Galdara
kosmikoa
EDORTA JIMENEZ
.......................................................................................................................................................................
Harritu egin nau hegaztia hain
gertuan ikusteak. Hortxe-hortxe nire eskua baino metro
bat harago.
Ezagutu uste izan dut; bernagorria,
paduretan eta leku zingiratsuen ibiltzen dena. Baina
leku hau ez da padura, ez eta zingira, olatuak hausten
direneko itsas zabaleko haitza baino.
Gaixorik da, esan dut nire artean, ibiltzeari utzi barik.
Beste pauso parea nik eta hegaldi labur
bat egin du berak. Ez da urrun joan. Berriro hortxe
ikusi dut eta, Gaixorik, ziur, esan dut nire artean.
Hunkimenez begiratu diot.
Halako hegaztiak hain hurretik ikusteko
era gutxitan izaten dela eta, geldi lotu naiz, begira.
Haren berna gorriei erreparatu diet lehenik, hortxe
ezagutu baitut nor den, eta lepoko lumajeari gero. Orraztu
gabeko umea begitandu zait, batez ere mokoa kolpaturik
bezala duela ikustean. Luzaz biziko ez dela pentsatu
dut, nire bidean aurrera.
Haitz arteko halako gune batera iritsi
naiz. Hantxe biluzturik, uretan sartu naiz. Denbora
ez dela inguru honexetan agertu zen harrizko aizkora
etorri zait gogora. Eskualdeko zaharrena, datazioa fidagarri
egin badute behinik behin. Gero urpean metro erdira
objektu zuri batek erakarri nau. Plastikozko zorro horietako
bat, ur biren artean igerian. Harago, kanoa kolore bizietako
batzuk agertu dira.
Uretatik irtenda jantzi egin naiz, lehengo
bideari ekiteko prest. Haatik, jakingurak eta egunaren
harrigarriak haitz batean gora egitera dei egin didate.
Haitza, izatez, fosil harria da. Ostikadatxo batez haitz
zati bat erauzi dut. Koral itsasoko izakiak omen dira
harri bihurturik ikusten ditudanak. Ehun miloi urte
zahar. Baina ez dago hori neurtuko duen erlojurik. Fosilak
eurak dira erlojua. Zakutoan gordeta itzulerako bideari
ekin diot.
Orduan nahastezina den mokoa ikusi dut,
haitzetako sakonune baten ertzaren gainetik ikusgarri.
Kaioa, esan dut nire artean, kaio hauskaren
moko horiko beheko ezpainean gorriune nahastezin hori
ikustean.
Hurreratu egin naiz, berriro harriturik, kaioak hain
gerturik ikustea kasik aingeruak ikustea bezain gaitz
izaten da eta.
Hanka biak gorputzaren azpian atzerantz luzaturik, kaioaren
jarrera heriotzaren zain dagoenarena da.
Buru-kalkulu bat egin dut, ea hegaztia harrapatzea eta
beste norabait eroatea merezi duen. Ezetz erabaki dut.
Gogora, beste kaio zauritu bat etxean
hartu nuenekoa etorri zait. Orduan Evarekin maitemindurik
ez dakit baina grinaturik nengoen. Eta Eva esatean argi
dago haren izena ez zela Eva, baina niri Eva balitz
moduan gogoratzen zait. Edozein aitzakiarekin gainera.
Evak etxean ikusi zuen kaio hura neska gaztetxo batzuek
topatu zuten. Etxetik gertuan, hondartzan. Iluntzez
eta ezkutuan zigarrotxoak erretzen zihardutela. Eta
neuri ekarri zidaten, gaixoa. Hegal bat zuen hautsita.
Onartu egin nien, eskolan irakasten
zietena, animaliak zaindu behar direla eta hura dena,
ipuin hutsa zela pentsa ez zezaten. Bainuontzian sartu
nuen.
Evak eta biok gau hartan paradisukoa jo genuen eta goizaldean
komunera altxatu ginen. Biok. Lehenik ni, eta gero bera.
Kaio zaurituak bioi antzeko zirrara eragin zigun. Kaioaren
neurri itzela bainerak ematen zuen. Ez zen han apenas
sartzen. Eta dena kakaztua zuen. Izu laborriz.
Biharamunean etorri zen Aldundiko langile
gizonezko bat kaioaren bila. Bekokian igarri nion nik
neuk buruan neukana zeukala berak ere. Zertarako salbatu
kaio bat, lekuetan kabitu ezinik dabiltzanean? Halako
kaiola berezi batean sartuta eroan zuen. Eta gaur arte.
Ez dut beste kaio bat salbatzeko ahalegin egin izan
nahi. Nahita ere, nora eroan? Gure historiaurreari buruz
dakiguna aldarazi behar omen duen aizkora agertu zen
haitzean gora egin dut. Kaio barik.
Berton hautsi du horrek hanka, pentsatu
dut, nik neu ere berdin egiteko arriskuan nagoela ahaztu
ezinik. Eta ageriko logika haririk gabe gogoa arrantzaleek
kaioak etxera bizirik ekartzen zituzten denboretara
joan zait. Gero jauzi horretan logika bat badela otu
zait. Arrantzale basati haiek kaioak hankatik lotzen
zituzten. Eta hantxe izaten zituzten. Etxe aurrean.
Animalia preso ikustearen plazera hutsagatik.
Haitzaren gainean bada halako ordoki
bat, belarrez estalia. Horietan zapaltzen hasi naizenean
mendabeltzaren usainak zauri egin dit ariman eta, berriz,
landare unbelifero izengabekoen lurrunak horditu egin
nau. Halako batean trenaren txistua aditu dut, eta trenbidearen
bila joan naiz.
Belarren artean joan naiz, lur piloetan
zapalduz. Inurritegiak, esan dut nire artean. Baina
ez dut inurririk antzeman.
Tarte batez hortxe ibili naiz, irteera
lekuren bat non ote, txikitan ezagutu nuen bidetxoa
landare sarriek itxita topatu dudanez gero. Eta horrela,
belar zapalduak ikusi ditut, eta xendra moduko bat,
eta horrexeri jarraitzea erabaki dut. Orduan mirari
modukoa izan da hura han ikustean.
Antzinako bidearen ertzean, pikondoen
babespean, arlotxo bat ikusi dut. Sasiei lekua kenduz
aitzurtua, zerura begira jarritako aldarea begitandu
zait. Lorontziarena eginez plastikozko edontziak, eta
edontzi horietan, eguzkiari diosala eginez, landaretxo
bana. Denetara, hamar bat landaretxo. Nahastezinak.
Kalamu landareak.
Poztasunezko hierarkia baten arabera
atondurik bezala, goi-ezker ertzeko landareak kimu hutsak
dira; behe-eskuinekoak, ostera, hazitxoak. Haziek kimuei
eguzkiaren bidea erakusteko moduan, esan dut nire artean.
Landareen inguruan hezetasunezko eraztunak
dagoz, ureztatu berriak diren seinale. Begiratu eta
alde egin dut, landareak hara ekarri dituzten oinek
markaturiko bideari jarraituz, belartzan tentu handiz
zapalduz. Aldare horretan natura gurtzen dutenak hurrengoz
etortzean ikaratu ez daitezen.
Hala, aldarea eraiki dutenenganako sentimen
laino baten mendean, trenbidera iritsi naiz. Eta nire
artean erabaki dut bazter hori galdara kosmikoa dela.
Ordu honetarako, pentsatzen dut hau
idaztean, bernagorria eta kaioa hilak dira, bihar edo
etzi gazte batzuek kalamua erreko dute, eta etzidamu
—nork daki ez ote den gaur gauean— neu ere
hilko naiz. Fosil harriek, ostera, hortxe segituko dute.
Baina ez betiko. Halako batean galdara kosmikoa lehertu
egingo da, eta beste su bat hasiko da. Gu barik. Ezer
barik. |