Wagner
ANJeL LERTXUNDI
Datemi pace,
o duri miei pensieri!
PETRARCA
.......................................................................................................................................................................
Wagnerrek hona nindekartela jakin
zuenean, era askotako trikimailuak asmatu zituen bera
ere konspiratzailetzat har zezaten. Luze joko luke ahalegin
guztien berri emateak.
Trikimailuek, ordea, porrot erabatekoa
egiten zuten, epaileak-eta errukitu egiten baitzitzaizkion,
nigandik bereizi izanari egotziz bat-bateko beroaldi
sukartsu haiek guztiak. Aurreztuta zeuzkan diruak behartsuen
artean banatzen hasi zenean bakarrik atxilotu zuten
eta nire pabilioi berera ekarri.
Bazkal garai osoan ez genuen ahorik
zabaldu. Jangelako zaindariak arrazoi ezkuturen bat
ikusiko zion bion arteko isiltasunari, behin eta berriro
saiatu baitzen, hasieran adeitsu eta gero irmo, gure
mututasuna eteten. Sendabidean jarri nahi omen gintuen:
«Zer kalte ekarriko dizue eguraldiak hotzera egin
du, eta horrelakoak esateak?».
Siesta ostean, galtzak janzten ari nintzela,
zerbait arraroa sumatu nuen patriketako batean. Wagnerren
letra ezagutu nion paperezko eskuzapi batean idatzitako
mezuari: «Eguraldiak hotzera egin duela esango
balit berorrek, gu bion arteko harremanak trenpe gaixoan
daudela pentsa lezakete hemengo morroi; edo berorri
hona ekarri omen duen konspirazioa ez dabilela bere
onenean. Kontua da gure berri jakin nahi dutelako jarri
gaituztela elkarrekin. Eutsi isiltasunari, jauna, ez
bedi etsaiaren lakirioan eror!». Gaua baliatu
nuen nire erantzuna helarazteko. «Arrazoi duk,
Wagner. Hitz hutsalenen artean ere, beti irristatzen
duk gure pentsamendua salatzen duen zerbait. Kuraia!».
Ospe handiko konspiratzaile ginen Wagner
eta ni erizainentzat, eta, Wagner hona ekarri zutenetik,
inoiz ez bezalako kemena jarri zuten noiz Wagnerren
mezuren bat aurkituko, noiz nik Wagnerri emandako aginduren
bat atxikiko… Ez gintuzten, ordea, sekula harrapatzen,
behar-beharrezko mezu doiak pasatzen baikenizkion elkarri:
«Okel gehiegi jan du gaur, jauna». «Ez
duk berriro gertatuko, Wagner». «Sei t’erdietarako
ilun dago, jauna; jantzi beza artilezko jertsea».
«Bai, baina zein? Beltza ala grisa?».
Aitor dut berebiziko poza ematen zidala
erizainen ezinak. Wagner auskalo nora eraman dutenetik,
ordea, poz hori falta zait.
Ez ditzadan, ordea, gertakizunak aurrera.
Negua gordinenean zegoen, eta baneramatzan
pare bat egun eztulka eta zintz eginez pabilioiko korridore
luzeetako aire-aldien kausaz. Doministiku egin nuenetako
batean, Wagnerrek bere musuzapia pasatu zidan. Mukuru
handi samar bat nabarmendu nuen morroiaren musuzapian
bildurik. Wagnerri begiratu nion. Poztasun handi batez
zeuzkan begiak, ezer berririk deskubritu duen baten
maneran argi. Musuzapiaren ertzaz zintz egin, eta musuzapian
bildutako paper-mutur bat gorde nuen nire esku-ahurrean.
Eskerrak eman nizkion, gero, buru-mugimendu batez, eta
musuzapia itzuli nion.
Komunerako baimena eskatu nion erizainari,
eta obramendurako posturan eseri nintzen, gorputza guztiz
konkorturik. Besteetan baino luzeagoa zen Wagnerren
mezua, eta honela zioen, gutxi gora-behera:
«Demagun afaritarako dena prest daukan gizon bat.
Frantsesco deituko diot, berorrek besterik iradokitzen
ez didan artean. Estimutan daukan gonbidatu baten zain
dago Frantsesco bere etxeko jangelan, jakiz betetako
mahai eder baten aurrean. Kortxoa atera dio sotoan zeukan
ardorik onduenari. Sudurra eraman du botilaren muturrera.
Begiak itxi eta sudur-mintza zabaldurik, ardoa onetsi
du. Gero, mahaiaren erdian utzi du botila ireki berria,
ondo oxigena dadin. Antzara dauka labean, pospoloaren
zain dago souflea, zilarrezko erretilu batean dauzka
txokolate, bizkotxo, bonboneria eta xanpainak.
»Mahai gaineko bi kandelak biztu, eta zain egon
da denbora luzez. Eskumuturreko erlojuari begiratzen
dio behin eta berriro. Mahaitik jaiki, eta jangelako
leihora joan da. Gortinak bildu, eta kanpora begira
jarri da.
»Espero zuena, ordea, ez dator.
»Amorraturik dago, sekula ez diote-eta hain deskortesia
zabarrik erakutsi.
»Kalera irten da».
Hor bukatzen zen Wagnerren mezua. Helbide
berera iritsi ziren, nahiz bide desberdinetatik, Wagnerren
ogi-mamia eta paper-muturra. Uraren sokari tiratu nion.
Komunetik irten, eta, birikak lehertu
beharrez baneuzkan ere, parkera irten nintzen. Hotz
gordina egiten zuen, baina ez dut uste ohartu ere egiten
nintzenik ez hotzaz ez gordintasunaz, hainbesterainokoa
nuen-eta buruko matazaren askatu ezina. Mezu hura ez
zen Wagnerren estilokoa. Begi-bistakoa zen, bada, zerbait
garrantzitsua adierazteko zerabilela kontakizun bitxi
hura, hain zehaztapenez betea. Demagun esaka hasten
ez zen ba mezua? Hipotesi bat, alegia. Edo, zuzenago
esateko, arrisku baten abisua. Eta han zegoen Wagnerrek
benetako izenik eman nahi ez zion Francesco hura ere.
Goitizen bat, inondik ere: Francesco deituko diot, berorrek
besterik idarokitzen ez didan artean… Nor zen
Francesco haren atzean ezkutatzen zena? Noren zain zegoen,
nork egin zion huts? Zeren abisua eman nahi zidan Wagnerrek?
Wagnerren bila saiatu nintzen, haren
keinu edo begiradaren batek zerbait argituko zidalakoan,
baina ez nuen aurkitu. Burua lehertzeko zorian neukan,
minaren mugak gainezkatu beharrez.
Ordubete falta zen afal ordurako. Ohean
sartu nintzen, erizainari keinuka ez nengoela ondo adierazi
eta gero. Kizkur-kizkur jarri nintzen, hotzari eusteko.
Mezuari oroitzen nizkion hitz garrantzitsuenen hausnarketari
ekin nion: antzara, kortxoa, bonboneria… Eta hainbat
detaile: zergatik erretilu zilarrezkoa eta ez egurrezkoa?
Frantsescok zergatik begiratu behar zion eskumuturreko
erlojuari, gauza jakina denean jangela guztietan egon
ohi dela hormako erloju askoz ere ikusgarriago bat?
Oxigenatzeko kontu hura ere… Nor jaregin nahi
zuten, edo zer mezu izugarri jakinarazi nahi zitzaion
munduari?
Galdera asko eta berebiziko garrantzia zutenak, hotzez
hausnartzeko…
Halako batean atean jo zuten. Ez nuen
deus esan, ez bainuen sekula hitzik egiten. Eztula egin
nuen, bada. Wagner sartu zen hankak berotzeko adreilu
refraktario batez. Maindireak jaso, eta nire oinetan
jarri zuen adreilua. Ez zidan zirkinik ere egin, erizainetako
bat atean baitzegoen guri begira. Buru mugimendu batez
eskertu nuen morroiaren arreta. Wagnerrek atea bere
gibelean itxi bezain aise, adreilua hartu nuen, eta
paper-mutur erdi belztu bat atera nuen adreiluaren zirrikituetako
batetik.
Pixa egitera joateko baliatzen genuen
linternatxo baten argia izan nuen lagun maindire arteko
irakurketan:
«Demagun Frantsescoren etxea portu handi baten
inguruan dagoela. Rotterdam-ek ez du nortasunik. Ez
dut Hanburgoko portua ezagutzen, ezagunegia dut Bartzelonakoa.
Genovako portua hautatuko dut, bada, jauna, gaizki ez
baderitzo: exotikoegia izan gabe, badu halako xarma
bereizi bat. Ados egongo ahal da! Genovako portu inguruko
kaleetan zehar dabil, bada, gure gizona: afaldar baten
bila, jakina».
Demagun hipotetiko hura berriro! Eta
Rotterdam, Bartzelona eta Genova haiek, konspirazioaren
erroak nondik nora hedatzen ari ziren hain garbi adierazten
zutenak! Francesco edo dena delako hura konspirazio-sareko
kide galduren baten bila zebilen…
Argi zegoen, bada, Wagnerren mezua: Genovako zedulako
norbait ari zen, eroetxetik gertu, nirekin harremanetan
jarri nahirik. Francescok ez zeukan bakarrik afaltzeko
gogorik, baina afariaren inguruko jardun etengabe hark
garbi adierazten zidan zer zen Wagnerrek jakinarazi
nahi zidana: afal-orduan ezagutuko nuen Francesco edo
dena delakoa…
Erizainari deitu nion. Hobera egin nuela,
eta afaltzera jaisteko asmoa agertu nion keinuka. Jantokian
ez nuen, ordea, ezezagunik ikusi. Wagnerri begiratzen
nion behin eta berriro, baina morroiak ez zidan arreta
handirik eskaintzen. Hausnarketan bezala zegoen, bere
munduan galduta, bere inguruko deusen ardurarik gabe…
Biharamunean Wagnerren beste mezu bat
aurkitu nuen bizarra egiteko makina elektrikoaren tripetan.
Goiz osoan ahalegin guztiak egin nituen arren, ez nuen
mezua irakurtzerik izan. Eguerdi aldean, jantokiko gure
mahaiak hanka bat kolokan zeukala eta, hura orekatzeko
aitzakia jarri nuen mahai azpira sartu eta mezua irakurtzeko.
«Demagun eguraldia hotzera doala. Fransescok neska
gona-arin bat ikusi du kale-kantoi batean. Frantsescok
ez dio aurpegirik ikusten, neska abaniko bati eragiten
ari baita. Hala ere, neskarengana hurbildu, eta afaritarako
gonbitea luzatu dio.
»Neskak gonbitea onartu du, eta besotik oratu
dio Frantsescori.
»Etxera heldu direnean, neskak ez du abanikoa
bildu nahi. Aiztokada batek zauritutako aurpegi bat
pasatu zaizkio burutik. Eta aiztokada baztangak jotako
alukume batek emana balitz?
»Abanikoa bil dezala eskatu dio Francescok neskari.
»Neskak, ezetz.
»Zer gertatzen da? Zertara dator neskaren etengabeko
ezetza?
»Berorren iritzia ezagutu nahi nuke, jauna. Eta,
bide batez, neskari izenen bat emango balio… Izen-sorta
luzea ibili dut kautan, baina ez nau bakar batek ere
asetzen».
Mezua dobla-dobla egin, eta mahaiaren
aldaroa zuzentzeko baliatzea pentsatu nuen, baina erizainek
mezua aurki zezaketela konturaturik, patrikan gorde
nuen, lehen egokieran mezuaz beste egitea deliberatuta.
Lurrean aurkitutako kortxo-puska bat jarri nuen hanka
herrenaren azpian.
Euria ari zuen ziri-ziri. Patiora irten
nintzen, ez baitago euria bezalakorik buruko matazak
hariltzeko. Gauzak garbi ikusten hasita nengoen: bat
edo bat Wagner baliatzen ari zen, ni lakirioan eror
nendin. Brastakoan, ordea, belar asean txipli-txapla
zebilen erizain berri batek jarri ninduen egiaren aurrean:
Wagner zen arriskuan zegoena, erizainaren baztangak
jotako aurpegia zen froga!
Euri-jasa sekulakoa hasi zuen. Tenore
nuen, bada, Wagnerrek erakutsitako leialtasun hain zirrikiturik
gabea eskertzeko. Zaindari guztiak korridorean gorde
zirela ziurtatu eta gero, arbola baten azpian babestu,
eta ohartxo bat idatzi nion Wagnerri. «Itzul hadi,
arren, heure senera: harrapatuegia hago sarean. Uztak
guztia bere horretan!».
Biok ondo ezagutzen genuen arbola baten enborreko zokogune
batean gorde nuen paper-muturra.
Biharamun goizean jaso nuen erantzuna,
ogi-mami baten bildurik. Ezpatarik zorrotzena bihotzaren
erdian, horixe sentitu nuen mezua irakurtzerakoan:
«Sentitzen dut, jauna, baina ezin diot obeditu.
Orain arteko guztia ezagutzen duenez, behartuta nago
azken erabakiak adieraztera: Laura deitu diot abanikodun
neskari, berorri ondo iruditu ala ez, eta nik agindutako
bidetik ibiliko da.
»Esku-zabala izan nahi nuen, baina berorrek itxi
dizkit ateak, ez baitit ausardiarik erakutsi. Ez du,
bada, Lauraren eta Frantsescoren berri gehiago izango.
Estimutan zauzkat, berorrek badaki hainbeste, baina
ez horretaraino. Sentitzen dut, bai, baina ez diot barkamenik
eskatzen».
Lehorra neukan mingaina, lehorrak sentitzen
nituen burmuinak.
Banekien begirategian aurkituko nuela, eta haraxe joan
nintzen. Wagner zirriborroak egiten ari zen euriak kristaletan
sorturiko ganduan. Neska baten isla iruditu zitzaidan…
—Ez! —esan nion isiltasuna lehendabiziko
aldiz urratuz. Gero, kristaleko neska ezabatu nion nire
bata zuriaren mahukaz.
Euri-tantak kristalean nola, hala isuri
zituen Wagner ere malkoak. Lodi. Astiro.
Lehertzeko zorian neukan burua, muinak jauzika eta kirioak
zoro. Ez neukan neuk ere negarrez hasi beste biderik.
Musuzapia atera nuen. Wagnerren paper-muturra erori
zitzaidan zorura. Atzera begiratu nuen. Zaintzaile bat
bertan! Ez nuen paper-muturra oinpean ezkutatzeko betarik
izan.
Ez zuen egun guztian atertu.
Harrezkero egunak eta asteak pasatu
dira, eta ez ditut Laura eta Francesco konspiraziokideei
edo Wagnerren eta nire arteko hausturaren arrazoiei
buruzko galderak beste deus entzun.
Baina ni, mutu.
Mutu egongo ahal da Wagner ere! Beldur
naiz, hala ere, ez ote den abailduko, errazagoa baita
asko dakienari ezer ateratzea, ni bezalako ezjakin bati
baino.
|