Bizikleta
andregai
JUAN LUIS ZABALA
.......................................................................................................................................................................
Ez zen Eddy Merckxenaren modukoa.
Ez zen karreretakoa, ez zuen kanbiorik, eta koadroa
ere ez zuen triangelu formakoa, u baten tankerakoa baizik.
Baina bizikleta harekin Urrategiraino gelditu gabe igotzea
lortu nuen, arnasestuka azken maldetan baina ondo, oso
gustura, Eddy Merckx Mont Ventouxko etapa gogoangarrian
bezala.
Gure etxepeko laugarren pisukoen etxean
haien lehengusina bat zegoen egun haietan, udako oporrak
pasatzen. Aintzane zuen izena, Elgoibarkoa zen eta bederatzi
urte zituen, nik baino bi gutxiago. Ile luzea zuen,
gorputz argala, eta irri egiteko modu berezi bat, bihurria
baina samurra. Nik ezin nuen Aintzane burutik kendu,
baina ez nintzen berarekin hitz egiten ausartzen.
Behin ni, beti bezala, bizikletarekin
gure etxe aurrean gora eta behera nenbilela, aurrean
jarri eta «Ezetz harrapatu» esan zidan Aintzanek,
bere irri paregabe hura erakutsiz. Nik harrapatzeko
keinua egin eta gero aldamenera jo nuen, ez harrapatzeko.
Zirrara handia eragin zidan Aintzaneren ateraldi hark,
baina gero ez nekien zer gehiago egin harengana hurbiltzeko.
Lotsatuta, urduri, beheko auzora joan nintzen bizikletan
ibiltzen jarraitzera. Nik uste dut berak ere nahi zuela
nire adiskide egin, baina nik ez nekien nola hurbildu
berarengana, eta izua nion haren aurrean zer esan eta
zer egin jakin gabe gelditzeari.
Nire esna-ametsetan Aintzanerekin Urrategiko
igoeraz hizketan irudikatzen nuen neure burua. Nire
kirol balentria guztiak eskaini nahi nizkion, baina
ez nekien nola.
Urrategiko aldapak nire jaiotetxe aurrean
du hasiera, baina Azkoitian badira Urrategiren gisako
beste hainbat mendi-auzo, errepide aldapatsu baten amaieran
kokatuak. Urrategi bezala igo nituen haiek ere, oinak
pedal gainetatik kendu gabe: Kukuerri eta Xuxula Urrategi
baino errazagoak dira; Madariaga, Elosu eta Martittek,
aldiz, aldapa gogorragoak dituzte. Baina haietan ere
nire borondatearen egoskortasuna nagusitu zen.
Bizikletari lotutako amets eta ekintzetan
aurrera egin banuen ere, Aintzaneren adiskide izateko
bidean ez nuen bide bera egin. Gainera, aldameneko auzoko
mutil koadrila bat hasi zen gure etxe atari aldera etortzen,
egur-oholez egindako kastilloetan jolasteko aitzakian
baina, benetan, Aintzanek erakarrita nire ustez.
Mutil haiek ni baino trebeagoak ziren
neskekin harremanetan. Aintzaneri eta Arantxari –gure
etxepeko laugarren pisuan bizi zen Aintzaneren lehengusinari–
adarra jotzeko trikimailu guztiak erabiltzen zituzten:
kastilloetara harriak igo eta handik harrika hasten
zitzaizkien batzuetan, txokoren batean ezkutuan gorde
eta bat-batean oihuka eta espantuka agerturik sekulako
sustuak ematen beste batzuetan... Ez dakit orain nolakoak
diren, baina garai hartan horrelakoxeak izaten ziren
neska-mutilen arteko gorabeherak.
Nik, besterik ezin eta, bizkletaren
eskulekuari heldu nion tinko, Aintzanerengana iristeko
ahaleginik eraginkorrena bizikleta gainean aldapa gogorrei
aurre egitea balitz bezala. Banekien ez zela hori biderik
zuzenena, eraginkorrena, baina modu lauso, zehazkabe
eta inozo batez pedalkadaz pedalkada Aintzanerengana
hurbiltzen ari nintzela sinesten nuen, edo sinetsi nahi
behintzat, eta borondate tinkoz jarraitu nuen nire bizikleta
ibilaldietan mugak urratzen.
Elgoibar, Aintzaneren herria, Azkarateko
gaina pasa eta handik behera jaitsita dago. Azkoitiko
auzo guztiak behin baino gehiagotan igota nituen eta
pentsatu nuen jauzia egiteko unea zela. Beldurra ematen
zidan, ordea, bizikletan Elgoibarraino joateak. Haraino
iristea ez zen zaila, Azkarateko igoera menderatua bainuen,
baina Azkaratetik Elgoibarraino jaitsiz gero, handik
berriro Azkarateraino igotzeko gauza izango al nintzen?
Ez al zen gehiegi izango?
Bazkalondo eguzkitsu batean ekin egin
nion bideari. Zirrara handia sentitu nuen Azkarate gainetik
pasa ondoren Elgoibar aldera jaisterakoan. Elgoibar,
garai hartan, oso herri urruna iruditzen zitzaidan.
Azpeitira, Zestoara, Zumaiara eta Urretxu-Zumarragara
iritsia nintzen nire ibilaldietan, baina Elgoibar, herri
horiek ez bezala, Azkoitia inguratzen duten mendien
bestaldean dago, lur bat haratago. Elgoibar beste mundu
bat zen. Eta Aintzaneren herria!
Gogorra da Elgoibartik Azkarateko gainerainoko
aldapa, eta oso larri ibili nintzen azkeneko kilometroetan,
baina, egoskor, lortu nuen hura ere hanka lurrean jarri
gabe igotzea. Neure kabuz Elgoibarraino iritsi izanaren
poz beteak hartua jaitsi nintzen Azkaratetik Azkoitira.
Biharamunean, nire balentriak animatuta
eta, besteetan ez bezala, Aintzaneri zer esana banuela
iritzita, bizikleta Aintzaneren aurrean gelditu eta
hitz egitera ausartu nintzen.
–Ba al dakizu noraino iritsi nintzen
atzo bizikletan?
–Bizikletan? Noraino?
–Zure herriraino, Elgoibarraino.
–Nork esan dizu hori? –erantzun
zidan, bere betiko irri ederra agerian–. Ni Markinakoa
naiz, eta Elgoibar, gainera, ez zait batere gustatzen.
Elgoibarra eskolara baino ez naiz joaten.
Ez nekien zer esan, baina ez nuen beste
ezer esan beharrik izan, aldameneko auzoko mutilek eten
baitzuten solasaldia.
–Begira, begira, Aintzanek nobioa
zaukak –esan zuen irriz mutiletako batek.
–Nobio karrerista! –gehitu
zuen beste batek.
Aztoratuta alde egin nuen handik. Atzera
begiratu nuenean, aldameneko auzoko mutilak Aintzane
eta Arantxarekin hizketan ikusi nituen. Harrien eta
sustuen bitartez, adiskidetasun patxadatsuago batera
helduak ziren, itxuraz.
Elgoibarren egona nintzen inoiz, gurasoekin,
baina Markina ez nekien ezta non zegoen ere. Mapa bat
erosi nuen. Elgoibartik Markinara joateko beste mendate
bat pasatu behar dela irakatsi zidan mapak: San Migel;
eta, guztira, Azkoititik Markinarainoko joan-etorriak
48 kilometro inguru dituela, Azkoititik Elgoibarrarainoko
joan-etorriak halako bi.
Beldurrez ekin nion San Migelgo igoerari,
baina, zorionez, uste baino samurragoak ziren aldatzak.
Gainera iritsitakoan Bizkaian sartzen ari nintzela erakutsi
zidan kartel berde handi batek. Zerua gero eta ilunagoa
ikusteak zalantzak piztu bazizkidan ere, Aintzaneren
herritik hain gertu ezin nuela amore eman pentsatu eta
aurrera egin nuen. Kezka handiz baina zirrara sarkor
batez jaitsi nintzen handik Markinara. Dena zen berria,
dena zen misterioa, ez nekien zerekin egingo nuen topo
hurrengo bihurgunearen ondoren. Markinara iritsitakoan,
etxetik 24 kilometrotara nengoen, aski nekatua ordurako,
hodeien mehatxu gero eta nabarmenagoak estutua. Geroztik
Parisen, Berlinen, Marrakexen beste hainbat lekutan
egona naiz, baina uste dut egundo ez naizela Markinara
iritsi nintzen unean bezain etxetik urrun sentitu, ez
sentituko ere honezkero, joaten lekura joaten naizelarik
ere.
San Migelera baino lehen hasi zen euria.
Etxera iristea beste ametsik gabe eragin nien pedalei,
masailan behera euri tantoak eta negar malkoak nahasten
zitzaizkidala. Irrist egiteko beldurrez jaitsi nintzen
San Migeldik Elgoibarra, eta Elgoibartik Azkaraterako
igoera izugarri neketsua egin zitzaidan, amaiezina.
Neka-neka eginda eta hoztuta iritsi nintzen etxera,
dardara batean. Errieta gogorra egin zidan amak («Zu
ez zaude burutik sano!»), baina ez nion esan noraino
iritsia nintzen.
Biharamunean ezin eman izan nion nire
balentriaren berri Aintzaneri, familiarekin batera Markinara
itzulia zelako, Arantxak esan zidanez. Aldameneko auzoko
mutilak ere ez ziren gehiago agertu gure etxe atari
aldean. Arantxak ez zuen Aintzanerenaren moduko ile
luzerik; eta, batez ere, Arantxa ez zen kanpokoa.
Aste bereko egun batean, eguraldi askoz
hobez, berriro egin nuen Markinarainoko bidea, han akaso
Aintzane ikusiko nuelako esperantza inozoak animatuta.
Bidean, Elgoibartik San Migelera igotzen
ari nintzela, eskolan aurreko ikasturtean irakurri genuen
ipuin bat etorri zitzaiadn gogora. Ipuinean, dagoen
tokitik lasterka abiatzen bada, ibiltzen dituen lur
guztiak berarentzako izango direla agintzen dio deabruak
nekazari bati. Laster egin eta laster egin, lur sail
handiak igaro ondoren, lehengo tokira itzultzen da nekazaria,
akituta, leher eginda, hilzorian. Hil baino lehen, lurrean
egindako zulo txiki bat erakutsi eta «Hauxe da
behar duzun lur guztia» esaten dio deabruak.
Ipuineko nekazariak bezala, nik ere,
neure bizikletan pasatu ahala inguru haiek guztiak,
errepide zatiak, bidegurutzeak, mugarri eta seinaleak,
bide ertzeko nahiz haruntzaxeagoko baserriak, baratzeak,
pinudiak, sagastiak, gereziondoak, zelaiak, errekazulo
eta muinoak, denak neure egiten nuela sentitzen nuen,
barruraino neure. Baina, ipuineko nekazaria ez bezala,
neure goputza kontrolatzeko gai nintzen, etxera onik
eta osorik iristeko gauza, nire bizikleta fidelaren
laguntzarekin.
Ez nuen Markinan Aintzane ikusi. Baina
hurrengo egunetan ere bizikletan inguruko eta ez hain
inguruko herrietara eta auzoetara joaten jarraitu nuen,
bizikletaren eskulekuari estu atxikia. Neure egin nituen
Eibar, Deba, Zarautz, Andoain, Tolosa, Beasain, Arrasate
eta horien inguruetako auzo eta herri txiki eta handi,
mendate eta errekazulo, baso eta zelai, errepide eta
bazter guztiak, gaur egun ere, Markina bezalaxe, halaxe
sentitzen ditudanak, barruraino neure.
Ez nuen Aintzane gehiago ikusi, ez uda
hartan eta ez geroago ere.
Behin lagunartean neska kontuetan ari
ginela, ea nik andregairik banuen galdetu zidan lagunetako
batek. Lotsaturik, ez nekien zer esan, baina ez nuen
ezer esan beharrik izan.
–Honen andregaia bizikleta duk
–esan zuen beste lagun batek.
|