AUTOBUSA
FELIPE JUARISTI
.......................................................................................................................................................................
Eguna zabaldu zuen, eguna zabaltzeko eta ixteko ahalmena
duenak, eta hantxe nengoen ni, geltokian, Iruñeraino
eramango ninduen autobusa noiz etorriko. Kafeak hartuak
nituen, hiru ordu batean, eta zigarroak erreak, lau
bi ordutan, egunkariari emana nion begi arina, bost
minututako kontua, besterik ez, orrialderik ederrenen
irakurketa, kirol saileko berrien dastapena, autobus
barruan egiteko atzeraturik. Eserita nengoen aulki luze
batean eta zigarro berria piztera nindoanean, autobusa
iritsi zen. Hain nengoen bidaiatzeko gogobeterik non
salto batean sartu barruraino eta atze aldeko aulki
batean, leihoaren ondoan, eseri bainintzen, harriturik,
alde batetik, neu beste inor ez baitzegoen barruan,
eta ondorioz, pozik, oso pozik, lehen aldia baitzen
autobus bat nuela nire zerbitzura.
—Aizu, Iruñera joan nahi
baduzu, hau ez da hartu behar duzun autobusa.
Gidaria zen, gizon mozkote bat, harri-jasotzaile
itxura zuena gehiago, gidariarena baino, eta seguru
asko bere aisialdian harri jasotzen arituko zen, Nafarroako
herrixka batean.
—Barkatu —erantzun nion,
uste nuen…
Salto batean jaitsi nintzen eta lasterka
jo nituen benetako autobuserainoko metroak, une hartan
kilometroak iruditu zitzaizkidanak. Geltokiko beste
aldean zegoen, ongi ezkutuan, badaezpada ere, eta nolabaiteko
klandestinitate horri egotzi nion nik, neure begi on
eta guzti, lehenago ikusi ez izana.
—Aizu, zure zain geunden —esan
zidan gidariak, itxuraz aurreko gidariaren bizkia zirudienak,
erloju handi eta biribil bat, eskumuturrean hala ere
orezta adinakoa, erakusten zidala—. Bost minutu
berandu gabiltza.
Txartela erakutsi nion gidariari; amorruz
bezala zulatu zidan, eta abian jarri zen autobusa. Ia
beteta zegoen arren, bazen aulki bat hutsik, erdi aldean,
moja baten ondoan. Hara joan nintzen, nire irribarrerik
gozoena eta ederrena erakutsiz. Destainaz erantzun zioten
halako hortz-erakusketari, destainaz batzuek hain zuzen,
eta beltzuriz zein gorrotoz beste batzuek. Eseri egin
nintzen mojaren ondoan. Diosala egin nion.
—Zer, zu ere Iruñera, noski…
Ez zidan erantzun, areago, begirada
gaiztoa eman zidala esango nuke, eta moja batek (MOJA
BATEK) hala jokatzeari ez nion susmorik hartu, baizik
eta haren barnean ongiaren eta gaizkiaren artean ematen
ari zen gatazkari leporatu nion nire diosalari erantzun
eza. Atsegin izan nahian, hizketan hasi nintzaion, bideko
espazioa labur ez zitekeenez, bidaiaren denbora arinagotze
aldera.
—Eguraldi ederra izango dugu gaur.
Ez zidan erantzun ez begiratu ere. Nire
ondoan eserita zegoen arren, mojek berez duten usain
mehe hori dariola, ondoan ez balego bezala zen.
—Hala ere, arratsalderako botako
omen du, hala esan du Arantzazuko fraideak —esan
nion, eta fraidearena aipatu banion, ea kidetasun horrek
mojarengan halako zirrararen bat eragiten ote zuen ikusteko
izan zen.
Leiho aldera begira jarri zen, ordea,
aurpegia kristalaren aurka ia, kanpoan bere hartan zegoen
paisaiari begira.
—Botako ahal du uholdea! —atera
zitzaidan bat-batean, baina ateraldiak ez zuen hunkitu
nire ondoko moja.
Etsirik, autobus barruan zeuden bidaiariei
eman nien begia, aurre aldean jende heldua zihoan, gizon-emakume
adinekoak, ongi jantzita eta hobeto apainduta, lurrin-anabasa
airean. Atze aldean gazteak zihoazen, txima-luzeak,
eta jantzi nabarrak soinean, zabar eserita, denak ez
baina bai gehienak. Inork ez zidala begiratzen ohartutakoan,
egunkaria zabaldu nuen, kirol sailean, saiatuz, hori
bai, ondoko mojari bere egonkortasuna ez oztopatzen,
eta irakurtzen hasi nintzen. Behin baino gehiagotan
egon nintzen mojari begiratu eta galdetzeko “Atarramenturik
izango al dugu aurtengo Turrean?”, baina hark
beti-bat segitzen zuen, leihotik begira kanpoko paisaiari,
hain gogobildurik, non esan behar izan bainion ea aingeruren
bat ikusi ote zuen.
—Aingerua ikusi duzu?
Ez zen aldatu haren jarrera, nire ondoan
eserita zegoela ikusi arren, sinesten hasia nintzen
ez zegoela nire ondoan, ez zegoela autobus barruan,
ez zegoela mundu honetan.
Orrialde guztiak begiz marruskatua nituenean, autobusa
autobideko ordainlekura iritsia zela ohartu nintzen.
Mojari begiratu nion.
—Laster gara Iruñean.
Baina hark leihoari itsatsita zirudien.
Jainkoa toki guztietan zegoela eta erraz asko leiho
alde hartara ere agerralditxoa egin zezakeela otu zitzaidan
eta zerbait esatekotan egon nintzen, Jainkoari buruz,
baina orduan guardia zibilak ikusi nituen kontrolean,
eta auto batzuk geldituta, eta gazte batzuk autoen atze
aldean, guri bizkarra emanda.
—Zerbait gertatu ote da? —galdegin
nuen, neure baitarako gehiago, nire ondoko mojaren arreta
pizteko baino.
Orduan zirkin egin zuen mojak eta begiratu
egin zidan niri, eta une batez zoriontsu sentitu banintzen
ere mojaren begiradak bete-betean jo ninduelako, berehala
ohartu nintzen begirada hura gezia zela, gezi zorrotza,
zaurigarria neurri batez.
Guardia zibil bat sartu zen autobusean,
gaztea eta tantaia, zumea bezain mehea, betaurreko beltzak
begietan. Aurretik atzeraino joan zen eta atzetik aurreraino
gero, alde batera eta bestera zuzenduz bere begi beltzak.
Jaitsi egin zen, eta mojaren leiho aldetik ikusi izan
nuenez, beste guardia zibil batenganaino iritsi zen
eta zerbait esan zion belarrira, nik entzun ez nuena,
baina pentsatu nuen, ez dakit zergatik, mojak beharbada
hartuko zituela hitz haiek gogoan.
—Zer esan ote dio?
Mojak une batez begiratu zidan, eta
gero, esango nuke, ezabatu egin ninduela begi-joaldiaz.
Liburu bat atera zuen, poltsa beltz txiki batetik eta
hura irakurtzen hasi zen, ezpainak mugituz, mojek irakurtzen
duten bezala.
Bi guardia zibil sartu ziren autobus
barrura, lehengo mehea eta beste bat, gazteagoa, lagunaren
hitzak hartzeko belarria ipini zuen bera. Gure (NIRE
eta MOJAREN) aulkietaraino jo zuten zuzen. Nire ondokoak,
ordea, ez zuen begirik altxa liburutik, haren ezpainak
irakurritako lerroen atzetik zabiltzan dantzan, edo
hori zirudien. Guardia zibil gazteak sorbaldan ukitu
ninduen bere esku zaintsuaz. Guardia zibil meheak keinu
bat egin zidan, haiekin joan behar nuela argi eta garbi
adieraziz. Altxa egin nintzen aulkitik eta une berean
lotsagorritu ere bai, autobuseko bidaiarien soak nigan
sartuak sentitu bainituen. Geldituta zeuden beste gazteengandik
aparte xamar eraman ninduten. Dokumentazioa eskatu zidan
guardia zibil meheak, karneta, eta eman nion. Bere autoraino
joan eta bertan sartu zen, ni bakarrik utzita, guardia
zibilez inguratuta. Autobus aldera eman nuen begia.
Moja ikusi nuen, baina hura ez zegoen niri begira. Minutu
batzuk igaro ondoren, niri orduak iruditu zitzaizkidanak,
guardia zibil mehea etorri zen niregana eta karneta
itzuli eta esku-keinu batez autobusera igotzeko agindu
zidan. Autobusean sartu eta gidariak begirada muzina
eman zidan. Nire aulkira nindoala, aurre aldeko emakume
bi sentitu nituen niri zeharka begira eta elkarri esaka,
“nork esango guri terrorista batekin joango ginela”;
eta gizonezko bi ere bai, niri zorrotz begira eta batere
lotsa gabe aldarrika “fusilatu beharko lituzkete
terrorista guztiak”. Aulkian eseri nintzen, deseroso
dena dela, eta atze aldeko gazteak sentitu nituen ahapeka,
“aldrebes horrengatik berandu atera eta berandu
iritsiko gaituk, zergatik ez dute atxilotu?” Egunkaria
zabaldu nuen berriro; ekonomia sailera eraman nituen
begiak, baina gogoa ezin. Gogoa galduta nuen.
Iruñera iritsi ginen, beharrik,
eta autobuseko bidaiariak presaka atera ziren bertatik,
niri (NIRI) beren begiradarik maltzurrenak zuzendu ondoren.
Moja eta biok geratu ginen autobusean azkenak. Begia
eman nion eta zutik zegoela ohartu nintzen, zutik eta
irtetetako prest. Ni ere altxatu egin nintzen eta korridorera
jo nuen, bera atera zedin.
—Ergela ez bestea! —esan
zidan agur gisa, eta han joan zen aurrera bere poltsa
txikia eskuan zeramala.
|