HAUR
BAT JOLASEAN
XABIER MENDIGUREN ELIZEGI
.......................................................................................................................................................................
... KALEKO haur bat, zortzi-bederatzi
urtekoa, aitonaren baserri hustuaren inguruan jolasten,
bera bakarrik, makila batekin, D’Artagnan dela,
Kortsario Beltza dela, edo Capitán Trueno dela
imajinatuz: etsaiak hiltzen ditu, haurrak eta damak
salbatzen ditu, itsasontziak edo diligentziak asaltatzen
ditu, kanoiak, puñalak, ezpatak, trabukoak...
arma guztiak darabiltza esku artean, etsaiak ere gero
eta ugariago baitira, inguratuta daukate eta nonbaitetik
egin beharko du ihes. Hemendik! Ez, hortik ez, sua dago-eta;
eta maldan behera alde egin behar, arrisku bizian, gobernadorearen
tropa traidoreak atzetik tiroka ari direla.
Bere borroka-amets
horietan leku arrotz batera iritsi da mutikoa; hor goian
ikusten ditu baserria eta berak jolas-leku dituen bazterrak;
arbel-mendiaren beheko aldean geratu da bera, eta jaistea
baino zailago iruditzen zaio orain igotzea, atzetik
xaxaka zituen arerioak desagertu eta gero; ezkerretik
joz gero, soro bazterretik, aurki joko du kaminoa, eta
hortik berriz baserria; eskuin alderantz, berriz, sasiak
eta sastrakak erdi ezkutuan utzitako bidetxidor bat
bereizten du, arratsaldeko argi apalean misterio kutsu
batez jantzia. Hortik abiatzea pentsatu du, ezezaguna
baitzaio bidea, zer atzemango, nora iritsiko. Makilaz
ibili behar du sasiak baztertzen eta asunak zapaltzen,
bidea libratzeko. Egin du harramazkaren bat edo beste,
eta atzera egitea pentsatu du, baina laharrez itxiago
ikusten du egindako bide-zatia aurrean daukana baino,
eta aitzina jo du, abenturan gero eta murgilduago dagoen
sentipenarekin.
Halako batean,
gizon bat: «Nora hoa, mutikoa?» Haurrak
ez daki meatze-zulo bat denik hura, orain urte batzuk
itxi zutenez geroztik hutsik dagoena; are gutxiago daki
gizon hori zaindari dagoela hor, mutikoa bezalako begiluzeak
uxatzeko eta txakurrak azalduz gero aurre egiteko, horretarakoxe
dauka gerrian sartuta pistola bat, jertse lodiaren pean.
Gizonak ere ez daki nor den mutikoa, aurretik ikusi
ote duen barruntatzen du baina inguruko baserrietakoa
ez da behintzat; susmagarria egin zaio une batez baina,
zer arraio!, ume bat besterik ez da-eta, auskalo nola
iritsi den ingurotara.
–Segi ezak
hortik –esan dio–, hemendik ez haiz inora
joango-eta.
Bestela ere irudika dezakegu gertakizuna, kilikagarriagoa
egin nahi izanez gero. Meategi-sarreran zaindari dagoen
gizona, kakagurak amorratzen zegoela-eta, bazter batera
joan da egin beharrekoak egitera; ezin narrastuko du
gero beraiek egon behar duten lekua; gainera, egun osoan
ez da herritarrik ere agertu. Kaka egiten ari den une
horretan azaldu da ordea mutikoa, eta, meatze-zulo hori
ikusita, liluratuta geratu da, hau bai deskubrimendua!
Egin du barrura.
Mutikoak ez du linternarik, makila besterik ez, eta
estropezu egin du sartu orduko. «Benantxio! Hi
al haiz?», esan du norbaitek hor barrutik, eta
mutikoa geldirik geratu da, izoztuta, abentura hori
berak nahi baino egiazkoagoa ote den errezeloarekin.
Aterantz egin baino lehen garondotik heldu dio atzapar
sendo batek eta bere atzean entzun du boz sendo mehatxuzko
bat:
–Zein haiz
hi? Zer egiten duk hemen?
Negarrari eman
dio mutikoak, ikaratuta, eta zotin artean esan du Larregiko
Patxiren biloba dela, eta jolasean zebilela, eta berak
ez duela ezer egin, berak ez... Negarrak eta estualdiak
zentzumenak aztoratu badizkiote ere, denbora pasatu
ahala meatze-zuloko erdi-ilunpera jarri zaio begia,
eta bere aurrean hasi da itzal batzuk bereizten, gero
itzal horiei gizon-emakumeen taxua hartzen, eta haien
eskuetan, azkenean, pistola antzeko batzuk antzematen.
Pentsatzeko gauza
ez dela, burutazio kontraesankorrak igarotzen zaizkio
burutik, tximisten moduan: batetik, gezurretakoak ematen
dutela burni puska horiek, berak egiazkorik inoiz ikusi
ez badu ere, pelikuletakoak soilik; eta, bestetik, abenturak
egiazki ez direla batere liluragarriak: bera hor hotzak
dago, hezetasuna dago, eta aurrean dituen pistoladun
horiek ere, lapur, kontrabandista edo zer diren ez dakien
horiek ere ez dutela filmetako itxura interesgarria:
jende korrientea ematen dute, jertse lodiz eta txamarraz
jantzita, eta euskara normalez mintzo dira. Gaizkileak
euskaraz hizketan?, harrigarria zaio hori ere.
Hizketan ari dira
euren artean, ahapetik aurrena, haurrak ez entzuteko
moduan; gero, berriz, meatze barrenetik ahots nekatu
bat aditu da, erdaraz: «¿Qué pasa
ahí? ¿Qué me vais a hacer?».
Galdera bikoitzari bi lagunek erantzun diote, batera
ia-ia: «Tú cállate, viejo».
«Cállate, cabrón». Hortik
aurrera, ozenki segitu dute, lehengo isil-gordeak zentzua
galduta bezala.
Haurrarekin zer
egin ari dira eztabaidatzen. Batek askatzeko esaten
du, besteak ezinezkoa dela, ikusi dituenak ikusi eta
gero.
–Hemen edukiko dugu,
zaharrarekin, eta biak batera askatuko ditugu.
–Baina hori ezinezkoa da. Umearen bila hasiko
dira berehala, eta mina-zulora ere sartuko dira, hemen
erori ote den.
–Orduan zer egin behar dugu? Txintxoa izateko
esanda alde egiten utzi?
–Edo beldurra sartuta.
Beldurra sartu
beharrik ez dauka mutikoak, guztiz baitago ikaratuta.
Ikusi eta entzundakoak prozesatu eta egoera aski ongi
ulertzera iritsi da: gizon-emakume horiek zahar bat
daukate hor barruan lotuta, sekuestratuta, eta orain
berarekin zer egin ari dira eztabaidatzen, beren ezkutalekua
deskubritu duenez gero. Pelikula batean balego jo eta
ihes egin behar lukeela bururatzen zaio, baina ez da
mugitzeko gauza, hau ez baita zinema: noiz ikusi da
film batean jendea euskaraz?
Mutikoa bere gogoetan
ari zen bitartean bahitzaileek pentsaka jarraitu dute,
eta azkenean erabaki dute zulo hau ez dela segurua eta
beste ezkutaleku batera joan behar dutela, gaur bertan,
zaharra hartuta.
–Eta umea? Zer egingo
dugu: gurekin eraman?
–Zertarako? Bazterrak gehiago nahasteko? Hobe
dugu hemen uztea.
–Eta kontu kontari hasten bada?
–Zer kontatuko du? Eta zeinek sinistuko dio?
Orduan, sudur luze
eta aurpegi zorrotzeko gizona, besteak baino txikixeagoa
zena, makurtu egin zen mutikoaren parean geratu arte,
bere eskuak haurraren sorbaldetan jarri, eta, tinko
begiratuaz, halaxe esan zion:
–Hi euskalduna haiz,
ezta?
Mutikoak baiezko mutua, buruaz.
–Eta euskaldunen alde hago?
Baietz berriz, goitik behera.
–Hortaz, ez duk ezertxo esan behar hemen ikusi
duanaz. Ezta hitzerdi bat ere, e?
Eta mutikoak aurrena ezetz eta gero baietz, nahastuta,
azkenean, eztarriko korapiloa askatuta, hitzez adierazi
zuen arte:
–Ez dut ezer esango.
Horixe izan zen
Txikia neure bizian ikusi nuen aldi bakarra, eta harekin
egindako isiltasun-tratua, gaur arte zintzo asko gorde
dudana.
|