gorputz
osoan. Harresi ikaragarri bat zegoen beraren eta familiaren
artean; harresiaren bestaldekoa ezerezko mundu bat zen,
gero eta ezerezagoa. Harresia zulatu eta beste aldera
igaro behar al zuen orain?
Eta haurtzaroko izarra keinuka hasi
zitzaion berriro, itzaltzeko zorian dagoen kandela-sua
bezala.
|