margolariarena
IBAN ZALDUA
«Pote» Huertarentzat
.......................................................................................................................................................................
ISTORIOA hilda dagoen pintore batek
kontatu zigun, eta grabazioa gordetzen dut, oraindik
ere, Sony zinta gorri-beltz zahar horietako batean,
nire liburuen artean. Ez da jadanik argi entzuten, baina
berdin dio: ondo baino hobeto gogoratzen dut, orduz
geroztik gutxitan entzun dudan arren.
COU egiten ari ginen garai haietan,
eta Artearen Historia irakasgairako lan bat egitea erabaki
genuen Yosuk, Txominek eta hirurok. Ausartki, (orduko)
azken aldiko euskal artea aukeratu genuen gaitzat (1960-1980):
lanaren ardatza margolari eta eskultoreei egindako elkarrizketak
izango ziren. Batzuek ezezkoa eman ziguten, noski (harritzekoa
ez dena: zertara joango zitzaizkien hamazazpi urteko
ezjakin batzuk, beren galdera ergelekin, molestatzera
ez bazen!), eta beste batzuek, elkarrizketa onartu arren,
ez ziguten askorik lagundu (Ruíz Balerdik, esaterako,
isiltasunarekin erantzun zien gure galdera gehienei:
nire bizitzako unerik deserosoenetako bat bezala oroitzen
dut). Arratsalde hartan, ordea, Carlos Sanzekin geunden
hitzarturik.
Egun apenas aipatzen da Sanz, baina
orduan nahikoa ezagunak ziren haren margo eta collageak.
Tanger tabernan elkartu ginen, Victoria Eugeniatik hurbil.
Margolariaren ohiko txokoa zirudien, hitz bat bera ere
gurutzatu aurretik mahaira konbinatu bat ekarri baitzion
zerbitzariak; muztio bana eskatu genuen guk.
Sanz gizon txikia zen, konkorduna, bizar
ez oso luze baina indartsu baten jabe; berrogeitaka
urte izango zituen arren, zaharragoa zirudien. Eta hiztuna
zen, izugarri hiztuna: lehenengo unetik eroso sentiarazi
gintuen. Hontaz eta hartaz hitz egin zigun: arteaz,
museoez, politikaz, nolatan bururatu zitzaizkion bere
lehenengo collageak… denetaz, eraman genuen 90
minutuko zinta agortzeraino ia. Gustura izan ginen gizon
harekin.
Halako batean, tonua aldatu zuen. Margotzeari
ekin zion lehenengo garaiez hitz egiten hasi zitzaigun.
Txikitatik marrazten eta margotzen zuen, eta autodidakta
zen, hein handi batean. Nerabezarora heldu zenerako
nahikoa margolari trebea bide zen, zentzurik ortodoxoenean.
Kontatu zigunez, bi lehengusina zituen, oso maite zituenak,
eta behin baino gehiagotan egin zien berarentzat paratzeko
proposamena; margolariak ez zigun zehaztu nolako posatzea
izan behar zuen hura, baina ondo baino hobeto ulertu
genion. Kontua da haietako batek, nagusienak, amore
eman zuela, azkenean.
—Bietarik ederrenak —aitortu
zigun margolariak.
Lanari lotu zitzaion berehala eta, lauzpabost
egunetan zehar, jo eta ke aritu zen erretratuarekin;
lehengusinak bi eta hiru orduz paratzen zen harentzat.
Margoa oso aurreratua zegoelarik, ordea, zerbaitez konturatu
zen pintorea: mihiseko irudiak lehengusina gazteenaren
gero eta antz handiagoa zeukan, posatzen ari zenarena
baino. Sanz pittin bat asaldatu zen horretaz jabetzean,
bere trebeziaz harro baitzegoen: ez zuen ulertzen nola
gerta zekiokeen hura.
Dena dela, aukerari etekina atera nahi
izan zion, eta auziarekin joan zitzaion beste lehengusinari.
—Zure ahizpa margotu nahi nuen,
baina ez dago modurik: zu irtetzen zara, zu zara nire
pentsamenduen jabea.
Eta lehengusina gazteenak, azkenik,
baietza eman zion posatzeko proposamenari.
—Eta une horietan, sinets egidazue,
ahizpetarik ederrena zela konturatu nintzen.
Lehengusinaz aldatu paratze-lanetan, eta dena konponduko
zela pentsatzen zuen margolariak, koadroak bere pasioa
zirelako eta ez zuelako jasaten, garai haietan, lan
amaitugabearen mehatxua. Eta lanean hasi zen berriro
ere, edo, hobeto esateko, margoa amaitzeari ekin zion:
lehengusina gazteari lehenengoak bezala posatzeko agindu,
eta olio-pintzelkadak ematen hasi zen mihisearen gainean.
Beste lauzpabost egun pasatu zituen
lanean, gauzak berriro ere okertzen ari zirela konturatu
arte: koadroa amaituta zegoen ia, baina irudiak lehengusina
zaharrenaren antz handiagoa zuen orain. Eta lehengusinak
familia berekoak zirela ezeztatzerik ez zegoen arren,
ez ziren inolaz ere horren antzekoak. Koadroaren emaitza,
ordea, bi lehengusinen hazpegi eta gorputz-formen nolabaiteko
sintesia zela esan zitekeen:
—Gurutzaketa perfektua, halakorik
posible balitz —azpimarratu zigun margolariak.
Baina hori, antza, ez zen nahikoa garai haietan izugarri
zorrotza zen Carlos Sanzentzat.
—Nire lehenengo lan amaitugabea
izan zen hura.
Erretratua bere estudioan egon zen luzaroan, eta pista
galdu zion urte batzuk beranduago.
Gutako norbaitek galdetu zion orduan margolariari ea
zer iruditu zitzaien kontua lehengusinei.
—Grazia egingo ziela uste nuen,
baina ez zen hala izan. Urduri-edo jarri ziren, kontatu
nienean… Ez zuten koadro burutugabea ikusi nahi
izan. Eta, geroztik, gutxiago elkartu nintzen lehengusinekin:
nigandik urrundu ziren, edo ni haiengandik, auskalo.
Gauzak halakoak izaten dira, familietan, eta nik ez
nituen kontu biak lotu, garai hartan.
Istorioa ez zen hor amaitzen, ordea. Urte batzuk geroago,
jarraitu zuen Sanzek, auto-istripu batean hil ziren
ahizpa biak.
—Errepidetik irten ziren. Zorte
txarra benetan.
Margolariak bisita egin zien osaba-izebei.
—Arratsalde tristea izan zen,
hiletarena, grisa, oso euritsua, oso donostiarra. Elizatik
itzultzean, izebarekin geratu nintzen anisetea edaten,
eta familiako argazki zaharrak ikusten.
Halako batean, argazkien artean bat suertatu zitzaion
deigarri: bere burua fisonomista ontzat zuen arren,
pintoreak ezin izan zion izenik jarri ume txiki baten
txuri-beltzezko erretratuari –aurreko guztiekin
aise asmatu zuen, ordea–. Hala ere, ezaguna egiten
zitzaion.
—Ah, hori Klara da, zure lehengusinen
ahizpa txikia —erantzun zion izebak—. Hilabete
batzuk zituen hil zitzaigunean. Ahizpen zaintzapean
zegoelarik. Gaixoak. Ito egin zen, burukoarekin, edo
izarekin, ez dakigu. Zure lehengusinak ez ziren jabetu;
ez zuten ondo zaindu. Isilpean mantendu genuen gertakaria,
noski: ez genituen haurrak gehiago traumatu nahi. Eta
familia kontuak, badakizu...
Margolariak ezin zuen sinetsi, baina
ulertzen hasia zen, edo hori esan zigun behintzat. Gu,
zer esan ez genekiela geratu ginen.
Elkarrizketa ez zen askoz ere gehiago
luzatu. Walkmanak klak egin zuen zinta amaierara heltzean.
Azkenik, agur esan genion Carlos Sanzi; ez zigun muztioak
ordaintzen utzi. Bera han geratu zen, Tanger tabernan,
beste konbinatu bat hartzen. Bizirik ikusi genuen azkeneko
aldia izan zen.
Urte batzuk geroago Sanzen heriotzaz
enteratu ginen, Diario Vascoren bitartez. Institutu
garaitik elkartzen ez ginen arren, hiletara joan ginen
Yosu, Txomin eta hirurok. Arratsalde grisa izan zen,
hiletarena, oso euritsua, oso donostiarra.
Ziur naiz, elizaren isiltasunean, uneren
batean edo bestean, hirurok gogoratu genituela Sanzek
zuzendu zizkigun azkeneko hitzak:
—Bai, ulertzen hasia nintzen.
Eta, aurrekoa nahikoa izan ez balitz bezala, hauxe gehitu
zuen gure izebak, ume txikiarena ahizpa hil berrien
erretratuetara hurbilduz: «Ezin uka daiteke familiakoa
zenik, Klara gaixoa. Bere bi ahizpa nagusien gurutzaketa
bat dirudi, ezta? Begira, begira ondoko argazki horiei...
Ederrak ziren, ez da, Carlos?».
|