Angel Erro.
JIRA

Oporretatik

2015eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Oporretatik bueltan dagoeneko lagun guztiei kontatu diet —bakarrik zuek falta zineten— atzerriko nire gorabeheren berri: non ibili naizen, baina, batez ere, zer erantzun dudan nongoa naizen galdetu didatenetan. Baten batek kortesiazko formula hutsa dela pentsa lezake, baina euskaldunok ongi dakigu munduari gure berri jakinarazteko abagunea dela. Atzerritarraren erreakzioa kontaketaren parte funtsezkoa da. Berdin zirraragarria da besteak Euskal Herria ongi dazagunean zein gure herria existitzen ez dela gurekin eztabaidatzen ausartzen denean ere, jarrera ukatzailea batzuetan soraiotasun edo ezjakintasunaren pean mozorroturik.

Aurten huts egin dut. Radicofani herriko landetxe batean, gosarian ondoan eseri zait deskribatzen asmatuko banu nekez sinetsiko zenuketen bezalako aleman bat (edo suediarra, edo hor nonbaitekoa). Galdera magikoa egin orduko, haren elastikoko SITGES letra tenkatuei begira nengoela, erreakzionatzeko aski denborarik ez eta katalana naizela erantzun diot. Poztu bide da eta ni berarekin. Irailean zain duguna azaldu diot (zerbait aditua zuen) eta katalanok Espainian izan ezik dugun irudi ona berretsi dut. Une batez pentsatu dut ez ote ditudan urte asko galdu euskaldun izanik. Gertu da froga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.