Señorita
Espe eta andereño Itxaro
gerardo markuleta
.......................................................................................................................................................................
Gutxi gorabehera nik zuen adina
nuela –ekin nion mintzaldiari lizeoko gaztetxo
haiek inguratuta–, Gasteizko neska bat heldu zen
gure herrira, maistra-ikasketak bukatu berri, Bernardo
Atxagaren ipuin batean bezala, auzo bateko eskola txikian
lan egitera.
Espe zen, hiritar neska xarmanta, ilehoria,
liraina, lotsagabea. Bigarren eskuko auto erosi berrian
iritsi zen, ikasturte hasieran, ministerioaren bisitarik
aspaldi jaso gabeko eskolatxo hartara. Arina zekarren
ekipaia: eskuko poltsa bat, arropa gutxi barruan; maleta
bat, liburuz mukuru; sakelan, bero-bero, unibertsitateko
titulua eskuratzeko ordaindutakoaren agiria, eta, gogoan,
paperaren gainean ikasitakoa benetako ikasleekin praktikan
jarriz bizimodua irabazteko asmoa.
Egokitu zitzaion eskolatxoa auzo berezi
samarrean zegoen: herriaren kaskotik hainbat kilometrotara,
errepidearen alde banatara zegoen antolatua. Ikasturtea
hasi baino lehen lekua ezagutzera etorri zen aurreneko
aldian, autobusaren leihotik ikusi ahal izan zuen, lehen
planoan, taberna bat, zenbait etxe, eta eskola izan
zitekeen eraikin triste bat; horien atzean, fabrikak,
eta lantegiak, eta fabrika gehiago; eta are atzerago,
hurbileko muino eta mendietaraino hedatzen zirela, ortuak,
baserriak, soro, zelai eta basoak, garai hartan pinu
gutxikoak artean.
Arabar erdalduna izanik, txundituta
geratu omen zen auzo hartako giza paisaiarekin. Esperanza
Balboa López de Heredia diplomatu berria, ama-hizkuntza
zuen gaztelania albo batera utzirik, ederki mintzo zen
frantsesez eta zuzen samar ingelesez. (Euskara, orduko
hartan irteera gutxi eta ikara ugari zituen hizkuntza,
ez zen neskarentzat amaren aldeko aitona-amonek aspaldi
hitz egin zuten zaharkin bat baino; amak jada ez zuen
egiten, nahiz eta oraindik zerbait ulertzen zuen; bestalde,
konnotazio politiko garbiak zituen hizkuntza arriskutsua
izanik, garaian ebitatu beharrekoa zen, zuhur eta ziur
jokatuko bazuen, egunen batean betiko zirudien diktadura
hartako administrazio publikoan lan egiteko asmorik
zuen edonorentzat).
Gaztelania izan zuen eguneroko hizkuntza,
bai etxean bai ikasketetan, eta ustekabe handia hartu
zuen gure herrian, inguruan zeukan ikusmira soziolinguistikoari
erreparatzeko beta izan zuenean.
Batetik,»betidaniko» baserritar
euskaldun petoak zeuden: gaztelaniaz nekez edo bederen
xelebre mintzo ziren, eta eskolatik kanpoko eguneroko
bizitzan haren beharrik batere ez zuten. Eskolako emaitzetan
ezagun zen gero zein ziren ikasle horiek; jolastorduetan,
futbolaren aldean, pilota nahiago zutenak; eskolara
autobusean edo land-roverrean etortzen zirenak, eta
jantokian bazkaltzen; beren artean herriko berbetean
egiten zutenak, eta hiketan ganiera, ka eta ixa besterik
entzuten ez zela, belarri erdaldun batentzat harrigarriagorik…
Bestetik, herriko fabriketan lan egitera
urrutitik etorritako familiek ere auzoko eskolara bidaltzen
zituzten beren umeak. Erdaldun erabatekoak ziren –eskolak
euskaldun zitzan arrisku gutxi–, eta Gaztela,
Andaluzia eta Extremadurako azentu gatz-ozpindu askotarikoa
osatzen zuten. Familia horietako asko etxe merke egin
berrietan bizi ziren (“casas baratas» esaten
zitzaien hemengo erdaraz orduan, eta hainbat lekutan
gaur arte gorde dira izen horiek. Herri handiagoetan,
barriada osoak eraiki zituzten, eta herriak umore beltzeko
izenak eman zizkien: Katanga, edo Burundi, kasurako).
Auzo-eskola hartatik herriko eskola
nagusira etorri zitzaigun gero señorita Espe.
Herriko mutiko guztiok ikasten genuen han (mojatatik,
arriskuak aurreztuz, sei urterekin botatzen gintuzten;
ikastola, guraso-talde ekin bati esker, aurrikuspen
guztiez beste eta indarreko ordenamendu juridikoaren
kontra, ni EGB-n hasi eta hurrengo urtean hasi zen martxan;
ez dut uste, nolanahi ere, ni ikastolara bidaltzen animatuko
zirenik gurasoak: ordurako galdua nuen umetxotan ikasitako
euskara apurra).
Garai hartan, oinarrizko ikasketak Colegio
Nacional Mixto Comarcal batean egiteko zoritxarra zuenak
irakasle gehien-gehienak adinean sartuxeak eta oso urrutikoak
izaten zituen. Begien bistakoa zen haien erbeste-sentipena,
izan bilatua, izan inposatua. Bai eta haien formakuntza
pedagogiko nabarmen hobetu beharreko, eta orobat amorru
berezia indigenok ekinaldi»zibilizatzailearen»
aurrean erakusten genuen erresistentzia zela eta.
Niri ez zait gogotik joan, adibidez,
jubilaziotik gertu zebilen galego gupidagabe pare bat:
beren ezintasunak estaltzeko, ikasleen arteko aldeak
anker erabiltzen zituzten batzuk besteen kontra xaxatzeko,
batez ere kaletarrei barre eraginez baserritarren kontura
(baserritarrek lehendik zekarten kaletarrez trufatzeko
zaletasuna; bai eta bertakoek»trenak ekarritakoez»
ere; kanpotarrek ere bazekiten noski, disimuluan baina,
baserritarrez barre egiten).
Ez da harritzekoa beraz guri hain ezohiko,
hain deigarri egitea, karrera bukatu berria zeukan neska
ilehori hura dinosauru koadrila harekin biltzera agertu
izana. Ez dut ukatuko señorita Esperen itxuraren
distirak eta haren eskotearen dirdirak gutxi-asko denok
liluratu gintuela baina, horrez gain, bestelakoak zituen
ikasleekin jokatzeko manerak, bestelakoak hezkuntza
bideratzeko tresnak.
Institutura joan ginen gero (ez guztiak)
eta Unibertsitatera ondoren (hain gutxi), eta maistra
haren oroitzapena memoriaren txoko goxo batera ezkutatu
zitzaigun, gertatu ohi denez, halabaina txingarretan
iraun zuen, hausberoan.
Hasierako auzo hartan señorita
Espe maistra izandako neska batek, ordea, eutsi egin
zion harremanari, edo berreskuratu egin zuen gero. Ez
dakit zehatz hala izan ote zen, baina atsegin zait imajinatzea
ikasle ohi horrek eragin handia izan zuela gure Espe
aspaldikoaren euskalduntzean; haren irakasle izan zela,
adibidez, barnetegi batean.
Izen aldaketa noiz eta nola gertatu
zen ez dakit, ez diot sekula halakorik galdetu. Berak
ere ez dit inoiz galdegin, esaterako, noiz hasi nintzen
Markuleta euskal ortografiaz idazten. Bazkari bat egin
genuen, duela urte gutxi, gure herrian bertan, OHOko
ez dakit zein mailatan tutore izan genuenok. Urte luzeak
igarota ere, ikasle-ohi talde ederra bildu zen aspaldiko
maistraren aitzakian. Bera ere gustura asko etorri zen,
baina han ez zitzaigun señorita Esperik agertu,
denboraren eskuek oso leun erabilitako andereño
Itxaro baizik.
|