Ileak
bainuontzian
PATXI ZUBIZARRETA
.......................................................................................................................................................................
Azkenean, atzo hurbildu nintzen
Sararengana. & Ilunbistan, jacuzzian bikote bat
sumaturik, Bruno berehalakoan erantzi, eta sartu egin
zen. & Oraingoan lor dezakedalakoan, bainuontzian
naiz berriro ere.
Udaberri amaierako
arratsalde askotan bezala, Sara neska batekin etorri
zen plazako terraza batean esertzera. Ni alboko mahaian
eseri nintzen eta, belarriak erne, begirik kendu gabe
egon nintzaien bai berari bai haren ileari. & Hiru
bat metro koadroko jacuzzian, bizkarrez, emakumea gizonaren
gainean hankalatraba bistatu zuen Brunok. Kanpoan hozten
hasia zen, baina ura epel baino epelago zegoen. &
Bainuontziko urak, ohi bezala, berrogei gradutan hartu
nau, abegitsu. Bat-batean erlaxaturik, besoak urazalera
igotzearekin batera, eskuaren gainaldeko koskoak nabarmendu
zaizkit, esku bakoitzak apo bat irudi.
Sarak, adatsa amultsuki
laztandu bitartean, lagunari hunkiturik zegoela ziotson,
hizkuntza eskolan oso ongi hartua sentitu zela lectrice
eta pertsona gisa; baina penaturik ere bazegoela, ikasturtea
amaitzean, Estrasburgora itzuli beharko zuelako. Hargatik,
egitekoak ziren agur afariak poztu bezainbeste atsekabetzen
zuen. & Brunoren etorrerari erreparatu izan ez baliote
bezala, bikoteak astinduka jarraitu zuen, eta arnasestuka,
eta txilioka. Atzeraka egin zuen batean, neskari ilea
ur jauzi baten gisara erori zitzaion eta, haren aurpegia
ikusterik izan ez bazuen ere, ile parrasta hark liluratu
egin zuen Bruno. & Bainuontziko urak sua du erraietan,
eta masailak gorriarazi dizkit; urak esku leunak ditu,
eta gorputzaren zoko-moko guztiak laztandu dizkit. Baina
gorputza lasa eta loka izan arren, laster, bi apoen
altueran, kurios, jakinluze eta grinatsu, altxatu egin
zait.
Plazan aurrez aurre
nuen Sarak Josean Agirreren Elgeta nobela oroitarazi
zidan, han irakurri bainuen pertsona batzuk, beren edertasuna
dela eta, ikusi orduko miresten direla, baina narratzaileak
nahiago zituela edertasuna tarteka agertzen zuten emakumeak,
hau da, xarma normaltasunaren atzealdean ezkutatzen
dutenak. Hala zioen berak eta horretan nengoen ni. Harik
eta Sara ezagutu nuen arte, zeren Sara, batik bat haren
adatsa zela eta, ikusi orduko miresten diren pertsona
horietakoa baitzen, eta narratzaileak zioenez: «Bera
bezalako emakumeak ez direla inorenak deliberatu nuen,
askeak direnez guztionak direla, gizateriaren ondare
izatekotan ere, artea eta edertasuna diren bezalaxe».
& Neskak azkartu egin zituen mugimenduak; gizon
menderatuak ozenarazi bere intziriak. Gizonak are ozenago
iritsi zuen orgasmoa, baina neskak ez zion mugitzeari
utzi, gora eta behera, harik eta, auhenka, azkenean
bera ere gelditu egin zen arte. Elkarrengana abaildurik,
besarkaturik igaro zituzten bi minuturen buruan, gizona
altxatu, eta uretatik irteten ari zela, Brunok argi
ikusi zuen profilaktikoa nola kentzen zuen; baina Brunok
are argiago —eta harrituago— ikusi zuen
emakumeak bertan jarraitzen zuela, eta gizona, joan,
zihoala. & Bainuontziaren epeltasun gero eta lizunagoan,
Sara hizkuntza eskolan ezagutu nuen egunaz oroitu naiz:
hara neskak ikustera hurbildu ohi nintzen, baina Sarari,
lehen aldiz ikusi bezain laster, miresgarri iritzi nion.
Ikasturtean zehar, Sara gogoan, bainuontzia gu bion
ohatze imajinarioa bihurtu zitzaidan, eta oroz gain
haren adatsa zitzaidan fantasiarako ardatz; gaur arte
eskua beti lagun, baina. Guztiarekin, ukimena erabili
gabe, haren oroitzapen hutsarekin, nire irudimen hutsarekin
plazeraren betea lortzen saiatzea erabaki nuen; baina
saiakera guztietan berantetsi, gehiago itxaroteko pazientziarik
ez, eta, azkenean, zabar apurtzen nuen eszena imajinatuaren
lilura. Hargatixe erabaki nuen atzo azkenean beragana
hurbiltzea, haren ile oparoa bertatik bertara ikusi
eta eskari bat egitea, hori guztia gaurko nahikoa izango
zitzaidalakoan.
Sara, gorputza
sentsualitate jario, irri firfira seduzitzailea, eta
batik bat ile uhintsu hordigarri hura…; «Gizateriaren
ondare, artea eta edertasuna diren bezalaxe»,
liburuan irakurri bezalaxe. Hargatik ez nintzen sobera
tristetu guregandik joatekoa zela jakin nuenean; alde
askotatik, hobe nuen harengandik urrun bizi, oroitzapenean
atxiki, osasun arrazoi egoista hutsengatik besterik
ez bazen ere. & Uretan, hankak luzatu zituen emakumeak;
ber gauza egin zuen Brunok eta, halako batean, bere
iztarrean sentitu zuen emakumearen oina, baina hura
erretiratzean, istant batez zakila ukitu zion. Jacuzziaren
bazterra utzirik, emakumea, eskuez ile mataza atzeraka
erretiratu, eta berrogeita hamartsu zentimetrora hurbildu
zitzaion, baina Brunok ezin izan zion aurpegia ikusi;
gaitzerdi, zeren beso batek gerria bildu baitzion, besteak
sorbaldak inguratu. & Plazako hurbilketa nekeza
egin zitzaidan, ez bainuen neure burua gehiegi nabarmendu
nahi. Egia esatera, urrats hori emateko orduan Michel
Houellebecq-en Les particules élèmentaires
nobela kilikagarriak lagundu zidan: Brunorentzat jacuzzian
sartzea bezalako zerbait zen niretzat Sararengana hurbiltzea,
hurbiltzea eta eskari itxura batean hutsal hura egitea.
Ezustean, laguna
komunera joateko altxatu zen batean, ni, azkenean, hurbildu
egin nintzaion. «Barkatu», esan nion erabaki
bezala, «utziko al didazu ilea ukitzen?»,
eta Sarak, harridura imintziorik ttikiena ere egin gabe,
«Noski» erantzun zidan bere irri firfira
seduzitzaileaz. & Kontrako ordena irudi bazuen ere,
eskuak aurrena emakumearen sexura eraman zituen Brunok,
hurrena haren gerri eta bularraldera, eta, azkena, haren
adats bustira. Eta laster emakumearen ilea sentitu zuen
bere bularraldean behera, eta laster ere haren mihiak
glandearen punta ukitu zion. & Houellebecq-en nobelak
eman zidan Brunok jacuzzi batean izandako pasadizoaren
berri. Eta nik gaur eszena horixe izan dut gogoan bainuontzian
sartzean; hori eta atzo Sarari atzo ilea ukitu nionekoa,
nire barrena supizteko aski izango direlakoan.
Diskretuki, eskua
goratu nuen haren buru aldera, diskretuki bezain intentsuki,
eta basamortuko agerpen iheskorren gisara, une batetik
bestera desagertuko zitzaidan beldurrez, ukitu nion,
laztandu nion, ferekatu nion ile sedatsua Sarari. &
Ezpainak zabaldu zituen eta, astiro, zakilaren muturrera
eraman zuen ahoa, eta hura ahosabaiaren eta mihiaren
artean kulunkatzean, Brunok, eskuak emakumearen ileetatik
bereizi gabe, inoiz ez bezala sentitu zuen plazeraren
betea. & Adatsa ukitu diot, laztandu diot, ferekatu
diot Sarari, eta haren ile uhintsuaren uholdean, bi
ukabilak gogor estutu eta, azkenean, gozo eta ase isuri
dut, eta istant batez dardarizo bat sumatu dut nire
gorputzaren zoko-moko orotan, hotzikara gisako bat,
eta, nire eldarnioan, istripua izan aurretik bezala
agondu eta altxatu egingo nintzela pentsatu dut.
Baina ez naiz agondu
eta ez naiz altxatu. Gozoro egon naiz, hala ere, puska
batean, Sararen oroitzapenari atxikia. Gero txizagura
etorri zait eta, begiak zabaldurik, urre koloreko errekastoa
irteten ikusi dut bainuontziko apar artean, epel, hozten
hasia zen uretan. Hazia ere ikusi dut, sexuko biloen
artean, gatigatua eta itsasia. Orduan, arrastoak ezabatu,
eta Edurneri deitu diot, bainualdia amaitu dudala esateko
eta nahi duenean ni lehortzeko eta, atzera, gurpil aulkian
esertzeko.
|