Angel Erro.
JIRA

Tranpa

2014ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Melillako hesiaz askotan hitz egin da azken egun, aste, hiletan: jauziak, hesiari eraso dioten etorkinak (hedabideen hizkuntzan), beroan, eta are konorterik gabe ere, eginiko itzultzeak. Irudietan ikusi dugu. Baina berriki guregana iritsi da salaketa baten indarra duen argazki bat: lehen planoan bi lagun golfean ari dira, praka motzekoak bola jotzeko jarrera kanonikoan. Golf zelaia berde bizikoa da eta eremuaren uhindura leunak badu sentsualetik zerbait. Atzealdean, ia fotomuntaketa balitz bezala, teleberrietako irudi gordin ezaguna: Saharaz hegoaldeko etorkinak hesiaren gainean, hortik ikus dezaketenez, irudikatu bezalako lehen mundura jauzi noiz egin ahalko. Baina hor tranpa behar du.

Golflariek, dauden tokitik, landare altuak tarteko, ezin dute hesia ikusi. Nola jarrai zezaketen jokatzen bestela? Perspektibak tranpa jo behar digu. Nola eduki dezakete hain bihotz gogorra? Haiek, guk bezala, egunkarietan izanen dute arazoaren berri eta gu bezala errukituko dira. Errukia erosoa da. Erruaz libratzen zaitu. Ki atzizkia edo landare hesi bat.

Golflariak bezain lehen mundu gara gu. Eta arazoari aurre egiteko, golfean goxo egoteari utzi behar diogu. Lehen munduan golf mota askotan aritzen gara eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.